Zeatikez taldearen ‘Esan ez genuena’ diskoa

Zeatikez taldeak Esan ez genuena lana argitaratu du. Euren lehen diskoa da, eta, argitaratzearekin batera, Gaztea Maketa Lehiaketako finalean aurkezteko aukera izan zuten. Orain, kontzertuak lotzen dabiltza.

Nortzuek osatzen duzue taldea eta zer musika estilo jorratzen duzue?

Sei taldekide gara, donostiarrak, aurretik lagunak zirenak baina prozesu honek guztiak gehiago batu dituenak. Ahotsetan, gitarretan eta abestien sorkuntzan, gehienbat, Mirian Arraiza eta June del Campo ibiltzen gara, nahiz eta entseguetan osatzen ditugun abestiak. Musika ezagutzari dagokionez, Iker Urbe, Izaro Larrañaga eta Telmo Bastida daude, eta tronpeta, baxua eta pianoa jotzen dute, hurrenez hurren. Azkenik, taldeari erritmoa emateaz Beñat Lizartza bateria-jotzailea arduratzen da. Hasiera batean, rock soinuetara eraman nahi izan genuen taldearen estiloa, baina prozesuan pop doinuak jotzen joan gara. Ez dugu estilo bakar batera mugatu nahi, abesti bakoitzak eskatzen digunaren arabera mugitzea espero dugu.

Zuen lehen albuma argitaratu duzue; nolako harrera izan du?

Egia esan, izugarria; gutxienez, gure inguruan! Egindako lanarekin gustura egon arte ezer argitaratuko ez genuela erabaki genuen, eta hala izan da. Guretzako egin nahi genuen lan bat zen, eta orain irratian entzutea izugarria iruditzen zaigu. Jendeak entzun dezake gure lana, eta, euren gustukoa izaten ari bada, gu pozik! Oso eskertuta gaude izan duen harrerarekin, eta guk prozesuaz gozatu dugun bezain beste gozatzea espero dugu.

Zer dira esan ez zenituzten horiek?

Guztiok ditugu barnean esaten ez ditugunak, ezta? Azkenean, bizitzan gertatzen diren hainbat egoeratan ez da erraza benetan esan nahi duzuna esatea, eta, nolabait, barnean harrapatuta gelditu daitezke, bizitzako beste momentu baten ateratzera ausartzen zaren arte. Hortik dator albumaren eta taldearen izena; zergatik ez zara ausartuko esan ez dituzun horiek guztiak esatera?

Nolakoa izan da sortze-prozesua?

Apirilean bildu ginen lehen aldiz, Beñaten etxeko lokalean, eta abestien sorkuntza nahiko azkarra izan da. Mirian eta June ibili dira hitzekin gora eta behera, aurretik bakoitzak erdi-sortuta zituen abestiak osatzen, eta Telmok osatu ditu melodiak. Abuztuan kontzertu txiki bat egiteko aukera izan genuen, Donostiako Piratetan, eta, harrera polita izan zuenez, grabaketekin hastea erabaki genuen. Zumaian ibili ginen irailean, Ozen Estudioan, Jurgirekin, eta urrian argitaratu genuen diskoa. Egia esan, atzera begiratuta, dena nolako azkar joan den ikusten dugu, eta harrotasuna sentitu.

Diskoaren aurkezpen-kontzertuak joko dituzue? Ezer aurreratzerik bai?

⁠Diskoa atera bezain laster Gaztea Maketa Lehiaketan parte hartzeko aukera izan eta finalisten artean sartzea lortu genuen, publikoaren botoari esker. Horrez gain, etxean jotzeko aukera izango dugu, Daba Daba aretoan, Antiguako Herenegun taldearekin batera, urtarrilaren 10ean. Oraingoz, hori da lotuta dugun kontzertua, baina etortzen dena ilusioz eta gogotsu hartuko dugu!