Zirtzilu: Kolorea eta sormena
Orain dela urtebete sortu zuen Ane Muñozek Zirtzilu proiektua. Hasieran, kontsumo propiorako hasi zen belarritakoak sortzen, baina, gutxinaka, baita familiakoei eta lagunei ere. Gerora, azoka batean parte hartzeko gonbidapena izan zuen, eta, hala, hartu zuen indarra proiektuak.
AZOKETAN BARRENA
Etxeko epeltasunean abiarazitako proiektuak azoka batean parte hartzeko gonbidapena jaso zuenean hartu zuen indarra. Urduri jarri zuen proposamenak Muñoz, eta lagunekin joan zen azokara. Beldurrak alde batera utzita, azokaz azoka dabil orain eskuz egindako belarritako koloretsuak herritarrei gerturatuz. Hori bai, azoka guztietatik kuttunena Ugao herrikoa du.



