Zahar ezjakinak
Sentitzen dut, baina zorionez blai gauden honetan, borobiltzat dugun egia bat gezurtatzera noa, oraintxe bertan, datorren esaldian: adinak, zahartzeak ez gaitu guztiok halabeharrez jakintsu egiten.
Zaharrok ikasteko denbora gehiago izan dugu, hori bai, baina idatzi gabeko lege batek dio zaharra ez dagoela ikasteko, irakasteko baizik. Zahar tradizionalak ikasi du ikasi beharreko guztia eta irakastea tokatzen zaio, goizetik gauera, irakatsi eta gazte garai urrunei etengabe bueltak ematen jardun.
Memoria hutsez, gainera, memoriak kontatzen digun guztia halaxe gertatu izan balitz bezala, memoriak gezurrak edo erdizkako egiak kontatuko ez balizkigu bezala. Horrela gogoratzen badut, horrelaxe gertatu zen eta kito.
Garai batean, aspaldi urrunean, zaharrak ziren jakinduriaren jabe, haiek biltzen zuten aurrekoengandik ikasitako guztia. Oso aspaldian. Orain, jakinduria liburuetan dago, Interneten, ahalegindu nahi duenaren eskura. Zaharron esperientzia baliagarri izan daiteke esparru batzuetan, baina gehienok badakigu ikasten jarraitu behar dugula, gizarteak guztiz bazter ez gaitzan. Korrika egin behar dugu, ez aurrera egiteko, atzerago ez joateko baizik.
Eta guztiok dakigu zenbat ahalegin eskatzen duen gauza berri bat ikastea zehaztu gabeko adin batetik aurrera. Horregatik eskatzen diegu gazteagoei laguntza, uler dezaten ikasi dezakegula, baina mantso, ez gazte baten abiaduran. Eta ez naiz, soilik, informatikaz edo gailu berriei buruz ari.