Joan zirenak

Ander Izagirre

Baserri batera igo zen Pello Apezetxea, Etxalarko erretore berria, gaixo bati komunioa eramatera. “Halako batean, basotik berrogei bat gizon atera ziren eta errepidea gurutzatu zuten nire aurrean. Berrogei gizon ilaran, martxa bizian, isil-isilik. Gidaria ezagutu nuen: herriko gazte bat zen, portugesak muga zeharkatzera eramaten zituena”.

1965ean gertatu zen. Urte haietan, milioi bat portugesek pobreziatik, diktaduratik eta gerra kolonialetatik ihes egin zuten. Horien artetik zortziehun mila Frantziara joan ziren, gehienak paperik gabe, Bidasoa edo Pirinioak gaindituta. Dozenaka hil ziren gure muga honetan, itota, gaixorik, galduta, akituta. Norbaitek akabatuta ere bai, kasu ilun batzuetan. 

Etorkin talde hura ikusi eta egun gutxira, Apezetxeak dei bat jaso zuen: “Kuadrilla hura zetorren bide berean, gizon bat aurkitu zuten zuhaitz batetik zintzilik. Portugesa zen, gogoan dut ondo jantzia zela, zapata onekin. Hileta egin eta Etxalarko hilerrian lurperatu genuen”.

 Herritar askok etorkinei laguntza ematen zietela kontatzen zuen apaiz zaharrak, eta beste zenbaitek iruzur egiten zietela. “Portuges talde bat hartu, garesti kobratu, gauez menditik eraman, goizean zubi bat erakutsi eta esan: beste aldean Frantzian zaudete. Eta ez zen egia. Batzuek negozioa edozeinen gainetik egiten dute, badakizu”.

 Apezetxea iaz hil zen, 90 urterekin. Etxalarri buruzko hainbat liburu idatzi zituen; biltegi batean pilatuta aurkitu eta elizako lorategian jarri zituen hilarri ederrei buruzko bat, adibidez. Harrizko disko horien garrantziaz galdetu nion. “Gure arbasoek hildakoen izena eta oroimena gorde zuten. Guk ez dakigu nor ziren pertsona haiek, baina keinu hori gelditu da, gizakiok irauteko dugun sen hori, harrian idatzita. Joan zirenak ohoratu behar ditugu”.