La Furia: “Ez dut amorrua identitate gisa nahi; ez dut behar”

Nerea Loron Diaz, artistikoki La Furia izenez ezaguna, rap abeslari eta konpositorea da. Konposatzeaz gain, kultura feminista eta LGTBI sustatzeko beste proiektu bat du esku artean.

Kontatu, Nerea, zertan zabiltza orain?

Abestiak eta abestien inguruko guztia prestatzen. Denboraz, maitasunez eta jende zoragarria gertu, orain arteko talderik onena osatuz. Hori guztia, kantu berriak ateratzeko. Kolaborazioak egongo dira, bakarrik, euskaraz, gaztelaniaz, eta emozioak eta lekuak ikertuko ditut. Mimosa Bulegoan era badihardut. Nire beste proiektua da, Kata lankidearekin partekatzen dudana. Horren bidez, kultura feminista eta LGTBI bultzatzen ditugu, hainbat artistaren karreren bidez. Kultura feministarekin eta LGTBIrekin lotutako proiektuak diseinatu eta gauzatzen ditugu.

Azken diskoa Post mortem izan zen, 2021ean; pandemiak zerikusirik izan al zuen lan horretan?

Bai. Erortzeko eta altxatzeko denbora hartu nuen, nire etxeko ateetatik kanpo gertatzen zenarekin zerikusirik izan barik. Joaten utzi nuen, hil egin nintzen, berpiztu egin nintzen… eta handik disko bat atera zen. Disko bat jaio zitzaigun etxean.

Txikitatik argi izan duzu rapa egin nahi zenuela?
Bada, ez. Orain ere ez daukat argi. Garai honetan eta kantu berri hauetan argi dudan gauza bakarra zera da, nire sinesmen sustraituenetako eta identitarioenetako asko hondarrezko gaztelua bezala erortzen ari direla. Eta gustatzen zait.

Askatu edo erortzen uzteak bertigoa ematen du, baina askatu eta airea sartzen da. Niri asko gustatzen zait dena garbitzea; nire kaosarekin konformatzen naiz, baina, noizean behin, ordena jarri behar izaten dut, berrikusi egin behar izaten dut, eta ekarpenik egin gabe traba egiten dutenak baztertu. Eta beste batzuetan, soilik –haren konplexutasun guztiarekin– norabideak edo erritmoak aldatzea da kontua.

Noiz bihurtu zen Nerea La Furia?

Ni beti egon naiz haserre. Txikitatik. Erruki handia izan beharko genuke haserre dauden neskekin, eta zer gertatzen zaien galdetu geure buruari. Neure buruari galdetu eta erantzun ahal izan nionean, errukiz begiratu nion neure buruari.
Amorruaren errebindikazioa ere bada La Furia, motiboen bilduma egin arren amorrua sentitzerik ere izan ez dugunontzat. Osasuntsua da sentitzen dena sentitzea, eta hori legitimatzea justizia da. Kontua da ez dudala amorrua identitate gisa nahi; ez dut behar. Amorrua motorra da eta luzaroan lagundu dit, baina ez da nire motorra orain. Amorrua, haserrea… beti lagun izango ditut, nire baliabideak izango dira, gustatu edo ez. Baina ez ditut eguneroko bizitzan nahi. Nahiago dut samurtasun erradikala.

Nori kantatzen dio La Furiak?

Hasteko, niri. Merezi dut. Gero, entzun nahi duenari kantatzen diot. Entzun nahi nauenak puskaturen bat du nonbait. Nik kantatu egiten diet sendatu nahi duten arima hautsiei.

Cascante-Erribera-Bilbo-Donostia-Arrasate; hori izan da egin nahi izan duzun bidea?

Bestela ez nukeen egingo. Nik aukeratu dudana da. Hain sakonki naizenarekin du zerikusia, ezin dut beste eszenatoki bat imajinatu. Konbinazio horrek eta eraikitzen nauten beste guztiek kontraesanez eta bide konplexuz betetzen naute, baina hori da nire bizitza eta, azken finean, bizi nahi dudana. Ez dut beste bat izan nahi. Ni izatea gustatzen zait.

Gizarte-hezitzaile lan egin zenuen adingabeen tutoretzapeko pisuetan; nolakoa zen lan hura?

Gogorra. Itsusia, egitura hermetikoegia zela sentitzen nuelako, eta nire jarduteko gaitasuna oso mugatua. Baina polita, lan egitea, harremanak izatea eta haurrekin topo egitea asko gustatzen zaidalako. Haurrak egia dira, eta aurre egiteko prest dagoenarentzat opari bat da.
Lan horrekin familia-egoera konplexuak ezagutu nituen eta haurrekin eta familiekin une mingarriak bizi, baina nik baino askoz gehiago eman zidan. Besteen bizitzetan, beste haurtzaro batzuetan eta beste bidegabekeria batzuetan ikusi ahal izan nuen neure burua. Nire ateak ireki ahal izan nituen besteen bizitzarekin erabat konprometitzera ausartu nintzelako. Garai hartako harreman handiak ditut, eta begirada ere bai. Han garatutako begiradari eusten diot.

Zer zen Cascanten neska euskalduna izatea?
Bada, kontraesan bat hankekin. Euskalduna, ateoa eta feminista. Seriekoa hori guztia. Oraindik bueltaka nabil Cascanteko euskalduna izatearekin, ez pentsa. Laster azalduko dut gai hau kantu batean? Ez dut ez baieztatzen ez gezurtatzen.

Zure alabek badakite euren ama rap musikari handia dela?
Inork ez daki hori.

Beharrezkoak al dira ematen dituzun feminismoari buruzko tailerrak?

Beharrezkoa da gaitasun kritikoa garatzea, zalantzan jartzea eta geure burua zalantzan jartzea. Entzutea ere bai. Tailerrek zerbaitetarako balio dutela pentsatzen dut, bukatzen ditugun bakoitzean. Eta, batez ere, espazio bat ematen da, nik haurtzaroan eta nerabezaroan amestuko nukeena. Eta hori ederra da.

Zer gustatuko litzaizuke 2024rako?
Musikalki prestatzen ari naizen guztia hegan ikusi nahi nuke. Harrera ona duen lekuetara iristea, abestea, dantzatzea eta etxez aldatzea. Nire neskekin bidaiatzen jarraitu, eta furgonetetan eta kamerinoetan gozatu nahi dut. Kontzertuak eta bidaia politak nire familiarekin eta lagunekin. Mimosarekin lanean jarraitu nahi dut, besteak distiratzen ikustea maite dudalako. Dena nahi dut.