Toti Martinez de Lezea: “Orain dela 30 urte, inork ez zuen mitologiaz jarduten”

Txikitatik harreman estua izan du euskal mitologiarekin Toti Martinez de Lezea idazle arabarrak. 60 liburu inguru ditu argitaratuta; beste asko, aldiz, idatzita, baina etxean gordeta dituela aitortu du.  

Idazlea, gidoilaria, Kukubiltxo taldearen sortzailea… Alorrik bada jardun ez duzuna?
Farandularen arlo horietan jarraitzen dut lanean, baina, oraingoan, musikaren alorrean ere badihardut. Gorka Hermosarekin eta Edurne Zabalorekin sorginei buruz, mitologia ardatz Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin (BOS), emakumeen inguruan Maite Ezeizarekin… Datorren urtean, gainera, La Bretxa eleberrian oinarritutako musikala aurkeztuko dugu Donostian. Mikel Markezendako hitzak egiten ere banabil… Baditut, bai, gauzatxoak, eta oso dibertigarriak!

Harreman estua duzu musikarekin.
Bai; idazleak baino lagun musikari gehiago ditut; kar-kar.
Euskara Goierrin ikasi zenuen.
Urte asko igaro dira! Oso gogorra izan zen; 17 urterekin baserri batean egon nintzen. Apaizarekin gramatika ikasi nuen eta baserritarrekin euskaraz jarduten nuen. Bederatzi hilabetez egon nintzen, eta gero, Alemaniara joan nintzen.
Euskara ez ezik, hizkuntza gehiago ere badakizkizu!
Bai, frantsesa, alemana, ingelesa…. Gustatzen zaizkit hizkuntzak.
Zure eleberriak ere hizkuntza askotara itzuli dira; baita txinerara ere.
Bai; hori anekdota bat da. Nur-en guztiak daude txinerara itzulita, eta baita beste pare bat eleberri ere.
Zer eman dizu Nur-ek?
Badakizue Nur nire biloba dela eta liburua harentzat idatzi nuela, familia eta lagunekin elkarbanatzeko. Hasieran liburu bakarra izan behar zena saga bilakatu da. Horregatik, Nur eta Itsasontzi espaziala badator! Azaroan argitaratuko da eta Durangon izango gara. Gazteleraz kaleratu dudan azken eleberria ere azokan izango da; ez dugu haren itzulpenik egiteko denborarik izan, baina etorriko da.
Zenbat liburu kaleratu dituzun badakizu?
60 bat inguru dira argitaratuta ditudanak. 50 urterekin hasi nintzen idazten. 73 ditut, eta 23-24 urtean idatzitakoak dira horiek. Horiez gain, kolaborazioak eta bestelakoak ere egin ditut.
Oso emankorra da zure irudimena.
Hori naturala da, txikitatik kontatu ditut istorioak. Pandemia sasoian, ordea, ez dut ezer idatzi. Filmak ikusi ditut, opera entzun… Nik, sortzeko, jendearekin egon beharra daukat.
Zer da mitologia?
Txikitatik oso garrantzitsua izan da niretzako. Barandiaranen euskal mitologiaren gaineko liburua irakurri nuen eta bertako istorioak buruz ikasi nituen. Sasoi hartan, jendeak ez zuen mitologiaz hitz egiten, eta pentsatu nuen gure altxorra jakinarazi egin behar zela. Halaxe, Euskal Herriko legenda liburua idaztea erabaki nuen; izan ere, orain dela 30 urte, inork ez zuen mitologiaz berbarik egiten. Mitologiaren helburua transmisioa da; beraz, pozgarria da orain gai hau askok lantzea.