Zihara Enbeita: “Ia denetik egin dut bertsolaritzan”
Zihara Enbeitaren bizitza estuki lotuta dago bertsolaritzari eta kazetaritzari. Besteak beste, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako gai-jartzaile taldean egiten ari diren lanaz, oholtza gaineko esperientziaz ea komunikazioaz hitz egin dugu berarekin.
Zihara Enbeita, plazer handia da zu hemen izatea. Ongi etorri!
Niretzat ere plazer bat da, baina apur bat lekuz kanpo sentitzen naiz gaur…
Enbeita zara, eta horrek badu itzala Euskal Herrian. Txikitatik bertsolaritzara lotuta egon zarela esan dezakegu, baina zein da bertsolaritzarekin duzun lehenengo oroitzapena?
Egia esan, ez dakit. Familian betidanik egon da bertsoa hor. Ikastolan ere zortea izan genuen eta irakasle bertsozaleak eta kantuzaleak izan genituen. Bertso zahar asko ikasi genituen, bertsotan aritzen ginen eta Lopategirekin ere ibili nintzen. Esango nuke era batera edo bestera bertsoarekin lotuta egon naizela txikitatik. Beraz, ez dakit esaten zein den lehen oroitzapena.
Aitak ere zure bertsolaritzarako zaletasuna akuilatuko zuen…
ZIHARA: Garai batean, aita asko ibili zen bertsotan. Nik, batez be, txapelketetako urduritasuna edo aitaren eskutik lotsa-lotsa eginda puntako bertsolariengana joatea gogoratzen dut. Gero, ahizparekin ere, Oihanerekin, aurrera eta atzera ibili nintzen… normalean, itzaletan.
Bertso-eskolan ibili zinela esan duzu. Etxeko zaletasuna ez da nahikoa bertsotan ikasteko orduan; ikastea komeni da, ezta?
Muxikako bertso-eskola familiakoa zen: aitaren, osabaren eta Muxikako beste batzuen artean eramaten zuten eta hantxe elkartzen ginen lehengusu pila bat ere. Horretaz gain, Lopategirekin ere ikasi genuen enbeitatar batzuek, eta bestelakoa zen. Bizkaiko beste bertsolari batzuekin egiten genituen barnetegiak, eta gogoan dut Amurizarekin ere klase batzuk eman genituela. Berezkoa egongo den edo ez ez dakit, baina egia da bertsotan ikasi egiten dela. Eta bertsolaritzan zerbait argi geratu baldin bada, hori da: ez dela bertsolari jaio behar, bertsolari egin litekeela. Gero, egia da bakoitzak bere abilidadeak dituela, baina beste edozein gauzatan moduan.
Irakasle kuttunik izan duzu?
Ni beti izan naiz lotsatia eta oso urduria, eta gogoan dut Lopategiren obsesioa ni geldirik egotea zela. Baina irakasle kuttunik ez dut izan. Egia da ere irakasle guztiak gizonezkoak zirela. Beharbada, momentuan ez zara konturatzen, baina gerora begiratzen duzu eta guretzat bertsotan egitea paparra ateratzea zen… Lopategirekin ondo egon naiz, familian ere bai, baina besteen gainetik dagoen inor ez dut izan.
Bertso-eskolatik oholtzan abesten hasi zinen.
Batez ere, eskolarteko idatzizko sariketetan hasi nintzen, baina, behin, Lopategi etorri eta “Zihara, zu bat-batean” esan zidan. Hau da, idatzizko txapelketara joan eta agertoki gainean nengoen! 1998-2000. urtera arte aritu nintzen bat-batean: 1998ko txapelketan eta ondoren, Txapel bete bertso izeneko tabernetako zirkuituan.
Eta zergatik ez zenuen jarraitu?
Galdera hau egin didate beste batzuetan, baina esango nuke ez dela gauza bakarra izan. Batetik, lehen esan dut, beti izan naiz oso lotsatia –nahiz eta oso lagunartekoa izan–, beti lotsa puntua izan dut. Bestetik, autoestimu kontuak; badakigu nerabezaroa zer den, bestea baino gutxiago sentitze hori… Eta bestetik, Enbeita naiz eta familia oso bertsozalekoa, nire ingurua ez da sekulan bertsozalea izan. Zure inguru hurbila ez bada bertsozalea, horrek ere eragina du. Denaren nahasketa izan da. Bestetik, ez dut izan bertso moduan lagun-kide adinekorik; lagunak bai, baina konplizitaterik inorekin ez. Dena batera doala uste dut.
“Une honetan nahiago dut komunikazioaren mundua”
Urduritasunak, beraz, zerikusirik izan zuen erabakian?
Bai. Bat-batekoa uzteko erabakia hartu nuenean, norbaiti esan nion: “Erabaki hau nire onerako da eta ni entzuten egoten direnen onerako ere bai”. Badakit jende askok sufritu duela ni entzunda. Agertokira heldu, urduri, autoestimu faltarekin… Txikitu egiten zara, eta, azkenean, urduritasun hori transmititu egiten duzu. Gaur da eguna bertso saio batera joaten naizenean eta norbait urduri ikusten dudanean nik pasatzen dudala txarto; neure burua ikusten dudalako. Nirekin jende askok txarto pasatu du. Batzuek esan didate eta beste batzuek ez dute esan, baina badakit baietz.
Ez da hain erraza, ezta?
Ez, baina lasaitasun handiegia ere ez da ona. Tentsio puntu bat edukitzea ona da.
Bertsolaritzaren orbitan jarraitu izan duzu hainbat lan egiten. Adibidez, orain gai-jartzaile taldeko kide zara atzeratu den Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Nola antolatzen duzue lana?
Hitzetik hortzera-ko aurkezle eta elkarteko lehendakaritza kenduta, uste dut denetik egin dudala bertsolaritzan! Hau niretzat hirugarren Bizkaiko Txapelketa izango da. Normalean, udaberrian sailkapen fasea egiten da –garai batean, eskualdeko txapelketak egiten ziren– eta hortik aukeratzen dira udazkenean nortzuek abestuko duten txapelketan. Aurten, udaberriko saio hori irailean egin da, eta, normalean, gai-jartzaile taldea nahiko arinago hasten gara lanean. Guk, lehenengo eta behin, zer lan dagoen egiteko ikusten dugu, taldea osatzen da eta apurka-apurka gaien poltsa bat sortzen hasten gara bakarka. Guk badakigu beharko ditugula zortziko nagusirako hainbat gai, zortziko txikirako beste hainbat, eta heltzen da momentu bat astero biltzen hasten garela. Poltsa horretatik aukeraketa bat egiten dugu; zerk balio duen, zerk ez duen balio… Gaiei beste buelta bat ematen diegu, findu egiten ditugu. Aukeratutako poltsa horri ere beste galbahe bat pasatzen diogu eta hasten gara dagokion saioan jartzen. Saio horretan ere taula bat egiten dugu, batez ere, gai antzekoak ez errepikatzeko edo bertsolari bati gai antzekoak ez emateko. Egia da adosten dela, adibidez, zortziko nagusian biak rol berean jarriko ditugun eta egoera jakin batean abesten, edo rol kontrajarrietan. Azkenean, asteroko bilerak izaten dira, baina aurten pandemiak harrapatu gaitu eta apur bat arraroa izan da. Alde batetik, ezin izan dugulako bildu, eta, horretaz gain, pandemiak sormena kamustu didalako.
Kalkulatu duzue zenbat gai proposatzen dituzuen txapelketa batean?
Ez, baina asko dira. Azkenean, sailkapen fasean saio asko izaten dira: bost kanporaketa, hiru finalaurreko, finala… bider bertsolariak. Bakarrekoak, puntu erantzunak… Lan handia da, eta batzuetan gertatu izan da talde berberak eskolarteko gaiak edo BBK sariketa prestatu behar izatea. Baina egia da urte bakoitzean joera batzuk egoten direla gai aldetik ere. Adibidez, duela urte bi oso gai sozialak izan ziren. Gai-jartzaile talde bakoitzak ere bere izaera du.
Zeren arabera aukeratzen da gai bat?
Nik uste nuen banekiela zer zen gai-jartzailetza, baina 2016ra arte ez dut benetan jakin zer den. Azkenean, ez da bakarrik gaia jartzea, formulazioa ere oso garrantzitsua da. Formulazio horretan gauza asko hartzen dira kontuan. Askotan, gaia ez da berria, aldatzen dena ikuspuntua da. Gai hau jartzen badugu, bertsolariek nondik joko dute? Gainera, betaurreko moreak jantzita eduki behar dituzu gaiak jartzerakoan, eta bestelako gauza asko ikusi behar dituzu. Batzuetan, gai bat azaleratu nahi izaten dugu eta bueltak ematen hasten gara horren inguruan, eta konturatzen zara ezin duzula gai hori jarri, ez garelako prest gai hori egoki formulatzeko. Edo gai bat formulatzen duzu helburu batekin, baina segun eta ze bertsolarik hartzen duen, lortu nahi duzun kontrakoa lortzen duzu. Oso hari finekin lanean zabiltza beti, oreka mantentzen, zein herritan abestuko den… Talde bakoitzak estilo bat dauka eta, berez, ez dago ezer horretaz idatzita.
“Pandemiak sormena kamustu dit”
Azken urte hauetan ba al dago joera bat gai zabalak proposatzeko?
Fasearen araberakoa dela esango nuke. Ez dira berdinak sailkapen fase bateko gaiak, Bizkaiko txapelketakoak edo Euskal Herriko txapelketakoak. Ez da berdina kartzelako gai bat edo bakarkako gai bat. Ez da berdina bi bertso abestu behar diren edo hiru edo helduleku gutxiago edo gehiago behar diren. Egia da kartzelako gai bat zabalagoa dela; bestela, zortzi bertsolariek berdina abestuko lukete eta. Ez dakit esaten. Txapelketan nabil ni, baina gai-jartzaile jardun horretan, plazaz plazako egunerokotasunean ez nabil hainbeste eta ez dakit esaten. Egia da gai bakoitzari buelta asko ematen dizkiogula. Bilerak asko luzatzen zaizkigu!
Zer garrantzi du gai-jartzaileak bertso saio batean?
Nik uste dut batzuetan ez zaiola eman behar zuen garrantzia. Ez dakit neurtzen, baina badu garrantzia. Adibidez, plazako saio batean gai-jartzailea laguntza izan daiteke, edo izan daiteke traba. Beti esaten da bertsolari on batentzat ez dagoela gai txarrik, baina egia da gai-jartzaileak baldintzatu ahal duela eta bere lana ere aitortu egin behar dela.
Ez da berdina izango gaiak bakarka edo taldean jartzea…
Bai. Nik gai-jartzaile bezala bakarka lantzean behin egiten dut, normalean, baina egia da ezberdina dela. Ardura handiagoa duzu bakarka egiten duzunean, pisu handia da. Taldean egiten duzunean, ardura konpartitzen da, baina, hori baino gehiago, talde lana aberasgarriagoa dela iruditzen zait. Zuk gai bat ematen duzu eta ondokoak beste era batera ikusten du eta gauza askotaz konturatzen zara, gauza asko automatiko egiten ditugulako. Taldean lan eginda, hari solteak lotzeko errazagoa da.
Gai-jartzaile eskolarik egon beharko luke?
Eskolarik ez dago. Egia da Bizkaian azken urteetan gai-jartzaile eta epaileentzat formakuntzak egiten direla, baina eskolarik ez dago. Bertso-eskoletan egon beharko luketela uste dut, ez bakarrik bertsolariak sortzeko, baizik eta gai-jartzaile eta epaileak sortzeko ere. Orokorrean, bertsozaleak sortzeko lekua izan beharko lukete bertso-eskolek.
Kazetaritza ikasi zenuen eta, besteak beste, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako komunikazio-arduradun eta prentsa-bulegoko kide ere izan zara. Zer-nolako ibilbidea izan da alor honetan?
Berez, kazetaria naiz eta horrela lan egin dut bertsolaritzan ere. Hau da, kazetari moduan jarraitu izan ditut bertso txapelketak. Borondatezko lanak egiten nituen zuzendaritzan eta komunikazio taldean, baina une batean elkarteak erabaki zuen komunikazio postu bat ateratzea, eta hor sartu nintzen. Hasieran, oso kazetari ikuspuntuarekin hasi nintzen lanean, baina, apurka, konturatu nintzen kazetari lanak eta komunikazio lanak ez direla berdinak. Komunikazioaren munduan murgiltzen hasi nintzen. Aurretik UEUren prentsa-bulegoan ibilia nintzen, Korrikan ere bai… Komunikazio-arduraduna izan arren, taldean lan egiten genuen hor ere. Gustatzen zitzaidala konturatu nintzen, eta, lanpostua beste kontu batzuengatik utzi behar izan nuenean, formatu egin behar nuela erabaki nuen. Oso teknofiloa izan naiz eta, batez ere, sare sozialetan eta community manager bezala formatu naiz. Zortea izan dut eta UEUn ere komunikazio lanetan nabil azkenaldian, eta egia da, oso gustura nago. Gerora konturatzen zara egiten duzun lan guztia, hau da, gaiak jartzea, idaztea… dena dela komunikazioa eta bizitza guztia horretara bideratuta egon dela. Kazetari lana ez dakit faltan sumatzen dudan; beno, batzuetan bai, pentsatzen dut elkarrizketa bat edo beste gustura egingo niokeela, baina une honetan nahiago dut komunikazioaren mundua.
Ibilbide luze horretan guztian zehar anekdota bat baino gehiago gertatuko zitzaizun…
Noski. Bizkaiko Foru Aldundiko lehen txapelketako prentsaurrekoa eman nuenekoa gogoan dut. Komunikazio-arduraduna nintzen, baina borondatezkoa. Prentsaurrekoa euskaraz bukatu nuenean, kazetari batek erdaraz errepikatzeko esan zuen, eta nik ezin! Bertsoa da kontu bat nik, behintzat, sekulan ez dudana pentsatu gazteleraz. Egia da, gainera, 24 orduz euskaraz bizi bazara zaila egiten dela, baina bertsoaren kasuan, zailagoa. Oso gaizki pasa nuen eta gogoan dut kazetari bat azken lerroan barreari eutsi ezinik zegoela. Gai-jartzaile bezala, berriz, badut mania txiki bat. Txapelketan gero eta gehiago bigarren abizena erabiltzen da aurkezpenerako, eta zozketa egin ondoren gidoian izen guztiak ondo jarri arte ez naiz lasaitzen. Behin, ez nuen bertsolari baten bigarren abizena topatzen, eta dena joan zen hankaz gora. Beste batean, pertsona biren izenak nahastu nituen. Oso izen desberdinak eta oso pertsona desberdinak ziren!
Bizkaiko aurtengo txapelketa atzeratu behar izan da 2021era. Faboritorik baduzu?
Momentu honetan ez, egia esan.
Harrobia nola dago?
Egia da plazaz plazakoa ez dudala hainbeste jarraitzen, baina udazkeneko fase honetan ikusi dut gazteak gogor datozela. Emakumezkoak, batez ere.
Noizbait ikusiko zaitugu berriro bat-batean?
Ezetz esango nuke. Lehen aipatu dut lehen agertokiak txiki egiten ninduela, baina egia da ere azken urteotan oholtzan hazi egiten naizela. Hau da, orain, mikrofonoa hartzea gustatu egiten zait. Baina bertsoarena ez dut faltan sumatzen. Nahiago dut aurkezpen lanak edo bestelako lanak egin. Bertsoa beti hor dago, eta, nahiz eta aktiboan ez egon, beti dago norbait bertso eske datorrena. Ez dakit zenbat erretiro, ezkontza, heriotza, eta abarretarako bertsoak idatzi ditudan! Baina, momentuz, bat-batekoan, ez.