Adela Ucar: “Kazetaritza onaren eta biralaren artean aukeratzeko ardura dugu”
Abenturazale amorratua da Adela Ucar kazetaria (Bilbo, 1980). La2 katean Reduce tu huella saioaren laugarren denboraldia estreinatuko du laster.
Laster, Reduce tu huella saioaren laugarren denboraldia estreinatuko duzue. Ezer berririk badakar?
Lau urteren ostean, egonkortu egin da formatua. Grabaketetan konturatu gara jendeak saioa ezagutzen duela eta gustuko duela. Ingurumenarekin loturiko gaiak, ekosistemen berreskuratzea eta tokietako monografikoak emaitza onak izan dituzten saioak izan dira beti. Laugarren denboraldian Valentzian jarriko dugu arreta, Europako Hiriburu Berdea izendatu berri dute eta. Gainera, Tajo ibaian eta Gata lurmuturrean saio bereziak egin ditugu. Gironako Cerdanya eskualdea ere bisitatuko dugu, ramadere edo ganadutegiak ezagutzeko. Ez dut gehiagorik aurreratuko, emozioa mantentzeko!
Eroso zaude saioan, ezta?
Ondo egokitu naiz eta saioa nire neurrira eginda dagoela uste dut. Umetatik errespetu handia erakutsi izan dut naturarekiko. Gainera, abenturazalea naiz, eta saio horretan zaldi gainean ibili naiz, urpekaritza egin dut eta eskalatzen ere ibili naiz. Hori maite dut. Nire lanarekin kontzientziazioan laguntzen dudala eta gure bizitza estiloa birpentsatu behar dugula pentsarazteak asko asetzen nau.
Planetari egiten diogun kalteaz gehiago jabetu zara saioa egin ahala?
Bai… Baina, era berean, etorkizuna hobea izan dadin zenbat jende ari den lanean ere ikusi izan dut. Inpaktu positiboa izaten ari diren ehunka proposamen ditugu inguruan, maila pertsonal eta kolektiboan. Hau hasiera besterik ez da. Gaur egun egiten ditugunak ikusita, hemendik urte batzuetara eskuak burura eramango ditugu, zer egiten ari garen damututa. Gizartea gero eta kontzientziatuago dago, eta erakundeak mugitzeko garaia heldu da. Ez dago atzera bueltarik.
Lehen aipatu duzu abenturazalea zarela. Odolean daramazu?
Bai, horixe. Txikitatik txunditu izan naute abenturek, bidaiek, esploratzaileek… Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi nuen, mundua zeharkatu nahi nuelako kultura eta erlijioei buruzko dokumentalak egin nahi nituelako. 33 urte bete nituenerako, 59 herrialde ezagutzen nituen. Orain gutxiago bidaiatzen dut, baina abenturazalea izaten jarraitzen dut. Esploratzeak, ezagutzeak eta nire konfort-gunetik irteteak betetzen nau.
21 días saioa mugarri izan da zure ibilbidean?
Oso saio gogorra izan zen, eta gerora etorri dena zor diot saio hari, hein handi baten. Oraindik hasiberri nintzen gauza askotan, eta profesionalki asko ikasi behar izan nuen mugaraino eramaten ninduten egoera askotan. Emakume indartsua eta ausarta naizela uste dut, baina zaurgarri ere bai. Hori saioan ikusi zela uste dut, eta, horrela, ikus-entzulea gehiago identifikatu ahal izan zen nire bizipenekin. Amore ematea bururatu zitzaidan behin baino gehiagotan, baina, gaur egun, momentu onekin geratzen naiz. Lantaldearekin bizi izan nuenak, gainera, gure arteko harremana asko indartu zuen.
Nola ikusten duzu kazetaritza sare sozialen, adimen artifizialaren eta fake news-en sasoi honetan?
Inoiz baino beharrezkoago. Gure errealitatetik urrun dauden historiak ezagutarazten dizkiguten kazetari handiak daude oraindik. Munduan gertatzen ari denaren jakitun izan behar dugu, eta, horretarako, gure ondorioak atera ahal izateko, kazetari onak behar ditugu. Etengabeko publikazio ur-jauzi horretan, kazetaritza arriskuan dago. Emozio handiak, biraltasuna eta zirrara bilatzen dituzten albisteak etengabe publikatzen dira gaur egun. Iritzien erradikalizazioak arduratzen nau, algoritmoei eta posizionamenduari begira lan egiten dutenak. Interes gehiegi daude tartean, eta, askotan, tranpan erortzen gara. Ikus-entzule moduan, kazetaritza onaren eta biralaren artean aukeratzeko ardura dugu.
Telebistako programazioan ezer igartzen duzu faltan?
Abenturako programak, bidaienak, kulturen gaineko dokumentalak… Bizitzeko beste modu batzuk badaudela aztertzen duten edukiak. Urte batzuk atzera egiten badugu, nahikotxo zeuden.
Ezagutzen ez dugun zaletasunik baduzu?
Urpekaritza eta snorkela betidanik gustatu izan zaizkit, baina azken bi urteetan apnearekin buru-belarri ari naiz. Ur azpian arnasketari eusteak sortzen didan askatasun sentsazioak liluratzen nau. Lasaitasunaren eta abenturaren arteko konbinazio ederra da. Gainera, lorategia dudanetik, lorezaintzan zaletzen hasi naiz!