Zer ospatzen dugu Gabonetan?
Badatozkigu Gabonak. Eztabaida antzua dirudi Gabonetan ospatu beharrekoaren ingurukoak. Antzua elkar errespetatzen badugu behinik behin. Sinez, bakoitzak ospa dezala nahi duena, baina enparauen pentsaera eta sinesmenak zapaldu gabe. Egongo da, gainera, zer ospatzerik ez duenik.
Ospakizun-arrazoiak askotarikoak: neguko solstizioa, urte zaharra agurtzea, urte berriari ongi-etorria ematea, lagun- eta familia-giroa, opariak jasotzea, loteria… Eta izango da kristau-fedean ospatuko dituenik ere. Euskal Herrian inon ez bezala sustraituta egon den kristau-fede horrek atzera egin du nabarmen. Hausnarketarako kontua. Areago, kristautasuna baztertzeko joera igarri-igarrian dago. Jokabide horrek ekarri du, esaterako, Gabonetako kristau-kanten letrak aldaraztea, Jesus, Jose edo Mariaren ordez bestelako izenak aipatuz, edota espazio publikoetan jaiotzak debekatzea…
Jokabide horiek ahazten dute erlijio-askatasuna oinarrizko eskubidea dela. Errespeturik ezaren adibide dira. Haatik, Gabonek aukera ederra eskaintzen dute kristautasunaren benetako balioak gogoratzeko.
Estalpe batean, Judako Belenen, boteredun ankerrengandik ihesi jaiotako Jesus da protagonista. Belen, herri zapaldu eta ahaztuen adibide. Bitartean, gaur bezala, haur errugabeen hilketa…
Gurutzean erail artean, pertsona erdigunean jartzeko mezua helarazi zuen Hark. Haur, txiro, prostituta, itsu, legernadun, immigrante… Azkenak egin zituen lehenengo. Benetan zorioneko direnen berri eman zigun. Gaizkia bazter utzi, ongia egin eta elkar maitatzeko irakatsi zuen…