Xabier Lapitz: “Euskarak gaztelerarenak ziren tokiak irabazi behar ditu ETBn”

ETB2ko En jake saioak 8 urte bete berri ditu Xabier Lapitz kazetariaren (Hondarribia, 1965) zuzendaritzapean. 25 urte irratian eman ostean, telebistan ere ez duela ezer isiltzeko erakusten du egunez egun Lapitzek.

Irratian urte asko entzun izan zaitugu eta azken urteetan telebistan, pantaila aurrean. Non dago erosoago Xabier Lapitz, eta zergatik?

Ez da horren ezberdina batean edo bestea aritzea. Lehengaia, informazioa, berdina da, eta En jake saioa irudiekin egiten dugun irrati magazine bat dela esango nuke. Irratian 25 urtez aritu izan naiz, eta nire hedabidea dela esango nuke, baina telebistak, badu erakargarri egiten duen puntu bat; taldean lan egitearena. Lantalde gaztearekin egiten dut lan, eta egunero zerbait berria ikasten dut. Zaila dena eroso bilakatzen dute.

En Jake saioan, eztabaida eta tertulia artean, moderatzaile lanak egin behar dituzu askotan. Buruhausteak sortzen dizkizu? Ala gustuko duzu saltsa-maltsa?

Buruhausteak ekiditeko, lana aurretik egiten dugu; eztabaidan parte hartuko duten pertsonak aldez aurretik aukeratzen ditugu. Tertuliakide berri bat datorrenean saiora, ezberdinen artean sortu dugun errespetu hau transmititzen saiatzen naiz. Normala da batzuetan ahotsa altxatzea, batez ere hauteskunde garaia gerturatzen denean, baina nik gure ikusleek merezi duten errespetua gogorarazten diet.

Zein izan da saioan bizi izan duzu unerik larriena edo txarrena?

Unerik txarrenak, pluralean, arestian izan dugun gure biolentzia historia eta haren ondorioak berrikusten ditugunekoak dira. Oraindik biktima askoren mina presente dago, batez ere aitortuak ez direnak izan eta orain beranduegi izan daiteke haientzat: ETAren biktimak, errepresio frankistako biktimak, torturen biktimak… Pertsonalki mingarria da garai haietako nire kazetari papera berrikusi behar izaten dudalako, eta ondorioz, sarritan ez nuela neurria eman konturatzen naiz. Agian, berrikuspen honegatik, berriro gertatu ez dadin bereziki konprometitua sentitzen naiz.

Hondarribikoa zara Xabier, eta festak bukatu berri dira bertan. Urrunetik, baina Jaizkibel babesten ikusi zaitugu Bilbon. Nola bizi duzu zuk alardearen kontua?

Hondarribiar guztiak bezala, txikitatik alardean ibili izan naiz, eta ez nuen inoiz pentsatu ere egin emakumeek, kantineraz harago, parte hartu zezaketenik. Emakume ausart batzuek desfilatzeko lehenengo saiakera egin zutenean atzerrian nenbilen lanean, eta atzerritik itzuli nintzenean alardean gehiago ez irtetea erabaki nuen. Baina injustizia horren zein handia, ezinezkoa zela alde ez hartzea. Eta horrela, inguratzen nauten emakumeek, arrebak, amak, lagunek… aurrerapausoa emateko eta borroka hau oinarrizko eskubideen aldeko borroka dela ulertzen lagundu zidaten. Erosotasun matxistatik borroka feminista laguntzera emandako pausoak pozten nau.

Sare sozialak ezinbesteko bilakatu dira kazetari batentzat. Erreminta zein mehatxu izan daitezke. Sare sozialak existitzen ez ziren garai batetik zatoz zu. Aldaketa handia izan da kazetaritzarako?

Kazetaritzaren akatsa da sare sozialak mehatxu moduan hartzea, iritzien eta albisteen iturriak aberasteko aliatuak izan daitezkeelako. Egia da, batzuetan sare sozialek, batez ere X, gorroto zabortegi bat bilakatu daitezkeela, irainak, erasoak… Baina gure lana bada interesatzen zaiguna bereiztea. Nik, iraintzen duena azkar blokeatzen dut.

Uste duzu euskarak ETBn, orokorrean, pisu handiagoa izan beharko lukeela?

Bai, euskarak gaztelerarenak ziren tokiak irabazi behar ditu. Batez ere, ETB2n. Apurka, naturaltasunez sartzen ari da. En jake saioan, pertsona batek euskaraz erantzuten badu, elkarrizketa euskaraz egiten diogu. Eta duela denboratxo bat ez ditugu azpitituluak jartzen. Urrats txikiak dira.

Konta egiguzu ezagutzen ez dugun zure hobby edo zaletasun bat.

Urpekaritza. Ur azpian, mota guztietako piztiei argazkiak ateratzen deskonektatzen dut benetan. Kresala da nire habitat naturala, eta itsasoarekin zerikusia duen dena maite dut. Beste hobby-a, ezagunagoa, sukaldaritza da. Nire eskuetan erortzen den oro irakurtzen dut, eta sukaldean praktikatzen dut.

Nola deskonektatzen duzu egunerokoaz? Posible al da En Jake saiotik deskonektatzea?

Zaila da guztiz deskonektatzea, baina informazioz ase ez bukatzeko saiatzen naiz egiten. Bilboko Zazpi Kaleetan lagunekin egotea gustuko dut. Ia denok elkar ezagutzen dugu bertan. Lagun oso ezberdinak, adin, jatorri, ideologia eta beste hainbat kontutan. Bizi naizen tokia maite dut, askatasun eta errespetuz beteriko espazioa baita.

Zein izango litzateke zure ametsetako bidaia?

Zorionez munduan zehar bidaiatzen aukera izan dut Joserra Plaza lagunarekin batera –munduko kameralari onenetarikoa–. Beraz, nire ametsetako bidaia egin dudala esan dezaket. Bidaia baten garrantzitsuena bidea eta ezagutzen duzun jendea dela ikasi nuen. Ane eta Maddi alabak jaio zirenean nire bokazio nomada hori murriztu egin nuen. Tokiren bat aukeratu beharko banu Australia eta Zeelanda Berria izango lirateke. Oraindik ez ditut ezagutzen.