Arrate Illaro: “Leku askotan piztu den txinpartaren ondorioa da euskaraldia”

Euskaraldia ariketa soziala gauzatzeko hamaika egunak gertu daude. Hori dela eta, Leire Palacios kazetariak ekimenaren koordinatzaile Arrate Illaro elkarrizketatu du Bilbon dagoen Bizkaiko Foru Liburutegian.

Kaixo, Arrate. Euskaraldiko koordinatzailea zara eta oso gutxi gelditzen da hasteko. Urduri zaude?

Gogotsu, esango nuke.

Oraindik ere, egindako lan guztiaren ondoren, bada Euskaraldia zer den ez dakiena. Badakigu ez dela jai bat, ez dela ekitaldi bat… zer da Euskaraldia?

Euskaraldia euskararen erabilera soziala hazteko ariketa bat da. Ariketa sozial bat izango da, eta gure helburua izango da parte hartuko dugun herritarrok gure eguneroko hizkuntza ohitura batzuk aldatzea. Inertzia batzuk astintzea, eta hamaika egun baliatzea gure artean euskararen erabilera areagotzeko.

Lan handia egin da hona heltzeko eta hamaika egun hauek burutzeko. Non eta nola hasi zen Euskaraldia? Ez da azaroaren 23an hasiko den gauza bat soilik…

Duela hiru bat urte hasi zela esan genezake. Ez dakigu zehazki non, baina badakigu leku askotan piztu den txinpartaren ondorioa dela, eta hori da, guretzat, garrantzitsuena. Azken urteetan, hainbat aktibazio ekimen egin dira herri batzuetan. Helburu bera zeukaten, forma ezberdina izan arren, herritarrek euskara gehiago erabiltzea, helduek, kasu honetan, eta horietatik guztietatik elikatu da Euskaraldia. Izena bera ia urtebete kaleratu genuen, eta azken urte honetan hedatzen joan da. Herritarrak aktibatu dira Euskaraldia herrietara eramateko eta lan erraldoi baten ondorio da azaroaren 23tik abenduaren 3ra hamaika egunez gertatuko dena.

Entzun dugu aktibazioa eta entzun dugu ariketa soziala. Zer da hau?

Ariketa, sinbolikoa ez den zerbait egitea da hamaika egunez, ez da kanpaina bat izango. Ahobizi eta belarriprest izango gara herritarrak egun horietan. Txapa bana izango dugu, eta txapa horrekin ez dugu adieraziko euskararen aldekotasuna edo euskararen sustapena egin nahi dugula, baizik eta ariketa bat egiten ari garela. Horretarako, ahobizi edo belarriprest izan gaitezke. Ahobizi denak euskarari eutsiko dio elkarrizketa guztietan, ulertzen duten lagun guztiekin. Hamaika egunez, 24 orduan, eta berdin da ondokoek txaparen bat edo beste eramatea, edota euskaraz zein erdaraz erantzutea. Belarriprest-aren ariketa izango da jendea gonbidatzea beraiekin euskaraz egin dezaten. Beharbada, euskaraz edo erdaraz erantzungo dute, faktore asko sartzen dira tartean, gaitasuna, eguneroko ohitura, erosotasuna, gogoa… Kolektibo handi batean, taldeak egingo dugun ariketa da.

Hizkuntzaren inertziak astintzeko ariketa soziala izango da, beraz, eta, normalean, agian, euskaraz egiten ez duzun pertsonekin euskaraz egiteko edo egitea jakin dezakezun edo ez. Orduan, zergatik eman behar da izena? Izena ematen duzunean aukeratu duzu ahobizi edo belarriprest izatea, baina, agian, gero, damutu egiten baldin bazara edo argi ez baldin baduzu?

Izen-ematea garrantzitsua da, azaroaren 23an parte hartuko dugun kide guztiak ahalik eta prestatuen heltzeko. Hori da helburu nagusia. Badakigu hizkuntza ohiturak ez direla hamaika egunetan aldatzen eta euskararen erabilera ez dela hamaika egunetan soilik sustatu behar. Ez da hori helburua, baina hamaika egunetan ariketa kontziente bat egingo dugu. Prestatzea garrantzitsua da, beraz. Nola egin? Gomendioak zabaltzen hasi gara dagoeneko, parte hartuko dutenek jakin dezaten zein egoera aurkitu dezaketen eta egoera horietatik ahalik eta erosoen nola atera daitezkeen jakiteko. Prestatzea da helburuetako bat, eta txapa ematea ere bai. Ez bakarrik prestaketari dagokionez, txapa fisikoa ere bai; kar, kar, kar. Batzuek, beharbada, pentsatuko dute ez dutela txaparik behar, bestela ere egingo dutela. Pertsona horiek, beharbada, ez dute beharko, baina orain arte egin diren aktibazio dinamiketan herritarrek babestuta zeudela, ez zeudela bakarrik ikusi dutela. Inguruan ere ahobizi eta belarriprest asko zeudela. Horrek indarra eta babesa ematen die ingurukoei. Horrez gain, ikerketa bat egingo dugu. Honek dimentsio handia hartu du, baina ikusi behar dugu ea benetan nahi dugun bidetik goazen edo moldatu beharko genukeen. Lasarten ikerketa bat egin zen eta emaitzak bazeudela ikusi genuen. Euskaraldian ere emaitzak ikusiko ditugu. Zenbateko hizkuntza aldaketa egiten den Euskaraldiaren baitan.

Datu horiek jasotzeko izena eman dutenek galdetegi batzuk bete beharko dituzte. Momentuan edo handik gutxira lortuko diren emaitza batzuk izan daitezke eta epe laburrean lortzen direnak beste batzuk. Ikerketak horiek guztiak hartuko ditu?

Bai; hiru galdetegi bidaliko dizkiegu izena ematen duten kide guztiei. Lehena azaroaren 22a bitartean bete beharko dute, eta hor, beraien eguneroko hizkuntza ohiturak zeintzuk diren galdetuko diegu. Galdetegi errazak dira, eta 15-20 minutuan egiteko modukoak, posta elektroniko bidez. Bigarren galdetegia antzekoa izango da, ekimena bukatu eta egun gutxira bidaliko dugu, eta hiru hilabetera berriro zabalduko dugu galdetegia. Horrela ikusi ahalko dugu zer-nolako garapena egon den, zein norabidetan eta zer aldaketa izan diren.

Euskaraldiko sukaldera sartzen bagara, batzordeak topatuko ditugu. Nola funtzionatzen ari dira batzorde horiek?

Euskal Herri osoan dago martxan Euskaraldia. Guk aterki orokorra eskaintzen dugu. Baina herri batzordeak daude herrietan, eta horietan elkartu dira euskalgintzan ari diren eragileak, izan gizarte eragileak, udala, ikastetxeak… eta norbanako euskaltzaleak. Baita ekimena sustatzea erabaki duten entitateak ere. Batzorde horietan, herriko Euskaraldia martxan jartzeko ardura dute. Bilbon ere hala da, Bizkaiko udalerri pila batean bezala. Aspalditik ari dira lanean, urtebetetik gora, esango nuke, eta lana da ekimena ahalik eta gehien gizarteratu eta ahalik eta herritar gehienengana heltzea. Gehienek eta ahalik eta ondoen parte hartzea da helburua. Bi planotan ari gara etengabe lanean, lankidetzan. Pentsa Bilbon zenbat euskaldun dauden eta guztiengana heltzea zein konplikatua izan daitekeen. Baina hori da gure egitekoa.

Egiteko horretan, nolakoa da egunerokotasuna? Nolakoa da Euskaraldiaren lantaldea?

Egia esan, lankidetzan ari gara plano guztietan, eta horrek dakar halako sare zabal handi samarra edukitzea. Koordinazio mahai bat dugu, eta hor gaude Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritza, Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Elkargoa Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako Gobernua, Euskarabidea; eta gero, lantaldean, koordinazio lanetan ari garen kideak gaude, komunikazio lanetan ari garena, sustatzaileak ere badaude gure artean… Sare potolo samarra eratu dugu. Gizarte eragile batzuk ere badaude ekimena sustatzen, edo bestelako erakunde publikoak, eta hainbat batzorde ditugu. Erakundeen batzorde bat, haurren eta nerabeen beste batzorde bat… Gu ere pentsatzen hasten garenean zenbat fronte ditugun zabalik… Beldur pixka bat ematen du zerbait ahazteak, baina zerbaiten seinale ere bada.

“Ezagutza hazten doa, baina erabilera ere hazteko marjina dugu”

Telefonoak asko jotzen du bulegoan?

Bai; batez ere, izen-ematea zabaldu genuenetik. Call center-a dela esaten dute lankideek. Telefonoak, posta elektronikoak, whatsapp-ak, sare sozialak… Baina gustura gaude. Horrek esan nahi du jendeak ilusioa eta gogoa dituela. Eta denei erantzuten saiatzen gara, batzuetan azkarrago edo geroago, baina denengana heldu nahi dugu.

Kalean dago Euskaraldia, eta entitateek ere parte hartzen dute. Nola hartzen dute parte?

Euskaraldia martxan jarri genuenetik, argi genuen bi oinarri izan behar zituela euskararen erabilera areagotzeko ariketa sozial honek. Norbanakoen urratsak eta entitateen babes-neurriak. Aurten, norbanakoen urratsak dira ekimenaren foku nagusia. Herritarrok hartuko dugu parte, borondatez, nahi dugulako ahobizi edo belarriprest izan. Baina guk egin nahi ditugun urrats horiek babes neurriak edo bestelako neurri berriak behar dituzte entitateen aldetik. Bestela zailtasunak topatzen ditugu. Horregatik eskatu diegu hainbat entitateri herritarrak animatu ditzatela beraien eremuetan. Entitate batzuk aspalditik ari dira lanean, euskara planekin, eta badakite beraien erantzukizuna ere badela. Hau guztion egitekoa da.

Euskaraldiak hiztegi propioa dauka. Alde batetik, ahobizi eta belarriprest aipatu ditugu, baina horien eginkizunetako bat da hamaikakoa osatzea. Zer da hamaikako bat?

Herrietan zabaldu diren hamaikakoak dira ekimena gizarteratzeko borondatez erabakia hartu duten hamaika laguneko taldeak. Herrietan, esan bezala, herriko batzordeak daude, baina oso zaila da batzorde batetik herri osora hedatzea Euskaraldia. Hamaikakoa da batzorde horren aliatu nagusia ekimena zabaltzeko, izan herriko kirol eremuan, merkataritza eremuan, enpresa edo udalean, erreferenteak diren pertsonekin. Orain, herritarrek beraiek euren hamaikakoak eratuko dituzte. Alde batetik, inguruko jendeari kontatzeko ahoz ahoko erraldoi bat zabaltzeko. Eta, bestalde, hamaika laguni, gutxienez, kontatzeko zergatik nahi dugun beraiekin hizkuntza ohitura bat aldatu. Demagun nik joera bat dudala kuadrillako batzuekin erdaraz aritzeko askotan, nahiz eta denak euskaldunak izan. Ba, kuadrillako horiek azaldu beraiekin nahi dudala euskaraz gehiago egin, eta zergatik. Pertsona horiek prestatu, hamaika egun horietan beraiekin zer nahi dudan egin jakin dezaten.

Beraz, prestaketa ez da praktikatzera doanarentzat bakarrik, baizik eta pertsona horren inguruan dagoen jendearentzat ere bai.

Hori da. Jakin dezatela zertara goazen, zergatik nahi dugun egin, eta, zenbat eta jende gehiagok jakin gure inguruan, besteek parte hartu zein ez, orduan eta errazagoa izango da guretzat. Orain arte egin diren dinamiketan, kontatzen zuten izena eman dutenek harritzen zirela ikusita zenbat jenderekin egin zezaketen euskaraz inguruan. Ez zekiten egunero ogia erosten zioten pertsona horrek euskara ulertzen zuela eta belarriprest izan zitekeela. Horretarako aukera daukagula iruditzen zaigu. Ezagutza hazten ari da; gehiago hazi beharko luke, baina erabilera ere hazteko marjina dugu.

Prestakuntzaz hitz egin dugu, baita prestakuntzaren garrantziaz ere. Herritarrek Euskaraldiarekin lotura zuzena dute, izena eman dutelako edo eman dezaketelako webgunean.  Gure egunerokotasunean, offline bizi gara, baina baita online ere. Zer dauka Euskaraldiak eskaintzeko? Zein izango da herritarrekin lotura digitala?

Izen-ematea online egin daiteke, baina gure eguneroko harreman asko online gertatzen dira. Whatsapp eta Telegram asko erabiltzen ditugu, sare sozialak ere bai. Hizkuntza ohiturak aldatu nahi ditugunean, batez ere, ari gara ahozkoari buruz, baina, Whatsappen ari garenean, ahozko terminologiarekin ari garela idazten esan daiteke. Guk ahobizi eta belarriprest gisa parte hartzen duten herritarrei esaten diegu esparru horretan ere egin ditzatela urratsak. Ahobizi baldin bazara, eutsi jarrera horri sare sozialetan ere. Abatarrak ere jarri daitezke sare sozialetan, gainera.

Euskara digitalki hedatzeko daukagun beste aukeretako bat da bilatzailea euskaraz jartzea. Horren erraza izan daiteke. Ez dakigu zenbakiek zer dioten horren inguruan, baina egia da oso jende gutxik erabiltzen duela…

Euskaraldia eguneroko erabilera hori areagotzeko da, baina egia da badaudela beste ekimen pila bat erabilera hori sustatzeko, eta ez dira espresuki Euskaraldia, baina honen aitzakian interesgarria izan daiteke horien berri ematea. Euskaraldia.eus atarian sartuz gero, Baliabideak atalean egunerokoan euskaraz bizitzeko ideia mordo bat daude. Beste txip aldaketa bat probokatzeko aitzakia izan daiteke, beraz, Euskaraldia.

Aipatu dugu Lasarteko esperientzia. Donostiako Egia auzoan ere egin zen. Lutxo Egiak idatzi zuen bloga. Hau ez da bat-batean jendeari eman dio harrikada bat edo hego haizeak sortutako gauza bat. Zergatik da orain momentua hau martxan jartzeko?

Esango nuke, azken urteetako erabilera datuak ikusita, gauzak beste modu batera egiteko edo probatzeko beharra daukagula. Behar horretatik sortu da. Egia esan, batzuetan, kostatu egiten zait ulertzea nola kostatu zaigun horrelako zerbait irudikatzea. Lutxo Egiak probaldi bat egin zuen; gero, Lasartekoa, Arrigorriagakoa, Agurain… Orain, ematen du hain sinplea eta hain logikoa egiten dugun honek… Orain arte, euskarari eusteko behar izan dugu ondokoak euskaraz ere erantzutea. Baina ulertzen baldin badu, nahikoa da. Ez dugu besteak egiten duenaren pisua gure motxilan kargatu behar. Euskaraldiak ere filosofia aldaketa hori dakar. Beharretik sortu da, eta ilusiotik ere bai. Bat-batean ikusi dugu hain erraz. Berdin da besteak zer egiten duen. Nik egin dezaket eta nire esku dagoena uste nuena baino gehiago da. Ilusio horrek ekarri gaitu honaino.

Euskaraldiko sukaldeko ate hori itxi aurretik, zein da barruan dagoen giroa? Zer arnasten da?

Esango nuke, batez ere, ilusioa dagoela. Zerbait ezberdina, berria, egitera goaz. Urduri ere jarri gara. Badakigu ez dugula mundua aldatuko hamaika egunetan. Uste dut horren kontzientzia badugula lantaldean. Eta emozionatzen garela, baina neurrian emozionatu behar dugula. Agian, bide berri baten hasiera izango da, baina bide luzea izango da. Hemendik denbora batera, agian, beste leku baten egon gaitezke. Hori lantaldean nabaritzen da. Ahalik eta jende gehien aktibatu nahi dugu eta gogoz ari gara.