Zuhaitz Gurrutxaga: “Oholtzara, ahal bada, irabaztera ateratzen naiz”
Zuhaitz Gurrutxaga bakarrizketari, aurkezle eta futbolari ohiarekin FutbolisTOK ikuskizunaz, asaldura obsesibo-konpultsiboaz eta euskararen barre eragiteko eraginkortasunaz aritu gara hitz egiten, besteak beste.
Zuhaitz Gurrutxaga, ongi etorri TTAPera. Plazera da zu hemen izatea.
Eskerrik asko. Niretzat ere plazera da.
Orain dela urte batzuk, futbolari izateagatik zinen ezagun, baina, gaur egun, artista moduan ezagunagoa zara. Horrela da edo futbolaren itzala oso luzea da?
Aurreko batean, Twitterren norbaitek idatzi zuen: Zuhaitz Gurrutxaga futbolari bezala ezagutu duzu ala gaztea zara? Gazteek ez dakite futbolean jokatu nuenik ere, baina, agian, itzal hori ni ari naiz luzatzen, nahita. Futbolak jende asko engantxatzen du eta nik kontatu nahi ditudan gauza asko futbolaren istorioen bitartez kontatu ditzakedala uste dut. Gantxo ona da futbola.
Gazte zinenean lehen mailako futbolari izan zinen Realean, zure taldean. Amets bat bete zenuen.
Bai; txikia nintzenean Elgoibarko mendiko auzo hartan egunero aritzen nintzen baloiarekin futbolean. Telebistan Realekoak ikusten nituen, haiek ziren nire idoloak eta nire ametsa egun batean han egotea zen. Gero, gertatzen dena da amets hori ezagutzen duzunean beti ez dela hain goxoa eta hain ederra izaten. Amets hori gozatzea ez zen oso erraza izan, baina ametsa bete nuen.
Egun batetik bestera ezaguna ez izatetik oso ezaguna izatera pasa zinen. Nola kudeatzen da hori 19 urterekin?
19 urterekin egun batetik bestera pasa nintzen ezezaguna izatetik Gipuzkoan ezaguna izatera, eta hori kudeatzea ez zen erraza izan niretzat. Alde batetik, txaloak eta zorion mezuak politak ziren, baina gero, astero Gipuzkoa guztiak zu epaitzea –onerako edo txarrerako–… hori kudeatzea ez zen erraza izan.
Zer egin zitzaizun zailena?
Sentitzen duzun erantzukizuna. Hogei urte geroago dena erlatibizatzeko gai gara, baina 19 urterekin erantzukizun bat, presio bat sentitzen nuen eta gehien kostatu zitzaidana presio hori jasatea izan zen. Beti nintzen huts egiteko beldurrez, maila ez emateko beldurrez. Beldurrez zaudenean gozatzea ia ezinezkoa da, eta nik beldurrez bizi nuen futbol partida bakoitza.
Noiz hasi zen presioa?
Lehen egunetik, debutaren aurreko entrenamenduetatik. Azken finean, jokatuko nuela jakin nuenetik. Astebete lehenago, Tolosan jokatu nuen partida bat Hirugarren Mailan Realeko bigarren taldearekin 200 pertsonaren aurrean. Eta aste bat geroago, 30.000 pertsona zeuden Madrilen, Vicente Calderon zelaian, Atletico Madrilen aurka. Aste batetik bestera horrelako aldaketa jasatea zaila izan zen.
Komunikabideetan azaltzea, elkarrizketak ematea,…
Hori ere bai. Eta, batez ere, astero-astero epaitua izatea. Astero azterketa bat edukitzea Gipuzkoaren aurrean eta maila eman behar izatea. Lehen niretzat jokalariak idoloak ziren bezala, orduan ni nintzen idoloa.
Beti izan zara urduria?
Bai. Ez naiz sekula oso tipo lasaia izan. Aitortu behar dut jubeniletan, kadeteetan, haur-kategorian ere urduri sentitzen nintzela zelai barruan. Sekula ez dut irribarre batekin jokatu, inoiz ez. Irribarre batekin Ronaldiñok eta hauek jokatzen zuten, baina ni bezalakoek ez.
Ingurukoak pozez txoratzen egongo ziren eta zu barrutik…
Orduan ez nuen hitz egiten horrela gauza hauetaz. Jakin ere ez nuen jakingo gauza hauek nola esplikatu. Lagunentzat, kuadrillako bat telebistan ikustea beraien taldearekin jokatzen zerbait handia zen. Harro zeuden. Jakingo bazuten orduan ia-ia nahiago nuela aulkian egon jokatzen baino… harritu egingo ziratekeen.
“Norbere buruaz barre egiteak zoriontsuago egiten gaitu”
Eta faktura pasatzen hasi zen.
Bai. Ez dakit zuzen-zuzen handik etorri zen pairatzen hasi nintzen gaitz mentala: asaldura obsesibo-konpultsiboa –gazteleraz, TOC–. Inork ez dit diagnostikatu harengatik izan den edo ez, baina urteak pasa eta gero pentsatzen dut jasaten nuen presioak eta antsietate mailak eragina izan zutela.
Nola hasi zinen nabaritzen gaitza?
Jendeak esaten dizu: baina hori zer da, mania bat ala obsesioa? Mania bat izan daiteke partidu batera atera baino lehen urduri zaudelako aitaren egitea edo eraztuna musukatzea, horrek zortea ematen dizun ustetan. Urduritasunaren aurrean, nolabait, zaldiak lotu behar dituzu zerbaitekin. Berdin da agertokira igo baino lehen edo elkarrizketa bat egitera zoazenean. Normala da mania bat edo superstizio bat edukitzea. Baina nireak ez ziren maniak; nireak obsesioak ziren, eta ez partiduaren aurretik, baizik eta egunero eta ordu askotan zehar. Obsesioak eta konpultsioak, zehazki. Zerbaitek obsesionatzen zaitu: demagun atea itxi gabe dagoela pentsatzen duzula. Horrek obsesionatzen zaitu, antsietatea igotzen dizu eta antsietate hori jaisteko duzun aukera bakarra konpultsioa egitea da. Hau da, konpultsiboki, atea itxita dagoen begiratzea. Niri hori ez zitzaidan gertatzen partidaren aurretik soilik, baizik eta egunero kalean, etxean, zelaian… Ohartzen hasi nintzen gauza arraroak egiten hasi nintzela eta zerbait ez zegoela ondo.
Ez zenuen inoiz pentsatu futbola uztea?
Baina futbola nola utzi? Nola utzi horrelako lan bat, hain ongi ordaindua dena, zure ametsa izan dena? Nork ulertu dezake norbaitek futbola uztea, batez ere, Lehen Mailan? Gerora, Bigarren Mailan eta Bigarren B Mailan jokatu izan dut eta han ere futboletik bizitzeko aukera izan dut, lanordu gutxirekin, eta, gainera, kirola eginez. Horrelako lan bat uztea oso zaila da eta oso ausarta izan behar duzu. Ez dakit sekula planteatu ote nuen uztea. Argi nuen ezin zela utzi, nahiz eta horrek sufriarazi. Azkenean, 32-33 urterekin utzi nuen, gorputzak uzteko eskatu zidalako, ez buruak.
Futbolean hasi zinenetik 20 urte pasata, umorearen bidez aipatzen ari garen gai hau oholtzaren gainera eraman duzu. FutbolisTOK ikuskizunarekin zabiltza orain. Nola izan da ibilbide hau?
Mezu bat zabaldu nahi badut bakarrizketa honekin hauxe da: zer-nolako mesedea egiten duen norbere buruari barre egiteak eta norbere burua autoerridikulizatzeak. Baita horrelako egoera dramatiko batekin ere. TOCa duen pertsonaren obsesioak eta konpultsioak irrazionalak dira %90ean, absurdoak. Nik horri buruz txiste bat edo umorea egiten dudanean, konpultsio hori edo obsesio hori absurdoa dela ikusten laguntzen dit argiago. Niretzat bakarrizketa hau botika bat da, mesedegarria da. Eta hori erakutsi nahi diot publikoari. Norbere buruaz barre egiteak bizitza pixka bat zoriontsuago egiten du, eta pixka bat gutxiago sufritzen laguntzen du. Hori teorian eta praktikan erakutsi nahi dut eta bakarrizketa honek horretan laguntzen dit.
Buruko gaixotasunei buruzko tabuak apurtzen ari zara.
Bai, hala da. Futbolari nintzen garaian, bihurritu bat egiten nuenean medikuarengana edo entrenatzailearengana joaten nintzen. Baina nola esan asaldura mental bat zenuenik? Ezinezkoa zen. Egunerokoan ere jendeari kostatu egiten zaio hori azalaraztea. Bakarrizketa honekin gauza bat gertatu da. Ez zen inondik inora nire lehen intentzioa, baina jende askok idatzi dit pribatuan gaitz bera duela eta bakarrizketa oso lagungarri izan zaiola esanez. Mezu horiek jaso ditudanean benetan sentitzen dut bakarrizketa honek espero baino gehiago ematen didala. Arrakastarik handiena hori da niretzat.
Eta botika ona izaten ari da? Nola zaude une honetan?
Duela 15 urte baino %400 hobeto nago. TOCa daukan norbaitek badaki litekeena dela kronikoa izatea; beraz, harekin bizitzen ikasi behar duzu. Ni oso kontziente naiz obsesio edo konpultsio bat burutzen dudanean zertan ari naizen eta ez dela hori bidea, baina beti ez duzu lortzen ez egitea. Baina kontzientea banaiz.
Zelaira edo oholtzara igo aurretik baduzu maniarik?
Nik futbolean ez nuen konfiantza handirik nire buruarengan; beraz, urduritasunak eta beldurrak beti hor zeuden. Eta horien aurrean maniak edo superstizioak gehitzen ziren. Orain, umorista bezala neure buruarengan konfiantza handiagoa dut eta ez ditut behar hainbeste mania eta superstizio horiek. Futbolean zelaira ateratzen nintzen ez galtzera, eta orain, oholtzara ateratzen naiz, ahal bada, irabaztera.
“Beldurrez bizi nuen futbol partida bakoitza”
Oraingo Zuhaitzek futbolean gozatu egingo zuen, ezta?
Hala da, baina dena ezin da. Orain, 40 urterekin, beste era batera begiratzen diet gauzei eta erlatibizatzeko abilezia handiagoa dut. Baina 19 urteko haur bati zer eskatuko diozu? Ahal duena egiten du. Futbolariak errazki kritikatzen ditugu, baina 19, 20, edo 21 urteko gazteentzat ez da erraza hori kudeatzea. Diru asko irabaziko dute, baina ni 23 urterekin konturatu nintzen dirua ez zela dena. 23 urterekin depresioan murgilduta nengoen eta bi gauzaz ohartu nintzen: bat, neuzkan milaka euro horiek guztiek ezin zutela depresio hori konpondu: eta bi –are gogorragoa–, nire amak ezin zuela dena konpondu –ordura arte dena konpontzen baitzuen–. Futbolariek diru asko irabazten dute, bai, eta horrek laguntzen du zoriontsu izaten, baina dirua ez da dena. Ondo dago futbolariak kritikatzea, baina jarri gaitezen haien buruan ere.
Umorean ibilbidea egin duzu azken urteetan. Nolakoa izan zen hasiera?
Futbolari garaian gitarra ikasten hasi nintzen eta konturatu nintzen abesti batzuk egiteko gai nintzela. Kontzertu batzuk ematen hasi eta bertan abestien letrak azaltzen nituen eta ohartu nintzen jendeak arreta gehiago jartzen ziola kontatzen nuenari kantatzen nuenari baino. Pixkanaka, gero eta gutxiago abesten nuen eta gero eta gehiago hitz egin, eta horrela iritsi nintzen bakarrizketetara. Futbolista baten konfidentziak izeneko bakarrizketarekin hasi nintzen duela 7-8 urte, eta FutbolisTOK jarraipen bat litzateke.
Tartean, telebista sartu zen, musikaren bidetik.
Tumatxak izeneko musika saioa aurkezteko zortea izan nuen duela zortzi bat urte, eta gerora, urtero zerbait egiteko aukera izan dut telebistan; batez ere, Herri txiki, infernu handi saioa. Eta oso eskertua nago nigan konfiantza jarri duten guztiei.
Zer eman dizu Herri txiki-k? Zein da arrakastaren gakoa?
Opari handi bat izan da, eta benetako maitasuna eman dit. Nik beste era bateko maitasuna ezagutu dut, futbolari garaikoa. “Aupa Gurru! El puto amo!” esaten zidaten egun batean, eta hurrengoan munduko txarrena nintzen. Herri txiki-ko maitasuna jende helduarengandik dator. 80-85 urteko amona bat kalean etortzen zaizunean esanez: “Zuek ikusi gabe igandeetan ez noa ohera. Zenbat barre egiten dudan zuekin”. Badakit maitasun hori egiazkoa dela. Adin horrekin ez daude faltsukerietan ibiltzeko eta benetan sentitzen dute. Horrek ematen didan asetasuna benetan handia da.
Gakoa, beraz, autentikotasunean dago?
Formatua izatez daniarra da eta Katalunian ere arrakasta handia izan du. Beraz, hasteko, formatua bera oso ona da. Baina frontoian, herriaren aurrean erakusten ditugunean irudiak, horrek aldatzen du dena. Hori gabe, elkarrizketa programa bat izango litzateke, eta horrelakoak ehunka daude. Uste dut bigarren parte horrek asko gehitzen diola saio honi. Aurkitzen dugun jendea autentikoa da, umoretsua da eta lantalde guztiak lan egiten dugu ahalik eta umoretsuen agertu daitezen; betiere, errespetuz. Batzuetan, seguru aski, nahigabe –umoreak hori duelako–, eroriko ginen alde horretara. Hemendik barkamenak eskatu nahi nizkioke norbait gustura ez bada gelditu. Baina beti saiatzen gara errespetuz jokatzen eta gu –Mikel Pagadizabal eta biok–, gonbidatuak baino beherago jartzen saiatzen gara. Uste dut hori izan daitekeela arrakastaren gakoetako bat, gonbidatua beti goian uztea.
Bi aurkezleen arteko kimika ere bai, ezta?
Bai. Zazpi urte elkarrekin eta elkar jasaten dugu. Uste dut bi rol oso desberdin direla gureak, zorionez. Ez dugu bata bestea zapaltzen eta gure egoak ongi babestuta daude, zeloak eta inbidiak alde batetara utzita. Artisten munduan egoak kudeatzea ez da erraza eta ez litzateke samurra izango biok rol berdintsua izango bagenu. Zorionez, eguna eta gaua bezalakoak gara, eta horregatik uste dut konbinazioa polita dela.
Bakarrizketak euskaraz eta gaztelaniaz egiten dituzu. Oso desberdina da?
Duela 7-8 urteko bakarrizketa hartan erosoago sentitzen nintzen gaztelaniaz. Orain, erosoago eta askozaz gusturago sentitzen naiz euskaraz egitean, eta badu azalpen bat. Urte hauetan nire euskara maila hobetu egin da; batez ere, nire euskara batuaren maila. Erosoago sentitzen naiz euskara batuan hitz egiten, eta honek ere badu bere arrazoia. Nire bikotekidea baxenabartarra da, baigorriarra, eta orain berak oso ondo entendintzen dau Elgoibarko berbetia, eta nik biziki untsa konprenitzen dut Baigorriko mintzatzeko manera. Baina, hasiera batean, ez zen hain erraza, eta erdibide bat bilatu behar izan genuen, eta hori euskara batua izan zen. Ordura arte, euskara batua ez nuen nirea sentitzen –elgoibarrera bai–, ez nuen neure burua sinesgarri ikusten euskara batuan hitz egiten. Eta orain, euskara batua nire egunerokotasunera iritsi da eta zurekin euskara batuan ari naiz eta neure burua sinesten dut, lehen ez bezala. Une honetan, bakarrizketak euskaraz gaztelaniaz baino gehiago gozatzen ari naiz.
Gaztelaniaz umorea egitea errazagoa delako mitoa sinesten zenuen?
Nik hori uste nuen. Aitortuko dizut lehenengo gaztelaniaz idazten dudala eta txisteak ere gaztelaniaz testatu nahi izaten ditudala lehendabizi. Konplexu kontua izango da, baina nahiago izaten dut horrela egin. Gero, euskaraz idazten dut, nahiz eta desberdin idatzi. Uste nuen nik ere gaztelaniaz errazagoa zela barre eragitea, baina, zorionez, a zer-nolako zaplaztekoa hartu dudan azken urteetan. Euskara batuan barre eragitea posible da, eta ondo, gainera. Kendu ditzagun konplexu guztiak. Nik kendu ditut, kostatu zait nik neure buruari zaplaztekoa eman diodalako, baina, zorionez, euskara batuan barre eragin dezakegu, eta oso pozgarria da. Gozatu handia da; batez ere, nik ez nuelako uste. Euskarazko edukiek maila jaitsi egiten zutela uste nuen, eta orain ohartzen naiz ezetz. Momentu honetan FutbolisTOK ikustera badator norbait, uste dut euskarazko edukia koska bat gorago dagoela. Gonbidatzen dut jendea euskaraz ikustera, eta ezin badu, gaztelaniaz ikus dezala.
Saio batzuk oso ondo joaten dira, eta beste batzuetan…
Bakarrizketetan erantzukizuna zuretzat da, onerako eta txarrerako. Antzerkia egiteko aukera izan dut azken garai honetan eta han testua beste batek idatzi du, beste batek zuzendu du, beste bi aktore daude alboan eta erantzukizuna oso banatua dago. Poza ere txikiagoa da, baina porrotak ere banatzen dituzu. Bakarrizketa bat zuk idatzi, zuk zuzendu eta zuk taularatzen duzunean, txaloak hartzen dituzunean poza handia da, baina porrotak ere oso zureak dira eta kudeatzeko ere zailago dira. Baina zerbaitengatik egiten ditugu, ezta? Egun batean uste dut Euskal Herriko bakarrizketari onena naizela eta hurrengoan pentsatzen dut zer kristotan ari naizen. Eta horrela gabiltza, beti mendi errusiar horretan, baina berriro igotzen gara, maite dugulako.
Barre egin edo eginarazi, zer nahiago duzu?
Zoritxarrez, errazago egiten zait barre eragitea. Nahiago nuke barre gehiago egin, baina ez naiz barre errazekoa.
Zein da zure erreferentzia umore munduan?
Mikel Pagadi oso ona da inprobisatzen, eta etorri izugarria dauka. Bakarrizketari bezala Dave Chappelle aipatuko nuke. Izugarria iruditzen zait, oso-oso ona.
Eta zerk kentzen dizu umorea?
Topiko bat esango nizuke, eta orduan, ez dizut erantzungo.
Bakarrizketak, telebista, antzerkia… Zein aukeratuko zenuke?
Bakarrizketa, horrek betetzen nauelako gehien. Antzerkia dibertsio bat da. Neure burua ez dut aktore bezala ikusten, nahiz eta lan profesionaletan aritu. Dibertitu egiten naiz erantzukizuna oso banatuta dagoelako. Bakarrizketariarena ofizio eta lan bezala hartzen dut eta gozamenak ekartzen dizkit. Eta Herri txiki-k maitasuna eskaintzen dit, oso maitasun polita –jende helduarena–, eta hori mantendu egin nahiko nuke, gozada hutsa delako.
Betetzeke duzun ametsik baduzu?
Ametsa Realean jokatzea izan zen eta hori bete nuen, nahiz eta ez nuen guztiz gozatu. Orain ametsa denik ez nuke esango, baina film batean parte hartzea gustatuko litzaidake, estra bezala. Euskal Herrian zuzendari onak badaude eta prest egongo nintzakete cameo txiki bat egiteko, zinemaren mundua nolakoa den ikusteko.