Tartekoei
Orain gutxi bideo bat ikusi dut Instagramen belaunaldi arteko mugan gaudenoi buruz. Azken denboran millenial ia boomer-ez gogaituta, eta zetakide naizela performatuz koloretako eyeliner-a jarrita Mr. Burns ematen dudala ohartuta, identitate krisi hori iraultzeko heldulekua izan da reels-a. Bai ba, Instagrameko hiztegia kontrolatzeko bezain gaztea bainaiz, baina “lagunik onenei” bidaltzeko kapaza ez, eta jarraitzaile guztientzako zintzilikatu izanaren lotsa ezin kendu daramat aste luze batez. Lagun batek esan dit “meme-a” ni neu naizela, eta nik erantzun diot tartekoen aldeko, bisagra belaunaldiaren aldeko, zillenial-on aldeko manifestua egin nahi dudala garai likidoetan helduleku sendoak behar dituen 90eko kide bezala.
Tartekoei: gu, emotikonoak literalegi erabili, baina letra larriei beldurra diegunok; esan ziguten berandu heldu ginela amets handietan sinesteko.
Gu, Fotologean gure pena handienak kontatu, baina gazteenek buru osasunarekin dituzten gorabeherak sarean lau haizetara zabaltzen dituztelako eskandalizatzen garenok: gomendatu ziguten gure minak isiltzeko.