Ziortza Isasi: “Nire gorputzak geratzea eskatzen dit”


Urte oparoak izan ditu Ziortza Isasi txirrindulariak (Elorrio, 1995), batez ere, pistako ziklismoan. Aurten, lesioek baldintzatutako bi denboraldiren ostean, bizikleta uzteko zorian dago Elorriokoa.
2026a inflexio puntu bat da zuretzat, ezta?
Bai. Txirrindularitza uzteko zorian nago. Oraindik ez naiz lehiatu, eta ez dakit gehiago egingo dudan… Lizentzia badut, baina beste modu batera hartzen nabil nire kirol bizitza. Nik uste dut erabakia hartuta dudala, nahiz eta ez adierazi ozenki. Gorputzari entzun egin behar diogu. Nire gorputzak geratzea eskatzen dit. Azkeneko lepauztai-haustura hezur-nekeagatik gertatu zitzaidan. Gogorra da, baina gauzak horrela direla onartu behar da.
Eragina izan dute azken bi denboraldiek? Lesioekin ez duzu ziklismoaz gozatu 2024tik…
2022an apurtu nuen lehenengoz lepauztaia, eta, 2024ra arte, guztira, beste lau aldiz apurtu dut. Hori izan da aurten kirola beste modu batera hartzeko arrazoirik handiena, bai.
Batez ere pistan ibili izan zara, Ziortza. Zuretzat bi errealitate ezberdin izan dira pista eta errepidea?
Beti esan izan dut ez nukeela bata bestea barik egingo. Oso ondo moldatu naiz bietan, eta Europako Txapelketan eta Munduko Txapelketan aritu izan naiz bi modalitateetan. Modalitate batetik bestera pasatzea deskonektatzeko modu bat ere izan da.
Pistan dauden modalitate ezberdinak ez dira horren ezagunak. Espainiako txapelduna hirutan izan zara bakarkako jazarpenean, eta, scratch proban, bi aldiz jantzi duzu zilarra. Nola heltzen dira txirrindulariak pistan lehiatzera?
Zorte handia izan dut, txikitatik, Elorriotik oso gertu, Berrizen, belodromoa izan dugulako; eta egia da, hasi nintzenean, Cespa taldea zegoela, eta Espainia mailan pistako onenak egoten zirela bertan. Cespa taldea nire etxea izan da urte luzez, gazte-gaztetatik oso ondo hartu ninduten eta oso gustura egon izan naiz.
Zein da zure proba gogokoena pistan?
Beti gustatu izan zait nire buruaren kontra lehiatzea, eta, horregatik, bakarkako jazarpena da nire gustukoena; baita puntuazio-proba ere. 100 bira ematen zaizkio belodromoari, eta, 10 bueltako, esprinta egiten da. Oso dibertigarria da.
Zein izan da gehien kosta izan zaizun lasterketa edo lehiatu izan zaren probarik gogorrena?
Orokorrean, lasterketa edo proba guztietan maila mantentzea izan da niretzat gogorrena. Munduko onenekin lehiatzeko, maila oso altuan egon behar zara. Esfortzu handia dakar horrek, eta, gainera, ni nahiko handia naiz. Baina nik beti izan dut argi zer nolako txirrindularia naizen, beti izan naiz besteentzat lan egiten duten horietakoa. Eta, horregatik, agian, ez dugu besteek bezain besteko presiorik. Zuk zure lana ondo egiten duzun bitartean, berdin dio etapa aurrean bukatzen duzun edo ez. Liderrari laguntzea izan da nire egitekoa.
Nabaritzen duzu emakumeen txirrindularitzan profesionaltasunerantz ematen ari den trantsizioa?
Duela hamar urtetatik hona sekulako aldaketa egon da. Bidea egiteko dago oraindik, eta asko falta da, baina pauso oso garrantzitsuak eman dira. Emakumeon txirrindularitzarako, eta, orokorrean, kirol mundurako, oso bilakaera garrantzitsua izaten ari da.
Beste kirol batzuk ere probatu izan dituzu azkenaldian, ezta?
Bai. Egia da oso kirolzalea naizela, eta, txirrindularitzan horrenbeste urte igarota, beste estimulu batzuk behar ditut: korrika egitea, crossfit-a… Kirola egin barik ezin naiz bizi.
Errugbizalea ere bazara…
Ez dut jolasten lepauztaiak gaizki ditudalako, baina, bestela, probatuko nuke. Nire etxean beti izan dira errugbizaleak. Aita entrenatzailea izan zen, koinatua jokalaria, ilobak jokatzen du gaur egun… Errugbi grina egon da etxean beti.