Euskarazko aldizkari multimedia
Doako euskarazko lehen aldizkari multimedia da Ttap, eskuko telefonoetan ikusteko pentsatua. Elkarrizketak eta erreportajeak dira aldizkariaren zutabe nagusia eta bideo, audio zein testu formatuetan kontsumitzeko aukera eskaintzen du, erabiltzaile bakoitzaren gustu eta beharretara egokituz. Gertuko gaiak lantzen ditu kolaboratzaile sare handiarekin batera. Aplikazio bidezko aldizkaria da eta asteroko maiztasuna du; ostiralero zenbaki berria egoten da deskargagarri.
2018ko irailaren 21ean kaleratu zen Ttap aldizkariaren lehen zenbakia Gipuzkoako eta Bizkaiko edizioetan, geroago etorri zen Nafarroakoa. 2020. urteaz geroztik edizio bateratu eta bakarra kaleratzen da Euskal Herri osorako.
Gaurkotasuneko gaiak
Elkarrizketa eta erreportajea dira aldizkariko atal nagusiak. Elkarrizketan agertzen diren pertsonak kultura arlokoak, kirolariak, ekonomialariak, zientzialariak, osasun arlokoak, telebista aurkezleak, bertsolariak… dira. Erreportajeetan ere gaurkotasuneko askotariko gaiak lantzen dira. Atal nagusi horiez gain, eduki aukera zabala eskaintzen du Ttap-ek: film eta liburu proposamenak, argazki bilduma bereziak, iritzi artikuluak, mugimendua duten iritzi ilustrazioak, moda eta teknologia tarteak…
Aldizkari Digital Multimediak SL enpresak abiatu zuen aldizkaria 2018an, honako bazkide hauekin: Durangaldeko Anboto, Goiena, Zumaiako Baleike, Iruñerriko Euskalerria Irratia, euskarazko tokiko hedabideak batzen dituen Tokikom bateragunea eta Kataluniako Esguard aldizkaria; hain zuzen, azken hori hartu zuten erreferentzia modura Ttap aldizkaria sortzeko. 2020ko abendua ezkero, Goiena Komunikazio Taldeak kudeatzen du erabat.
Berritzailea eta freskoa
Berritzailea eta freskoa da Ttap, edozein unetan eskuko telefonoan irakurtzeko aproposa; bideoan play klikatu eta elkarrizketa edo erreportaje landuaz lasai goza daiteke, edo, denbora tarte laburra izanez gero, 15 minutuan dena irakur daiteke. Nahi den moduan, nahi den momentuan, euskaraz eta doan.
Ttap aldizkariaz gozatzeko, deskargatu aplikazioa Google Playn edo Apple Storen.