Ylenia Baglietto: “Urte asko eman ditut lan guztiei baietz esaten”

Pandemia garaian ere lan eta lan dabil Ylenia Baglietto (Eibar, 1986). 34 urte bakarrik izan arren, eskarmentu handia du eibartarrak antzerkian, telebistan eta zineman. Otsailean, gainera, Amor y humor antzerki obra estreinatuko du Lander Otaolarekin batera.

Ez zara berria antzerkian, baina bizi dugun egoera berria da. Nola eramaten ari zara?

Nahiko ondo. Egoera berri honetara moldatzen ari naiz. Egoera onartzen eta egin daitekeenaz pentsatzen. Orain Ni, munduko txarrena Vaiven ekoiztetxearen  musikalarekin biran gabiltza. Egia da antzokietako edukiera %50era jaitsi dela, baina betetzen ari gara. Horrek izugarrizko poza ematen dizu. Jarraitzeko indarra ematen dizu.

Hala ere, pandemian lan asko egin duzu. Etxean egon garenean Etxekoak telesaila egiteko aukera izan duzu; asko ikasi duzu esperientzia horrekin?

Bai; imajinatu, etxetik dena egin dugu guk. Aktoreak izan gara, teknikariak, makillatzaileak, jantzitegikoak… Dena egin dugu. Etxean bakarrik geunden, ordenagailuarekin, sakelakoarekin, influencer-ek erabiltzen dituzten argi borobil horiekin… Horrekin guztiarekin telesail bat egin dugu. Telefono deia jaso genuenean esaten ziguten: “Etxetik egiteko lan bat dugu, Etxekoak deituko da”. Eguneko gauzak kontatzen genituen, eta arrakasta izan zuen. Egun haietan denok ari ginen gauza bera bizitzen. Jendea, telesaila ikusterakoan, identifikatuta sentitu zen: “Ni ere hori ari naiz bizitzen!”.

Hastapenetara jotzen badugu, gimnasia erritmikoan ibili zinen gaztetan, eta hori egin nahi zenuen? 

Bai. Nire ahizpak oparitxoa egin dit. VHS zintetan nituen saio guztiak eta txapelketak digitalizatu dizkit. Gimnasian hasi nintzenetik, utzi arte, parte hartutako txapelketa guztiak ikusi ditut, Espainiako txapelduna izan nintzenekoa ere bai. Horiek ikusten harritu egin nintzen. Neu nintzen, neure gorputza, baina beste toki batean. Nik bai gogoratzen nuen nolakoa nintzen garai hartan, baina modu batean gogoratzen duzu… Txikitatik zerbait egiteko gogoa zegoela ikusten duzu.

Noiz piztu zitzaizun aktore izateko gogoa?

15 urterekin, Un paso adelante telesaila ikusten nuen. Bertan antzerkia ikasteko eskolak zeudela ikusi nuen eta gurasoei hori ikasi nahi nuela esan nien. Eskola batera joan, eta interpretazioa ikasi nahi nuen, kantua, dantza… Hor, benetan jakin nuen zer egin nahi nuen.

Antzerkian eta telebistan ibilitakoa zara, eta esperientzia berri bat bizi duzu Espainiako telebistan. Acacias telesailean parte hartzeak apur bat dena aldatu dizu, oso ezagun egin delako zure pertsonaia. Nola bizi duzu?

Hasiera batean, beste lan bat zen. Egia da beste salto bat zela. Ekoiztetxe berarekin Presunto culpable egin nuen eta hortik zuzenean deitu zidaten pertsonaia hau gorpuzteko, Maite Zaldua. Eguneroko telesaila da, eta erronka gisa hartu nuen. Baina, bat-batean, izugarrizko arrakasta duela ikusten duzu eta hor gauzak aldatzen hasten dira. Sare sozialetan, batez ere, gehien igarri dut. Jarraitzaileak, orain, mundu osokoak dira. Ni kalean berdin-berdin noa, lasai asko. Baina sare sozialetan izugarria izan da, opariak bidaltzen dizkizute, egunero idazten dizute… 

Hego Amerikako jarraitzaile asko dituzu?

Mundu guztikoak, baina egia da, batez ere, Hego Amerikakoak direla. Europan ere asko daude eta Asian ere jarraitzaile klubak daude; Txinan, esaterako. Ylenia jarraitzaile kluba eta Maitino. Maitino bikotearen sift-a da (Social Impact for Technology). Nik hau orain ikasi dut, ez nekien zer zen sift bat, baina, bat-batean, sare sozialetan erabiltzen diren hitz horiek orain ikasi ditut.

LGTBI pertsonaia bat gorpuztean konturatzen zara erreferenteak behar direla

Zer du berezi pertsonaia horrek horrenbesteko arrakasta izateko? Zure pertsonaia lesbiana da, eta horrek piztu du pertsonaiarekiko arreta edo enpatia…

Bai; pertsonaia LGTBI bat egiten duzunean, munduak erreferenteak behar dituela konturatzen zara. Fikzioan ere erreferenteak behar dira. Mutiletan gehiago ikusi ditugu, baina nesken arteko harremana ez horrenbeste.

Gainera, telesaila beste garai batean kokatuta dago…

Telesailaren ikusleak, hasiera batean, amamak ziren. Orain konturatu dira gazteek ere ikusten dutela. Arratsaldeetan gazte askok amamekin telesaila ikusten dute. Ikusten dutena interesgarria dela konturatu dira. Eta horrelako pertsonaiak sortzen direnean, askoz ere interesgarriagoa.

Honek guztiak jarraitzaileekin bestelako harreman bat ekarri dizu?

Bai. Nik sare sozialetan hiru mila jarraitzaile nituen. Bat-batean, hogeita bost mila ditut. Aldaketa oso denbora gutxian izan da. Denetarik jasotzen dut: pertsonaiagatik amodiozko eskutitzak… Gauza hauek beti kontatu dizkigute, baina bizitzen dituzunean harrigarria da. Gaur egun horrelakorik gertatzen ez dela pentsatzen duzu. Gertatzen da, eta badago zure lana eskertu nahi dizun jendea. Guretzat ere pozgarria da. Hasieran, pertsonaia honegatik zela uste nuen, baina orain, egiten ditudan beste lanak ere jarraitzen dituzte. Etxekoak telesaila, adibidez, Hego Amerikan ikusten zuten, eta batzuk euskara ikasten hasi dira ulertzeko. Komentatu zidaten ulertzen zutela; kar, kar, kar.

Aplikazioa ere egin dizute?

Ylenia Baglieto fan club aplikazioa sortu dute. Valentziako neska batek eramaten du. Berak webgune zoragarri bat egin dit. Jarraitzaile taldekoak Erriberrira etorri ziren Ni, munduko txarrena musikala ikustera. Bertan ezagutu nituen, eta opariak ekarri zizkidaten. Webgune ederra sortu didate, yleniabaglitofanclub.com, eta, gainera, harpidetzen direnei txartela egiten diete. Nik jarraitzaile klubeko zero txartela dut eta Lander Otaolak, bat zenbakia.

Oholtzan denetarik egin duzu: kantatu, dantzatu, nagusientzako antzerkia, umeentzat, klasikoak… Lan asko egin duzu, gaztea izateko…

Nahiko ibilbide polita daukat. Beti izan naiz ausarta. Batzuetan, igerilekura bota eta gero pentsatu izan dut hau handiegia dela niretzat. Baina horrela ikasi egin dut. Saiatu behar duzu, probatu eta gero ikusi zer egin daitekeen. Bizitzan ere horrelakoa naiz. Hasiera-hasieratik denetik egitea erabaki nuen. Orain, bista atzera botatzen dudanean, konturatzen naiz hasieran dena egiten nuela. Orain, lan batzuei ezetz esaten diet, pentsatzen dudalako hori dagoeneko egin dudala edo ezin dudala egin. Urte asko eman ditut lan guztiei baietz esaten. Horrek eraman nau gauza asko egitera. Antzerkia, zarzuela, musikal asko, umeentzako antzezlanak, nagusientzako, drama, klasikoak…

Izango duzu, orduan, pertsonaia kuttunen bat…

La Gaviota antzezlaneko Nina pertsonaia berezia izan zen. 2015ean, Ercilla saria jaso nuen. Antzezlana Gutavo Tambasciok zuzendu zuen. Gustavo 2018an hil zen, eta berarekin berriro lan egin behar nuen Madrilen, Zarzuelan. Pena handiarekin geratu nintzen berarekin, berriro lan egin nahi nuelako. Ninaren pertsonaia sortzea oso berezia izan zen. Gerora, beste Nina bat gorpuztu nuen Pichichi antzezlanean, eta nire barruan badago zerbait Nina izenarekin. Nina izenak beti ekarri dizkit gauza oso onak. Orain dela gutxi, Ana Murugarrenen Garcia y Garcia pelikularentzako casting-a Nina izeneko pertsonaiarentzat egin nuen.

Zineman ere aritu zara. Antzerkiarekin ez du zerikusirik, ezta pantaila txikirako egiten diren ekoizpenekin. Non sentitzen zara erosoago?

Dena gustuko dut. Antzerkian beti izan ditut aukera gehiago. Zineman, beti, bigarren mailako pertsonaiak egin ditut. Pertsonaiak ez du denborarik eta aukerarik eboluzioa edukitzeko. Bigarren mailako lan potolo bat egiteko edo protagonista bat egiteko gogo handia dut. Zinema asko gustatzen zait, badu telebistaren eta antzerkiaren arteko nahasketa. Zineman entseatu egiten duzu antzerkian bezala sekuentzia bat grabatzeko, eta gero, ikus-entzunezkoa telebistan modukoa da. Telebista azkarragoa da. Egiten duzu eta ahaztu egiten duzu. Zinemak antzerkiko zerbait badu.

Zaleek aplikazio bat eta webgune bat sortu didate

Antzerkiko zein pertsonaia egitea gustatuko litzaizuke?

Antzerkian egindako pertsonaiak ez ditut egin nahi. Pertsonaia berriak egin nahi ditut. Klasikoak gehiegi egin dira… Gauza berrietara joan behar dugula uste dut.

Antzerkia talde lana da. Komunitate txikia sortzen da obra baten inguruan…

Nik ez dut neure burua bakarrik ikusten, beti dago talde bat. Ez bakarrik aktore taldea, baizik eta atzean dagoen talde osoa. Jende hori ez da ikusten, baina horiek gabe ez ginateke inora helduko. Antzerkian familia sortzen da. Lanean zauden hilabeteetan taldekoak zure lagun onenak bilakatzen dira. Gero, proiektua amaitzen da, eta, agian, ez duzu denboran ikusten, baina gorputza gorputzarekin lanean zaude.

Antzerkian publikoaren erantzunaren une hori ere baduzu…

Txalo horiek hain bereziak dira… Orain, pandemia garaian, txalo horiek askoz bereziagoak dira. Gu oholtzan egotea eskertu egiten da eta guk ikusleak besaulkian egotea eskertzen dugu. Jendeak bero hori eman nahi du, eta asko igartzen da.

Ni, munduko txarrena musikalarekin emanaldiak izaten ari zarete?

Orain, Madrilera goaz. Torrejon de Ardozen funtzioa dugu. Euskal Herrian Mungia geratzen zaigu eta Galizian ere beste emanaldi bat dugu.

Komedia musikala da?

Sor Juana Ines de la Cruzen bizitza kontatzen du antzezlanak. Idazle feminista izan zen, eta lehenengo poema feminista idatzi zuen. Bere bizitza kontatzen da. Berak idatzitako poemak Iñaki Salvadorrek musikatu ditu. Bizitza oso interesgarria du, eta oso gutxi ezagutzen da emakume honen ibilbidea. Eskertzekoa da horrelako emakumeen bizitza taularatzea. Imajinatu garai hartan idazlea izatea eta emakumea izatea zer izango zen. Gainera, lesbiana zen, eta lesbiana izateagatik komentu batean sartu zuten. Komentuan ezkutatuta idatzi behar zuen. Emakumea izateagatik inork ez du ezagutzen.

Hor ere beste adibide bat, oraindik zenbat historia ditugun kontatzeko, ezta?

Horretarako erabili behar ditugu antzerkia, telebista edo ikus-entzunezkoak. Antzerkia gehiago erabiltzen da horrelako istorioak kontatzeko. Ikus-entzunezkoetan oraindik falta zaigu horrelako pertsonaiak sartzea. Batez ere, emakumeekin. Ez dugu beldurrik eduki behar.

Lander Otaolarekin antzezlan berria estreinatuko duzu?

Denbora da buruan genuela antzezlan hau sortzea. Arriaga antzokiko gelatxo batean egin genuen, duela bost urte, Niños dejad de jugar a la pelota. Beraz, bost urte pasata, beste bat egitea pentsatu genuen. Gure ametsak egia bihurtzen gabiltza.

Lana ez badator, sortu egin behar da?

Orain, inoiz baino gehiago. Momentu arraro batean gaude. Ez dakizu lana edukiko duzun, ez duzun edukiko… Beraz, lana sortu behar da. Amor y humor antzezlana sortu dugu. Antzezlanari buruz gutxi esan nahi dugu. Bakarrik kontatuko dut Lander eta biok gaudela. Lander eta Ylenia izango gara, ez dago pertsonaiarik. Naiel Ibarrola pianoan egongo da, eta musika zuzenean edukiko dugu. Errezitaldi autobiografiko komikoa izango da, eta sorpresak egongo dira. Kulturari omenaldia egongo da.

Kulturari garrantzia eman behar zaio?

Orain, inoiz baino gehiago. Guk beharra dugu, baina jendeak ere beharra dauka.

Zuek sortu, zuek egin duzue dena?

Bai, guk egin dugu dena. CID ekoiztetxearekin landu dugu. Euskalduna jauregian estreinatuko dugu, otsailaren 5ean. Bertan egongo gara, bi asteburuz, ostiraletik igandera. Gero, saltzen saiatuko gara.

Horretan ere aktoreak aditua izan behar du?

Lanbide honetan, zure lana aurrera atera nahi duzunean, leku guztietan jarri behar duzu. Antzerkian gehiago ikus-entzunezkoetan baino, errazagoa da. Ikus-entzunezko lanen atzean beti ekoiztetxea izaten da. Ikus-entzunezko lanak diru barik egitea askoz zailagoa delako. Lander eta biok bikotea gara, eta etxean entseatzen ari gara.

Naiel Ibarrola zuzenean pianoarekin; hori plazera…

Guretzat opari ederra izan da Naiel ezagutzea. Lanean oso ondo moldatzen gara. Musikari bezala ez du gauza bera bi aldiz egiten, eta guretzat hori oso polita da. Momentu guztietan sorpresak dituzu.

Musikaz ari garela, irakurri dut gitarra ikasten ari zarela kantuak sortzeko?

Aspalditik gitarra jo nahi nuen. Txikitan, kontserbatorioan ibili nintzen. Biolina jo nahi nuen. Baina, aldi berean, entrenamenduak nituen. Txikitan, egunero hiru ordu entrenatzen nintzen. Gero, bost orduko entrenamenduak nituen. Gimnasia erritmikoa edo instrumentua aukeratu behar izan nuen. Gimnasia aukeratu nuen, eta, gaur egun, horren pena dut. Beraz, gitarrarekin nabil.

Gimnasia erritmikoa aipatu dugula, diziplina handiko jarduna da, ezta?

Bai. 4 urterekin hasi nintzen, eta 7 urte nituenean entrenatzaile errusiarra etorri zen. Ipurua klubean entrenatzen nintzen. Batzuk aukeratu eta entrenatzen hasi ginen, 9 urterekin Espainiako txapelketara joan nintzen eta txapeldun atera nintzen. Federatu egin ninduten eta txapelketetan parte hartzen hasi nintzen. Hiru eta bost orduko entrenamenduak nituen. Bakarrik eskolara joan eta entrenatu, ez nuen besterik egiten. Pisuarekin ere oso gogorrak ziren.

Askotan entzun izan dugu oso sakrifikatua dela…

Entrenatzen nintzen garaian, gorputz oso luzea edukitzea zegoen modan, errusiarrek bezala: oso altuak, hanka luzeak… Horiek bezala izan behar nintzen, baina ni nintzen modukoa nintzen.

Gaur egun, nola ikusten duzu gimnasia erritmikoa?

Gaur egun, asko aldatu da. Egun, informazio gehiago daukagu, bai fisikoki eta bai elikadurari dagokionez eta psikologikoki. Onarpen gehiago dago.

Jarraitzen duzu praktikatzen?

Kirola egunero egiten dut. Bukatzerakoan, beti gimnasia erritmikoko ariketak egiten ditut, eta gimnasioan jendea begira geratzen da. Antzerkirako ere erabili egin izan dut. Ahal dudanean, ariketaren bat sartzen dut.