Iñigo Martinez Peña: “Gure pentsamenduak ikusezinak dira”

Pantailaren bitartez irakurri, ikusi edo entzun daitezke TTAP aldizkariko elkarrizketak. Iñigo Martinez Peña idazle, filosofo eta irakaslearekin batera argitaratu berri duen liburuaren gainean berba egingo dugu: Pantailen garaipena, begiradaren totalitarismoaren kontra.

Kontraesana ematen du: pantailen garaipenaren gainean berba egiten diguzu, eta gure aldizkaria pantailan ikusteko, entzuteko eta irakurtzeko sortua da…

Bai, baina kontua ez da pantailen kontra aritzea erabat. Liburua ez da ideologikoa, filosofikoa. Galdera bat da. Galderaz beterik dago; pantailekin bizi gara, baina zalantzan jartzea pantailen gehiegikeria edo horren politizazioa. Horiei buruz elkarren artean hitz egin ahal izatea. Jakina, hor daude eta erabiliko ditugu. Pantaila baten aurrean gaude, baina presentzialki ere bagaude. Mari Luz Estebani entzun nion duela gutxi presentziala politikoa dela. Kontua da nola tartekatu eta zer eragin duten pantailek gure eguneroko bizitzan; elkarrekin pentsatzea horri buruz.

Mandamendu hipermodernoak izan zen aurreneko liburua. Bertan, mandamenduen gaineko hausnarketak plazaratu zenituen, tonu kritikoan. Ibilbide polita egin zuen liburuak.

Niretzat sorpresa izan da. Lehenengo liburua izan da. Solasaldietarako deitu izan didate, eta balio izan dit liburuan inguruan gehiago sakontzeko. Ibilbide polita. Hain arin bizi dugun garai honen inguruan pentsatzeko premia badugu, paradarako premia. Agian, horretarako baliagarria izan zen.

Beharra dugu azken hiru urteetan bizi izan dugun ezohiko egoera digeritzeko. Horrelako saiakera dibulgatibo baterako beharra dugu?

Batetik, esango nuke teknologia berrien abiadurarekin ez daukagula tarterik hausnartzeko, eta, askotan, liluratu egiten gaitu berritasun horrek. Baina, agian, haien onurak eta gabeziak pentsatzeko tarterik ez dago. Behar hori egon badago.

Martxoan Pantailen garaipena argitaratu zenuen. Pantailen gaineko gogoetak ekarri nahi dituzu; irudiek gizartean irabazi duten lekuaz. Hitzak gero eta pobreagoak dira edo presentzia txikiagoa dute?

Batetik, zer da gizakia? Hitzen pisua gure bizitzan zenbatekoa den azpimarratu nahiko nuke. Hitzen balio politikoa, elkarri entzutearen balio politikoa, eta, agian, psikologikoki zeintzuk diren markatu gaituzten hitzak.  Badakigu badaudela hitz batzuk sendagarriak direnak, beste batzuk lasaigarriak edo beldurgarriak, eta, batzuetan, norbere izenean hitz egitea ez da hain erraza. Liburuan bada anekdotatxo bat, izekorengana gaua pasatzera doan ume batena. Umeak izekori esaten dio dena ilun dagoela, umea beldur dela, eta eskatzen dio: “Hitz egidazu, mesedez”. Izekok erantzuten dio: “Baina hitz egiteagatik iluntasuna ez da joango”. Baina umeak erantzuten dio hitzek argia ematen diotela. Agian, liburuan ere badago hizkuntzak gure bizitzan daukan balioaren gaineko hausnarketa bat.

Hitzak ahaldundu egin behar dira?

Zentzu batean, Mandamendu hipermodernoak-en jarraipen bat dago. Saiakeran, batez ere, zifrak dira nagusi. Errendimenduaren gizartean gaude, dena kuantifikatuta. Hori nola txertatzen den gure eguneroko bizitzan? Bi ardatz nagusi daude: batetik, nia; eta, bestetik, errendimendua. Hori zenbakien garaipena izango litzateke. Oraingoan, irudien garaipena da. Bietan dagoena  bateragarria da: hitzen pobretzea. Hitzak, askotan, informazioa baino ez dira,  eta, agian, hitzen alde poetikoan ere pentsatu beharko genuke. Eta hitzen tempusa. Hor ere badago beste bide posible bat horri buruz aritzeko.

Hamaika hausnarketa planteatzen dituzu liburuan. Digitalizazioaren ondorioz bizi dugu aro hau?

Digitalizazioak pisua dauka, noski, baina ertz gehiago daude kultura bisual horretan. Nola audios-etik visus-era pasatzen den Berpizkundean. Esaterako,  hor autopsiak daude. Andres Vesalioren ekarpena. Ezagutzeko begiak irekitzea, gorpua zabaltzea; gero eta inportanteagoa zen norberak ikustea. Hor daude hazi batzuk. Gaur egun ez da hainbeste irudiaren totalitarismoa; alde batetik, zientziak unibertsoaren azken bazterrak ikusaraztea du helburu, eta politikoki ere, intimitatetik kanpo, guztiok ikusgarri bihurtu gara. Eta komunikabideetatik dena ikuskizuna da. Gehiegizko kultura bisual horren ertz ezberdinak lortzeko daude; digitalizazioaz gain, kapitalismo digitalaren gainean ere hausnartu daiteke. Liburuak arkitektura oso sinplea dauka.

“Kapitalismo digitalarentzat gure datuak lehengaia dira

Begirada non paratzen dugun. Horren gainean ikuspegi bat ematen diguzu.

Buruan neukan egitura zen kokatzea goitik beherako begirada eta, nolabait, iragana nola lantzen dugun ikustea; etorkizunari begira ere, aurreikuspen digitala. Barrura begira, puntu horiek ezarri eta horren gainean kapitulu bakoitza hortik jotzen du. Amaitzeko, ikusezinaren aldeko esparruak lantzen ditut.

Kapituluek irakurlea pentsarazten jartzen dute. Ez da bakarrik pantailari begira, baizik eta nondik begiratzen gaituzten. Eta hor, adibidez, gure hirietan ditugun kamera guztiei buruz berba egiten duzu.

Bideokameren garaipena segurtasunaren izenean. Deigarria da Scotland Yardeko inspektoreari irakurtzea bideokamerek ez dutela delitu-kopurua jaitsarazi. Londres omen da munduko hiririk zainduena kameren bitartez. Hamalau biztanleko kamera bat dago, eta, gutxi gorabehera, paseoan goazela 300 aldiz agertuko gara filmatuta. Hala ere, jende askorentzat hori kezkagarria da, animatu egiten direlako delituak egitera justu kamera dagoen tokian. Azken finean, espektakulua eta segurtasuna nahastu egiten dira. Askotan, jipoiak ikusten ditugu eskuko telefonoekin grabatuta gero zabaltzeko. Bideokameren aurrean espektakulua egiteko nahia dago, eta kezkagarria da. Kamerak edonon jartzen dira, baina, aldi berean, horrek zer funtzio dauka? Gastu handia. Hor teknokraziaren garaipen itsu bat dago.

Grabatzen ari den hori ikusteko denborarik ez dago.

Hori ere datu harrigarria da. Dena grabatuta, 24 ordu, eta gero, ezinezkoa da horren jarraipenik egitea.

Goitik ere begiratzen digute. Kapitulu hori esanguratsua da, espaziora begira jartzen zarelako. Eta handik ere badugu gailu asko guri begira…

Horrek harritu egin ninduen. Goitik begira kapitulua idazteko informazioa biltzen hasi nintzenean, irakurri nuen astronomo askoren kezka dela izarrak ia-ia ikusezin bilakatzen direla, satelite mordoa dagoelako. GPS edo trazabilitatea, paketeen jarraipena egiteko, Amazonen eskatzen ditugun pakete horien jarraipena egiten dabiltzan satelite guztiekin. Zerua bera espaziorik gabe gelditzen ari da. Kuriosoa da istripu kosmikoak daudela eta istripu kosmiko horiek ere astronauten bidaiak arriskutsu bilakatzen dituztela. Orduan, gure atmosfera bera zabortegi handi bat bilakatzen ari da.

Baina gailu horiek ezinbestekoak dira pantailen aroa elikatzeko, ezta?

Bai, eta, askotan, pentsatzen dut zer galtzen dugun horrekin. Makinak gidatzen gaitu, ematen dizkigu aginduak. Nora joan esaten digu.

Jada ez gara galtzen.

Akatsak egoten dira. Japoniar turista batzuk hondartzara joan beharrean itsasora joan ziren, GPSak errepidea markatzen zuelako handik, eta haiek aurrera itsasorantz. GPSak hori badio, aurrera goaz. Orientazioa galtzen dugu, eta, askotan, galtzen dugu beste norbaitek galdetzearen aukera. Hirian jendea paseoan turismoa egiten ikusten dugu, baina eskuko telefonoari begira; betiere, horren laguntzarekin. Zer irabazi dugu? Zer galdu? Hor daude galderak.

“Bideokamerak edonon jartzearen atzean teknokraziaren garaipen itsu bat dago”

Gerra egiteko ere ezinbesteko bilakatu da teknologia?

Joseba Zulaika antropologoaren azken liburua izugarria da. Ameriketako Estatu Batuetako armadan erabiltzen dituzten droneak… Horiek begirada hiltzailea dute.

Barrura begira ere jartzen zara. Osasungintzari eta osasunari begira jartzen zara. Bada begirada bat, medikuek egiten duten auskultatzea, gero eta gutxiago egiten omen duten ariketa; gorputza entzutearena. Orain, gehiago, begiratu egiten dute; ikusi?

Eskanerraren onurak ezin ditugu ukatu. Badago medikuntzaren beste bide bat, agian, pixka bat galtzen ari dena. Esan bezala, auskultare etimologikoki adi entzutea esan nahi du. Lagun medikuek kontatuta, pazienteak entzuna izan nahi du, tarte bat edukitzea haiek ukitzeko, eta praktika horiek euren ondorio terapeutikoak dituzte. Agian, kontua horiek partekatzea da.

Eskanerrak osasungintzan onura oso handiak ekarri ditu, baina beste erabilpen batzuk ere baditu…

Aireportuetan kontrol gisa erabiltzen dira. Zenbateraino? Intimitatearen gaineko galdera politikoa hor dago. Kezka hori zabaldu da, polizien begirada, eskanerrek arropa zeharkatzen dute… Galdera etiko batzuk daude.

Begirada horiekin guztiekin irakurleari zer sorrarazi nahi izan diozu?

Batetik, pantailen garaipena erabatekoa ez izatea; kezka bat dagoela arretari buruz. Kapitalismo digitalari erreparatzen badiogu, oso kuriosoa da gure datu horiek lehengai bilakatu direla haientzako; lanaren eta aisialdiaren arteko mugarik ez dagoela. Guk datu horiek sortzen jarraitzea dugu, eta datu horiek, gero, saldu egingo dituzte. Arraroa da non eta nola erabiltzen diren datu horiek, baina horrek dirutza produzitzen du. Gero eta denbora gehiago ematen baldin badugu, Silicon Valleyko enpresa horiei datuak ematen ari gara; airearen jabeei, dirua. Baina, dena den, liburuaren helburua zirrikituetan pentsatzea da. Azken kapituluan, ikusezinaren alde egitea, zentzu ezberdinetan, zentzu pedagogikoan; zein inportantea den une oro norbaiten begiraden menpe ez egotea. Momentu batean umeek pentsatzen dute euren pentsamendu guztiak ikusgarriak direla, gurasoek jakin badakitela zer pentsatzen ari diren. Zein inportantea den konturatzea zure pentsamenduak ikusezinak direla. Nork berefantasiak ikusi ahal  dituela, baina intimitatean gorde ahal dituela. Hori, subjektibotasunerako, oso-oso inportantea da. Nola jakin hori? Gezurren bidez. Gezur bat esan ahal badizut eta ez bazara horretaz ohartzen, nire pentsamenduak ez dituzu ikusten. Beraz, batzuetan, kontuz ibili behar dugu umeen gezurrak gehiegi moralizatzearekin. Hori pedagogikoki ezkutaketan jolastea da. Politikoki intimitatearen gordeleku izan behar du, eta gardentasunaren politikaren atzean, askotan, galdu egiten dugu intimitate hori. Ikusezinaren alde erotikoa ere bai. Gure gizartea oso pornografikoa da, dena ikustera ematea da. Baina dena ikusgarri egiten dugunean, erotismoa galdu egiten da. Batzuetan, begiak itxi behar dira fantasia pizteko, eta orduan, erotismoak jolasten du, ikustera eman, baina, zelanbait, aldi berean ikusezina mantendu. Ertz ezberdinak dira. Begiradaren totalitarismo horretatik ezkutatzeko, tarteka.

Ikusezin bilakatu tarte batez.

Bi katastrofe subjektibo planteatzen ditut. Begira egotea eta sekula begiratuak ez izatea. Baina, gaur egun, une oro begiratzen gaituzte zifra moduan, datu anonimo gisa. Begirada maitekor bat beste kontu bat da,  singularrean begiratzen zaituen norbait. Egungo makineria horrek ez gaitu gizaki moduan begiratzen, baizik eta zenbaki gisa.

Filosofia irakaslea eta Agora filosofia elkarteko kidea. Pentsamenduaren aro berrian gaude, eta kafe filosofikoak antolatzen dituzue; esaterako, Biran.

Guretzat nahiko harrigarria izaten ari da Birara zenbat jende etortzen den.  Tolosaldean, Iruñean, Gasteizen… hainbat toki daude. Gauza erraza da,  bertaratzea gai baten gainean solasaldian aritzeko. Jende gaztea etortzen da eta, batzuetan, errepikatu egiten dute beste lagun berri batekin. Horrek esan nahi du interesa egon badagoela. Batxilergoko irakasle izateak mantentzen nau kontaktuan gai horiekin guztiekin. Entzuten ditut haien minak, haien sufrimenduak; adibidez, mugarik gabe Tiktok aplikazioan bideoak ikusi behar izatea mendekotasun moduan. Kontatzen dute bi minutuko bideo bat baldin bada ez direla gai ikusteko, luzeegia izango delako, aspergarria izango delako, baina, hamabost segundokoa bada, ordubete bata bestearen atzetik ikusten egon daitezkeela. Elkarrizketa hau luzeegia egingo zaie batzuei…

Kafe filosofikoak pentsamenduaz eta hainbat gairen gainean lasai berba egiteko plazak dira? 

Filosofiaren alde kaletarragoa dago, eta filosofiaren alde akademikoagoa. Nik, behintzat, gustukoago dut kaleko filosofia hori, akademiko hutsa ez dena. Gaiei buruz elkarrekin hitz egiteak, espazio horiek zabaltzeak, badu balio politikoa; komunitatea egiteko modu bat da. Pentsatu izan dugu kafe filosofikoak online egitea, baina asko galtzen da. Elkarrekin egotea da gakoa, eta interesgarria da geldiunea topatzea. Bitartekari bat izatea beste gauza batzuk sortzeko. Kafe filosofiko horietan aurretik eta ostean hartzen den potetxoa. Hor sortzen dira beste harreman mota batzuk.

TTAP aldizkariko elkarrizketak Tiktokekoak baino luzeagoak dira, eta agortu dugu denbora. Eskerrik asko.

Mila esker.