Javier Anton: “Politikoki zuzena den diktaduran bizi gara”

Pertsonaia batekin lotu izan dugu Javier Anton (Santurtzi, 1980), Vaya Semanita saioan arrakasta izan zuenetik. Baraka-ko Jonan eta Txori esketx berriekin itzuli dira, sare sozialen bidez.

Nolatan itzuli da Baraka-ko Jonan?

Unibertso digitalean sartzeko irrikan nengoen, eta zera pentsatu nuen: zer dut nik jendeari interesgarri iruditu ahal zaiona eta digitalki ere erakargarria izan daitekeena?Jonan eta Txori. Beraz, duela urtebete, gutxi gorabehera, serio hartu nuen eta proiektuari ekin genion. Orain, ikasteko gogotsu gaude, eta gure kanal berriak kudeatzen ari gara.

Eta Javierrek eta Jonanek badute antzik?

Oso-oso gutxi. Jonanek nire inguruko jendearekin zerikusi handiagoa du nirekin baino. Pertsonaia unibertsala dela esango nuke. Munduko toki askotan aurkitu ditzakegu Jonan-ak.

Pantaila ala antzerkia? Bietako batekin gelditu beharko bazenu?

Antzerkiarekin, zalantzarik gabe. Zuzenekoak ematen dizuna oso-oso berezia da. Errodaje bat gustuko dut, baina taula gaineko kili-kiliekin gelditzen naiz. Agertoki gainean sentitzen den energia hori guztiok bizitzan behin gutxienez bizi beharreko gauza bat dela uste dut.

Zer izan da zuretzat Vaya Semanita?

Dena. Finkatzea, errekonozimendua, lan-diziplina, mundua ikustea, jende zoragarria ezagutzea, esperientzia…

Garai onak dira umorearendako?

Oso garai txarra dela esango nuke. Vaya Semanita saioan egiten genituen esketx asko ez lirateke emitituko gaur egun. Arrazoiak? Asko dira. Dena umetu egin dela esango nuke, eta politikoki zuzena den diktaduran bizi gara. Askok ez dute ispiluan begiratu nahi, agian, ez dutelako gustuko bertan ikusten dutena, eta, barre edo autokritika egin beharrean, publikoki lintxatzearen alde egiten dute. Batzuetan, eztabaidatzeko edo ados ez egoteko eskubiderik ez dugula iruditzen zait.

Zein da zure agertokirik gogokoena eta zergatik?

SKA! Santurtziko Serantes Kultur Aretoa. Inor ez da profeta bere lurraldean, baina, noizean behin, etxean jokatzea gustuko dut.

Zaletasun berezirik baduzu?

Asko! Sukaldean aritzea eta komikiak irakurtzea, esate baterako. A! Eta irailean frantsesa ikasten hasiko naiz!