Aneguria: “Artista burujabe gehiago behar dira”

Azkue Fundazioko egoitzan elkartu dira Jon Gomez Garai eta Aneguria rap abeslaria eta musikaria. Euskal Herriko panorama musikala, autoekoiztea eta kultura askea izan dituen hizpide.

Kaixo, Aneguria. Bueno, hona etorri zara edo hona ekarri zaitugu, bazkaldu barik, edo bidean bazkalduta… Horrelako zoroak izaten dira zure egunak?

Bueno, nik ez nuke esango zoroak direnik, baina bai surrealismo kutsua duten egunak.

Bueno, surrealista gaur izango dugun elkarrizketa ez izango. Ni zure errealitatea entzuteko prest nago.

Orduan, fikzioa egongo da barruan.

Fikzioa da zuk gaur egun ere egiten duzuna, baina autoretzat ere baduzu zure burua; interpretea, fonogramen ekoizlea. Denak, agian, ez, baina azken hau azaltzea nahiko nuke. Zer da hori?

Azken finean, zure diskoak ateratzen dituzula eta inprimatzen dituzula eta bidaltzen dituzula. Terminoak erabiltzen baditut, agian, txarto erabiliko ditut. Baina aipatu dituzun hiru lelo horiek erdaraz horrela ikasi ditudalako dela uste dut: soy interprete, autora, productora de fonogramas, me autoproduzco, productora de mi propio proyecto… Industria musikal zaharreko atal guztiak nik neuk egiten ditut. Baina horrek ez du esan nahi industriako enpresa edo beste profesionalekin atal batzuk azpikontratatu ezin daitezkeenik edo harremanak egin ezin daitezkeenik. Hala ere, ni nago dena kudeatzen.

Horretara nindoan. Beti zure kasa ibiltzen zara?

Zer esan nahi du nire kontura ibiltzeak?

Zuk agintzen duzula zure lan errutinan. Zuk aukeratzen dituzun lanetan eta zuk egin behar dituzun lanetan.

Saiatzen naiz bakarrik ahal ditudan lanetan murgiltzen, eta erronkak planteatzen ditut. Adibidez, orkestra sinfoniko batekin lan egitea. Ez nekien nola egin, jende asko ginen, eta hori kudeatu egin behar da, grabatu, orduak eman estudioan. Horrelako erronketan, neure buruari begiratzen diot lehenengo, ea energiarik dudan aurrera ateratzeko. Ez dut pentsatzen gai naizen edo ez. Interesgarria izan daitekeela, ba, aurrera. Kontua da nork jartzen duen balioa. Epeak, denbora, etekina… Saiatzen naiz espektatibak asko kontrolatzen. Ez dut imajinatzen kristorena izango den edo ez. Prozesua, berez, interesgarria da eta etortzen den guztia opari bat da.

Eta norbere buruari espektatibak jartzea arriskutsua edo frustragarria izan daiteke, ezta?

Batez ere, 65 pertsonaren lana denean edo zure lana 65 pertsonaren esku dagoenean. Ez dituzu ezagutzen, ez dakizu zer musika mota egiten duten. Beraz, saiatzen naiz oso espektatiba txikiak sortzen edo niretzat surrealistak direnak sortzen. Adibidez, gustatuko litzaidake itsasontziz bira bat egitea datorren urtean. Eta uste dut posiblea dela, eta egingo dut. Horrelakoak dira nire espektatibak. Ez dut pentsatzen zer motatako itsasontzia izango den, edo zenbat pertsona egongo garen, edo nolakoa izango den. Baina badakit itsasontzi batean egongo naizela. Egitura edo minimoa zein den argi izaten dut. Eta hori egitea lortzen dut.

Autoekoizlea zara. Esklusibitatean ez duzula sinesten diozu, baina bai beste enpresa batzuekin edo beste enpresa batzuentzat elkarlanean lan egitea. Nola izan daiteke posible hori? Artista bati askotan eskatzen zaio esklusibitatean lan egitea.

Niretzat, gauzek berariaz pertsona batentzako egindakoak izan behar dute. Horrek esklusibotasuna ematen dio, baina horrek ez du esan nahi gero ezin daitekeela errepikatu. Zu eta ni gaude hemen bakarrik elkarrizketa egiten. Denbora hau zuretzako da, eta niretzako ez da esklusiba, baizik eta maitasunez eskainia. Elkarlan bat, proiektuaren atal bat edo negozio bat ulertzen dut, baina berariazko hartu-eman horretan. Zu gurea zara eta ezin duzu beste inorekin ibili moduan ulertzen badugu esklusibitatea, nik hori ez dut gustuko. Nire ustez, beste pertsonek beste ekimenetan egiten dituzten lanek hezten dituzte pertsonak, eta pertsona horrek dakarren ibilbideak edo dakartzan osagarriek zaporea emango diote gure lanari. Beraz, zapore berri hori gehitu nahi dugun edo ez erabaki ahalko dugu. Nire ustez, beste pertsonen ibilbideek askeak izan behar dute, gure arteko harremana hazi dadin denboran.

Orduan, gaur egun baldin badator musikaren sektoreko enpresa potente bat, eta horrekin ez zaizula lanik faltako badakizu, eta esaten badizu Aneguria bere enpresaren produktu bat izatea nahi duela… Aneguriak zer erantzungo lioke proposamen horri?

Eta zer eskaintzen didate? Zer plan edukiko genuke? Zer motatako kontzertuak? Nazioartekoak? Hemen? Horiek dira egin beharreko galderak. Sinatzea bakarrik da edo epe horretan zer egin beharko genukeen azaldu beharko luke. Enpresa horrekin harreman bat egin behar balitz, zertan oinarrituko litzateke? Kontzertuak lortzearena, bakarrik… Ez bada kontestualizatzen, niretzako ez da nahikoa sexya. Ez du erakargarritasunik. Zortzi estatutatik, zortzi kontestu ezberdinetan eta munduko musiken alorretik kanpo bira bat egingo nukeela esaten badidazu. Hori plan bat izango litzateke. Epe baterako akzio-plan bat eduki beharko genuke. Nire zoriontasun musikala asebetetzeko zein bidaia egingo genukeen elkarrekin. Plan bat eta fantasia eta surrealismoa eskaini behar zait niri, bestela. Nik sinesten badut eta pozik banago, beste pertsonak ere pozik egongo dira.

Imajinatzen dut, gaur egun, zure kontu ibiltzeko autonomoa izan beharko duzula. Zuk zer uste duzu egokiagoa izango litzatekeela: artista autonomoa izatea? Edo beti kontratatzen zaituenak edo ekitaldia antolatzen duenak kontratatzea? Nola baloratzen zaituzte gehiago?

Gauza ezberdinak nahasten ari zarela uste dut. Ez da haiek gu nola baloratzen gaituzten. Nire ustez, artista talde ezberdinak daude, pertsona oso ezberdinak, eta ekosistema laboral oso anitza dago. Batzuk musikariak direlako bokazioz, beste batzuk hobby bezala, beste batzuek besteen kontura dute lan bat edo autonomoak dira… Bi ekosistema daude. Taldearena berarena eta gero kontratatzen zaituenarena. Negoziaketa bat egoten da hor, baina enpresen artekoa bezalakoa. Ez da jolas bat. Nire ustez, artista burujabe gehiago behar dira. Burujabeak eta beraien lanaren kontzientzia gehiago dutenak. Horiek ez daude. Jendea jolasten hasten da eta ez duenak bere erantzukizun soziala ikusten bere artista ikuspegitik, nire ustez, bere argudio populistak ez dira irizpide nahikoa. Ez du balio musika librea edo kultura askea aldarrikatzea… Zaila da ulertzea, baina, gutxienez, saiatzea jakiten nola kudeatzen den hau guztiau. Oso jende gutxi dagoela uste dut.

“Industria musikal zaharreko atal guztiak nik neuk egiten ditut”

Posiblea da kultura askea egitea?

Nik ez dakit termino horrekin zer dagoen inskribatuta. 

Asko erabiltzen den termino bat da…

Bai, baina ez dakit zer deskribatzen duen termino horrek. Nik ez dakit zer esan nahi duen. Ezin dut iritzirik eman, ez dakidalako. Niri esan ahal didazu: Ane, zuk zure musika libre uzten duzu uhinetan? Nik nire musikaren gaineko eskubide guztiak nire esku ditut. Baina idazten badidazu posta elektroniko bat, musu-truk eta kalitate onean bidaltzen dizut. Zure datuak bakarrik beharko nituzke, izena eta nongoa zaren nire musika nora doan jakiteko. Horrela jakin dezaket nire musika ez dagoela bideoklip nazi baten edo faxista baten jarrita. Beraz, hori da askea? Nire ustez, musika burujabea da. Hori bai… Beti pertsonekin lan egiten dut. Badakit bakarrik ezin ditudala gauzak egin. Gomendio moduan, bestalde, badago Euskal Herrian EKKI, egile eskubideen inguruko erakundea, eta pertsona autonomook edo artista autonomook gure kabuz kudeatu ezin ditzakegun egile eskubideak beraiek kudeatu ahal dituzte.

Non daude euskal artisten eskubideak?

Eskerrak jendea dagoela hemen lan egiten. Badaude, gainera, beste artista batzuk –Ainara Legardonek, adibidez, tailer oso aberasgarriak ematen ditu– euren denbora musika egiteaz gain beste artistei eskaintzen dietenak laguntzen. Euskal Herrikoa oso ekosistema txikia da, baina badago artista burujabe batek nahiko balu gauzak nola egin. EKKI zure eskubide batzuk kudeatzeko, adibidez, zuzenean ematen dituzun kontzertuen eskubideak, baina liburuak eta lan grafikoak ere kudeatzen ditu. Iruñe aldean Intangia ere badago; egile eskubideen inguruan aholkatu, ikertu eta lagundu egiten zaituzte. Savecreative ere badago Donostian, online bidez erregistratzeko, eta ez ondare publikoan. Zure lana kudeatzeko erremintak eskaintzen dizkizute hauetan. Zuk gauza pare bat egin behar dituzu, eta gauza horiek Euskal Herrian egin daitezke. Ez zenuke zertan SGAEn erregistratu. Beste baliabide batzuk daude.

Zentsuraz eta autozentsuraz hitz egiten da artistak taula gainera igotzen zaretenean, eta rap munduan, batez ere. Gainera, uste dut Aneguriak aspaldi baduela bere izena, zorionez, rap mundu horretan…

Nik popean esango nuke, rap kantariek ez naute maite… Rap fusioa, agian? Egia da rapetik istorioak kontatzearen beharra dakardala. Istorioak egunerokotasunari lotzearen beharra. Berbak eta bizipenak… Autozentsura? Nik, adibidez, asko kontrolatu behar dut haserrea. Autoekoizpenekin edo bakarrik ibiltzearen kontuarekin, jendeak uste du legitimoa dela errieta egitea kontzertu batean. Adibidez, agertoki batera igo ahal zara negarrez eta zure ingurukoek badakite zerbait gertatzen dela. Eta haserretik edo minetik kontatzen duzu istorio bat. Kasu horretan, neure burua ez zentsuratzea, jendeari transmititu behar diozun unean ezin baduzu hor barruan duzuna bota, ezin dut ondo abestu. Eta, agian, beste tonu batean igotzen zara eta berotzea behar duzu zaplazteko bat jaso duzulako eta izorratuta zaudelako. Horrekin nabil ni orain. Zer kontatzen duzun. Ez baduzu ezer kontatzen, jendeak pentsatuko du gatzgabea zarela edo ez duzula transmititzen. Beraz, gardentasunak kezkatzen nau gehiago. Zenbat kontatu dezakedan agertokitik. Plazeretik edo tristuratik abestu behar badut, agian, merezi du kontatzea.

Nolakoa izan da orkestra sinfoniko batekin parte hartzea? Edozein rap kantariri esaten badiozu euskal rapera batek proiektu bat egin duela orkestra sinfoniko batekin… “bai, zera!” izango litzateke erantzuna? Nola bururatu zitzaizun?

“Euskal Herrian badugu rapera bat” esaldia entzutean, sex-appeal erotikoa igo zait; kar, kar, kar. Ez nuen ilusio edo espektatiba hori. Agian, baten bat harro sentitzen da… Niri, ilusio gehien ematen didana ametsak egia bihurtzen ditudala da. Inprobableak diren baina errealitate izan daitezkeen gauzak asmatzen ditut. Itsasontziarena bezala. Hemendik hilabete batzuetara ikusiko duzue ea txapela buruan eta txalupa portuan agertzen den. Hori nire ametsa da.

Esloganen emakumean zara…

Asko gustatzen zait komunikazioa.

Komunikazioa eta hezkuntza. Irakasle ere bazabiltza. Zer ez da Aneguria?

Akats ortografikoekin oso txarra naiz, baina saltsero hutsa naiz. Uste dut profil anitza duten pertsonak aintzat hartzeak gizarteak balio erantsia ematen diola. Agian, oso arrunta naiz. Irakaslea naiz, baina baita auzokoa, kultur eragilea, edota kaletik plastikozko kutxa batzuekin ikusi ahal nauzu, armairu bat sortzen ari naizelako. Uste dut pertsona arruntek gauza ikusgarriak egin ahal dituztela. Pertsona oso arruntek gauza magikoak egin ditzakete. Uste dut hori dela nire borroka. Ez zaio esan behar inori zerbaitetarako ez duela balio edo zerbait ez duela ondo egiten. Inork galdetu ez badizu, zergatik bota behar duzu iritzia?

Orkestra sinfoniko batekin rapeatzen ibili zinen zu, non, eta Bilbao BBK Live jaialdian. Etxe honetako, Azkue Fundazioko, Banden Lehia irabazi zenuelako. Gainera, MTV dela-eta parte hartu duzu ere ekitaldietan. Zer iritzi duzu makrojaialdi horien inguruan?

Finantzazioa nondik atera dute? Hori izango litzateke galdera. Nork ordaindu du hori?

Imajinatzen dut MTVren kasuan kateak berak ordainduko zuela ez? Baina erakunde publikoak ere egongo ziren tarteko.

Kasu horretan, Bilbo aldean, turismoari begira edo beste hiri proiektu bat sustatu nahi dutela uste dut. Nire ustez, Bilbo landu behar da herri mailan, kultura mailan, enpresa mailan… Eta gero, nazioartekoak diren ekimenak ongietorriak dira, nire aburuz. Ezin duguna da nazioarteko ekimenetan esfortzu guztia jarri eta beste guztia alde batera utzi. Horrekin ez dut esan nahi beste alde batera utzi dutela. Ez dauzkat datuak. Baina emanaldi horiek egiteko egin beharko litzateke finantzazio publikoa, eta, denona bada, portzentaje bera eman beharko litzateke, kale kultura duinagoa eta osasuntsuagoa sortzeko. Hau da, baliabide ekonomikoak jende eta proiektu askori mirariak egiteko gaitasuna emango lioke.

Gustura nago solasaldian eta jarraituko nuke orduz eta orduz zurekin, baina amaitzen joan behar dugu. Ez dakit Aneguria kontziente den azkenaldian taula gainean, eta zuk urte asko daramatzazu, Euskal Herrian emakume asko irteten ari dela taula gainera. Eredu berriak sortzen ari zaretela uste dut. Zer uste duzu?

Nik uste dut bat-batean publikoa aukera ematen ari dela jende ezberdina ateratzeari. Estilo musikal ezberdinak onartzen ari da Euskal Herriko panorama musikala. Gure espektroa irekitzen ari garela uste dut. Pena bat da, duela hamabost urte izango balitz, seguru, ausartagoa izango nintzatekeelako. Zentsura gutxiago edukiko nuke. Baina oso pozik nago, uste dudalako garrantzitsua dela aldarrikatzea, agian, emakume gehiago daudela taula gainean, emakume gehiago daudelako aisialdian eta kontzertuetan. Hori oso garrantzitsua da. Zoritxarrez, uste dut nik, adibidez, gizon bat ikusten badut taula gainean nire berdin ikusten dudala, baina gizonek ez nautela euren berdin ikusten. Hori errealitatea dela uste dut, eta hezkuntza kontua da, oinarrizkoa. Oinarrian ez gaituzte pareko ikusten.

Asko dugu denok eredu teoriaren eta estereotipoen inguruan hausnartzeko. Nik, behintzat, gogoeta etxera eramango dut.

Teoria bat da, baina ni beti sentitu izan naiz pareko. Eta garai batean nik gizonezkoen arropa janzten nuen, haiek ni aintzat hartzeko. Agian, momentu hartan emakume gutxiago ere bazeudelako rap munduan. Agian, jendea ez dago oraindik ohituta neska batek gauzak hain zuzen esatera. Baina hori ezin dugu egun batean, bat-batean, aldatu…

Zenbat lan… eskerrik asko bihotzez.

Zuri.