Zer egin ergelekin

Eneko Barberena

Ez da auzi erraza hau, niri eta beste hainbati bederen ez baitzaigu erraza iruditzen. Plurala darabilt gai honi eta beste hainbati buruz jardun zutelako eskutitz trukean Paul Austerrek eta J.M. Coetzeek 2008 eta 2011. urteen artean. Liburu xumea da, ederra, eta munduko bazter hauetan arraroa den estilo zintzoz idatzia dago. Urte haietan ohikoa zen krisiari, literaturari, bizitzaren gorabeherei eta gauza txiki garrantzitsuei buruz aritzea.

Hala kontatzen zuen Paul Austerrek behin New York Times-eko kritikagile batek kritika asmo txarreko eta gaizto bat egin ziola. Zer egin, galdetzen zion lagunari, nobelagile batek egin dezakeen akats potoloenetako bat bada halako kritika bati publikoki erantzutea. Zer egin, ziotson, boxeoa bezalako artea bada idazketarena non kolpe batzuk ezin diren itzuli. Bada, bizitzaren paradoxak tarteko, idazleari aurkeztu zioten modu bat-batekoan kritika doilor hori egin zion tipoa eta Austerrek ez zuen zer egin jakin, salbu adeitsu agurtzea parekoa nor zen jakin ez balu bezala jokatuz. Austerrek beldurraren imintzioa ikusi omen zuen kritikariaren aurpegian marraztua -ukabilkada bat espero duenaren traza zuen- eta gizonak harritua bezain arindua omen zirudien. Une horretan sentitu zuena hala ziotson Austerrek Coetzeeri:

-Primeran portatu naiz, pentsatu nuen, eta jatetxetik atera nintzen nire garaipen moralaz atsegin hartuta.

Bada, gutunak jarraitzen du esanaz denbora igaro ostean ez zegoela hain ziur egin zuenaren onuraz. Urte mordo bat igaro omen zen halako batean, nahiz eta utzia zion bere liburuei buruzko kritikak irakurtzeari, Austerrek ustekabean ireki zuen arte bere Times-aren alea eta parez pare tokatu zitzaion kritikari berak bere orduko azken obrari eginiko iruzkina. Beste eraso zital bat omen zen: “Akaso, hobe nuen hari ukabilkada bat eman”.

Biolentzia ez da soluzioa; hala esan ohi diegu haurrei, behinik behin. Baina zer egin ergeltasunarekin parez pare topo egiten duzunean –kritikariak ez zuen ulertu Austerren eskuzabaltasuna– eta hitzak, argudioak, anaforak eta kataforak ez direnean bolbora bustia besterik? Horra maiz loa kentzen digun gaietako bat.