Zihara Arrasate: “Batzuetan gehiegi kritikatzen ditugu sare sozialak”

Sare sozialetan ezaguna da Zihara Arrasate. Ongizateari, norbere burua zaintzeari eta kirolari buruzko edukiak sortzen ditu, eta, egunez egun, geroz eta jarraitzaile gehiago ditu. Irakasle lana utzi zuen ekintzaile bihurtzeko, eta hainbat proiektu bultzatu ditu. Emakumeen topaketak antolatzen ditu Ohazi proiektuaren bitartez, Mungiako Guda crossfit box-eko sortzaileetako bat ere bada eta zelulak gaztetzea helburu duen proiektu baten ere badabil buru-belarri. Argi diosku sare sozialak ez direla bere helburua, bere proiektuak aurrera eramateko tresna bat baizik.
Zihara Arrasate, ongi etorri TTAPera!
Eskerrik asko!
Askok sare sozialetatik ezagutuko zaituzte. Badakit influencer hitza ez zaizula gustatzen. Nola definituko zenuke zure lana?
Egia da influencer-arena, labur gelditzen dela uste dudalako. Edukia sortzen dut eta markekin lan egiten dut. Gainera, heldu da momentu bat zeinetan neure balioekin bat datozen edo nik aukeratzen ditudan markekin egiten dudan lan. Baina hortik kanpo beste proiektu batzuk ditut, paraleloan, pertsonalak direnak.
Beraz, sare sozialak zati bat baino ez dira.
Zati bat. Ez dira helburua, baina bidea egiten laguntzen didate. Tresna bat dira.
Eta nola iritsi zinen sare sozialetara?
Oso era naturalean hasi zen dena. Orain faltan botatzen dut naturaltasun edo flow hori. Orain, bideo bat bederatzietan igotzea komenigarriagoa da, edo lehenengo hiru segundoetan norbait harrapatu nahi baduzu hasieran bota behar duzu zerbait pertsona hori bideoa ikusten gera dadin. Asko pentsatu behar da; lehen, naturalagoa zen.
Sare sozialetan hasi zinenean, ez zinen hasi pentsatuz hortik biziko zinela, ezta?
Ez, ez.
Zure kontu pertsonala ireki zenuen, eta hortik etorri da?
Hori da. Izan zen era naturalean partekatzea egunerokotasuna. Nire bizitzaren parte bat agertzen da, azkenean: kirola, ongizatearen inguruko tip batzuk, niri zerk egiten didan ondo… Etxeko kontuak eta dekorazioa ere gustuko ditut, gero amatasuna etorri zen, eta horren inguruan ere sortu zen nitxo bat.
Komunitate hori hazten joan da. 33.000 jarraitzaile baino gehiago dituzu. Erraz esaten da!
Erraz esaten da. Gero, hasten zara pentsatzen eta: “Ene, Gernika bi bider!” Baina komunitate polita da sortu dena.
Asko zaintzen duzu edukia. Esan duzu: ongizatea, kirola… Horiek dira zure lehentasuna.
Bai, bizitza estilo osasuntsu baten ingurukoa da dena. Lifestyle.
Bai, lifestyle, wellness…
Aita pilotaria izan zen, Ameriketan bizi izan ginen eta etxean ingelesa da bigarren hizkuntza, gaztelaniaren aurretik. Orduan, asko jotzen dut ingeleseko hitzetara.
Eta nolakoa da zure egunerokoa? Imajinatzen dut errutina ezberdinak izango dituzula, baina edukia sortzen duzun egun bat nolakoa da?
Asko aldatu da nire bizitza. Publizitatean eta Harreman Publikoetan lizentziatu nintzen lehenengo, gero Irakasle ikasketak egin nituen, eta bietan egin dut lan, Londresen eta Miamin. Hona etorri nintzenean, irakaskuntzan ibili nintzen, eta ELA izeneko gaixotasun bat agertu zen etxean, eta amatasuna ere bai. Eta horrek ondo pentsatzera eraman ninduen: “Edukia sortzeari eta beste gauza batzuei denbora gehiago emango diet, eta ordutegi finkoa duen lan bat albo batera utziko dut, momentuz, etapa honetan”. Eta agenda antolatzen nuen: “Gaur Ohazi proiektuko gauzak egingo ditut, martitzenean egingo ditut Guda proiektuko gauzak, eguaztenean grabatu egingo dut…”. Baina nahasten hasi nintzen, eta egun bakoitzean hasi naiz sartzen denetarik apur bat. Astelehena grabaketa eguna izaten da, eguaztena edizioarena, eta barikuetan antolatzen dut zer nahi dudan grabatu hurrengo astean. Horrelaxe nabil.
“Ados nago sare sozialak arautzearekin; 16 urtetik gora jarriko nuke muga”
Beraz, den-dena ondo antolatuta.
Bai.
Behar da planifikazio bat edukia sortzeko orduan?
Bai. Badago oso natural irteten den edukia ere, baina zerbait antolatuta izateak niri asko laguntzen dit. Amatasunak ere eraman nau horra heltzera. Lehen, agian, ez nuen horren antolatuta izaten.
Lehen, edozein ordutan egin zenezakeen, eta, orain, antolatu behar duzu noiz egin, denera iristeko.
Hori da.
Esan duzu markekin egiten duzula lan. Hori nola izaten da?
Normalean, markek kontaktatzen dute zurekin; eta markaren bat gustuko badut, proposamena ere bidaltzen dut. Egia da agentzia bidez egitea agian errazagoa izan daitekeela, beraiek egiten dutelako lan hori. Baina orain arte ez dut egin inoiz agentziekin lan. Beraz, proposamena gustukoa bada, onartzen da, edo filosofia horren barruan badago.
Dena onartzen duzu ala oso argi daukazu zer bai eta zer ez?
Oso argi daukat. Behin, oso proposamen potentea iritsi zitzaidan. Beroki batzuena zen, baina animalien larrua eta lumak erabiltzen zituzten, eta ez zegoen nire filosofiarekin lotuta. Gainera, zezenketen munduarekin lotuta egon zen enpresa. Orduan, nahiz eta oso proposamen potentea izan, ezezkoa eman nion.
Kostatu zitzaizun ala ez?
Ez.
Uste duzu beharrezkoa dela, sare sozialen mundu horretan, asko zaintzea zer publikatzen duzun eta zer ez?
Bai, zaindu beharra beti dago, zalantza barik. Zaindu beharra dago, ez dakizulako nor dagoen begira eta ehuneko ehuna ez delako agertzen. Egia da saiatzen zarela beti gauza positiboak eta sortzen zabiltzan gauza politak partekatzen. Ez duzu partekatzen alde makala. Hala ere, saiatzen naiz baxu nagoen egunak partekatzen, jendeak ikusteko hori ere existitzen dela. Baina, bai, zaindu egin behar da.
Eduki sortzaileen bizitza ere ez dela perfektua, ez? Eta egun onak eta txarrak denok ditugula…
Bai.
Nolakoa da harremana zure jarraitzaileekin?
Oso ona! Ez dut edukitzen batere mezu eskasik. Saiatzen naiz beti iristen, eta, noizbait, ez dudanean erantzuten, mezuren bat idazten didate: “Zihara, orain dela astebete idatzi nizun, eta ez dakit ikusi duzun”. Horrelako mezu politak. Hori eskertzen da, ez bazara iritsi mezu bat erantzutera. Mezu onak izaten dira beti, beti. Oso harreman ona dut jendearekin.
Gogoratzen duzu jarraitzaileren batekin gertatu zaizun politena zer izan den?
Egoera polit asko izan ditut. Gogoratzen dut neska bat oso oso txarto egon zena, arazo pertsonalak izan zituena. Buruko arazoei buruz berbetan hasi zitzaidan, eta esan zidan: “Bizitza aldatu didazu”. Ez dakit ze puntutan izan zen, baina zelan egin nuen berba ELA gaixotasunaren inguruan, zelan saiatu nintzen eramaten egoera hori guztiori amatasunarekin batera, ekintzailetza… horrelako tip batzuk ematen ari nintzaiola esan zidan: “Niri bizitza aldatu didazu, tip asko hartu ditut eta beti zaude hor terapia modura”.
Ze polita, ezta?
Bai, oso.
Horrek erakusten du zure lanak merezi duela, ezta?
Bai. Nik pentsatzen dut lan polita dela, eta berriro diot, tresna da, ez da inoiz izan helburua. Baina polita da. Alde on asko ditu. Ondo erabilita, bikaina da.
Baina alde txarrak ere izango ditu, ezta?
Asko. Asko. Lehen esan duzuna: pentsatzea bizi perfektuak daudela kanpoan, eta norberarena ez dela. Pentsatzea batzuk egin ahal dutela, eta norberak ez. Ikusten da momentuko arrakasta, bai, baina lan asko egon da atzetik: lekua dagoeneko ordainduta, eta, gauetan, izena nork emango begira; brunch-a ordainduta, eta lau lagun bakarrik izena emanda… Horrelako egoerak ere saiatzen naiz partekatzen, existitzen direlako.
“Sare sozialak ez dira nire helburua; bidea egiten laguntzen didate”
Bai, eta askok esaten dute: “Hori ez da lan bat”. Baina zuk esan duzu: “Antolaketa bat dago, edizioa dago, grabaketa egunak finkatuta daude”. Ez da bakarrik kamera edo mugikorra hartu, grabatu eta igo.
Bai, zein erraza ikusten den, ezta? Horretan, nire defendatzaile handienak nire ama eta nire ahizpa dira. Haiek badakite zenbat lan egiten dudan eta egin dudan. Beti defendatzen naute. Norbaitek esaten badu “ba!”, beraiek ni defendatzera ateratzen dira: “Ez dakizu nolako lana egiten duen, e!”
Nondik ateratzen duzu zuk inspirazioa?
Beste eduki-sortzaile batzuetatik. Eta egia da, baita ere, inor ez dagoela nire egoeran bizi dena, nire lekuan, nire adinarekin. Orduan, norberaren gauzak kontatzea ere… Batzuetan, ez duzu kanpora begiratu beharrik. Badakizu zer ez duzun egin nahi, dena dago asmatuta, eta, orduan, hartzen duzu horretatik gehien gustatzen zaizuna.
Gertatu zaizu noizbait esatea: “Ez dakit zer egin”?
Askotan!: “Zeri buruz egingo dut berba, denari buruz egin dut berba eta!” Baina ez, orain dela urte bi egin bazenuen gai bati buruz berba, aurten, agian, beste speech bat daukazu… Baina, askotan, bai!
Ohazi aipatu duzu, behin eta berriro; Ohazi da zure beste proiektu handia. Kontatu zer den.
Esperientziak sortzen ditugu, emakumeei eskaintzeko momentutxo bat euren ahizpekin, bakarrik, bikotekidearekin, koinatarekin, amarekin… ama-alabak asko etortzen dira, kuadrillan ere bai, eta da momentu bat. Gogo bizia sentitu nuen sare sozialetatik irteteko, pantailetatik ateratzeko, eta ukitzeko, elkarri begiratzeko, eta horrelako momentuak bizitzeko. Nik neuk bilatzen nuen zerbait sortu nuen. Etortzen dira pertsonak ez dira etortzen soilik taldean gauza bat egin eta ospa egiteko. Ongizate fisikoa lantzen dugu hasieran, beti; gero, ongizate soziala, brunch-ean, eta saiatzen naiz gaiak ateratzen bakoitzak bere proiektuei buruz berba egiteko. Eta egia da sortu direla konexio politak. Ongizate mentala lantzeko sormen-aktibitateak ere egiten ditugu. Hori da ideia.
Sare sozialetako komunitatea batu duzu toki fisiko baten, ez?
Hori da, hori ere desagertzear egon da eta. Eta, orain, Ohazi Corporatesortu dugu.
Ohazi Corporate, enpresentzat. Kontatu.
Ideia zen ongizate esperientzia horiek enpresetara ere eramatea, beraien team building-eko esperientziak sortuz lankideentzako, lankide guztiek elkarrekin zerbait egiteko enpresatik kanpo. Jokoa ematen du, eta, gai ezberdinei buruz, giro ona sortzen du. Eta baita fidelizazio bezala ere: enpresek beraien bezeroei eskaintzea halako esperientzia polit bat. Ikusi dugu hori ez dela existitzen; badaude proiektu gastronomikoak zein beste era batzuetakoak, baina ongizateari lotutakorik ez.
Igartzen zaizu publizitatea eta marketina ikasi dituzula. Horrek ere lagundu dizu lan honetan, ezta?
Bai. Azkenean, komunikatzailearen lana ikasi egiten da. Horregatik aukeratu genuen hori ikastea.
Eta Ohazi zenbatero antolatzen duzue?
Hilero edukitzen dugu, hemen, Urdaibain. Kanalan egiten dugu hilero bat, eta, gero, joaten dira irteten leku bereziagoetan egiteko esperientziak. Orduan, ikusten joaten gara ze leku dagoen libre. Ezkontzen denboraldian ezin izaten da askorik egin horrelako leku berezietan. Baina hilero-hilero daude esperientzi bat edo bi.
Noiz hasi zineten?
2018an hasi ginen honekin guztiarekin buruan, eta, esperientzia batekin, 2024ko udan saiatu ginen. Ni haurdun nengoen, lankidea gaixorik jarri zen eta ebakuntza bat izan zuen, eta ezin izan genuen aurrera eraman. Beraz, bertan behera utzi genuen, eta, 2025ean, egin genuen lehenengoa. Ordutik, hilero egon da esperientzia bat.
Eta zer esaten dizuete horra joaten direnek?
Beti irteten dira irribarre batekin, eta beti daukagu feedback positiboa. Oso positiboa. “Ondo egon naiz, trankil egon naiz, lasaitasun momentu hori askotan ez dut aurkitzen, begietara begiratzearena… Ez naiz inoiz ausartu horrelako zerbait egitera, ausartu naiz eta hemendik aurrera gehiagotan egingo dut…”. Ohitura osasuntsuak hartzeko abiapuntua izaten da, batzuetan.
Norbere buruari denbora ematea beharrezkoa da, ezta? Geroz eta estresatuago bizi gara, geroz eta gauza gehiago egin nahi ditugu, ezin gara denera iritsi… Beharrezkoa da gelditu eta arnasa hartzea, ez?
Eta ez da ezer gertatzen! Gero, eguna amaitzen da, edo goiza, eta esaten dute: “Ez da pasatu ezer ni etxean egon ez naizenean”.
“Eduki-sortzaileen lanak erraza dirudi, baina jendeak ez daki zer dagoen atzean”
Ohaziz gain, Guda ere aipatu duzu, zure proiektuetako beste bat.
Bai, proiektu polita da hori ere. Denak daude lotuta ongizatearekin, eta oso komunitate indartsua dabil sortzen Gudan. Mungian ireki genuen crossfit box bat da, crossfita baino gehiago dena, eta badabil martxan. Urteurrena ospatuko dugu orain.
Beraz, kirola, osasuna eta auto-zaintza. Hori da zuk zabaltzen duzuna. Zer da kirola zuretzat, eta ze leku dauka zure bizitzan?
Handia, handia dauka. Egia da momentu askotan ez dagoela gogorik, eta ahalegin bat eskatzen duela. Baina longevity kontzeptuarekin lotuta, etorkizunera begira ondo egon nahi duenak, kirola egin behar du. Egon dira geldi egon naizen momentuak ere, baina kirola da dena.
Garrantzi handia ematen diozu.
Oso handia.
Longebitatea edo luzaroago bizitzearen ideia aipatu duzu. Badaukazu beste proiektu bat horrekin lotuta.
Bai. Orain arte, medikuntzan lantzen zena zen: “Gaixotasunen bat badago, hori sendatuko dugu momentuan”. Baina geroz eta gehiago begiratzen da nola biziko garen; urte luzez bizi izateari baino gehiago, kalitateari: zelan egongo gara mugitzeko, independenteak izateko, beste inork gu zaindu beharrik ez izateko. Eta hortik hasi zen guztia. Ahizpa erizaina da, eta, aitaren gaixotasunetik abiatuta, begiratzen ibili ginen ea zelulak gazte edo osasuntsu mantentzeko, hasieratik, zelularen zati txikiena hartuta, zer dagoen. Horrela hasi zen proiektua eta jende askori laguntzen ari gara.
Ze proiektu da, zehazki?
Kanadako bioteknologia enpresa batek, era natural baten, behiaren esnetik ateratzen du zisteina, zisteina lotua. Eta zisteina horrek egiten duena da gorputzeko glutation maila igo. Galtzen joaten gara glutation-a. Uraren ostean, gorputzean gehien daukaguna glutation-a da, eta, maila horiek galtzen direnean, zelulak zahartu egiten dira; estres oxidatzailea dago, metalak egoten dira gorputzean… Inflamazio kroniko horren aurrean laguntzen du, eta, orduan, gaztetu egiten dira zelulak, era natural baten. Horretan ari gara lanean, 32 herrialdetan. Amatxo asko daude, emakume asko, etorri direnak ekintzailetza aldetik: “Diru estra bat nahi dut, agian arratsaldeko laneko ordu horiek kentzeko eta nire familiarekin egon ahal izateko”. Gustatuko litzaidake ekintzailetza alde hori gehiago ateratzea sare sozialetan, berba gehiago egitea horren inguruan.
Sare sozialak. Asko hitz egiten da sare sozialen arriskuen inguruan, adin txikikoentzako arautu behar ote diren edo ez. Zuk ze iritzi duzu horren inguruan?
Ni guztiz ados nago arautzearekin. Adin batera arte, ez dut uste sare sozialetan dagoenik behar duten edukirik. Behar duten eduki guztia eta ikasi behar duten guztia hortik kanpo dago. Gero, egia da, adin batetik aurrera, oso eduki ona ere badagoela, baina kontziente zarenerako eta zer nahi duzun kontsumitu dakizunerako.
Finkatuko zenuke adinen bat? 16 urtetan jartzen dute muga batzuek.
Bai. Eta 16 urterekin, oraindik ere, oso arriskutsua da, zer kontsumitu eta zer ez… Beraz, nik neuk hortik gora ere esango nuke.
Azkenean, zeuk esan duzu, eduki ona dago, baina…
Aukeratzen jakin behar duzu.
Eta aukeratzen jakiteko heldutasun bat behar da.
Bai, heldutasun bat behar da. Zalantza barik.
Uste duzu gehiegi kritikatzen ditugula sare sozialak?
Bai. Hori ere sentitu dut askotan. Gutxietsi, gutxiesten saiatu… Lehen esan duzuna: “Ez da lana, txarto egiten dute…”. Beti txarto. Eta ez dut uste horrela denik. Kontuz bai ibili behar da, gauza denekin moduan, baina, batzuetan, gehiegi kritikatzen ditugu.
Hater-ak ere hor daude.
Noizbait baten bat jaso dut, mezu ez oso politen bat. Baina, bestela, inoiz ere ez.
Sare sozialetan egiten duzu lan, eta, hor, eduki-sortzaile askoren eztabaida izan da umeak agertu edo ez agertu. Zure kasuan, zure semeak agertzen dira.
Bai, agertzen dira. Era natural baten agertzen dira, parkera irten eta kalean aurpegia ikusten dieten moduan. Ateratzen ez ditudanak dira beraien gauza pertsonalak, haserre daudenean edo negar baten daudenean, borrokan egon direnean anaien artean, ze ikastetxetara doazen… Baina, kalera irteten garen moduan, bizitzaren parte bat gehiago dira.
Zuk, azkenean, zure bizitza erakusten duzu, zure bizitzaren parte dira, eta hor agertzen dira, baina modu naturalean.
Askotan pentsatu dut: “Agian, ez nuke egin beharko”. Bada bueltak eman izan dizkiodan gauza bat, baina pentsatzen dut, amak edo aitak zainduz gero zer agertzen den, ez duela kalterik egingo.
Zihara, baduzu harremanik Euskal Herriko beste eduki-sortzaileekin? Badago komunitate bat?
Gonbidatzen gaituzten ekitaldietan elkartze gara asko. Moda ingurukoak ezagutzen ditut batzuk, beraiekin askotan kointziditu dudalako. Eta bai, badaukagu. Behin, batek Gabonetako afari bat antolatu zuen, gu denok batzeko eta ez izateko lan giroan beti, hortik kanpo ere lasaitasunez elkartzeko.
Ze proiektu dituzu esku artean? Hemendik aurrera zer egin nahi zenuke? Ze erronka dituzu bizitzan?
Erronka asko. Batez ere, ekintzailetza eta amatasuna nola uztartu. Ze zaila den! Orain helburua bada askatasun hori izatea, ordutegi finkorik gabe, etxetik lan egiteko aukera, egon ahal izatea libre, eta denbora eskaintzea bai Ohaziri, bai Gudari, zein Inmunotec-eko proiektu horri.
Eta badaukazu beste ideiarik buruan bueltaka?
Mila, Amaia, mila! Lehengoan egon nintzen horri buruz berbetan. Zenbat ideia buruan! Ezin dizkizut kontatu, mamirik ere ez dutelako.
Burua beti martxan.
Beti martxan! Ahizpari esaten diot: “Zerbait egin beharko genuke, polita eta pertsonala, elkarrekin”. Eta bagabiltza, badaukagu zerbait.
Ba, ez dugu spoilerrik egingo. Horrekin geratzen gara. Jarraituko zaitugu sare sozialetan, eta ezagutuko ditugu etorkizuneko proiektu horiek. Zihara Arrasate, eskerrik asko, benetan, gurekin egotearren.
Zuri. Mila-mila esker. Ze gustura egon naizen!