Irantzu Varela: “Jendeak gauza deserosoen inguruan barre egin nahi du”
Madrilera bidean harrapatu dugu Irantzu Varela kazetari feminista, Villana bakarrizketarekin markak hautsi ditu-eta Euskal Herritik kanpo; publikoa egoera deserosoen aurrean barre egiteko gogotsu dagoela kontatu du.
Espero zenuen harrera hau?
Harritu egin nau bakarrizketak horrelako harrera izateak Euskal Herritik kanpo. Ez da monologo maisntring-a edo publiko masiboarendako. Monologo feminista da, eta barre egingo dugu akabatuko genukeen horren inguruan ere. Uste nuena baino jende gehiagok egin nahi du gauza deserosoen gainean barre, eta hori pozgarria da.
Borroka feministan umorea garrantzitsua da?
Esango nuke ondo ulertu dugula umorea arma bat dela. Zapaltzaileak maskulinitatea, sistema kapitalista, cisheteronorma, arrazismoa eta diskurtso supremazistak direnean, estrategietako bat izan daiteke horiek lotsaraztea. Zapaltzen gaituenen inguruan barre egitea historian barrena egin da. Politikoki konprometituak egon diren komikoak beti izan dira arriskutsuak, umoreaz gauza erradikalagoak esan daitezke eta.
Tailer feministak ematen dituzu.
Faktoria Lilako lankideak 10 urte daramatzagu formakuntza eskaintzen. Gure ideia beti izan da perspektiba feministatik lan egitea, baina feminismoarekiko jakin-mina dutenak interpelatu nahi ditugu. Hau da, formakuntza teoriko sakona ez izan arren, horien eguneroko esparruan feminismotik lan egin daitekeela erakutsi nahi diegu. Maitasun erromantikoa, biolentzia matxista eta sinbolikoa, esaterako, lantzen ditugu. Baita feminismoaren erronkak ere: nola aurre egin eraso egiten gaituzten diskurtso berriei, besteak beste.
La Sinsorga kultura-gune feminista, noizko?
Poliki doa, baina badoa. Obra guztia, ahal den heinean, emakumeekin egiten ari gara. Erreforma-lana ogibide maskulinizatua da, eta hori erakutsi nahi genuen. Bilboko alde zaharreko etxebizitza bat da, eta Virginia Woolfek zioen bakoitzarendako logela propioa materializatu gura dugu. Baina, kasu honetan, uste dugu falta direla partekatutako logela propio asko. Jarduerak, hitzaldiak, aurkezpenak, monologoak… egiteko espazioa izango dugu. Baina baita bazkideak biltzeko edota caffe eta askotariko kolektiboen merchandising feminista eskuratzeko espazioak ere.
Komunitate sendoa da helburua?
Eredu patriarkatuaren estrategia isolatzea izan da. Lanerako nahiz aisialdirako espazioetan elkartzeak komunitatea osatzea eta saretzea ekarriko du. Espazio fisikoa izateak lagunduko du horretan.
Berdintasun Ministerioak Arcoiris saria eman dizu.
Oso garrantzitsua izan da eta sekulako ilusioa egin dit, LGTBIQ kolektiboaren aldeko defentsan egindako lanari errekonozimendua baita. Bereziki gertutik bizi dudan lesbianen ikusarazpenagatik eta trans pertsonen defentsa-lanagatik. Uste dut giza eskubideengan sinisten dugun ororendako ardura bat dela.
Hondarribiko Berdintasun Hiria saria ere jaso duzu.
Bai, eta ilusio handiz. Borroka lokala zela zirudien arren, eta Euskal Herriko feministak urrun bizi izan badugu ere, sekulako biolentzia jasan dute euren egunerokoan eta gorputzetan. Jaiak askatasunez ospatzeko aldarria egin zuten emakume haiek, eta oso ausartak izan ziren. Emakume haiek eta Jaizkibel miresten ditut.
Esan beharra dago bollera zarela?
Bai, oraindik badagoelako heterosexuala zaren susmoa. Bestelako orientazio sexualak ere badirela naturaltasunez helarazi behar da.