Odei Domingo: “Komediatik magia eta magiatik komedia ateratzen saiatzen naiz”
Odei Domingo Mendilucek, Hodei magoak, txikitatik izan nahi zuen mago. Harekin hitz egin dugu, haren ibilbideaz, sormen prozesuaz eta magiaren dimentsioez, besteak beste.
Odei magoa, ongi etorri TTAPera.
Eskerrik asko gonbidatzeagatik eta magiari tartetxo bat egiteagatik.
Haur baten ilusioarekin nator elkarrizketa egitera!
Izan ere, helduak berriro txiki bihurtzen dira magiarekin.
Txikitatik izan nahi omen zenuen magoa…
Txikitan oso teatreroa nintzen. Gauzak kontatzerakoan esajeratu egiten nituen, hiperbolera jotzen nuen. Kirola ez nuen gustuko eta amak antzerkian apuntatu ninduen, Nafarroako Antzerki Eskolan. 6 urte nituela, oporretako hotelean mago baten ikuskizunera joan ginen. Hark boluntario bat eskatu zuen eta ni atera nintzen. Nire gurasoak zeharo harrituta geratu ziren, oso lotsatia nintzelako orduan. Momentu hartan oso gaizki pasa nuen, baina hurrengo egunean amari esan nion magoa izan nahi nuela. 9 urterekin Iruñeko Gayarre antzerkira joan nintzen amarekin magia ikustera, eta aho-zabalik atera nintzen handik. Txundigarria izan zen. Eta amari esan nion nik hura egin nahi nuela. Eta gurasoek serio hartu zuten nire nahia eta Magia Borras eta magia egiteko kutxak erosten hasi zitzaizkidan. Eta horrela hasi nintzen magia egiten: hasieran, jolasten; eta pixka bat geroago, magia profesionaleko liburuak irakurtzen. Esan dezaket bidea polita izan dela, eta lortu dudala nire ametsa betetzea.
Zer da zuretzat magia?
Arte eszeniko bat. Magia leku askotan egin daiteke, baina baita antzoki handietan ere, baliabide tekniko guztiak kontuan hartuta eta publiko handiak harritzeko moduan. Baina egia da oso entretenimendu berezia dela beste arte eszenikoekin alderatuta, harritzearen dimentsioa duelako eta publikoari oso sentsazio berezia transmititzen diolako. Jendeak uste du magia haurrentzat bakarrik dela, baina magia publiko guztiarentzat da. Niretzat, berriz, magia bizi izateko modu bat da.
Modu profesionalean gaztetxo zinela hasi zinen.
Gaur egun, 26 urte ditut. 6 urterekin afizioa sortu zitzaidan, 11 urterekin magia profesionala irakurtzen hasi nintzen eta 15 urterekin publiko aurrean lehen emanaldiak egiten hasi nintzen. Zaila da hain gazte izanda ateak irekitzea eta jendeak zugan konfiantza izatea –oraindik ere bai–. Baina nire erronka hori lortzea da, ahalik eta toki gehienetara iristea.
Zein izan zen egin zenuen lehen trukoa?
Iruñean zegoen La Porra magia-dendara joan nintzen amarekin magia-liburu bat erostera, eta poz-pozik bueltatu nintzen etxera. Handik ikasitako lehen trukoa egin nien gurasoei, eta uste nuen Tamariz berria nintzela! Trukoa zein zen ez dut gogoratzen, baina bai egitean sentitu nuen poza. Truko asko daude, baina garrantzitsuena da nola sentitzen zaren eta publikoa nola sentiarazten duzun.
Nola da ikuskizun bat diseinatzeko jarraitzen duzun sormen prozesua?
Sormen prozesua ez da inoiz gelditzen. Edozein tokitan zaude, zerbait ikusten duzu eta hasten zara pentsatzen elementu horrekin zein truko egingo zenukeen. Trukoa pentsatzen duzu, diseinatzen duzu, entseatzen duzu, eta, behin menperatuta, gorde egiten duzu ikuskizuna diseinatu arte. Ikuskizuna sortzean kontuan izan behar duzu truko motak prestatzen; bestela, jendea aspertu egiten da. Beste batzuetan, ikuskizuna ideia baten inguruan diseinatzen dut; adibidez, Sentsazioak izeneko ikuskizuna teknologiari buruzkoa da, haren alde onak eta txarrak erakusteko. Emanaldi bat sortzeko prozesuan gauza asko hartu behar dira kontuan, baina niri asko gustatzen zait, dibertigarria da.
“Magoak beti ikasten egon behar du“
Inspirazioa edozein momentutan eta toki guztietan aurkitzen duzu, beraz.
Bai, eta, horregatik, magian beti ikasten egotea oso garrantzitsua da. Ideiak topatzen, beste magoek egiten dutena ikusten erreferentziatzat hartzeko… Estimulu bat jasotzen duzunean, bonbilla piztu eta puzzlea osatzen hasten naiz.
Ordu asko eskaini beharko zaizkio, ezta?
Bai, lan handia dago atzetik. Alde batetik, ikasten egon behar duzu etengabe; bestetik, trukoak sortu eta praktikatu egin behar dituzu, eta, noski, bulego-lanak ere egin behar izaten dira. Gustatzen zaidalako egiten dut, nahiz eta batzuetan gogorra den. Adibidez, nik asteburuetan lan asko egiten dut eta lagunekin eta familiarekin elkartzeko aukera gutxiago izaten dut. Bestetik, hara eta hona ibili behar da etengabe. Lan guztiek dute distiratsua ez den alderdia, eta magiak ere bai.
Zer sentitzen duzu agertokian?
Urduritasuna beti dago hor, eta polita da hori, arreta zorrozten didalako. Baina agertokira igotzea oso polita da, batez ere, aurretik egindako lan horren guztiaren emaitza jendaurrean aurkezten duzulako. Era berean, emanaldia proba bat izaten da: gustatuko al zaio publikoari prestatu dudana? Gero, jendearen txaloak eta barreak entzutea zoragarria izaten da. Publiko oso desberdina izaten dut, eta ederra da ikustea toki batean gauza batek funtzionatzen duela eta beste batean beste gauza batek. Nik asko disfrutatzen dut oholtzan.
Mago askok erabiltzen duzue umorea. Zergatik?
Magia eta umorea oso ongi uztartzen dira. Noski, posible da magia umorerik gabe egitea, baina, nire kasuan, jendea harritzeaz gain, barre eginarazi nahi izaten diot. Modu horretan, esperientzia biribiltzen dut. Jendea ikuskizun batera joaten denean bere bizitzatik atera nahi izaten du, arazoez ahaztu, eta harridurarekin eta barrearekin helburu hori lortzen da. Beti saiatzen naiz komediatik magia ateratzen eta magiatik komedia.
Mago batek eskuak edo mingaina, zer izan behar du bizkorrago?
%50ean daudela esango nuke. Izan ere, magia garrantzitsua da, baina ikuskizunaren gidoia, kontakizuna bera, oso garrantzitsua da. Zerbait dotorea egiten saiatzen naiz beti, baina umore kanalla ukitu batekin. Publikoarengandik gertu egotea gustatzen zait. Norbaitek esan zuen magoak magoaren papera antzezten duten aktoreak direla, eta ados nago.
Magiak hezteko ere balio du.
Noski. Mago bat irudikatzen dugunean, agertokian ikuskizun txundigarri bat egiten ikusten dugu, eta hori oso ondo dago. Baina, horretaz aparte, magia komunikazio tresna bezala ere erabili dezakegu. Hau da, mezu edo ideia konkretu bat adierazteko ere balio du. Uraren sekretuak ikuskizun hezigarrian horrela egiten dugu. Emanaldi horretan ingurumenaren aldeko balioak lantzen ditugu; uraren garrantzia, zehazki. Magiaren bidez errazagoa da mezua gogoangarriagoa egitea, eta, gainera, modu berri bat da magia lantzeko.
Truko berri bat menperatzeko zenbat denbora behar izaten duzu?
Ikuskizun berri bat prestatzen ari naizenean ordu asko sartu behar dira, eta truko batzuk besteak baino zailagoak dira. Batzuk minutu batzuetan ikasten ditut; beste batzuentzat egunak behar izaten ditut; eta beste batzuetarako urte bat behar izaten dut.
“Magia komunikazio tresna eraginkorra da”
Karta batzuk ikusten ditut hor. Truko bat egingo didazu?
Noski! Pertzepzio jokoa egingo dugu zuretzat eta pantailaren beste aldean daudenentzat.
Magiak dituen estereotipoetatik ihes egiten saiatzen zara…
Bai; magiaren munduak asko ditu. Adibidez, emakumearen papera nolakoa izan den historikoki. Normalean, emakumea laguntzailea izan da, eta, gainera, modu konkretu batean jantzita agertu ohi izan da. Bestetik, magoak beti irudikatzen ditugu untxiekin eta usoekin trukoak egiten eta kapela, kapa eta frakarekin jantzita. Uste dut estereotipo horiek apurtu egin behar direla, beste eremu batzuetan bezala. Adibidez, gaur egun, zirku askok ez dute animaliarik. Magiak ere joan behar du gizartearekin batera aldatzen eta berritzen. Ezin gara aurreko ereduetan iltzatuta geratu, baina eredu horiek berrerabili ditzakegu. Hau da, klasikoak eguneratu ditzakegu gauza berriak sortzeko.
Zeintzuk dira zure erreferentziak?
Ezin dut bakarrarekin gelditu. Alde batetik, agertoki-magia dago, publiko zabalerako egiten dena. Nik, gehienetan, agertokiko magia egiten dut, eta alor horretan Lance Burton eta Jeff Macbride miresten ditut. Eta, bestetik, hurbileko magia dago, eta hori egiten dutenak mago ikaragarriak dira. Afizio moduan magia hori ikasi eta praktikatzen dut; zoragarria dela iruditzen zait. Erreferente pila bat daude, eta hori magia osasuntsu dagoen seinale da.
Magia haurrentzat edo helduentzat egin, zer nahiago duzu?
Nire ohiko publikoa familiarra da, eta horrek esan nahi du heldua baldin bazara ere ongi pasako duzula. Proiektu hezigarrietan, berriz, publikoa haurrak dira. Oso esker onekoak izaten dira, haientzat esperientzia berezia izaten delako. Helduentzako ekitaldiak gehiago izaten dira enpresarekin lotuta, eta haiek ere politak dira, asko pertsonalizatzeko aukera izaten dudalako; trukoak enpresaren izenarekin prestatzen ditut, adibidez. Beraz, ezin dut bat edo beste aukeratu.
Magia eta euskara ondo ezkontzen dira?
Magia euskararekin bikain uztartzen da. Txikitatik magia euskaraz eta gazteleraz egiten dut eta ikuskizun guztiak bi hizkuntza horietan sortzen ditut. Egia da toki batzuetan publikoaren erdiak ez duela jakiten euskaraz, baina kasu horietan ikuskizuna beste erritmo batean joaten da, lasaiago.
Gogoan duzun anekdotaren bat?
16 urte nituenean, herri bateko agertokia egur batzuekin handitu zuten, eta esan zidaten kontuz ibiltzeko eta ez zapaltzeko bertan. Eta zer egin nuen emanaldia hasi eta segituan? Ba, bertan zapaldu eta… magoaren desagerpen bizkorra egin nuen! Desagertu bezain azkar agertu nintzen, eta, nahiz eta min hartu nuen, emanaldia profesionalki bukatu nuen, inor konturatu gabe. Beste egun batean, ezkontza-eraztuna desagerrarazten dudan trukoa egiten ari nintzela, emakume bati eskatu nion eraztuna. Desagerrarazten dudanean horrekin jolasten naiz, esanez galdu egin dudala eta abar, eta, normalean, publikoak broma dela ulertzen du. Baina emakume hura haserretu egin zen. Hori bai, eraztuna agertu zenean, haren aurpegia bikaina izan zen!
Bete nahi duzun ametsik baduzu?
Bai, noski. Magia nire ogibidea betirako izatea, proiektu gero eta handiagoak sortzea, publikoa mantendu eta berriarengana iristea, jendea harritzen jarraitzea…