Yune Nogueiras: “Antzeztean sentitzen dudana deskribaezina da”

Pantaila handitik pantaila txikira, eta pantaila txikitik antzokietara egin du salto Yune Nogueirasek (Bergara, 1998) urte gutxian. Bere hurrengo proiektuan, berriro zapalduko ditu herri eta hiri askotako antzokiak.

Zein proiektu dituzu esku artean une honetan?

Hurrengoko proiektua Jean Luc Lagarceren Tan solo el fin del mundo obraren estreinaldia izango da. Mataderon, Madrilen, otsailaren 29an estreinatuko dugu. Israel Elejaldek zuzendutako obra da, eta Teatro Kamikaze eta Teatro Españolen arteko koprodukzioa. Espainiatik zehar bira egingo dugu eta Arriagara Maiatzean helduko gara. Sarrerak salgai daude dagoeneko.


Los Santos Inocentes antzezlanarekin ibili zara Madrilen. Zer moduzko esperientzia izan da?
Ekainaren 11an bukatu genuen urte eta erdiz biran egon ostean.
Egia esan, Los Santos Inocentes oso berezia izan da eta beti izango dela uste dut. Alde batetik nire debuta izan da antzerkian. Madrilera ekarri izan ninduen proiektua izan zen. Antzoki asko lehendabizikoz ezagutu ditut eta gainera, bertan antzeztu ahal izan dut. Javier Hernandez-Simon, zuzendariari, beti eskertuko diot nigan konfiantza jartzeagatik Nieves pertsonaia antzezteko. Baina inoiz ahaztuko ez dudan zerbait antzezlana bukatzerakoaren agurrak izango dira. Oso emozionanteak izan dira bolo guztietan. Antzokiko argiak piztea, dena beteta eta jendea zutik txalotzen eta hunkituta ikusteak ez dauka preziorik. Momentu horretan pentsatzeak beti emozionatuko nau. Inoiz ahaztuko ez dudan beste gauza bat Viggo Mortensen obra ikustera etorri zenekoa izango da.

Zer suposatu du zuretako Akelarre filmak?

Mundu profesionalaren hasiera. Maitasun handiz gogoratzen dut beti Akelarre. Filma egiterakoan Arte Dramatikoko 3. mailan nengoen. Gaur egun, horretan pentsatzen dut eta zoriontasun asko ekarri didala konturatzen naiz, batez ere mundu honetan sartzearen zailtasunaz kontziente naizelako. Eta Akelarre nire hasiera izan zen. Ate asko zabaldu dizkit, lagun berriak eman… Lanerako esperientzia izugarria. Sekuentzia gogorrak zeuden eta horrek erreminta asko eman zizkidan ikusteko nola doan errodaje bat, zenbat jende dagoen atzean eta kameraren aurrean egin beharreko lana.

Eta ondoren Intimidad etorri zen… Euskal emakumeak protagonista berriz ere. Komentatu izan duzu asko ikasi zenuela errodajean.
Bai. Kastinga egin nuenean ez nekien zeinekin lan egingo nuen eta errepresentateak esan zidanean momentu batez errealitatera bueltatzera behartu nintzen, baina bai, errealitatea zen. Elenko oso potente bat zegoen eta oso ondo ulertu ginen hasieratik. Sekuentzia gehienak Itziar Ituñorekin eta Marc Martinezekin izan nituen eta asko konektatu genuen. Ederra izan zen errodajea entsegu egunetatik hasita, eta Jorge Torregrossa zuzendariak eta Laura Sarmiento idazleak, hasieratik gertutasun handia transmititu zidaten. Telesailak gai oso garrantzitsua eta beharrezkoa kontatzen duela uste dut, gaur egun batez ere.Jende askok idatzi zidan momentuan eskerrak emanez Leire pertsonaiagatik, asko identifikatuta sentitzen zirelako berarekin. Niretzako ezinbestekoak izan ziren hitz horiek irakurtzea, momentu horrexetan konturatzen zarelako istorioak zerbaitetarako kontatzen direla eta pertsonaiak lagungarriak direla jendearentzako. Eta Aitor Etxeberriak sortutako soinu bandak, gaur egun ere,oilo ipurdia jartzen dit. Batez ere kantu batekin gertatzen zait Uretan. Izaro Andres eta Alos Quartet entzuteak asko hunkitzen nau.

Sare sozialen alde arriskutsua jorratu zenuten Intimidad telesailean. Gustuko dituzu zuk sare sozialak? Zein da zure gogokoena?
Argazkiak asko gustuko ditut; nik Instagram erabiltzen dut. Baina uste dut kontu handiz erabili behar direla sare sozial guztiak. Zerbait igotzerakoan betirako geratzen da eta ez dakigu zer eta nor dagoen profil batean atzean. Batzuetan jendea min egitera joaten da eta honekin kontuz ibili behar gara. Uste dut lanerako lagungarria izan daitekeela, nire industrian, adibidez, gaur egun beharrezkoa dela ematen du. Baina kontzientziaz eta zentzu handiz erabili behar direla uste dut. Nik nire intimitatea niretzako gordetzen dut. Beharrezkoa iruditzen zait.

Egia da psikologia ikasketak egiteko interpretazioa uzteko zorian egon zinela?
Ez, kar-kar. Aurretik ere galdetu izan didate. Nik uste dut norbaitek bere egunean gaizki ulertu zidala elkarrizketaren baten… Baina oraingoan argiagoa izango naiz. Nik ez dut ikasi Psikologia. Betidanik gustatu izan zait eta buruan neukan ikasketak egitea. Batxilergoko etapan erabakiak hartzea oso zaila dela uste dut eta txikitatik lotura handia izan dut musikarekin eta dantzarekin. Nire aitak oso ondo ezagutzen nau eta zera esan zidan garai hartan: “Zergatik ez duzu zure ametsa betetzen eta Arte Dramatikoko karrera egiten?”. Horrela irakurrita pelikula bateko sekuentzia bat ematen du, baina elkarrizketa horrek bultzatu ninduen gaur egun nagoen tokira heltzeko. Gaur egun ez dut imajinatzen egun bat interpretaziotik kanpo. Antzezten sentitzen dudana oso berezia eta aldi berean deskribaezina da.

Eta zer egiten duzu antzeztetik deskonektatzeko?
Antzerkira eta zinemara joan. Egia esan, batzuetan deskonektatzea zaila da filmaren edo antzezlanaren arabera… Euskal Herrian nagoenean Brusekin, nire txakurrarekin, mendira joateak lasaitasuna ematen dit eta errealitatera ekartzen nau.


Ezagutzen ez dugun zaletasunik baduzu?
Abestea eta dantzatzea. Musika talde bat edukitzea beti izan da gustuko izan dudan zerbait.

Izan ere, musikaletan ere parte hartu duzu. Zeinetan agertzea gustatuko litzaizuke?
Egia esan da txikitatik gurasoak musikalak ikustera eramaten zidaten eta flipatu egiten nuen. Edoizenetan!