Zuriñe Hidalgo: “Asko disfrutatzen dut saltsan sartuta”
ETB1, ETB3, Hesian, hamaika kausa sozial. Beti saltsarik saltsa. Eskerrak saltsan disfrutatzen duen. Gero eta gehiago, gainera, bere buruari akatsak permititzen ikasi duenetik. Horretan lagungarria izan zaio betaurreko moreak jartzea, pisutsuak direla jakinda ere.
Lehen galdera, atrebentziaz, pertsonal samarra: lo egiten al duzu?
Bai, lo egiten dut, eta nahiko ongi, gainera.
Zenbat ordu?
Segun eta garaia, baina zazpi ordu inguru. Zazpi, zortzi, gutxi gorabehera.
Orduan, zure egunak nireak baino ordu gehiago dauzka.
Batzuetan, eskatuko nizkioke egunari ordu gehiago, hobeto aprobetxatzeko, edo gauza gehiago egiteko, baina nahiko ondo antolatzen dut eguna. Batzuetan beste batzuetan baino hobeto.
Beraz, pertsona karratu samarra zara?
Pixka bat. Batzuetan. Bai. Gauzak planifikatzeko orduan bai naiz nahiko txun, txun, txun… Baina, beste zentzu batzuetan, ez naiz hain karratua.
Bestela, ezin iritsi: ETB1, ETB3, Hesian, beste hamaika saltsa… Gezurra dirudi.
Saltseroa naiz. Nahiko pertsona aktiboa naiz, eta horregatik iristen naiz. Disfrutatu egiten dut saltsan sartuta.
Pantailan, karteltxo batean, zure izen-abizenekin batera hitz bakarra jarri beharko bagenu zu definitzeko, zein hautatuko zenuke?
Agian, hori: saltsera.
Beste bat jainkosa izan zitekeen; izan ere, gure 10 urteko alabarentzat eta bere lagunentzat jainkosa zara. Lagunetako batek mezu bat eman dit zuretzako: “Esaiozu Zuriñeri bere idoloa naizela”.
Ze ona. Batzuetan beldurra ematen dit halako hitzak entzuteak haurren ahotan. Idoloa edo erreferentea zarela jakiteak errespetu pixka bat ematen dizu.
Zer moduz daramazu ardura hori?
Denborak erakutsi dit modu ezberdinak daudela hori kudeatzeko. Duela urte pare bat esango nizuke kontrolatuko nuela esaten nuen ia-ia guztia, edo nola jokatzen nuen, edo zer argitaratzen nuen [sare sozialetan]. Baina gero konturatu naiz ez garela bakarrik pertsonaiak. Erreferenteak gara, bai, baina guztiaren gainetik Zuriñe naiz, pertsona normala, naturala. Ni naizena naiz, eta jokatu behar dut ni naizen bezala. Lehen, agian, gehiegi pentsatzen nuen: “Hau argitaratzen badut, agian, sortu dezake ez dakit zer ondorio”. Egun, holakoa naiz eta batzuetan onerako izango da eta beste batzuetan ez hain onerako, baina saiatzen naiz modu naturalean eramaten eta bizitzen. Nire ustez, hori da inportanteena.
Irakaslea ere bazara. Ikuspuntu horretatik, zein nolako sozializazio erreferente iruditzen zaizkizu haurrentzat zu zeu aurkezle bezala, Goazen telesaileko pertsonaiak, Bagoaz saioko lehiakideak?
Kontuari bi ikuspuntutatik begiratu ahal diogu. Bat da musikala eta bestea da estereotipoei begira. Musikalean, uste dut halako saioak iristen direla haur askorengana. Guraso asko etorri zaizkit esanez: “Eskerrik asko, gure umeak euskal musika entzuten ari dira, eta ezagutzen ari dira kanta hau ez dela Goazen-ekoa, baizik eta Ken Zazpi-rena”. Agian, gurasoen papera hori da, esatea: “Hau moldaketa bat da, baina benetan badakizu norena den kantu hau?”.
Baina jatorrizkoa erakusten diegunean, askotan esaten digute ez zaiela gustatzen.
Guri gertatu zaigu, Hesian-en kantaren batekin. Baina alde musikal hori polita da: haur eta gazteek euskal musika entzuten dute, eta erreferente hori dute. Eta hori bultzatzen da. Gero, estereotipoen aldetik oraindik badago lan handia egiteko. Orokorrean, ez bakarrik Goazen moduko telesail batean, baizik eta orokorrean egun dauzkagun eredu guztiei begira. Nahiko kritiko izan behar dut: badago zer hobetzerik, eta asko, gainera. Poliki-poliki egiteko lana da. Bakoitzak ahal duen moduan jartzen du bere aletxoa. Nire paperarekin saiatzen naiz, baina oso objektiboa da: aurkezlea naiz, nire lana aurkeztea da, paso ematea… Ez naiz sartzen halako kontuetan. Baina badaude gauzak hobetzeko, eta horretan kaña sartu behar dugu apur bat.
Egurra eman eta gero, aitorpena. Nik badut zer eskertua horri guztiari: alabarekin autoan Gariren Esperantzara kondenatua kantatu ahal izatea, oihu batean.
Kuriosoa eta polita da garai bateko kantuak umeen ahotan ikustea.
Telebistaz eta haurrez ari gara: zu telebistan hazi zinen.
Bai; nahiko gazte hasi nintzen telebistan, esan behar nuen onerako eta txarrerako, baina esango nuke onerako izan zela.
10 urterekin hasi zinen ETB1eko Betizu saioan. Nolako prozesua izan zen kameren aitzinean haztearen hura?
Nik nahi nuen bakarra kantatzea zen. Ez nintzen oso kontziente non ari nintzen: kamerak hor ikusten nituen, eta gero telebistan agertzen ginen, baina ez nintzen oso kontziente. Hor lagun talde bat ginen, kantatzen eta ondo pasatzen, eta horrekin disfrutatzen nuen. Gero, kontzertuak ematen hasi ginen, eta hor bai ikusten genuen jendea nola etortzen zen kontzertuetara, autografoak, argazkiak… Beno, garai haietan, batez ere, autografoak, oraindik ez baitzegoen selfie-rik.
Gaztea zara, baina selfie-n aurrekoa, halere.
Hori da. Ikasteko oso etapa inportantea izan zen. Batez ere, pertsona bezala. Eta horrek asko balio izan zidan egun hau guztia ondo eramateko, lasai eta modu normalean.
Orain, zuen saioetan hori bera pasatzen ari diren haurrei, zer gomendatuko zenieke?
Zaila da. Ni oroitzen naiz nire amak esaten zidala: “Zuriñe, ikusten badugu bestelako Zuriñe bat bihurtzen zarela, akabo”. Eta nik esaten nion neure buruari: “Zer da beste Zuriñe bat bihurtzea?”. Ez nekien. Zer gomendio? Nik esango nieke familia eta betiko lagunak gertu edukitzeko. Gogoratzeko benetan nor zaren. Eta argi edukitzeko telebistan agertzea edo pertsonaia publiko bat izatea ez dela beste munduko zerbait, ez zarela gehiago, ez zarela inportanteagoa, pertsona normal bat zarela. Gaur hemen zaudela, eta bihar beste nonbait egon zaitezkeela, hau guztia pasako baita, eta egunen batean inor ez da zurekin gogoratuko. Horregatik mantendu behar dira familia eta benetako lagunak gertu. Benetakoak diot garai politetan lagun asko ateratzen direlako.
“Oholtzan neure buruari akatsak permititzen ikasi dut, eta oso ariketa askatzailea izan da”
Zuk ez zenituen ikasketak utzi.
Argi nuen bere momentuan Haur Hezkuntza ikasi nahi nuela. Horregatik ikasi nuen, eta badakit egunen batean irakaskuntzara itzuliko naizela. Oso gogoko dudan lanbidea da. Une honetan pilo bat ikasten ari naiz, eta esperientzia pilo bat bizitzen ari naiz, baina ez dakit noiz arte.
Haur lotsatia zinela esan duzu. Ez dakit sinetsi ala ez: jendaurrean ongi moldatzen zareten artista guztiok lotsatiak zaretela diozue.
Bada, oso lotsatia nintzen. Konfiantzan beti izan naiz saltsera, baina, bestela, lotsatia nintzen, eta neure buruarengan nahiko konfiantza gutxi nuen. Egun ere sentitu dezaket lotsa egoera batzuen aurrean, baina hazi egin naiz, ikasi egin dut lotsak gainetik kentzen. Telebistan hasi nintzenean, kameraren aurrean txiki-txiki egiten nintzen. Ongi egin nuela esaten zidatenean, ez nuen sinesten.
Orduan, honekin guztiarekin autoestimua tonaka irabazi duzu.
Gurasoak beldur ziren, notak jaitsiko ote ziren. Baina aldrebes gertatu zen. Telebistan hasi, motibazioak gora egin, eta notek ere gora egin zuten. Ordura arte, nota normalak izaten nituen: ongi, oso ongi, nahikoren bat, bikainen bat… Baina, bat-batean, dena oso ongi eta bikainak ziren. Gurasoak poz-pozik, eta ni zoriontsu. Bultzada handi bat eman zidan horrek guztiak.
Sare sozialetan jarraitzaile mordoa duzu. Ba al dakizu Instagramen zenbat dituzun?
ZH: Dezente.
17.000 inguru. Ikaragarria da.
Bai. Asko da. Batzuetan, ez naiz oso kontziente. Lagunek esaten didate: “Hau zintzilikatu duzu? Eta zenbat pertsonak ikusi dute”. Eta, agian, 6.000 pertsonak ikusi dute. Oso laguna dudan batek esaten dit: “Ni hil egingo nintzateke. Zer lotsa!”.
Zer ematen dizute sare sozialek?
Gauza askotarako erabil daitezke: alde batetik, izan ahal dira tresna bat, adibidez, taldearen promozioa egiteko, edo mezu iraultzaile bat zabaltzeko, badakizu tresna hori daukazula eta bozgorailua izan zaitezkeela; eta bestetik, pertsona bezala zerbait zintzilika dezakezu besterik gabe nahi duzulako, arrazoirik gabe. Bakoitzak kudeatzen ditu eta erabiltzen ditu nahi duen moduan. Niretzat, garrantzitsua izan da erabakitzea une bakoitzean nik nahi dudana jartzea. Askotan eskatzen dizute, eta askotan egiten duzu konpromisoagatik. Batzuetan, konpromiso horrek behar du, eta jarri nahi duzu. Baina iristen da une bat esaten duzuna: “Hau da nire espazioa, nik sortu dut, nik elikatu dut, eta zintzilikatuko dut nik nahi dudana”. Zalantza dudanean, eta hasten naizenean “zer pentsatuko dute argazki hau zintzilikatzen badut?”, hori pizten denean, orduan neure buruari esaten diot: “Orain zintzilikatu behar duzu, Zuriñe!”. Neure burua behartzen dut pixka bat, mozteko beldur horiek, aurreiritzi horiek guztiak.
Beraz, sare sozialetan TTAPen elkarrizketa Instagramen jartzeko eskatzen badizugu…
[Barrez ] Zintzilikatuko dut, jakina.
Zenbat urte daramatzazu Hesian taldean?
Zortzi urte.
Eta Hesian taldeak berak zenbat urte ditu, guztira?
Sortu eta lau urtera sartu nintzen ni.
Beraz, taldeak 12 urte ditu.
Hori da.
Eta disko berriari zein izen jarriko, eta Hasiera. Zergatik?
Esangura ezberdinak ditu hitzak; guretzako, behintzat. Badakit musikariok beti esaten dugula gauza bera: “Disko hau ezberdina izango da, aurrerapauso bat”. Baina egia da disko honekin prozesu ezberdin batetik pasa garela. Orain arte sekula ez dugu produktore batekin lan egin, eta disko honetan produktore batekin lan egin dugu, Juan Blasekin. Diskoak beti Euskal Herrian grabatu izan ditugu, eta, kasu honetan, Madrilera joan gara, eta nahasketak Katalunian egin ditugu. Beraz, prozesu hori ezberdina izan da, eta, gainera, estilo aldetik betiko esentzia mantendu dugu, baina, zentzu batzuetan, arriskatu egin dugu apur bat, eta apurtu egin dugu gauza batzuekin. Hesian-en beste aurpegi bat erakusten dugu diskoan. Hasiera zergatik? Bizitzak badauzkalako ziklo pilo bat, eta hau ziklo berri baten hasiera delako.
Sare sozialetan, sarri esaten duzu ziklikoa zarela. Zer esan nahi duzu horrekin?
Hori askotan aipatzen dut, azken urte honetan informazio asko bildu dudalako emakumezkoen ziklikotasunari buruz, hilerokoaren gaiari lotuta, eta baita ilargiarekin daukagun konexio horri begira ere. Emakume bezala gure gorputzarekiko oso kontzientzia gutxi daukagu. Hilerokoaren gaia ez digute azaldu: “Hilerokoa jaisten zaizu, edukitzen duzu X egun, eta kito”. Ez digute erakutsi gu ziklikoak garela, eta ziklo bakoitzean etapa ezberdinetatik pasatzen garela. Ez digute erakutsi etapa bakoitza bizitzen, kudeatzen. Askotan esaten digute: “Emakumeok zoratuta zaudete. Gaur pozik zaude, bihar negarrez”. Eta une batean esaten duzu: “Bada, bai, baina zergatik?”. Eta inork ez digu azaldu. Eta oso gai interesgarria iruditzen zait. Eta horregatik hasi naiz ikertzen, eta informazioa biltzen.
Hesian taldearen frontwoman-a zara. Oholtzan, zu zaude lehen lerroan. Esan izan duzu emakumea izatea gainzama dela zeregin horretan.
Orokorrean, emakume bat oholtzara igotzen denetik, epaitua izango da. Igual du frontwoman-a, bateria-jotzailea edo baxu-jotzailea den. Baina, agian, abeslariaren paperak badu ikusgarritasun handiagoa. Hor kargatzen duzu mila zamarekin. Batzuk zuk zeure buruari jartzen dizkiozu, eta besteak gizarteak jartzen dizkizu.
Eta emakumea izateagatik daramazun gainzama horretaz harago, zer ematen dizu oholtzara igotzeak?
Ze punka den horrela esatea. Emakumea izateagatik gainzama duzula. Ez nuke eraman beharko. Ez nuke nik neuk ipini beharko. Niri, oholtzak, edo oholtzak baino gehiago musikak, asko eman dit. Ikasketa prozesu bat izan da. Ez dut uste iritsiko naizenik une batean esatera “jada dena ikasi dut, jada dena gainditu dut, nire beldur eta muga denak apurtu ditut”. Hau poliki-poliki ikasten joaten zaren zerbait da. Asko ikasi dut, batez ere, neure buruarekiko, apurtu dut beldur pilo batekin. Oraindik falta zait, baina askatasun handia lortu dut mugitzeko nahi dudan bezala, esateko nahi dudana eta nahi dudan bezala, kantatzeko nahi dudan bezala, eta permititzeko neure buruari gaur oso ondo egingo dudala eta beste egunen batean ez hain ondo. Eta hain ondo egingo ez dudan horietan badakit epaitua izango naizela. Baina heltzea momentu hori eta esatea “igual zait” oso guai da, oso da. Lehen, ez nion neure buruari gaizki egitea onartzen, eta oso gaizki pasatzen nuen.Oso zorrotza nintzen, eta oraindik banaiz, baina ari naiz horretan, eta oso guai da. Agian, abesten ari naiz, eta gallo [kibo] bat ateratzen zait, eta esaten dut: “Gallo eta guzti!”. Mikrofonoaren aurrean gaitasuna edukitzea “gallo bat bota dut” esateko, lotsarik ez pasatzeko, zeure buruari permititzeko. Horrek lasaitasun handia eman dit.
Betaurreko moreak jantzi izanarekin badu loturarik ahalduntze horrek guztiak?
Garrantzitsua da betaurreko moreak jartzea, eta jakitea betaurrekoek ere badutela beren pisua, eta askotan sentituko zarela festa zapuztaile. “Badabil berriro Zuriñe kexaka honegatik edo bestearengatik”. Bada, bai. Lehen, agian, ez nuen ikusten edo ikusten nuen eta isildu egiten nintzen. Orain, hobeto ikusten dut, orain ez naiz isiltzen, eta batzuei gustatuko zaie eta beste batzuei ez. Baina egin behar da.
Elkarrizketa prestatzeko zure izena googleatu, eta saltsa sozial eta politiko andanan aurpegia jartzen ikusi zaitut. Zergatik?
Proposamen pilo bat heltzen dira, eta nik proposatzen didaten horretan sinesten badut, egin nahi dut. Gero, besteren batek esango dit: “Leku guztietan zaude”. Eta egia da, baina zer egin behar dut, ezetz esan? Ezetz esatea pilo bat kostatzen zait, hori egia da, baina, bestetik, esaten dut: “Bultzada behar dute”. Badakit beste artista askok hori mugatzen dutela, ez dutelako haien irudia erre nahi. Nik ere ez dut neure irudia erre nahi, eta ez dut inor aspertu nahi. Baina zergatik esango diot honi baietz eta beste horri ezetz?
Akaso, asertibitate ikastaro bat beharko zenuke ezetz esaten ikasteko. Edonola ere, gu pozik elkarrizketa honi baietz esan diozulako.