Mimoz egindako motxilak
Marka: Gora_kat
Tapizeriako oihalki batzuk zituelako hasi zen poltsak eta motxilak egiten Gorane Guillen. Hasierakoak poltsak izan ziren, ez zuelako motxilak egiteko nahiko material. Azoka batera joan zen, eta erosleengandik jasotako feedbackak artisautzan jarraitzeko bultzada eman zion.
Bakarrak
Gora_kat markarekin hasi aurretik, josi egiten zuen Guillenek. Eta hasierako filosofiarekin jarraitzea erabaki zuen: pertsona bakoitzarendako pieza bat eta bakarra sortzea. Mimoz egindako poltsak eta motxilak dira, eta ez ditu bi berdinak josten.
Berezoen gustuen arabera
Perfekziotik harago doan artisautza egiten du, eta, horretarako, tapizeriako oihalak, larru sintetikoa eta larrua erabiltzen ditu. Sare sozialetan eta webgunean hainbat motxila eta poltsa ditu aukeran, baina, bakarra izatearen filosofiari eutsiz, bezeroen gustuen araberakoak egiten ditu. “Pieza bakoitza bakarra eta berezia da, gutako bakoitza bezala”, dio.