Mikel Orbañanos: “Arraunlariek profesionalen ardura dute, amateurrak izanik”

2002an heldu zen Hondarribira Mikel Orbañanos (Orio, 1973), eta, duela aste gutxi, 2021era arte sinatu du. Gazte izanik erabaki zuen entrenatzailea izatea, eta datorren denboraldiari buruz hitz egin du Xabi Ormazabalekin.

Beste bi urte egingo dituzu Hondarribian; zergatik?

Urte asko dira hemen nagoela. Etxean bezala sentitzen naiz, oso gustura. Bertako zuzendaritzak lau urte berritu du eta nik ea jarraitzeko asmoa nuen jakin nahi zuen. Bi aldeak gustura geunden eta bi urtez luzatuko genuela adostu genuen.

Zu Oriokoa zara, baina bizitza guztiz duzu hemen?

Oriotarra naiz, han bizi naiz eta han daukat familia. Egunero etortzen naiz Hondarribira. Urte asko dira lan bera egiten, eta nahiko ohituta nago. Esan dezakegu erdi hondarribiarra banaizela.

Zer dauka klub honek Joseba Amunarriz eta Mikel Orbañanos hainbeste urtez lehen lerroan segitzeko?

Urte asko jende askok daramagu, eguneroko lan horretan oso gustura sentitzen garelako. Dinamika ona hartu dugu eta kirol emaitzetan txukun dabilen taldea gara. Maite dugun kirola da, eta hurbiltzen den guztiak maitatzen bukatzen du. Hori da arrazoirik garrantzitsuenetako bat.

Aurrekoan, Mariasun Quiñonesekin egon ginen, Realeko atezainarekin, hondarribiarra dena; galdera bera egin nion: 0-10, zenbatean sentitzen zara profesional?

9, esango nuke. Ni arraunetik bizi naiz, baina arraunaz eta entrenatzaile izateaz aparte iruditzen zait hemen lantoki batean bezala egiten dudala lan. Asko dedikatzen diot eta nire izaera elkartean islatzen dut eta gustatzen zait dena behar duen bezala joatea.

100% dedikatzen duzu.

Zalantzarik gabe.

Arraunean ez da ohikoena arraunetik bizi izatea. Ala entrenatzaileen artean bai?

Azkeneko urteetan bai. Entrenatzaile lana nahiko lan zaila da, eta ardura askokoa. Arraun taldeak handiak dira eta dedikazio asko behar dute.

Zein da zure eguneroko jarduna?

Arraunlariak langileak dira ere eta jardunaren arabera datoz. Batzuek goizez entrenatu behar izaten dute, arratsaldean lana dutelako. Nik askatasuna daukat eta familiari asko dedikatzen diot, ahal dudan onena egiten, arraunak baimentzen dit hori. Horretaz aparte, %100 arraun elkarteari dedikatuta pasatzen dut eguna.

Aurrekoan, kontratu berritze oharrean irakurri nuen: “Harrobiko hainbat arraunlari lehen taldean sendotzea lortu izana nabarmenduko genioke”. Badakizu zenbat izan diren?

Zehazki, ez. Asko direla badakit. Urte asko daraman jendea dago eta harrobiko taldeetan lan ona egiten da. Gazteak klubean identifikatuta sentitzen dira, eta ikusita senior mailara iritsitakoan garrantzi berezia ematen diogula bertakoari, errazagoa da hemen jarraitzea. Seguru aski, egunen batean ateak irekita izango ditu, zein mailako arraunlaria den erakusteko. Alde horretatik asmatu dugula iruditzen zait. Luzarora begira elkarteari bizitza ona ematen diozu.

Azkeneko urteetan asko entzuten den zerbait da Hondarribiak etxeko arraunlariekin egiten duen lan… Azaldu dira goian Zierbena, Santurtzi… Ze garrantzi dauka diruak gaur egungo arraunean?

Emaitzak lortzeko garaian, dirua garrantzitsua da, zalantzarik gabe. Inguruko arraunlari onenak erakartzeko baliabide garrantzitsua delako, eta errespetagarria da. Gero, emaitzei begiratuz gero, meritu gehiago emango nioke guk bezala lan egiten duen elkarte bati. Jendeak ez dio begiratzen horri, irabazteari bakarrik. Baina elkarte honek egin duenak meritu handia du.

Uda hau ohi baino mugituagoa izan da fitxaketen merkatuan. Ia-ia futbola eta saskibaloia den bezala.

Bueno, zenbakiak ez dira berdinak; kar, kar. Baina egia da soldata garrantzitsu batzuk irabazteko aukera izan dutela arraunlari batzuek, eta horrekin pozten naiz, kirolak garrantzia hartu duen seinale da hori. Erabakiak errespetatu behar dira, modu onean hartuta baldin badira. Hanka-sartzerik gabeko akatsak badira, iruditzen zait luzaroan onak izango direla.

Arraunean aditu ez den batentzat, nire kasua bezala: nola erabakitzen duzue zein fitxatu?

Ikusten dugu beste trainerutako jendea. Hori baino gehiago, arraunlariek badituzte lagunak beste traineruetan eta askotan hitz egiten da testetan ze emaitza eman dituen arraunlari batek, ze pisutan aritzen den… Baina zer duzun faltan eta arraunlariak hori beteko lukeen, puzzle hori osatzeko baliabideak izanez gero, ondo dator beste kirolari batzuek parte hartzea zure elkartean.

Klubek beti nahi izaten dute arraunlari onenaren datuak ezkutatu…

Azkenean, jakiten da. Zenbat estropadatan hartu duen parte arraunlariak, trainerua nola ibili den… Saiatzen gara era normalizatuan datuak gurean mantentzen, baina datuak zabaltzea normala ikusten dut.

Zuen kasuan, aurten, oker ez banaiz, bi fitxaketa, bi harrobiko, eta Julen Castrillon bueltatu da. Beti blokea mantentzen Hondarribia. 

Bai, saiatzen gara horri garrantzia ematen. Eta datorrena, dagoena baino hobea edo zerbait ezberdina ekarriko duena. Garrantzia ematen diogu ergometroari, baina saiatzen gara pertsona bezala ere gure filosofiarekin bat egin dezan. Eta etortzeko pausoa ematen badu, epe luzera izan dadila. Gustura egotea gurekin, eta urte asko eman ditzala.

Behin-behineko partxeek ez dute tokirik hemen.

Nahastuta gaude. Jarrita gaude berehalako emaitzetan. Pazientzia eta lasaitasuna behar da, eta hori urteekin lortzen da.

“Liga eta Kontxa irabazi banitu, nahiago nuke Kontxa”

Julen Castrillonek erreta utzi zuen arrauna, 2017an; bueltatu egin da. Zer esan dizu?

Eguneroko lanarekin bukatu zuen erreta. Ez kirolarekin, baizik eta lehiaketarekin. Inguruko guztiarekin. Kirolari ona da, eta horregatik bueltatu da. Gustuko duelako arrauna eta saiatu nahi duelako mailarik gorenean egoten.

Behin arnasa hartuta, buelta.

Bai, eta ona da. Arraunlariek ikusteko gauza gehiago badaudela hemendik kanpora. Hau utzita ere konturatzeko gainontzekoa ez dela ezer miragarririk eta benetan ondo pasatzen zenuela arrauna egiten. Julenentzako oreka bilatzeko ona izan da.

Baja bakarra.

Agoitzen [Irazoki] baja garrantzitsua da. Arraunlari fina, arina eta traineruari kalte gutxi egiten ziona. Lanagatik utzi du. Kirolari profesionalen dedikazioa ematen dute, amateurrak izanik. Familia badu, eta, lanean txandaka arituta, meritu handia ematen diot orain arte arraunean maila horretan jarraitzeko egin duenari. Aurten, behintzat, utzi du. Saiatuko gara baja hori, mugimendu batzuk eginda, ahalik eta gutxien nabaritzen.

Hori falta izan zaio Hondarribiari azkeneko hiru urteetan Liga irabazteko? Armairu-hondoa esaten dena, alegia, aldaketak izatea?

Arraunlari gazteak galdu ditugu. B trainerutik A trainerura saltoa emateko urte batzuk behar dira. Gaur egun, jarrita gaude emaitzak segituan nahi ditugula, eta, askotan, ez gara iristen. Gehienbat, A trainerua oso maila onean dagoelako. Hor galdu ditugu arraunlariak, baina blokea oso bertsua ikusten dut.

Gero eta gehiago kostatzen da gazte bat arraunean jarraitzeko konbentzitzea?  

Mundua hala jarrita dago. Emaitzak, datuak, informazioa segituan dago eta iruditzen zaigu dena horrela behar dugula. Jende gazteari ahaztu egin zaio helburuek denbora behar dutela.

Beti hor, gertu egon zarete azkeneko urteetan. Zer falta izan zaizue?

Aurkari handiak izan ditugu. Guk gure lanak ondo egin ditugula iruditzen zait, eta aurkaria, Urdaibai, zoriondu beharra dago. Guk beti jarri dugun helburua Ohorezko Txandan aritzea eta denbora amaierara irabazteko aukerarekin iristea izan da, eta bete dugu. Gertatzen dena da kirolean ez dela erraza izaten. Aurten saiatuko gara, eta ea aukerarik dugun.

Imajinatzen dut motibazioa ez dela erraza izango mantentzea hiru urte jarraian Ligan, behintzat, mantenduta.

Ez da erraza, gehienbat, elkar ezagutzen dugula. Denon artean saiatzen gara motibazio mota ezberdinak lantzen. Gauzak normaltasunetik ateratzea ez da ona izaten. Betikoarekin emaitza onak izan ditugu eta aldatu izan ditugunean, beharbada, ez hain onak. Oso leialak gara gure estiloarekin.

Ligarekin ari naiz, baina iaz Kontxa irabazi zenuten, ez dut ahaztu nahi. Estu-estua. Hilabete batzuk pasa dira, nola gogoratzen duzu?

Ahaztezina. Harrobiko lana egiten duen elkarte batentzat ez delako erraza gaur egun garaipenak lortzea. Iazko Kontxako Bandera garrantzitsua izan zen. Zierbenak ere irabazi zezakeen berdin-berdin. Guretzako izan zen eta pozik gaude horrekin. Batez ere, arraunlari askok denbora zeramatelako horretarako prestatzen, eta lortu zuten.

Urdaibai zigortu zuten orduan. Aurten, araudia bateratu dute euskal estropadetan.

Zeharo bat nator aldaketa horrekin. Batzuetan, nahita egin ez diren hanka-sartzeak dira, eta hiru segundoko zigorra nahiko kaltegarria. Ligan bagentozen araudi hori erabiltzen, eta asmatu dugu. Iruditzen zait Kontxak pauso ona eman duela norabide horretan.

Orduan, legedia aldatuta balego, zer gertatuko zen?

Ez da sekula jakingo. Bagenekien araudia hor zegoela. Pala jotze horiek minutu bat atzera botaz gero bai 2013an, bai 2018an iruditzen zait haiek ez zirela hainbeste joango aurkariaren kalera. Horrek esan nahi du hanka-sartzea zela. Zigorra gogorra zela denok bagenekien.

Kuriosoa da Kontxak, estropada bakarra izanik, zenbat ematen duen. Zer dauka hain berezi egiten duena?

Estropada eremu bezala berezia da, eta ikuskizun polita ikusteko aukera dago. Arraunlariek sentsazio berezia izaten dute Kontxan. Luze bat kanpora, luze bat barrura. Olatuak. Badiako ur lasaia, itsaso mugituko ura harrapatzen duzu. Zerbait berezia badu, eta historikoki banderarik garrantzitsuena da. 

Hori aprobetxatuta. Arraunlari batentzat zer da garrantzitsuago, Liga ala Kontxa?
Liga irabazten duena denboraldiko indartsuena izan da. Kontxan zozketa asko daude, sailkapenetik hasita. Zortea behar da. Askotan, onenak irabazten du, baina ez urtero. Zer nahiago irabazi? Norberaren palmaresaren araberakoa da. Faltako balute Kontxa irabaztea, Kontxa. Eta Liga faltan izanez gero, batek baino gehiagok aldatuko luke Liga Kontxaren truke.

Mikel Orbañanosek zer nahiago du?

Biak irabazi gabe banitu, nahiago nuke Kontxa irabazi. Baina meritu handia ematen diot Liga irabazteari.

Baita ere diot azkeneko urteetan joera dirudielako entrenamendu planetan sasoi puntua denboraldi amaierara begira jartzea. Ez dakit Kontxa han dagoelako ala Liga hobeto jokatzeko.

Gehienbat, ezin delako oso fuerte hasi, uda aurretik dagoelako. Eta Kontxa irailean dago, gure denboraldi amaieran.  Horregatik ere saiatzen gara.

2015ean, lehenengo hamaika banderetatik zortzi irabazi zenituzten eta amaieran Liga galdu.

Gure beherakada baino gehiago, Urdaibairen gorakada nabarmenduko nuke horretan.

Zaleek zer espero dezakete  Hondarribiaz aurtengo urterako?

Berriz ere ea talde lehiakorra osatu dezakegun, eta ahalik eta estropada gehien jokatzea Ohorezko Txandan. Hori betetzeko aukera badugu, seguru irabazteko aukerarekin izango garela.

Ze traineru egongo dira Liga irabazteko borrokan?

Ez da erraza, eta aurten, gainera, oso lehiatua ikusten dut. Bagaude talde batzuk Ohorezko Txandan sartzeko aukerarekin tarte gutxirekin bata bestearekin, eta, beraz, irabazteko aukerekin. Behealdean lehia handia izango da maila ez galtzeko ere. Iruditzen zait azken urteetan bezala Liga polita izango dugula.

Eman, behintzat, lau izen, Ohorezko Txandan egongo direnak.

Ez dizkizut emango, oso zaila delako asmatzen,; kar, kar. Gu bertan baldin bagara, pozik.

2002an heldu zinen Hondarribira entrenatzaile modura. Orain, 46 urte; orduan, 29 urte izango zenituen. Ez da ohikoena, beharbada, hain gazte entrenatzaile izatea.

Nahikoa argi neukan. BI urte lehenago Ondarroan egon nintzen arraunlari eta entrenatzaile gisa eta oso gustura aritu nintzen. Gero, Hondarribira etorri nintzen. Egia da gazte dela, baina argi nituen gauzak. Gustatzen zait irakastea eta ahalik eta gehien laguntzea, eta iruditzen zait entrenatzaile batentzako garrantzitsua dela. 

Entrenatzaile sartu zinen itsasoan ez sufritzeko?

Orion arraunlari urte borobilak egin nituen. Oso pozik eta maila oso onean. Gero, erabaki nuen nekien guztia erakustea.

Arraunlariak sufritu egiten du?

Bai, egia da. Lehia gogorra delako, eta kirol bezala ere bai. Baina, era berean, badu zerbait jendea erakartzeko eta lotzeko. Baina giro polita dago eta probatzen duenak aurkitzen ditu arrazoiak urte asko egiteko. 

Neguan sufritu udan gozatzeko?

Bai. Neguan ez dago hainbeste estropadarik eta entrenatu beharra dago. Baina kirola maite duenak neguko entrenamenduetan ere ondo pasatu eta disfrutatu egiten du.

Hondarribia, herria, traineruaren atzean dago. Oso nabarmena da.

Beste herri batzuetan ere gertatzen da. Kostaldeko herria, arrantzaleak… Hortik badu lotura. Baina Hondarribia bezalako herria identifikatuta sentitzen da, gehienbat, bertako gazte asko doazelako traineru barruan.  Horrek indarra badu eta, zalantzarik gabe, eskertzekoa da zaleek uda osoan ematen diguten babesa.