Gaizka Izagirre Brosa: “Herri estrategia bat behar dugu euskarazko fikzioa sortzeko”

Gaizka Izagirre zinema-kritikari eta Gaztezulo-ko zuzendariarekin hitz egiten aritu gara oraingo honetan. Haren ibilbide profesionalaz, ikus-entzunezkoen garrantziaz eta euskarazko produkziorik ezaz hitz egin dugu harekin, besteak beste.

Gaizka Izagirre Brosa, ongi etorri TTAPera!

Aspaldidanik jarraitzen dut TTAP eta niretzat ohorea da gaur hemen egotea.

Txikitatik izan zara istoriozalea?

Irudimen handiko umea izan nintzen. Irakurri baino gehiago istorioak sortzen nituen gelan, panpinekin jolasean. 80ko hamarkadako panpinekin eta jostailuekin nire istorioak sortzen nituen, Songokurekin eta abar. Nostalgiaren yonkia kontsideratzen naiz. Bazkaltzera kanpora joaten ginenean, zuhaitzetara igo eta egurrezko etxola haiek egiten saiatzen nintzen, zalantzarik gabe, pelikuletako erreferentziak jarraituz. Abenturazalea izan naiz beti. Guztia Spielberg-en errua da.

Zein da txikitatik bihotzean iltzatuta geratu zaizun pelikula?

Oso telebistazalea izan naiz eta naiz. 80ko hamarkadan hezi eta hazi nintzen, eta, nola ez, Dragoi bola-ren bidez telebistarekin lehen oroitzapena izan nuen. Hortxe daude ere Alf, El príncipe de Bel Air… momentuko sit-com guztiak. Baina intelektual betaurrekoak jarri beharko ditudanez elkarrizketa honetan, telesail bezala lehen oroitzapena X files-ekin datorkit. Nerabezaroan ikusi nuen, gazteagoa nintzela, agian, eta daukadan oroitzapena oso polita da. Gurasoek ez zidaten ikusten uzten, gaia nahikoa iluna zelako eta, gainera, ordu txikietan botatzen zutelako. Orduan hasi nintzen nire VSH gaitasunak praktikan jartzen, eta ezkutuan grabatzen nuen, gero egunean zehar ahal nuenean ikusteko.

Eta txikitatik argi zenuen zinemarekin lotutako zerbait ikasiko zenuela?

Beti izan naiz zinemazalea. Aitonarengandik datorkidala uste dut. Hark bi afizio handi zituen: zinema eta Reala. Eta biak konpartitzen ditut. Zinema gehiago kontsumitu, ezagutu eta ulertzen nuen, eta pentsatu nuen hori egin nahi nuela. Hau da, hasiera batean, pelikulak egin nahi nituen, baina gero, asmoa aldatu nuen. Hala ere, orduan ez nuen uste etorkizunerako lanbide bat izan zitekeenik.

Euskal Herriko Zinema Eskolan ikasi zenuen. Nola gogoratzen duzu?

Esperientzia ona eta txarra izan zen. Ona, asko ikasi nuelako. Teoria asko eta zinema klasiko asko ikusi nuen: Willy Wyler, Alfred Hitchcock, John Ford… Baina Tarantinoren esaldi bat datorkit burura: Nik ez nuen zinema eskola batean ikasi, baina pelikulak ikusten ditut. Garrantzitsua iruditzen zait zinema eskolan edo ikus-entzunezkoak ikastea, baina askoz garrantzitsuagoa iruditzen zait pelikulak ikustea eta une oro grabatzen ibiltzea. Kamera hartu, joan kalera eta grabatu edozer gauza; gaur egun, eskuko telefonoarekin ere egin dezakegu. Zinema eskolan nengoela konturatu nintzen ez nuela balio zinema zuzendari izateko, ez nuelako profil egokirik. Estres handiko uneak bizitzen dituzu, errodajean pertsona askoren menpe zaude… eta ez nuen hori nahi. Orduan pentsatu nuen zinemarik ez nuela egingo, baina, agian, zinemari buruz hitz egin eta gomendioak eman nitzakeela. Eta han aurkitu nuen benetan nire pasioa.

Kritikatzea da zure pasioa?

Kritika egitea, gomendioa ematea…

Zerk erakartzen zaitu hainbeste zinematik?

Zinema zazpigarren artea da; hau da, niretzat arte bat da. Egia da askorentzat ez duela horrelako baliorik, azkenaldi honetan telesailen gaindosia bizi dugulako. Zinema bada erreminta bat jendeari gai, kultura eta hizkuntza desberdinak helarazteko. Adibidez, 20.000 especies de abejas ikusi dut eta zineman geundenon publikoaren batez besteko adina 60 urtetik gorakoa zen. Pelikula horretan haur transexual baten istorioa kontatzen da, eta konturatu nintzen pelikulan zehar publikoaren artean zurrumurruak entzuten zirela, gaia ulertzeko zaila egingo balitzaie bezala, edo enpatia falta izango balute bezala, beraiek ez dutelako ezagutu errealitate hori. Ba, pelikula hori iruditu zitzaidan adibide oso ona jendeari ezagutzen ez duen errealitate bat helarazteko modu bezala erabiltzeko. Irati pelikula beste adibide bat izan daiteke, euskal mitologia nazioartean ezagutarazteko bidea baita. Zinema tresna zoragarria eta garrantzitsua da, ongi erabiltzen bada.

Gogoan duzu noiz eta non hasi zinen zinemaz idazten?

Bai. Argia-n jarri nuen lehen aletxoa. Nik betidanik izan dut euskaraz idazteko nahia. Garai hartan banuen blog bat, eta, nahiz eta irakurlerik ez izan, asko idazten nuen. Behin, Argia-ko kazetaria den Lander Arbelaitzek idatzi zidan, ea animatuko nintzatekeen beraien blog-gunean idaztera. Baiezkoa eman nion eta berehala Azkue Fundazioak antolatzen duen Blogetan lehiaketa irabazi nuen. Hark oihartzun mediatiko txiki bat eman zidan, eta pixkanaka-pixkanaka, Euskadi Irratiko kolaborazioa atera zen, Gaztezulo-ko kolaborazioa… Ur tanta bat izan zen, olatu bihurtu zena. Modu naturalean sortu den zerbait da eta nire pasioa da.

Ikus-entzunezkoei buruz idaztea nire pasioa da

Nola aukeratzen duzu zeri buruz idatziko duzun?

Lehenengo irizpidea nire gustu pertsonalak izaten dira. Baina, horretaz gain, irakurle edo entzulearentzat interesgarria izatea ere bilatzen dut. Aukeratu dezaket gaiagatik, zuzendariagatik edo uneko interesagatik. Adibidez, Sofia Oterok Berlinen saria irabazi zuenean bururatu zitzaidan transexualitatea ardatz zuten ikus-entzunezkoen zerrenda egitea. Oso zerrendazalea naiz, larregikoa. Gizartean pil-pilean dagoenaren arabera idazten dut. Hala ere, hau gutxitan esan dut: zeren arabera iruditzen zait eduki bat ona edo txarra? Hiru irizpide orokor kontuan hartzen ditut: alde batetik, sormenaren alderdia. Zuzendaritza, gidoia, argazkia, aktoreak eta abar nolakoak diren ikusten dut. Hori izan daiteke alderik objektiboena. Bestetik, alderdi intelektualari erreparatzen diot. Zer mezu helarazten duen pelikula horrek. Eta, azkenik, eta gehien baloratzen dudana, alderdi emozionala da. Alegia, pelikula batek zenbateraino hunkitu nauen. Handik bi egunera nire garunean jarraitzen ote duen edo ez. Hiru irizpide  horiek betetzen baditu, hamarreko pelikula bat da. Baina soilik alderdi emozionala baldin badu, niretzat asko da.

Inoiz baino pelikula eta telesail gehiago egiten dira gaur egun. Kantitateak kalitatea debaluatzen du?

Bai. Batez ere, hori telesailetan gertatzen da. AEBetako gidoilariak une honetan greban daude, eta, hain zuzen ere, beraien lanaren ekarpena aldarrikatu nahi dute. Asko eskertzen ari dira atseden hartzea. Ondo dago gauzak estreinatzea, baina ez hainbeste, bizitzak ez duelako dena ikusteko ematen. Hasiera batean, itsutu egiten nintzen eta dena ikusten saiatzen nintzen. Baina iritsi da puntu bat fisikoki ezinezkoa dela. Gaur egun, denok bilakatu gara gomendio- edo iritzi-emaile, eta zilegi da guztiz. Nire amak, aitak eta amonak astero gomendioak ematen dizkidate, eta eskertzen ditut. Baina sentsazioa dut nolabaiteko desberdintasuna izan behar dela gomendio horiek eta profesionalki honetara dedikatu nahi duenaren arteko iritzien artean. Baina bai: azken urteetan kopuruagatik edukia debaluatu egin da. Zoritxarrez, euskaraz kopurua hain txikia izanik, ez da hori gertatzen.

Badakit ez zaizula galdera hau gustatzen, baina egin egingo dizut: nondik ateratzen duzu denbora pelikula eta telesail horiek guztiak ikusteko?

Zalantzarik gabe, bizitzan gehien egin didaten galdera da hori! Eta beti ironia puntu batekin erantzuten dut. Ez dakit; beste pertsona batek nondik ateratzen du denbora tabernan hainbeste denbora egoteko? Edo nondik ateratzen du hainbeste denbora gimnasioan egoteko? Niri dagokidanez, alde batetik, lehentasun kontua dago; eta, bestetik, antolakuntza. Nire zerrenden lehentasun imajinario horretan ikus-entzunezkoak ikustea beti lehen postuan dago. Egunean zehar tarte bat baldin badut, beti edo ia beti horri eskaintzen diot. Eta gero, antolatu egiten naiz. Hori friki samarra da, baina baditut Excell eta Word dokumentu batzuk astero zer ikusi dudan eta zer ikusiko dudan jasotzen dutenak. Edozein momentutan badakit zer ikusiko dudan, zer ikusi dudan, gustatu zaidan edo ez, urte bukaerako zerrenda batean sartuko dudan edo ez… Zama hori garunetik kendu eta dokumentu horietan izaten dut.

Eta egunerokoan behar bezala ikusten dituzu gauzak ala eskuko telefonotik nolanahi?

Badaude eduki batzuk, The Simpsons bezala, adibidez, dagoeneko mila aldiz ikusi duzuna, ba, bazkaria prestatzen ari naizen bitartean ikus dezakedala. Baina, orokorrean, nire irizpideak hauek dira: ahalik eta pantaila handienean ikustea, jatorrizko hizkuntzan beti azpitituluekin –edo gabe, ulertzen baldin badut– eta behar duen denbora eskaintzea. Ez naiz egoten eskuko telefonoari begira. Nahikoa karratua naiz, baina iruditzen zait arteari dagokiona eman behar zaiola.

Jende askok eskertzen ditu zure gomendioak, nik barne.

Hori da nire lanaren alderdirik pozgarriena. Izugarri betetzen nau jendeak idazten didanean halako pelikula edo telesaila asko gustatu zaiola esateko. Bestetik, askok esaten didate positiboegia naizela gomendioetan. Eta hori argitu nahi dut: oso txarrak iruditzen zaizkidan gauzak garunetik ezabatu egiten ditut. Beti dut erraztasun handiagoa gauza positiboak gomendatzeko negatiboak baino. Horrekin esan nahi dut zerbait ez badut aipatzen gustatu ez zaidalako dela.

Kritika egiteak ez du erraza izan behar…

Errazagoa da nazioarteko pelikula edo telesail bati buruzko kritika txar bat egitea hemengo produktu batekin egitea baino. Nik egiten dudana gustura egiten dut, terapia bezala egiten dudan zerbait delako, liberazio moduko zerbait. Baina beharrezkoa ikusten dut hemengoa kritikatzea. Adibidez, Irati niri asko gustatu zitzaidan, baina uste dut ez diogula mesederik egiten sortzaileari denok etengabe esaten badiogu “zoragarria da”, “onenak zarete”, “maite zaituztegu”. Hori pentsatzen baduzu, zoragarri, baina nik ez dut sinesten ez dagoenik Irati-ren kritika txarrik. Kritikatu egin behar da eta gauza positiboak eta negatiboak esan behar dira. Beti errespetuz, noski. Eta uste dut Euskal Herrian hori falta dela.

Eta euskarazko produkzioa ere falta da.

Bi bereizketa egingo nituzke hemen. Uste dut pelikulek eta dokumentalek beren bidea dutela, eta, laguntzak eskasak izan arren, badagoela sorkuntza bat. Eta gero, telesailen sorkuntza dago: basamortu etengabe bat. Goazen eta Irabazi arte oso ondo daude target konkretu batentzako. Ezinbestekoa iruditzen zait gazte eta nerabeentzat euskarazko produktuak egotea. Hala ere, Hondar ahoak estreinatu zen, denok txalotu genuen, baina jarraitzen dugu basamortu etengabe horretan, euskal fikzioa pantaila txikian kontsumitzeko desiratzen. Eskerrak websailak eta aurrekontu txikiagoko saiakerak dauden, baina baliabide gehien dituztenek ez badiete laguntzen… Aurrekoan Iruñean streaming plataformen inguruko mahai-ingurua egin zuten, eta han egon ziren Pantaliak Euskaraz-koak, Berria-ko kazetariak… Filmin-eko zuzendariak, Jaume Ripollek, aipatu zuen 2017an Jaurlaritzari eskaini ziotela filmin.eus halako bat egitea, euskarazko azpitituluekin, 15.000 edukirekin, eta ez zitzaiela interesatzen erantzun omen zioten. 2023an gaude eta okerrago gaude. Pantailak Euskarazek egiten duten lana miresgarria da, baina, noski, beraiek bakarrik zer egingo dute? Herri estrategia bat behar da.

Gazteentzako edukia euskaraz eta paperean egitea oso zaila da

Gaur egun, Gaztezulo aldizkariko zuzendaria zara. Nola iritsi zara honaino?

Nik ere ez dakit oso ondo nola iritsi naizen. Sentsazioa daukat etengabe txindurri lana egiteak ekarri nauela. Hasiera batean, boluntario lana egiten nuen, musu-truk, eta momentu bat iritsi zen non Aitor Abaroak, orduko zuzendariak, idatzi zidan Gaztezulo-n telesailei buruz idazteko norbait behar zutelako. Asko sare sozialen oso kritikoak dira, baina niri Twitterrek ate asko ireki dizkit. Bertatik idatzi Aitor Abaroak, eta kolaboratzen hasi nintzen. Gero, bideo-blog bat egitera pasa nintzen; ondoren, Zuriñe Maguregik zuzendaria gis hasi eta ordezkapen bat egitea eskaini zidan. Zulotxoak tapatzen hasi eta, azkenean, zuzendari lanak egiten bukatu dut.

Zaila al da 2023an gazteentzako paperezko aldizkari bat egitea euskaraz?

Oso zaila da. Biziraupen lan etengabean gaude. Proiektu komunikatibo bezala aurkezten dugu geure burua; izan ere, sare sozialak eta beste hainbat proiektu ditugu, baina gure ikurra aldizkaria da. Gainera, ez dugu nahi edozein modutako aldizkaria egin. Kalitatearen aldeko hautua egiten dugu argazkien bidez, diseinuarekin, aukeratzen ditugun protagonistekin… Baina zuk diozuna, gazteentzako edukia euskaraz eta paperean egitea oso-oso zaila da. Harpidetzak baditugu, baina gazteenak oso gutxi dira. Ikastetxeekin Irakurriz gozatu ekimena martxan dugu, han banatzen ditugu aleak eta inkestak egiten ditugu. Inkestak oso baliagarriak dira. Gero eta zailtasun gehiago ditugu, baina hor jarraitzen dugu, tinko, sinesten dugulako egiten dugunean.

Zein da zure aktore gustukoena?

Joaquin Phoenix, batez ere. Jessica Chastain, Cate Blanchett, Patricia Arquette… Baina aktore euskaldun zoragarri asko ere baditugu: Eneko Sagardoy, Ramon Agirre, Miren Gaztañaga… Askotan, Hollywoodera jotzen dugu, baina guk ere hemen aktore handiak ditugu. Hala ere, zuzendarizaleagoa naiz.

Zuretzat Zinemaldia zer da?

Urteko zita garrantzitsuena. Hortxe biltzen gara alorreko friki guztiak, eta hamar egunez egunero bospasei pelikula ikusteko, komentatzeko eta, gainera, jendea ezagutzeko aukera edukitzea zoragarria da. Asko gozatzen dut.

 Geratzen zaizu betetzeko ametsik?

Zinema kritikari bezala bizimodua ateratzeko aukera izatea. Euskal Herrian horretaz eta euskaraz bizi ahal izatea.