Mikel Urdangarin
Bi urteurren bereziren elkarketarekin jaio da Mikel Urdangarinen azken lana. Musikan 25 urte bete ditu zornotzarrak eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa mendeurrena ospatzen ari da.
Zer da Badena eta ez dena eta nondik sortu da?
Bi urteurrenen elkarketaren emaitza da, BOSen ehungarrena eta nire mende laurdena ospatzen dituen elkarlana. Orain bi urte luze abiatu zen egitasmoa, lan handia egin eta gero oraintsu argia ikusi duena.
BOSekin lan egitea zer-nolakoa izan da zuretzat?
Oso esperientzia intentsoa, zentzu guztietan emankorra. Horrelako egitura erraldoiak, talentuz beterikoak, ematen dizun ahala aukera aparta izan daiteke musikari batentzat. Gu saiatu gara aukera probesten, orkestra sinfonikoa den sumendi horri laba zukutzen, eta esango nuke lortu dugula.
25 urte egin dituzu musikan; BOSek, mendea. Mende laurdena azkar joan zaizu?
Uste dut denbora denoi joaten zaigula antzera. Ziurrenik, azkarregi, baina bizitakoaren kalitateaz pentsatu eta pozik nago aspaldi hartu nuen erabakiarekin; musikak aberastu baino ez dit egin bizitza.
Emanaldiak egin dituzue? Bilboko jaietakoa berezia izan zen, ezta?
Bilbon egin genuena ikaragarri ederra izan zen niretzat; presio handiko kontzertua zen hura eta pisu galanta kendu nuen gainetik. Zuzenean orkestra batekin jotzea suge erraldoi batekin jotzea bezala da, gauzak ondo egin ezean gupidarik gabe irentsiko zaituena. Ez zen holakorik gertatu; gozatu ederra hartu nuen, ordea, eta bildutako jendeak bizi ahal izan zuen. Bestetik, otsailaren 25ean, Musike Barrin egingo dugu diskoaren estreinaldia; ondoren etorriko diren aukerekin lanean hasi gara oraintsu.