Elena Loyo: “Gero eta zailagoa da Joko Olinpikoetara sailkatzea”
Urtebete lehiatik kanpo ibili ostean, indarrez bueltatu da Elena Loyo arabarra (Zuia, 1983). Parisko Jokoak begiz jota ditu Loyok, baina maratoian sailkatzeko inoizko markarik onenak beharko direla aitortu du.
Zer moduz zaude fisikoki, Elena? Zein da zure helburua gaur-gaurkoz?
Oso-oso ondo aurkitzen naiz. Nahi dudan moduan entrenatzen ari naiz, eta horrek apurka aurrerapausoak ematen ari naizela adierazten du. Izan ere, nire helburua aurrerapauso horiek ematen jarraitzea da.
Urtebete lehiatik kanpo ibili zara. Zer nolako urtea izan da zuretzat?
Kirolariok entrenatzen eta lehiatzen egon nahi dugu, ia etengabe. Hortik irtetea ez da erraza izaten, baina irtenbide bakarra dago: egoera iraultzea.
Tokioko Joko Olinpikoetan izan zinen. Zure ibilbidean, mugarria izan dira?
Nire ibilbidea laburra izan da, eta, beraz, bai. Nire bizitzako kirol esperientziarik handiena izan da, zalantzarik gabe. Gainera, lasterketa bera oso berezia izan zen niretzat.
Tokion bukatu ostean, horrelako esperientzia bat berriro bizi nahiko zenukeela aitortu zenuen. Hurrengo udan Parisko Jokoetan egotea posible ikusten duzu?
Gero eta zailagoa da Joko Olinpikoetarako sailkatzea; are gehiago diziplina batzuetan. Lehen 2 ordu eta 36 minutuko markarekin sailkatzen zinen; orain 2 ordu eta 26 minutu behar dituzu… Ikusiko dugu.
Kiptum-ek maratoiko errekorra hautsi berri du, eta Assefak ere, emakumezkoetan, markarik onena erdietsi zuen irailean. Maratoien urrezko aroa da hau?
Atleta hauek beste planeta batekoak dira. Baina aurretik zeuden marka asko, dagoeneko, izugarriak ziren! 42.195 metro korrika egiteaz ari gara, eta, erritmo horietan, batzuek metro gutxi batzuk bakarrik egingo lituzkete. Balentria horiei garrantzi gutxi ematen zaie hedabideetan. Eta ez da marka haustearen balentria bakarrik, baizik eta egunerokoan marka horiek lortzeko jarraitu behar duten entrenamendua.
Fisikoa landu behar da, baina maratoi bat egiteko burua ere asko landu behar da. Psikologikoki nola prestatzen dituzue probak?
Ez da azaltzen erraza… Baina esan dezaket errendimenduan alde psikologikoak uste duguna baino eragin handiagoa duela.
2018an gertakari tamalgarri bat pairatu behar izan zenuen, entrenatzen zenbiltzala, gizon batek jarraitu zintuelako. Zaila egin zitzaizun egoerari buelta ematea…
Leku hartatik pasa ezinik hilabete asko egon nintzen. Eta hori gainditzeko nire burua handik igarotzera behartu nuenean, korrika nindoalarik, antsietate krisi bat izan nuen eta gelditu egin behar izan nuen. Hala ere, tamalgarria ez da gertaera, baizik eta gertatukoa zigortzen ez dela pentsatzea.
Gaia aldatuta, Miss Araba izan zinen 2005. urtean. Nolatan?
Kar-kar. Urrun gelditzen da hori! Esperientzia ezberdina izan zen, egia esateko. Onena modelo bezala ate asko ireki zizkidala izan zen, eta ikasten nenbilenez, ekonomikoki laguntza ederra izan zen niretzat.
Bukatzeko, Elena, konta egiguzu ezagutzen ez dugun zure zaletasun bat.
Asko maite dut musika, eta ahal dudanean, pianoa jotzen aritzen naiz.