Patricia Maraña: “Kosta egiten zaigu sinistea Europako txapeldunorde garela”

Realeko jokalaria da, kapitaina. Futbolekoa? Ez. Belar hockeyko taldekoa. Historia luzea du talde horrek, eta urteak daramatza arrakastaz arrakasta, elitean titulu asko irabaziz. Azkeneko lorpena Europako txapelketan izan zuen, bigarren eginda. Kate begi luze bateko kide da Patricia Maraña. Izan zirelako dira, eta direlako izango dira ondorengoak ere.

Atxurrak gora! 

Hori da, bai.

Bi hitz horiek elkarren ondoan jarrita zer esan nahi duten azaltzen baduzu, irakurleak jakingo du zertara jokatzen duzun.

Realeko belar hockeyko taldean erabiltzen dugu, eta, egia esatera, ez dakit nondik datorren. Makilaren formarekin izango du lotura, agian.

Ozen entzuten da zelaietan ‘atxurrak gora!’ hori, eta oso ozen entzun da berriki Herbehereetan, Europako txapelketa nagusian bigarren egin baitu Realak. Ezustea izan zen?

Bai. Beti esaten dugu onak garela finalerdiak-eta jokatzen, baina ez zen helburu nagusia guretzat. Partidaz partida jokatzera joan ginen, eta aukerak sortu ahala horiek baliatu nahi genituen.

Partida bakoitza finala balitz bezala hartu zenuten, eta nola edozer gerta daitekeen norgehiagoka batean, pausoz pauso finalera heldu zineten.

Hala da, bai. Horretan sinesten duzun neurrian, zuk zure aukerak izaten dituzu, eta jakin egin behar izaten da baliatzen. Gainera, ustez aurkari apalagoa denak indartsuagoa estu hartzen duenean, balizko faborito horri ezinegona sartzen zaio, eta gu trebeak gara aurkariaren ezintasun tarte horiek gure aldera ekartzen. Horixe egin genuen Europako txapelketan, eta oraindik kosta egiten zaigu sinestea zer lortu genuen.

Zer sentipen dituzu orain, aste batzuk pasatu ondoren?

Harrotasuna sentitzen dut, garen taldea garelako, baina baita ere hona heltzeko egin behar izan dugun lan guztiagatik. Iritsi ginen duela urte batzuk ligako finaletara, baina ez ginen gai izan tituluak irabazteko, eta, egoera horietatik asko ikasi genuenez, orain hasi gara fruituak jasotzen.

Zer ikasi zenuten orduan?

Era guztietara galdu genuen, gol alde handiarekin batzuetan, oso justu besteetan, penaltietan ere bai noizbait. Horrek erakusten dizu finaletan bizitzen den tentsioa ondo kudeatu behar dela, eta hori ez da batere erraza. Azkenean, esperientziaren bidez ikasten duzu hori ere. Ikasi genuen orduan, eta gazteei transmititzeko gai gara orain. Une erabakigarriak heltzen direnean, onak gara orain.

Psikologia eta kirolaria. Binomio banaezina.

Gero eta garrantzi handiagoa dauka buruak kirolean. Goi mailan, denok egiten dugu lan ona arlo fisikoan, teknikoan eta taktikoan. Ezberdintasunak buruak jartzen ditu askotan.

Lan psikologikoa propio lantzen duzue?

Azkeneko denboraldian ez dugu espresuki landu, baina iaz bai. Oso gaizki ari ginen, jaistekotan ere bageunden, eta oso gaizki ari ginen pasatzen. Arazoak genituen emozioak kudeatzeko, eta bigarren itzuliaren hasieran psikologo batekin hasi ginen gauzak lantzen, eta oso aberasgarria izan zen. Azkenean, bizipen horiek mahai gainean jarri genituen guztiok, une txar eta zailetan bizitzen ari ginenak, eta lortu genuen tresnak sortzea horiei aurre egiteko.

Europako txapeldunorde izan zarete, iaz liga irabazi eta aukera izan duzuelako txapelketa jokatzeko. Baina zuk esan duzu oraintxe, jaisteko zorian ere egon zineten. Zenbat gorabehera, ezta?

Hala izan zen. Zaila izan zen denboraldia, baina kontu txikiengatik galtzen genituen partidak. Ez ginen ari gaizki jokatzen. Ligako azken partidara arte jaitsierako kanporaketa jokatzeko arriskuan egon ginen, baina, horri ihes egin eta seigarren bukatuta, titulurako kanporaketetan sartzea lortu genuen. Kanporaketa Madrilen izan zen, batere itxaropenik gabe joan ginen, presiorik gabe, eta, lehen partida galdu arren, bigarrenean galtzen hasi eta buruak lagundu egin zigun, askatu bezala egin baikinen. Emaitza irauli, eta aurrera jarraitzea lortu genuen. Horrek sekulako konfiantza eman zigun, denboraldi osoan izan ez genuena bezalakoa. Lortu genuen faboritoak izan gabe indartsuagoak ziren taldeak urduri jartzea, eta txapeldun atera ginen. Lorpen handia izan zen guretzat, beti esaten digutelako defentsan onak garela baina erasoan ez daukagula sormen handirik. Iazko liga irabazi izanak eta orain Europako txapeldunorde geratzeak eman dizkigu gure buruan sinesteko gauza sinesgarriak. Konplexuz bezala begiratzen genien aurkariei, nahiz eta guk ere gauza onak egiten jakin. “Ez gara hain txarrak!”, esan genion geure buruari.

Aurtengo ligan, aurreneko kanporaketan joan zineten kalera, oso azkar. Europako lorpenaren ondotik segituan gertatu zitzaizuen hori.

Lehenengo partidan berdindu egin genuen, eta bigarrenean kosta egin zitzaigun: galtzen hasi ginen, bigarren gola ere segituan sartu ziguten, eta burua jaitsi genuen. Azkenean, denboraldia oso luzea izan zen, eta nekeak jota iritsi ginen azkenera.

Taldea gaztea da zuena, eta etorkizun ona izan beharko luke, ezta?

Bai. Orain, asko lantzen da beheko mailetako taldeen jarduna, hockey eskolak ondo ari dira lanean. Entrenatzaileek asko hobetu dute urteen eta eragitearen poderioz, eta iruditzen zait belar hockeyaren mailak asko egingo duela gora.

Nolakoa da orain belar hockeyaren maila, orokorrean, Espainiako ligaren barruan?

Duela bost urte, Espainiako selekzioan entrenatzaile berri bat sartu zen, eta hockeya ez zen profesionala, krisia zela eta ez zela. Ez zegoen dirurik, eta lan egiteko moduak aldatu egin behar izan zituzten Federazioan, ezinbestean. Adibidez, nola jokalari guztiok ezin ginen elkartu aldi berean, lana bakarka egiteko bidaltzen zizkiguten. Harrezkero, gora egin du mailak, eta Espainiako selekzioaren maila gero eta hobea da. Klubetan ere ona da maila, Europako taldeen txapelketetan ikusi den bezala: gu bigarren izan ginen, eta Club de Campo taldeak irabazi egin zuen B mailako txapelketa.

“Harro nago, sekulako lana egin dugulako honaino heltzeko”

Atzerritarrak asko ziren taldeetan garai batean. Orain ere bai?

Ez, gutxiago dira gaur egun, beste liga batzuetan gehiago ordaintzen zaielako. Horren eragina ez da txarra izan, harrobiko lanean ahalegin gehiago egiten ari direlako taldeetan, eta bertako jokalariak gero eta gehiago daudelako orain elitean jokatzen.

Espainiako selekzioa aipatu duzunez, oso kolpe handia hartu zenuen 2016ko Olinpiar Jokoetan, azken deialditik azken unean utzi zintuztelako kanpoan.

2013-2016ko olinpiar ziklo osoa egin nuen Espainiarekin, baina hamaseiko azkeneko zerrendan ez ninduten hartu, eta kolpe gogorra izan zen. Olinpiar zikloan Jokoetan parte hartzea nuen buruan, eta horretara murgildu nintzen erabat. Baina denetatik ikasten da, eta esperientzia hori baliatu dut Realeko taldekideei helarazteko, eta, alde horretatik, ez nago triste, beste esperientzia bat bizitzeko aukera izan nuelako, ondo atera ez zena, baina beste esperientzia bat, azken finean.

Zer da ikasi zenuen hori?

Nire pentsamenduak ulertzen asko lagundu zidan. Etxetik kanpo nintzen, eta une desatseginak izaten dira: bakardadea, etxekoak falta, konfiantza galera norbere buruarekin, eta abar. Bakoitzak bere helburuak dauzka, nahiz eta taldean giro ona izan. Egoera horiek guztiek zure burua hobeto ezagutzen laguntzen dizute, nola egiten diezun aurre egoera zailei. Bizitzarako ere ona da arazoei kanpotik begiratzen ikastea, eta hori dena ikasi ahal izan nuen. Azkenean, kirolean bizitzen ditugun esperientziak onak dira bizitzarako ere, asko balio dute. Kirolean oso barrutik eta gertutik bizitzen ditugu egoera guztiak, eta gero, bizitzan ere islatzen dira.

Olinpiar ziklo horretan hockeya ez zen beste zerbait egiten zenuen?

Ingeniaritza ikasi nuen, eta asko lagundu zidan Jose Mari Sarriegi irakasleak, eskaini zidalako tesia egitea. Horrekin 2014an hasi nintzen, eta duela lau bat hilabete bukatu nuen. Nola leku zehatzetan egon beharrik ez neukan tesia egiteko, nire kasa moldatu ahal izan nuen, eta selekzioan nengoenean aritzen nintzen tesiarekin.

2019an gaude, eta laster dira hemen datorren urteko Olinpiar Jokoak. Jarraitzen duzu selekzioan?

Ez, ez nago bertan. 2017an bilera izan nuen entrenatzailearekin, zer asmo zituen jakiteko. Esan zidan ezin zidala leku bat bermatu Olinpiar Jokoetarako, eta nik banekien joaten segiz gero zein izango zen nire lekua, eta, aldekoak eta kontrakoak aztertu ondoren, uko egin nion selekzioari. Azkenean, ez nuen garbi ikusten etekina atera ahalko nion hainbesteko sakrifizioari.

Ez zara damutu?

Ez, ez.

Olinpiar Jokoak telebistan ikusten ariko zarenean, agian, bai.

Ez dut uste. Munduko txapelketa izan da orain gutxi, eta jarraitu izan dut. Badakit zer lan dagoen atzetik, eta orain beste lehentasun batzuk dauzkat.

Nondik nora hasi zinen kirol honetan?

Zurriola Ikastolan ikasi nuen, eta belar hockeya asko lantzen da bertan. Zergatik hasi nintzen? Pentsatzen dut Maider Telleria hango ikaslearen lorpenek eragina izango zutela, 1992ko Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi zuelako, besteak beste. Nire erreferenteak ziren garai hartakoak, eta kuadrillakoen batera eman nuen izena hockeyan. Gero, lagunek saskibaloia aukeratu zuten, nik jarraitu egin nuen, eta gaur arte. Zurriolatik Santo Tomas Lizeora joan nintzen, eta handik Realera.

Jarraitzekotan izango zara, ezta?

Ez pentsa. Buruari buelta batzuk eman behar dizkiot oraindik.

Gaztea zara oraindik.

Bai, baina gauza asko lotu behar ditut lehendabizi.

Gipuzkoan, Donostian salbu, ez du jarraitzaile askorik zuen kirolak. Noizbait zabalduko da eta hartuko du oihartzuna?

2013an liga irabazi eta gero sekulako ume pila apuntatu ziren eskolan, eta iazko liga irabazi ondoren ere bai. Gure muga zelaiarena da, ez dagoelako lekurik jende gehiagok izena emateko, ez eta talde berriak sortzeko ere. Zelai bakarra dago Donostian. Orain, egitasmoa dago Zubietan beste bat egiteko. Gaur egun, guk zelai erdian egiten ditugu entrenamenduak, talde asko daudelako. Zelai berria eginez gero, uste dut jende gehiago animatuko litzatekeela.

Nola zabal daiteke belar hockeya Donostiatik kanpo?

Eskola kirola izan daiteke tresna bat, baina zelaiarena ez da kopuruarekin zerikusia duen traba soilik. Ez du edozein zelaik balio. Umetan jokatzeko bai, baina gero ez, belar berezia delako. Ez da futboleko zelaiak bezalakoa, kautxurik ez duelako gureak. Jendeari kirola ezagutarazteko lana egin daiteke, baina gero, profesionaletara jauzia emateko, beste baliabide batzuk behar dira, eta hori guztia lortzea ez da hain erraza.

Emakumezkoen kirolari gero eta leku gehiago egiten ari gara hedabideetan, eta ikusgai bihurtu izan horrek ere lagunduko dio belar hockeyari ezagunago egiten?

Baiezkoan nago. Gainera, gure kirolean ez dago ezberdintasun handirik emakumezkoen eta gizonezkoen artean. Kirol txikia da, eta antzeko ikusgarritasun maila dago bi generoen artean, ikusleen aldetik. Aukerak ematen zaizkigunean ikusten ari da emaitzak etortzen ari direla emakumezkoen kirolean.

Reala zarete, eta duela pare bat hilabete futboleko taldeak zieten irabazi zuen. Sekulako ongietorria egin zieten, hedabideetan leku zabala eman zieten, eta abar. Zuei, aldiz, iaz Liga irabazi izanagatik eta aurten Europako txapeldunorde izanagatik, ez zizueten halakorik egin. Inbidiarik bai?

Ez. Asko pozten naiz lortu zutenagatik. Azkenean, futbola da gizartean indar gehien duen kirola, eta horrelako omenaldi handi bat egiteak esan nahi du beste kirol batzuetan ere antola daitekeela antzeko zerbait etorkizunean. Gizonezkoen futbolari ematen zaio lekuaren parekoa ematea emakumezkoenari ona da, balioa ematen zaiola esan nahi baitu, eta olatu handi horren atzetik ea besteoi ere heltzen zaigun aukera.