Desamodioa kapitalismoan

June Fernandez

—Berehala ohartzen naiz bikote bat banantzen denean—, esan dit herrian konpostaren bilketa koordinatzen duen gizonak. Kubo berri bat eskatzen diotenean lortzen du albistearen esklusiba.

Oso poetikoa iruditu zait zabor organikoaren eta hondakin sentimentalen arteko lotura, baina jarraian konturatu naiz informazio iturri hori ez dela baliagarria zenbait kasutan. Urte erdi baino gehiago pasa da A.-k eta J.-k bikote harremana amaitutzat eman zutenetik, eta jarraitzen dute etxebizitza eta konpost kuboa konpartitzen. Zergatik? Gure herrian ez dagoelako egun etxerik alokairuan eta bankuak ez dietelako onartu bietako batek aurre egitea bakarrik hipotekari, nahiz eta biak soldatapeko langileak diren.

Antzeko egoeran nago ni neu ere. Hasieran bion artean adostu genuen nor geratuko zen etxean eta nork bilatuko zuen bizitoki berri bat. Halaber, gure artean adostu genuen biok herrian geratuko ginela, umearen zaintza partekatua errazteko. Inozoak izan ginen, gero! Ez genekien bankuak izango zuela azken hitza: gure egoera ekonomikoa zorrozki aztertu ondoren erabakiko du nor den bezero fidagarriagoa. Bitartean, Idealista begiratzen dugu egunero, mirari baten zain: alokairu merke bat, herrian bertan, bigarren hipoteka batetik edota deserrotzetik libratuko gaituena.

Idealista… idealista nintzen ni garai batean.

Ez nuen ezkontzan sinesten, baina ezkondu nintzen, nork eta sistema heteropatriarkalak aginduta: Estatuak biok gure umearen ama garela onartzeko. Orain dibortzioa ordaindu behar dugu. Zenbat kobratzen du abokatu batek? Oraindik ez dut galdetu. 

Ez nuen jabetza pribatuan sinesten, baina bat-batean alokairuek 800 eurotik gora balio zuten, eta bideragarriagoa zirudien 500 euroko hipoteka izateak. Zenbat balio du berriz eskrituratzeak? 800 eurotik gora, hori bai galdetu dut.

Bizitzako une latzenetan erakusten du kapitalismoak bere aurpegirik sadikoena. Senidea hil zaizu, baina ezin duzu dolua egin, ehorztetxea, eskela, testamentua eta bestelako tramite luzeak kudeatu eta, batez ere, ordaindu behar dituzulako.

Bikote bat apurtzen denean eta kezka potoloenak ekonomikoak eta logistikoak direnean, zer esan nahi du horrek? Akaso, amodioa erabat higatua dagoen proba da? Ala kapitalismoa gure bihotzez ere jabetu den seinale? Ala, agian, ondo dagokigu, gure benetako ezinegona desbideratzeko?

Auskalo. Baina bejondeiela idealistei, saiatzen direnei sistemaren arauetik at harremantzen, elkarbizitzen, umeak izaten. Eta zorte on gainerakooi. Ea lortzen dugun, bederen, harrapatu gaituen armiarma-sarea apur bat arrakalatzea.