Nongoa zara?
Askotan galdetu izan diot neure buruari, gehienetan isilean, nongoa naizen galdetzen didatenean, ze demontre jakin nahi duen galdegileak. Non sortu ninduten, non bizi naizen, non eman dudan nire bizitzaren zatirik handiena, nongoa sentitzen naizen, non sufritu dudan gehien, non gozatu bereziki. Zalantza bera sortzen zait galdera hori beste norbaiti egiten diotenean ere, edo izen-abizenen ondoan norbaiten jaioterria jartzen dutenean.
Nonbait, jaioterriak betiko marka uzten dizu, bertan zenbat denbora eman duzun kontuan izan gabe. Giza antolamendua tribuen arabera antolatzen zenean bezalaxe, non jaio han bizi araua zenean bezalaxe. Tribuak markatzen zuen pertsonaren bizitza eta inor gutxik egiten zuen alde sorterritik.
Gaur, berriz, begi bistakoa da mugikortasuna dela araua, anitza dela askoren nortasuna, ez norabide bakarrekoa. Baina, askorentzat, bertan jaio ez bazara, bizitza osoa bertan pasa baduzu ere, beti izango zara arrotza bizileku horretan. Are gehiago, leku batzuetan izen berezia dago bizpahiru belaunaldiz bertan jaiotako familia batekoa bazara. Legearen arabera, zeure buruarentzat nahi duzun sexua aukera dezakezu, baina ezin duzu nongoa zaren erabaki…
Kasu horretan markatzen zaituena ez da azalaren kolorea, ez erabiltzen duzun hizkuntza, ez ohartuki egin duzun aukera. Berdin esango dizute ez duzula zure bizilekuan gertatzen dena ulertuko baldin eta bertan jaio ez bazara. Zer-nolako tema jaioterriarekin.