Zaloa Urain: “Ez badago euskarazko kultura eskaintzarik, galtzen joango gara

Udagoieneko Ostera kultur zirkuitua abiatuko du Euskaltzaleen Topaguneak bihar, urriaren 27a. Azaroaren 23ra bitartean, zuzeneko zortzi emanaldiz gozatzeko aukera egongo da Bizkaiko beste horrenbeste aretotan. Kokein taldeak, esaterako, Durangoko Plateruenan joko du azaroaren 2an. Hantze egin dio elkarrizketa taldeko abeslari Zaloa Uraini Johana Olabarriak, Udagoieneko Osterako kideak.

Kaixo, Zaloa. Gonbita egin dizugu Plateruenara; izan ere, Debagoieneko Ostera egitarauaren baitan kontzertua egingo du Kokeinek azaroaren 2an hementxe bertan. Euskal musikagintzan ibilaldi oparoa duen taldea, inondik ere, garai bat markatu duena, emakumezkoa rocka abesten ikusteko aukera eskaini duena…
Lehenik eta behin, eskerrik asko! Beti eskertzen da hainbeste urte musika jotzen ibili eta gero norbaiti entzutea esaten zerbait egin dugula bidean eta gurekiko gauza hori duela. Pentsa, laster, 20 urte egingo ditugu elkarrekin jotzen; ze nagusiak garen!

Debagoieneko Osterak berak ere 20 urte beteko ditu datorren urtean.

Begira, ba. Biografietan beti jarri behar da data bat eta egia da gu 1999an hasi ginela, baina aurretik ere zerbait egindakoak ginen. Nahi gabe elkartu ginen Eibarren dauden entsegu lokal batzuetan. Ni, ordurako, banintzen kontzertuetara joatekoa eta lagunekin saltseatzen ibiltzekoa. Esandako lokaletan estudio txiki bat dago, eibartar batek bakarkako diskoa grabatu nahi zuen eta laguntza eskatu zion teknikaria den gure lagun bati. Eta azken horrek guri, Txitxesi, Jatsuri eta niri laguntzeko eskatu zigun. Ez genuen elkar ezagutzen, baina grina bera geneukan musikarekiko eta gauzak egiteko. Hala hasi ginen, eta, gerora, Iker eta Lete sartu ziren taldean eta ordutik hona halaxe jarraitzen dugu. Eta gure ibilbidea izan da, poliki-poliki, guk nahi genituen diskoak ateratzen joatea. Egia da, atzera begiratuta, orain nahiko genukeela gure diskoak elkarren artean denboran gertuago egotea. Jendeak galdetzen digu ea zergatik laga izan ditugun bost, lau edo hiru urte diskotik diskora. Eta ez dago arrazoi bat. Jendeak, batzuetan, pentsatu izan du izan dela ama izan naizelako edo bestelako arrazoiren batengatik… Baina ez da horrela. Beti behar izan dugu gure denbora, eta diskoa atera eta gero gozatu nahi izan dugu oholtza gainean; izan ere, grabatzea maite dugu, baina zuzenean jotzea, gehiago.

Zuzenekoan egiten da harremana entzuleekin.

Bai; nik oso gogoko dut. Grabatzeko orduan ere oso gustura egoten gara, sortzen ari garelako eta une magikoak direlako: estudioan sartuta zaude eta mundua kanpoan geratzen da. Baina oholtza gainean gaudenean, denok elkarrekin eta guk daukagun harreman estu hori behin lortuta, begirada batekin guztia dakizunean, eta momentu batzuetan hain perfektua denean, horrek ez dauka preziorik niretako.

Urte asko dira, azkenean, oholtza gainean… Nik neuk entzule moduan ere oroitzen dut zer-nolako indarrarekin abiatu zineten eta oholtza gainean ikusgarriak zinetela, zerbait berria zen…

Uste dut talde moduan ibilbidea egin dugula, urteek batu egiten zaituzte eta elkarrekin bizi izan ditugun esperientziek familia batu egin dute, eta hori igarri egiten da oholtza gainean. Gu horrelakoak izan gara beti, baina, batzuetan, hasieran dituzun beldur pertsonalek zein taldearen gaineko beldurrek ez dizute lagatzen zure izaera osoa azaleratzen. Eta, nire kasuan, eskertu egiten dut benetan indartsu ginela entzutea, baina hasieran beldurra askoz ere handiagoa zen. Eta emakume bezala, agertokian mundu guztia zuri begira egotea, esan behar dut hasieran gogorra egiten zitzaidala. Gaur egun, askoz gutxiago.

Entzuleok ere begirada hori, erlazio hori, nola egin jakiteko eboluzioa behar izan dugu. Izan ere, euskal musikagintzan oso estilo konkretu batzuetan ikusi ditugu emakumezkoak, baina rock musikan emakumezkoak, agertokian, indarrarekin… Ikusleok ere prozesu bat behar izan dugu hori geureganatzeko. 

Nik uste dut sozialki ere hala izan dela. 20 urteotan sozialki emakumearen papera halako lekuetan ere aldatzen joan da, eta, bereziki, jendearen ikuspuntua horrekiko. Eta eskerrak, baina oraindik asko dugu egiteko, zeren nik hasieran entzuten nituenak oraindik ere entzuten ditut. Gauzak ez dira horrenbeste aldatu. Nahi bai, baina, batzuetan, sentitzen dut gehiago dela nik urteekin irabazitako segurtasun pertsonala, ingurutik jasotzen dena baino. 

Azken urteetan, asko hitz egin da horri buruz eta emakume sortzaile askok hori diote, hau da, badirudiela aldaketa bat gertatu dela, baina oraindik nabaritzen dela emakumeari beste era batera begiratze hori.

Bai. Azkenean, gizartean gauzak aldatzen doaz eta musikan horrek badu isla, baina bide luzea dago aurretik. Oraindik entzun beharra izaten dut egiten dudan mugimenduaren arabera gauza bat edo beste. Bidean emakume musikari asko tokatu zaizkit, baina gizonezkoak baino gutxiago, eta nik uste dut hori izan dela gaizkien eroan dudana. Musika munduan sarri entzuten den gauza bat da; musika eskoletan eta kontserbatorioetan –ni kontserbatoriokoa naiz– emakume askoz gehiago dago gizonezko baino, baina, gero, oholtza gainean, zenbaki askoz altuagoa da mutilena. Zergatik? Ba, ez dakit, ez dut inoiz ulertu. Nire erantzuna beti izan da uste dudala emakumeok gauzak gehiegi pentsatzen ditugula. Baina zergatik? Sozialki epaituago izan garelako, eta, ez konturatu arren, hori beti hor daukazu. Gogoratzen dut lehen diskoetan eta lehen argazkietan, aurrean jartzen nindutela eta nire hasierako nahi gabeko arbuioa. Nik ez nuen aurrean jarri nahi. Eta esaten zidatenean abeslaria nintzenez aurrean behar nuela, beti pentsatzen nuen emakume moduan ez nuela han aurrean egon nahi. Hasieran, beldur haiek han zeuden, bai sozialki ditugunak zein nireak propioak. Gaur egun, sozialki bai aldatu dira gauza batzuk eta pertsonalki ere nire jarrera aldatu egin da. Orain, berdin dit eta, agian, aurrean jarriko naiz, baina ni ere beste heldutasun maila batera iritsi naizelako pertsona moduan eta musikari moduan. Baina lehengora bueltatzen naiz berriz eta, oraindik ere, janzten dudanaren arabera, gauza bat baino gehiago entzun dezaket… Eta hori mutilek ez dute bizi, eta berehala konturatu nintzen nire inguruan zeuden mutilek hori ez zutela horrela bizi. Berdina gertatu zitzaidan amatasunarekin. Haurdun geratu nintzenean, ez geneukan inongo asmorik geratzeko, nik ez nuelako nahi, ez nuelako inongo beharrik ikusten. Ez ginen geratu. Umea azaroan jaio zen eta urtarrilean edo otsailean kontzertua izan genuen Eibarren bertan. Gurasoak ondoan nituen eta joaten nintzen korrika, titia eman eta berriz buelta.

Errealitate berrira egokitu eta biak uztartu zenituen, hortaz.

Hala da. Oroitzen dut haurdun geratu nintzenean jende askok esaten zigula: “Bukatu da Kokein”. Eta ez da horrela; zergatik? Eta hori nire inguruko aita ziren musikariek ez zuten inoiz bizi izan. Eta oraindik ere ez; zeren bateria aita izan da eta ez diote inoiz galdetzen. Gure kasuan, badirudi ama izandakoan guztia laga behar duzula, ardura handiagoa dugula. Eta noski laga dezakezula nahi izanez gero, baina nire aukera ez zen hori izan.

Zuen diskografiari begiratuta, hizkuntzari dagokionez, euskaraz sortzen duzue, lanak horrela kaleratu dituzue. Euskara musikaren bidez ala musika euskararen bidez? Ala biak uztartzen dituzue?

Zaila da erantzuten. Ezingo nuke aukeratu zein bide. Oso modu naturala izan da. Nik, adibidez, musika asko entzun izan dut, batez ere, ingelesez, eta nire joera batzuetan ingelesez abestekoa ere bada. Baina behin zure diskoa egitera zoazenean, zerbait kontatzera zoaz, gure asmoa beti izan da zerbait kontatzea. Zerbait hori gauza desberdinak izan daitezke: bizipen pertsonal bat, inguruan gertatu den zerbait… Gure ama hizkuntza euskara da eta kasu horretan ez genuen ikusten beharrik beste hizkuntza baten abesteko. Baina hau guztia diotsut orain, pentsatzen jarrita; zeren oso era naturalean atera zitzaigun, ez zen hausnartutako erabaki bat izan. Dena den, hasieran, arraroa egiten zitzaidan, ingelesez abestera ohituago nengoelako, baina, urteekin, nahiz eta beste hizkuntza batzuetan abestu dezakedan, gero eta argiago dut nire mezuak hortik joan nahi duela: euskalduna naiz, rocka egiten dut eta euskaraz ere abestu dezaket eta adierazi dezaket. Hortaz, zure galderari erantzunda, bietatik dagoela uste dut: euskara musikaren bidez eta musika euskararen bidez.

“Janzten dudanaren arabera, gauza bat baino gehiago entzun dezaket oholtzan”

Udagoieneko Osterak esan dugu 20 urte beteko dituela datorren urtean eta ibilbide honetan guk ere nabaritu dugu euskarazko musika sorkuntzak izan duen eboluzioa. Lehen folklorearekin, politikarekin eta hainbat mugimendurekin oso erlazionatuta zeuden musika estiloetatik jauzia gertatu da rockera, heavyra, punkera, eta zenbait taldek apustu egin zuten musika mota horiek euskaraz bizitzeko, eta gaur egun euskaraz estilo askotan sortzen da. Euskara egokitu egingo da horren modan dauden reggaeton eta trap estilo berrietara?

Lehenago esan dizudan emakume eta musikari gisa segurtasuna lortzeko egindako ibilbide pertsonalaren antzekoa egin behar dugu euskararekin, nire ustez. Nire bizitza euskaraz egiten badut eta gustuko baditut reggaetona edo trapa, zergatik ezingo dut nire ama hizkuntzan hori egin? Zergatik ipini behar dugu euskara eremu batzuetan bakarrik eta beste batzuetan ezin dugu sortu? Nik garbi ikusten dut. Beste gauza bat da inguruan dauden beste hizkuntza batzuk ere erabiltzea, baina, nire sorkuntza estiloa dena delakoa ere, euskaraz izan daiteke, argi eta garbi. Gainera, uste dut entzuleek ere eskertu egiten dutela, ez sortzaileek bakarrik.

Eta eskatu ere bai. Gazteek, esaterako, irratian entzuten dutena ingelesez edo gazteleraz entzuten dute, eta ez da beraien hizkuntza.

Eta, gainera, ez dute ondo ulertzen. Ni irakaslea naiz, musika eskolak ematen ditut, eta, batzuetan, hitz batzuk ez dituzte ulertzen. Egia da musikak sentimendu bat eragiten dizula, nahiz eta hitzak ulertu ez, baina, hitzak ere ulertuta, askoz hobea da. Oroitzen dut Japonian izan ginenean biran euskaraz abesten genuela. Japonieraz abesti bakarra egin genuen bertako talde batekin jotzeko. Eta bagenekien euskaraz abestuta ez zutela ulertzen, baina oso gustura ikusten genituen gu entzuten eta ikusten. Ba, guk japonieraz entzuten dugunean bezala. Une horietan, beharbada, musika bera bakarrik da hizkuntza, ez dago hitzik. Baina biak gehitzen dizkiozunean, beste mundu bat zabaltzen da.

16:40 Esan dugu bost lan kaleratu dituzuela eta azken biak autoekoiztuak. Aldaketa izan da hor.

Bai. Eta esango nuke guk egin dugun ibilbidea dela gutxi gorabehera Euskal Herrian musikagintzan eta diskoetxeen inguruan izan dena. Zortedunak gara. Atzera begiratzen dugunean, beti egin dugu nahi izan dugun guztia. Bueno, guzti-guztia ez, baina, gehienetan, aukera izan dugu guk nahi genituen gauzak egiteko eta gure kasara ibiltzeko. Hasi ginenean, berehala ikusi genuen Gaztelupeko Hotsak-en aldetik laguntasuna; etxeko ere bilakatu ziren. Aukera izan genuen eurekin diskoak ateratzeko, eta oso ondo ibili ginen. Han ere nahikoa gure kasa ibili ginen, inongo arazorik barik. Baina sasoi hartan asko jaitsi zen diskoen salmenta; teknologia aurreratzen joan den heinean, kontsumo ohiturak aldatu egin dira eta beste era batera entzuten dugu musika. Ni, esaterako, binilozalea naiz eta erosten jarraitzen dut, baina CDrik ez dut erosten; azkenean, errazagoa da digitalki musika beste modu baten entzutea. Hortaz, ibilbide horretan batu zitzaizkigun zenbait gauza: batetik, gure produktu/maiteño/altxorraren prozesu guztia kontrolatu nahi genuen, nahiz eta ordura arteko esperientzia ona izan zen; baina nahi genuen harago joan. Guk egitea guztia. Hala egin genuen, eta oso ona izan da esperientzia eta horrekin lortu duguna izan da are harroago egotea egin dugunarekin. Kontzertuak ere guk lotzen ditugu… Eta, bereziki, bai Izan lanarekin eta baita Lurpekhariä-rekin ere lortu duguna da biniloan ateratzea. Horren aurretik ez zuen zentzurik.

Azken diskoa CDan eta biniloan atera duzue.

Izan soilik biniloan atera genuen. Gure apustua hori izan zen eta horrekin batera diskoa Interneten jarri genuen eta nahi zuenak ordaintzen zuen eta hor zuen eskuragarri. Baina jendea kexatu egiten zitzaigun eta CDa eskatzen zigun. Hori horrela, Lurpekhariä CDan eta biniloan atera dugu eta Interneten ere jarri dugu.

Esandako moduan, Topaguneak ia 20 urte daramatza Udagoieneko Osterarekin, eta, aurtengoaz gain, aurretik ere izan duzue harremana. Halako ekitaldi batetik gonbita jasotzean, nola hartzen duzue taldean?

Poztasunez, zoriontzekoa da talde batek lan hori egiten jarraitzea. Izan ere, sortzaile garenok ez badugu leku bat eta aukera batzuk sortutakoa erakusteko, ba, neure lokalean joko dut eta, agian, pozik geratuko naiz. Ez diot ezetzik. Baina niri, erakustea ere gustatzen zait. Horregatik, halako proposamenek, lehenik, poztasuna eragiten dizute. Gainera, badakigu gaur egun ez dela batere erraza; batez ere, jendearen erantzuna, askotan, ez delako guk nahiko genukeena. Gauzak programatzea eta jende askori iristea eta parte hartzea ez da erraza.

Udagoieneko Osteraren helburuetako bat da, hasieratik, euskarazko kultura eskaintza murritza duten herrietarako programatzea. Ikusten genuen gabezia bat zegoela Bizkaiko eremu batzuetan. Jende gehiagok edo gutxiagok parte hartu, baloratu dezakegun gauza bat da, baina guk eskaintza egon dadin nahi dugu, plaza egon dadila. Eta gero, nahi duena joango da eta gozatuko du.

Erabat ados zurekin. Ostirala heltzea eta inguruan gauza ezberdinez euskaraz gozatzeko aukera izatea, musika dela, antzerkia dela… Beharbada, eremu txikietan eta handikeriarik gabe, hori ere ez dugu behar; baina aukera egotea bai. Izan ere, inguruan ez badugu kultura eskaintzarik euskaraz, galtzen joango gara.

Esaterako, Plateruena eta halako aretoak. Gero eta areto, taberna… gehiago ditugu, ez handiak, herri mugimenduak sustatutakoak, heburu horrekin. Txikiak badira ere, leku guztietan egon daitezela.

Eta, sortzaile gisa, halakoak gozamena dira. Plateruenan, esaterako, egon izan gara. Badira leku batzuk xarma berezia izaten dutenak eta hau da bat eta gogotsu gaude etortzeko.

Sirokarekin joko duzue. Zuekin joko zutela esan genienean, asko poztu ziren.

Bai; ezagutzen dugu elkar, duela urte batzuk aukera izan nuen eurekin abesti bat grabatzeko, eta oso jatorrak dira. Gainera, musika munduan bagaude batzuk oraindik borrokan jarraitzen dugunak, eta sentsazio horrek, askotan, batu egiten zaitu. Bestetik, niri, bi emakume ikustea oholtzan gustatu egiten zait. Pena da, baina oraindik bateria jotzaile, gitarra jotzaile emakumezko gutxi daude.

Azaroaren 2an izango zarete hemen, Plateruenan. Udagoieneko Ostera, dena den, urriaren 27an hasiko da Tomiris taldearekin Bilbon, BBKn. Oso antzezlan interesgarria, emakume batek gaztetan bizi izandako errealitate gordinean oinarritua. Eta zuen emanaldiaren ondotik, hilabete osoan beste sei emanaldi.

Aukera aparta eskaintza ezberdinaz gozatzeko.