Matxalen de Pedro: “Publiko berriak erakartzeko zailtasunak daude antzerkian”

Antzerkiaz eta dantzaz berba egingo dugu. Horretarako, Matxalen de Pedro (Bilbo, 1981) gonbidatu dugu. Dantzaz, Muelle 3 proiektuaren inguruan berba egingo dugu; antzerkiaz, Horman Poster konpainiako kidea delako. Gainera, Dantzerti Arte Eszenikoen Goi Eskolako irakaslea ere bada.

Hasieratik hasiko gara. Bartzelonan ikasi zenuen interpretazioa. Zerk eraman zituen hara?

Egia esateko, jakin nuenean antzerkia ez zela ni flipatzen ninduen gauza bat bakarrik baizik eta profesio bat, orduantxe erabaki nuen aktore izango nintzela. Gurasoek esan zidaten: “Ados, baina karrera bat egin behar duzu”. Etxean jarri zidaten muga izan zen. Hemen ez zegoenez goi-mailako eskolarik, kanpora joan behar izan nuen. Garai hartan, Bartzelonan familia neukan. Orduan, nolabait, errazagoa eta samurragoa zen. Egia esan, txorakeria samarra izan zen, sarbide-probak katalanez egin behar izan nituelako. Hara joan nintzen nire bakarrizketarekin, nire poemekin, dena katalanez. Eta behin barruan konturatu nintzen bazegoela beste ibilbide bat, testurik gabeko antzerkiena. Eta niri hori gustatzen zitzaidan. Oso ibilbide interesgarria zeukaten. Asko gustatu zitzaidan zer-nolako ikasketak egin nituen.

Eta Horman Poster konpainia edo kolektiboa sortu zenuten 2010ean…

Kolektiboa deitu genion, hasiera batean. Igor de Quadrak eta biok sortu genuen Horman Poster, eta kolektiboa deitzen genion, ez genuelako, alde batetik, estruktura hierarkiko horrekin konektatzen, eta, bestetik, autoretza partekatua egin izan dugulako beti. Bion artean sortu, zuzendu eta antzeztu ditugu gauzak, eta, puntualki, beste pertsona batzuekin edo beste pertsona batzuen elkarlana egin genuen. 2010 eta 2020 artean hala egon ginen. 2019 bukaeran sartu ziren Xanti Agirrezabala, Maite Aizpurua eta Jon Ander Urresti kolektiboan. Orduan, zentzu handiagoa hartu zuen kolektibitate hark. Haiekin batera sortu ditugu azken bi lanak, Antigone eta Souvenir.

Souvenir da estreinatu duzuen ikuskizun berria. Aurretik Antigone egin zenuten, baita Donostia Saria irabazi ere. Nolatan hartu zenuten klasiko hori?

Ez genuen hasieratik erabaki. Bostak batu ginen eta proba batzuk egiten hasi ginen, ariketa batzuk elkarri proposatzen, gure interesak eta desioak nondik zihoazen ulertzeko. Eta hainbat ariketa, hainbat gai atera ziren boterearen, manipulazioaren eta bortxaketaren ingurukoak. Bortxaketa zentzu horretan, bestearen askatasuna bortxatzea. Orduan, halako batean, burura etorri zitzaigun badagoela klasiko bat horretaz ari dena, boterearen gehiegikeriaz. Antigonek egiten duen ekintza hori. Ekin genion bertsio oso libre bat egiteari, antzezlan horrek bere baitan zituen gai horiek aztertzeari. Alde batetik, boterearen gehiegikeria, eta, beste alde batetik, obeditzen duenaren drama eta desobedientziaren drama. Handik sortu genuen pieza oso-oso librea.

Antzezlan horrekin, gainera, bitartekaritza artistikoak egin izan dituzue gazteekin. Zer da mediazio artistikoa?

Horrekin hutsune handia dagoela konturatu gara. Bertako antzoki publikoek ez dute hezkuntza-sailik edo hezkuntza-bulegorik. Horrek zer dakar? Bueno, publiko berriak erakartzeko zailtasunak daude. Agian, antzerkira joateko zaletasunik ez duen kolektibo bati bereziki antzezlan bat edo dantza obra bat interesatu dakioke; adibidez, Historia Fakultateko ikasleei historiaz ari delako edota energia berriztagarrien enpresa bati energia berriztagarriez ari delako. Zaletasunik ez dagoenean amu bat jarri behar da, eta nolabaiteko mediazio edo bitartekaritza hori hezkuntza-aktibitate bat egitea da, oso baliagarria. Guk, hori ikusita, batez ere, lan egin izan dugu nerabeekin. Nerabezaroa ere bada aro zail bat.

Esaten da haurtzaroan antzerki asko ikusten dela, baina gero, badagoela hor basamortu bat.  

Eta berehala heldutasunera helduko diren hurrengoak dira. Orduan, nerabezaroan hor hazi batzuk botatzea interesgarria egiten zitzaigun. Ikusita, agian, antzerkiarekiko interesik ez zutela, egin duguna izan da antzerkiaren estrategiak edo ariketa performatiboak erabili gai bati buruz hitz egiteko. Hau da, adibidez, antzerkia ez zaio interesatzen gazte talde bati, baina baliteke desobedientzia baietz. Orduan, botere harremanei buruz hitz egin dezagun, baina jolas espazial fisiko performatibo horien bitartez. Orduan esaten dizute: “Ba, ondo pasatu dugu eta pentsatu dugu; pentsatu dugu akziotik, jarduera fisikotik, harremanetik, eta hau antzerkia da?”. Bai, oraintxe bertan antzerkia egiten egon gara. Gainera, badaukazue antzezlan bat horri buruzkoa, interesa beste modu batetik sartzen da, beste zirrikitu batetik.

“Pozgarriena Dantzertiko ikasleak lanean eta sortzen ikustea da”

Hor gabezia bat ikusten duzue?

Nire iritzia hortik doa. Adibidez, Bartzelonako Teatre Lliuren, Alex Rigola zuzendariaren ekarpen inportanteena Hezkuntza Departamentua sortzea izan zen. Hark berrikuntza apurtxo bat arriskatuagoa egin zuen han, konturatu zelako beharrezkoa zela. Eta hemen hori ez daukagun bitartean, hankamotz edo oso gorabeheratsu egongo gara publikoaren partaidetzarekin eta zaletasunarekin.

Antzezlan berria estreinatu du Horman Poster kolektiboak, Souvenir. Guztiz ezberdina da, komedia estralurtar bat. Ikusleei hausnartzeko gonbita egiten diezue, baina baita ondo pasatzeko gonbita ere.

Bai. Antigone bezalako tragediaren ondoren, pentsatu genuen barre egitea beharrezkoa genuela. Edonola, ezin dugu ihes egin gure interes politiko eta hausnarketa sortzearen interesetik. Beraz, badaude ekologia, neokolonialismoa eta horrelako hainbat gai. Antzezlanean zehar hausnarketarako eta kritikarako unea badago, baina oso gauza kokoloa da, aldi berean; oso antzezlan, kokolo eta erridikulua da.

Hiru pertsonaia agertzen dira simulazio zientifikoaren kanpamendu batzuetan.

Bai; hori existitu egiten da.

Benetan?

Bai. Zuk ez zenekien hori; guk, ezta ere. Astronauta analogoak existitzen dira. Abiapuntua izan zen turismoaren gorakada. Gu, kolektiboko guztiok, oso gune turistikoetakoetan bizi gara. Bilbo-Azpeitia-Loiola-Urdaibai-Zumaia. Denok geneukan ardura hori, eta turismoa jorratzen zuen komedia kokolo bat egin nahi genuen. Bueno, joan ginen Marteraino. Egin daiteke zientziaren arloan modu serioagoan? Ba, astronauta analogoekin egiten dira ikerketak. Hau da, konfinatzen dituzte egun batzuk ilargian edo Marten edukiko lituzketen ezaugarri antzekoekin, espazio aldetik, janari aldetik, misio aldetik… Orduan, nolabait, psikologikoki aztertzen dira hainbat gauza. Baina, noski, gero, fantasia dago, jende askok duelako astronauta izatearen fantasia hori.

Txikitan ume askok astronauta izatea deseatzen dute.

Bai, eta sortu dira horrelako kanpaleku-resort moduko batzuk. Modu oso kutrean, motorretako kaskoekin eta horrela. Baina kalera ateratzeko kaskoa jantzi behar dute; gero, etxe horretan zaudenean heltzen zaizkizu misioak… Ezagutu genuenean hortik abiatu ginen. Hiru friki, zeintzuek kanpaleku batean egon nahi dutenak beste nonbaitera doazela fantaseatzen. Baina, aldi berean, oso serio hartzen dute.

Oholtzan kanpaleku laborategi tematiko horretan zaudete Xanti, Maite eta zu zeu. Umoretik baina galdera potoloak eginez. Zer eramango zenukete zuek espaziora souvenir gisa?

Zein da giza souvenir-a? Nolako presentazioa nahi dugu izan, baldin eta beste izakirik legokeen? Ze souvenir utzi nahi dugu beste planeta batean? Jadanik aztarna uzten ari gara Marten beste nor hori iritsiko balitz.

Eta espazioa?

Espazioa zaborrez beteta dago. Giza zaborrez beteta dago. Bai, luxuzko auto bat ere badago.  

“Antzerkia ez zaie interesatzen gazteei, baina desobedientzia baliteke baietz”

Souvenir Horman Posterren berria dugu. Hurrengo emanaldian noiz duzue?

Ekainaren 13an Bilboko Kafe Antzokian egongo gara.

Horman Poster kolektiboaz gain, Muelle 3 espazioan ibili zinen. Haren ibilbidea bukatu bazuen ere, erreferente inportantea izan zen Bilbon, dantza garaikiderako…

Espazio hura 1983an zabaldu zuten, dantzarako espazio bat izateko helburuarekin. Hau da, 30 urte baino gehiago egon zen martxan eta dantzarako baliabiderik onenak zituen espazioa izan zen: 100 metro koadro zituen, dantzarako lur ona zeukan, argi naturala… Eta, gorabeherekin, baina pila bat urtez mantendu zen. Oso-oso garrantzitsua izan zen gaur egun daukagun dantza eta antzerkirako. Antzerki fisikoko gauza batzuk ere egon ziren, baina, batez ere, oso garrantzitsua izan zen gaur egun daukagun panoramaren osasunerako. Gaur egun dauzkagun profesional gehienak Muelle 3-tik igaro ziren. Guk herentzia moduan jaso genuen. Gabriel Ocina zegoen garai hartan kudeaketan, eta ia-ia ezinean zebilen beste gauza batzuk egiteko beharrarekin. Inguruan genbiltzan batzuk bildu gintuen, eta ea zeinek zuen kudeatzeko gogoa galdetuta, Olatz de Andresek, Igor de Quadrak eta hirurok hartu genuen.

Ikerketarako eta sorkuntzarako lekua izan zen. Eraitsi egin zuten eraikin zoragarri hura Bilbon. Baina espazio bizia zen, eta liburu ederra ere osatu zenuten.

Bai, hori da. Sentitu genuen espazio horren historia geuk itxi behar bagenuen kristoren erantzukizuna zela. Azkenak heldu ginen eta itxi egin behar zela erabaki genuen. Ez borondatez. Eraikina saldu eta eraitsi egin behar zutelako. Proba-lan bat egin genuen, crowdfunding bat egin genuen eta liburua sortu genuen; zerbait fisikoa gera zedin, gutxienez.

2015ean, urte askoko eskaria zabaldu zen. Dantzerti Arte Eszenikoen Goi Eskola. Hasieratik irakasle diharduzu han.

Bai; hori ere tokatu egin zitzaidan. Egia esan, zorte handia izan zen han parte hartu ahal izatea. Arte eszenikoetako goi mailako eskola hura sortu zuten plataformari esker, eta egin zuten presioari esker lortu zen.

Gurean eskakizun historikoa zen.

Duda barik. Presioa egin ondoren, azkenean, lortu zen; agian, ez denei gustatuko litzaigukeen moduan. Hori argi dago, baina martxan jarri zen, eta badaramatzagu zortzi ikasturte.

Denbora honetan Dantzerti ere joan da egokitzen?

Hazten ari da, eta gu ere ikasten ari gara goi-mailako zentro bat kudeatzea zer den. Pentsa lehenengo urtean bi talde baino ez genituela, dantzako lehenengo maila eta antzerkiko bigarren maila. Lehenengo lau urteetan egon ginen eskola bera eraikitzen.

Han sartzeko probak egin behar dira?

Bai; izen-ematea irekita dago.

Ikasleen partetik erantzun positiboa izan du?

Bai; baditugu izen-emate asko. Pozgarriena da gure ikasleak lanean eta gauzak sortzen ikustea, edota beste zuzendari edo koreografo batzuekin lanean. Hori izugarri pozgarria da.

Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko kide ere bazara. Ikusleen Kluba jarri duzue martxan han. Zer da?

Lehen aipatutako bitartekaritza behar horren antzeko zerbait da. Antzerki-zaleek elkar topatzeko gune bat sortzea da helburua, literaturako tertuliekin gertatu den moduan. Irakurleen klubak herri guztietan edo ia gehienetan daude: ba, antzeko zerbait sortzea da. Antzerkiak eta literaturak ez dute zerikusirik. Antzerkia komunitatean egiten den gauza bat da, behin eta ordu zehatz batean; momentuan gertatzen da. Klubak eurak antolatzeko ere desberdin jokatu behar genuen. Konturatu gara antzerkian, normalean, orduari dagokionez berandu izaten dela, eta horren ostean jendea afaltzera edo korrika egitera doala. Hurrengo eguna laneguna bada, presaka, gainera. Askotan, kluba antzezlanaren aurretik izan dugu, beraz. Hori ere kuriosoa da. Nola bilduko gara, ez badugu ikusi? Nola hitz egingo dugu zerbaiti buruz, ez badugu ikusi? Ba, beste gauza batzuk jorratzen dira. Beste gauza batzuetaz hitz egiten dugu: konpainiaz, jorratzen den lanaz… Ondoren, ahal dugunok berriro ere antzezlanaren ostean itxiera bat egiteko batzen gara.

Hasi berri den proiektu bat da. Taldearen arabera aldatzen joango da?

Gu talde eragile bat gara, eta bakoitzak bere erara egiten du. Partekatu egin ditugu, baina bakoitzak bere erara bultzatu edo bideratu behar ditu klub horiek. Martxan jarri dira Oreretan, Debagoienean, Bilbon, Garaion eta Sorgingunean. Hori zen helburua, hainbat herritan martxan jartzea ikusleen kluba, bi urteko proiektu horren ondoren hausnarketa-prozesua egiteko. Egindakoa hausnartu, ikusi zer esperientzia izan diren eta hemendik aurrera zer nahi dugun. Argitalpen bat prestatzen ari gara, bai egindakoarekin eta nork bere herrian horrelako zerbait martxan jarri nahiko balu erremintak ematen dituena ere.

Matxalen, plazera izan da tartetxo hau konpartitzea.

Mila esker.