Surfari eta itsasoari lotuta
Marka: Kusto Basque Country
Opari baten harira sortu zen Kusto Basque Country marka. Jon Custodio eta Maria Gorostiola daude atzean. Mariak Joni oparitu zizkion neopreno bustia sartzeko zorroa eta surf taula sartzeko poltsa. 2020an hasitako abentura 2023ko ekainean aurkeztu dute jendaurrean.
Oihal ezberdinak
Opariaren ostean, osagarriak egiten hasi ziren Thailandiatik ekarritako oihalekin. Egun, beste herrialde batzuetatik ekarritako oihalak erabiltzen dituzte beraien sorkuntzak egiteko: bereziki, itsasoarekin eta surfarekin zerikusia duten osagarriak egiten dituzte. Besteak beste, surf taulak eramateko estalkiak, gilak gordetzeko zorroak, kamisetak, poltsa arruntak eta iragazgaitzak…
Erritmo motelean
Custodio eta Gorostiola ez dira modaz bizi. Hala, erritmo motelean produzitzen dute. Stock txikiak egiten dituzte azokatan saltzeko. Beste guztia eskaripean sortzen dute, hondakin gutxiago sortu eta oihalak alferrik ez galtzeko.