Eva Argiñano: “Argiñano abizena ez da zama bat, harrotasuna baizik”

Gozoen eta postreen artean ia bost hamarkada daramatza Eva Argiñanok (Beasain, 1960). Bake off reality-ko epaile lanetan ibili da, azken asteetan, esperientzia “berri eta aberasgarri” batean..

Telebista ez da berria zuretzat, baina lehenengoz ari zara reality batean, epaile lanetan; zer-nolako esperientzia izaten ari da?

Epaile moduan oso eroso sentitu naiz; betiere, gozogintzan profesionalak ez direnak epaitzen ari naizela.

Sukaldean horrenbeste urte eman ostean, gozogile famatuengandik ezer ikasi duzu?

Beti ikasten da zerbait; bai gozogintzan, baita bizitzan ere. Lehiakideak lanean ikustea ikasketa handia izan da niretzat.

Ogibide honetan ere berritu ala hil esamoldeak balio du?

Behin eta berriro berritzeko irekita egon behar duzu, eta hori ezinbestekoa da ilusioari eusteko.

Zure hastapenetatik gaur egunera arte, nola eta zenbat aldatu da gozogintza?

Pila bat. Hasieran, burdindegietan, ez zegoen ez mahukarik, ezta iragazkirik, ezta labe-paperik, ezta gaur egun normaltzat hartzen ditugu erreminta mordoa ere. Mahukak oihalez egindakoak ziren, eta silikonazko molderik ez zen existitzen. Zer esan produktuez! Almendra-pasta nahi bazenuen, zuk egin behar zenuen eskuz! Eta dena antzera…

Gozogintza zeure kabuz ikasi izan duzu.

Horixe da. Liburu batekin hasi nintzen, eta zaborrontzira gauza asko bota behar izaten nituen, ez nekielako nola birziklatu edota jaki-puskak nola konpondu. Horrek guztiorrek elaborazio prozesuen gaineko ezagutza handia izatera eraman nau.

Bazkari eder baten ostean postrea dator; ondo dastatzeko, gozatzeko, buruarekin jan behar dugu? Beti utzi behar dugu postrerako tokia?

Nik, beteta banago, postrea ez dut unean bertan jaten. Meriendatzeko utzi dezakezu. Baina bai, apur bat gutxiago jan eta postrearentzat lekutxoa ixtearen aldekoa naiz.

Etxean egindako janariaren alde zaude; etxean egindako postreen alde ere bazaude?

Etxean egindako janak lez, etxean egindako postreek beste xarma bat dute. Sarritan, gozotegi batean ezin duzu postre zehatz bat egin, ez duelako ordubete ere irauten. Etxean postrea prestatu dezakezu eta jarraian jan.

Abizen horrekin zaila da oharkabean pasatzea? Karlosen arreba izatea zama da zuretzat?

Arreba izan aurretik, alaba izan nintzen… Nire aitak arrastoa utzi zigun, baita nebak ere, eta ea izeba moduan ere oroitzen nauten! Ez da zama, baizik eta kontrakoa. Oso harro nago.

63 urte bete dituzu; oraindik ibilbidea duzu egiteko?

Gauza asko geratzen zaizkit egiteko, baina, gaur egun, ez dut ezer berezirik esku artean. Bizitzak sorpresak ekartzen jarraitzea espero dut; sorpresa onak!

Nola moldatzen zara sare sozialekin?

Erdipurdi. Nire adineko gehienok bezala!