Sara Delgado ‘BRAVA’: “Zoragarria da publikoari energia kutsatzea!”

Estilo oso berezi bati esker eta transmititzen duen energia positiboari esker ezagun egin da DJ BRAVA. Bere musikari esker Euskal Herriko mugak zeharkatu ditu Sara Delgado donostiarrak, jaialdi onenetara heldu arte.

Sara Delgado, Unta la salsa, Brava… Izen artistikoaren jabetzarekin arazoak izan ostean, zein da, azkenik, zure izena?

Hori azkar konpondu nuen; BRAVA naiz!, hizki larriz. Bestela Sara, Sarita edo Saruki, nahi duenarentzat kar-kar.

DJa, eta abeslaria zara. Betidanik ibili zara musikaren saltsan?

Bai! Oraingoz ez ditut produktore lanak egin, baina letrak idazten hasi naiz eta abesten ere banabil. Txikitatik grabatu izan ditut nire kantuak, beste abesti batzuk moldatzen ere ibiltzen nintzen, playback-ak egiten nituen eta nire bideoklipak ere sortu nituen. Betidanik gustatu izan zait kameraren aurrean jartzea, zirikatzea eta arreta deitzea, kar-kar!

DJ moduan zabiltzanean ez zara gelditzen, dantza eta dantza aritzen zara. Publikoari, gainera, kutsatu egiten diozu energia hori.

Berez ateratzen zait, eta zoragarria da publikoari energia hori kutsatzea.

Zer nolakoa da Donostiako entzulea?

Zoragarria! Egia esan oso gustura nabil Donostian musika jartzen. Jendeak nire hastapenetatik ikusi eta entzun ahal izan nau eta ematen didaten berotasun hori nabaritzen dut.

Zer da Dembooty kolektiboa?

Munduko kolektiborik onena! CRKS290 (Cuco), UMAMI (Alba) eta ni parte garen kolektiboa da. Familia moduko zerbait sortu dugu eta festak antolatzen ditugu. Cucok eta Albak ere musika ekoizten dute eta bikain egiten dute. Alba irratian ere aritzen da. Musika jartzen oso ondo pasatzeaz gain gustuko ditugun artistekin elkartzen gara.

Gainera diseinatzailea zara. Zer sortzen duzu Goxoki proiektuan?

Gaur egun kolore ezberdinetako animalien txanoak. Zirikatzea eta gauzak testuingurutik ateratzea maite dut. Gauza txikiekin belarritakoak ere egiten ditut: gominolekin, Superglu itsasgarriarekin, ganbekin… Gainera gustukoen ditudan Donostiako tabernei omenaldi moduan kamiseta batzuk ere kaleratu ditut. Nik eramango nukeen edozein gauza sortzen dut.

Zeintzuk izan dira zure erreferente musikalak?

Milikiren La tabla del 1. Eskolan Diego adiskideak erakutsi zidan biderketak ikasteko, eta ordutik eskolarako ikasi behar nuen edozein konturekin abestiak sortzen hasi nintzen. Errimekin jolasten nuen, rap estiloa bizimodu bezala, kar-kar.

Coachella jaialdian izan zinen. Zer moduko esperientzia izan zen? 

AEBak bezala, oso zoroa! Basamortuko tenperatura, 12 euroko pizza zatiak, Onlyfanseko kartelak zerutik, marihuana usain gozoa, Cariño taldekoekin algaraka, artistentzako munduko catering onena… Los Angelesen astebete eman nuen une oro flipatzen! Bianca Oblivion DJa ezagutu nuen, mexikar janari zoragarria jan nuen…

Zer duzu esku artean 2023 bukaera honetarako?

Abestiak, emanaldi oso-oso ederrak eta bideo berriak! Denetarik!