Zozomikoteak

Javier Arrieta Idiakez

Arriskuaren gizarteaz mintza zitzaigun Ulrich Beck. Tamalez, arriskuak ezbehar bihurtzen zaizkigu. Badira ezagunak zaizkigun arriskuak. Are gehiago, horietako batzuek erator ditzaketen ezbeharrak aurreikus genitzake.

Horren adibide, ama lurra behar bezala ez zaintzearen ondorioak. Zientzialariek sarritan gogorarazten digute ama lurra artatu behar dugula. Ezin omen gara konfiatu, lasaitu.

Halatan, zozomikoteen istorioa baliagarri zaigu naturarekin olgetan ibiltzerik ez dagoela ulertzeko. Txarrak izan bide dira apirileko lehenengo bi egunak. Zozomikoteak deritze horiei. Esaera zahar batek ere argi dio: Zozomikote-egunak, tristeak eta ilunak.

Agidanez, zozo-bikote-tik dator izen hori, zozo-bikoteak sasoi horretan hasten direlako parekatzen. Behinola, zezen batek desafio egin ei zion Martxoari, esanez ez zela negua, ezta udaberria ere, eta inoiz ez zuela mendean hartuko.

Martxoa, halakoak entzunda, zeharo haserretu zen. Atoan, elurra mara-mara hasi zen, baso eta zelaiak zurituz. Baina zezena babesean jarri zen, arta handi baten azpian. Martxoa aurrera zihoan, eta zezenak jateko gero eta belar gutxiago zuen. Alabaina, Martxoa laster amaituko zela eta, lasai zegoen animalia, garaile aterako zelakoan. Baina Martxoak laguntza eskatu zion Apirilari, esanez: “Apiril, Apiriltxo, eman iezazkidazu bi egun, eta nire asmoak beteko ditut”. Bai eta Apirilak egunok eman ere. Martxoak ekaitza gogortu zuen orduan, sekula ikusi gabeko tximista, eurite eta txingorradekin. Horrelaxe akabatu zuen zezena. •