Yolanda Arrieta: “Hezkuntzak industriaren eta merkatuaren hiztegia darabil”

Hezkuntza, sorkuntza eta sariak hizpide, prozesua da Yolanda Arrietak elkarrizketa honetan gehien darabilen hitza. Bidea da borroka, beraz. Zahartzaroaren haurtzaroan murgilduta, literatur genero ugari aurki daitezke Etxe bat norberarena haren azken liburuan..

Ongi etorri, Yolanda, TTAPera.

Eskerrik asko gonbidatzearren.

Bastero Kulturgunearen auditoriumean gaude, Andoainen, baina auditoriumaren atzealde horretan, banbalina artean. Artearen ikuspegitik une zirraragarri ugari bizi dira hemen; zehazki, ikuskizuna abiatu aurreko istant horietan. Beldurra, bertigoa, gogoa, ilusioa senti daitezke… Sorkuntza lanak eramaten gaitu trantze horretara.

Bi alderdiak ditut gustuko: jende arteko hori, baina aurrekoa goxoa da. Prozesuaz asko hitz egiten da, baina gero ez zaie horrenbeste erreparatzen sorkuntza prozesuei, ezta? Aurretik egin behar den horri guztiorri.

Ikusten ez duguna, ezta?

Ikusten ez dena. Eta ikusten ez den horri esker uste dut jarraitzen dugula urte asko daramagunok, ematen digun bizipozagatik. Neketsua da batzuetan, baina intentsitate handiko bizipena da, eta horri esker jarraitzen dugu.

Zu zeu bertan izan zara, taula gainean, behin baino gehiagotan; esaterako, Martin Ugalde Ipuin Lehiaketan sari-emaile. Sariketek garrantzi berezia izan dute zure ibilbidean.

Bai. Ez dagoelako besterik. Nik nahiago dut prozesua babesten duen beste modu bateko laguntza: dirulaguntzak, bekak… epe luzeagora. Ari da pixka bat zabaltzen, baina orduan lehiaketak bakarrik zeuden, diru pixka bat irabazteko, liburuak argitaratzeko, ezagutzera emateko eta baita ere norberaren lanari epe bat emateko. Denbora tarte bat hartu behar delako sorkuntza prozesurako. Jendeak uste du di-da egiten dugula, baina horretarako, beste gauza batzuk alde batera utzi behar dira.

Gazteentzat sariketa irabaztea bultzadatxoa izan daiteke.

Uste dut lehiaketek laguntzen dutela. Hala ere, lehiaketak hor egon arren, gazteekin eta umeekin sorkuntza prozesua bera landu beharko genuke gehiago debaldeko helburu batekin: irabaz dezakegu, baina, lehenengo eta behin, sormenaren ezkutuko plazer hori erakutsi behar da. Erronka, lehenik eta behin, norbere buruarekin dagoelako. Uste dut hori ez dugula hainbeste zaintzen.

Lantzen da alor hori?

Bada, gutxi. Leku solteetan eta parean tokatzen zaizun irakaslearen arabera. Horretara dauden irakasleak ez dira asko. Agian, gehiagok egingo lukete, baina hezkuntzak bere arau propioak dauzka eta hezkuntzak ere, momentu honetan, industriaren eta merkatuaren hiztegia darabil. Eta ez zait iruditzen hori denik irtenbidea.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Enpresen hizkuntza erabiltzen dute. Irabazi egin behar duzu, lortu egin behar dugu. Unibertsitatean gora zoazen neurrian, kredituak lortu behar dira. Baina non dago ikastearen plazera? Non bizitzaren irakurtzearen plazera? Non dago irakurketak ematen dizun iritzia emateko ahalmena? Eta non dago buru aske hezteko oinarrizko printzipioa? Zer pentsatzen duzu irakurri duzun horrekin? Nola imajinatzen duzu zeure burua? Idatziko zenuke zerbait? Zerbait egiten da, baina gehiago da curriculumean agertzen dena ekintzan baino.

Prozesu horrek arreta eskatzen du, eta ez hainbeste emaitzetara begiratuta, baizik eta ekinari garrantzia emanez. Ekinak ez du berehala fruiturik ematen, eta gaur egun dena dago fruitura begira, eta azkarra izan behar da. Di-da. Eta hori ez da. Orduan, lehiaketak niretzat oso garrantzitsuak dira, baina atzean beste lanketa hori ere bermatuta dagoenean eskola mailan, aisialdi mailan, etxean, bitartekarion eskuetan. Eta hori, egun, esan bai, baina ez da egiten.

Lanketa egitea falta da: apurka-apurka irakurri, ulertu. Eta irakurtzea hasten da ahozkotik, arretatik. Mundua irakurtzen erakutsi behar diogu haurrari. Esaterako, nor da hau, zer da, nor zara zu, nor den hura… Prozesua zaindu behar dugu.

Mundua irakurtzen erakutsi behar diogu haurrari

Hausnarketa hori egiten ari zarete idazle elkartean?

Idazle elkartean, Galtzagorri elkartean… urte asko daramat honetan, eskola askotan ibili naiz eta irakasle batzuk ari dira. Jende soltea badago gauzak egiten, eta kezka bat badago. Lan txiki horretan, idazle elkartea aspalditik ari da: Idazleak ikastetxeetan EAEn, Liburuak osagarri programa Nafarroan… Galtzagorri elkarteak ere ekimen pila bat ditu, gazteei eta bitartekariei begira. Baina beti dago dirulaguntzen menpe, programen menpe, eta ez da hobetzen ari. 35 bat urte daramat ipuinetik bizitzen, eta garai hartan idazle elkartean esaten genuena orain ere esaten jarraitzen dugu. Oinarrizko elkarteak oraindik dirulaguntzen menpe egotea, programen menpe egotea. Horrek ez dauka ez hanka ez bururik. Zerbait ez da ondo egiten ari eta zerbait hori politikoa da.

Orduan, euskarazko hizkuntza, kultura bermatzea nahi badugu, oinarri-oinarrizko elkarteak, oinarri-oinarrizko lanak ere zaindu egin beharko dira. Eta sistematikoki, estrukturalki. Zeren eta zer-nolako hezkuntza-mota nahi dugu? Zer-nolako mundua utzi nahi diegu umeei? Nola bizi nahi dugu hemendik aurrera? Literaturak, beste arte jarduera bat den neurrian, garrantzia ematen dio arretari. Eta arreta falta da egun dugun gaixotasunik handiena.

Egun, merkatuko pieza bilakatu da arreta bereganatzea, pantailaren bidez arreta bereganatu nahi digutelako. Baina goazen oinarrira. Auditorium batean gaude eta bertan oinarrizko komunikazio ariketa bat ematen da, etenik gabe. Literaturaren aurretik ahozkotasuna jarri izan duzu lehen lerroan, hainbat adierazpenetan.

Etxebarrian jaio nintzen, Markina ondoan, Lea-Artibaiko Etxebarrian. Indioen lurraldea dela iruditzen zait, eta han guk jaso egin dugu. Nik etxean lehenengo entzun egin dut. Hizkuntza musika da. Eta hortik gero iritsi nintzen idaztera. Eta hor bi gauzak lotu nituen eta oraindik ere gogoko dut ahozkotasunarekin lan egitea. Tailerrak, hitzaldiak eta azkenaldi honetan Peru Galbeterekin batera osatu dudan Etxe bat ikuskizuna. Izugarri gustatzen zait. Baina, zure galderari erantzunez, oinarrira joanda, ahozkoak ematen dizu mundua irakurtzeko tresna. Ahotsarekin emozioa jartzen duzu martxan. Zentzumenak daude, eta emozioa dago. Eta gero, hizkuntza-jokoekin eta soinuen bitartez iristen zara hizkuntzara.

Iruditzen zait transmisiorako eta hizkuntzarekin txiki-txikitatik adiskidetzeko ezinbesteko tresna dela, lehen esan dudan bezalaxe, emozio bat dagoelako. Zentzumenak daudelako. Baina hori ere landu egin behar dugu, eta nor dago umearen aurrean umeari entzuten, haren garapenari adi?

Umea dago zabalik mundura eta guk, helduok –bitartekariak–, horretaz baliatu behar dugu. Eta horrek eskatzen du denbora, formakuntza.

Zure kasuan, zer-nolako eskola da eskolak ematea?

Nire masterra izan da. Ekinez ikasi dut. Umeekin zaudenean umeak irabazi egin behar ditut, aspertzen badira alde egingo dutelako. Benetakoak direlako. Erronka horren aurrean ekinean-ekinean joan naiz lortzen, lorpen txikitxoak egiten. Ipuin kontalaria datorrela? Ez, kontalaria dator.

Ipuina, kantua, eskuak eta, azkenean, album-ilustratua. Eskuak, esaterako. Eskuak ez ditu jendeak erabiltzen ume txikiekin dabilenean. Kontatu eta irudikatu egin behar duzu, irudimenean daukazuna. Umeekin zaudenean haurra harrapatu egin behar duzu, eta gerorako utzi teknologia. Hori gerora ere ikasiko dute, eta batzuetan erabiliko dugu. Eta igandea asmatu zen.

Pantaila eta litxarkeria, beraz, igandean.

Oreka. Dieta.

Haur txikiak irudikatu dituzu zure adibidean. Eta adinean gora doazela, pantailaren eraginez, irakurzaletasunaren galerak zerikusi zuzena du ortografian eta idazketan. Hein batean, irakurtzen ikasten dugulako. Kezkatzekoa da egoera.

Ahozkotasuna lotzen da 0-7 urteekin. Oinarrizkoa da, baina gero ezin dugu utzi. Umeak ikasten duenean irakurtzen, jarraitu egin behar da kontatzen, kontatzen elkarri. Idazten, sormena lantzeko, libre idazten, baina zuzendu egin behar dugu idatzi duguna. Gauza asko batera dira.

Hizkuntzarekin jolastu ere egin behar da; arauak daude, baina jarraitu egin behar dugu hizkuntzarekin jolasten. Jolastea baita sortzea. Sortzen jarraitu behar dugu. Ondo dago lehiaketa, baina lehiaketa – lehen esan dudan bezalaxe– prozesu baten emaitza izan dadila. Treba dezagun olerki bat idaztera, ipuin bat egitera, artikulu bat idaztera.

“Arreta falta da egun dugun gaixotasunik handiena”

Jauzi bat egingo dugu, elkarrizketari amaiera eman aurretik. Etxe bat norberarena liburuaz hitz egin nahi dut. Badakizu modan badagoela liburuari artefaktua deitzea. Ez dakit zure azkena zehazki zer den. Saiakera dela irakurri dut. Esan daitekeena oso aske aritu zarela idazteko garaian.

Nik egin dudana da genero guztiak sartu liburu batean. Ez zen hori asmoa. Hau da gauza askoren emaitza. 60 urte bete nituen iaz eta bizitza erdia eman dut ipuinetik bizitzen. Egia da, ez da metafora bat. Amaren bukaera ikusten nuen eta neure buruari baimena eman nion. Nire joera bada idazten joatea eta gero, apurka-apurka, idatzitako horri forma ematea. Estruktura bat egitea, hori da niretzat erronka bat. Txiste moduan esaten dut, baina tira, liburu baten prezioan dauzkazu genero guztiak. Iruditzen zait gaur egun oso ohikoa dela hibridoa izatea. Irakurtzeko liburu bat da.

Barruan hari bat dago eta barru-barruan dago aurkezpen bat, korapilo bat, eten bat –hori ere badago–, eta barru-barru-barruan deskribapen psiko-afektiboa, baina soziala ere bada. Aldarrikapenak daudelako. Zeren eta etxe berri batera nindoan. Etxe hori lehenbizi eraiki egin behar da. Hara eramaten duzu ikasitakoa eta bitartean gertatzen diren gauzak ere badaude: galera, eta galerak uzten duen hutsunea. Eta gero dago berpizkunde bat, nolabait, etapa baten bukaera eta beste etapa berri baten hasiera ere badagoelako. Zahartzaroaren haurtzaroan nagoela esaten dut.

Eta nola ikusten duzu zeure burua hemendik aurrera? Indartsu, kementsu, idazten jarraitzeko gogoz?

Etorkizuna ez da leku bat, etorkizuna ez dago esanda, ez dago eginda. Une honetan zer sentitzen dudan eta zer nahi dudan, horri ematen diot garrantzia. Nik nahi dut bizi 0,5 kilometroan, kilometroak gutxitu nahi ditut. Hor kokatu nahi ditut neure gauza guztiak. Sei lagun, dozena bat bidelagun eta ezagunak. Denbora paseatzeko, denbora pentsatzeko eta espazioa badaukat buruan sortzen dudan hori gero paperera ekartzeko.

Plazer handia izan da, Yolanda. Eskerrik asko.

Eskerrik asko zuei.