Yaser Hamed: “Aita neukan gogoan Palestinako ereserkia entzuten nuen bitartean”
Portugaleten, Hirugarren Mailan, jokatzen du Yaser Hamed (Leioa, 1997) jokalariak. Euskal Herriko selekzioarekin ere jokatzen du, amateur mailan, eta, aita palestinarra izanik, Palestinako selekzioko deialdietan ere izatea da. Hirugarren Mailan jokatzetik selekzioen arteko Munduko Txapelketako kanporaketak jokatzera pasatzen da Hamed.
Kasu kuriosoa da zurea. Hirugarren mailan ari zara futbolean, Portugaleten, eta aldi berean internazionala zara Palestinako selekzioarekin. Ez dira horrelako kasu asko egongo…
Arraro xamarra da, bai. Hirugarren mailan jokatzen dut azken baten. Zorionez Palestinako futbol selekzioarekin joateko aukera dut eta oso esperientzia politak bizi izan ditut horri esker.
Futbol zaletasuna handia da Palestinan?
Futbol amorratuak dira. Asko bizizten dituzte futbol partidak.
Beraz, ezagun ezaguna zara han? Famatua?
Horrela esan nahi baduzu, bai. Bederatzi partidu jokatu ditut selekzioarekin eta bi gol sartu ditut. Horri esker telebistan azaltzen zara eta ezaguna zara, bai
Jendeak kaletik ezagutu eta argazkiak eskatzeraino?
Bai. Gogoan daukat behin ileapaindegi batera joan nintzela ilea moztera eta amaitutakoan, ordaintzeko orduan, ezetz esan zidan. Argazki batekin nahikoa zela. Ni harrituta geratu nintzen baina horrek erakusten du zein puntutaraino diren futbol amorratuak. Oso jende jatorra da.
Zure selekzio kideak ere talde txikietan ari dira? Zein ligatan dabiltza?
Denetik dago. Bat, adibidez, Estatu Batuetako MLS ligan ari da. Beste bat Suitzan dabil. Beste bat Suedian. Mundu osoan zehar daude selekzioko jokalariak.
Baina badago zu bezala hirugarren mailan ari den baten bat ala denak maila profesionaletan?
Denek jokatzen dute lehenengo mailan. Ni kasu berezia naiz. Horregaitik selekzioaren deialdi guztietara joateagatik oso pozik nago.
Eta zu Portugaleten zabiltzala azaltzen diezunean, zer diote?
Eurek badakite Espainiako ligan futbol maila altuagoa dela eta nire maila zein den ere badakite. Ondo moldatzen naiz eurekin.
Ez zaizu harraroa egiten Qatarreko munduko txapelketarako sailkapen partidu bat, selekzioarekin, profesionalekin jokatzetik etorri eta adibidez, Balmasedara jokatzera joatea?
Aldaketa ikaragarria da. Han denbora mordoa ematen dugu luxuzko hoteletan. esaterako. Zelaiak estadioak dira, milaka ikusle daude harmailetan, telebista kamerak… Oso profesionala da eta oso desberdina hirugarren mailarekin alderatuz.
Portugaleteren historiako lehen internazionala zara?
Ez. Uste dut duela bizpa hiru urte Igor Engonga Ekuatore Gineako selekzioarekin jokatzeko deitu zutela.
Edonola ere, presidentearekin hitz egin beharko duzu… Internazionala izanda fitxa hobetu egin beharko da…
Momentuz ez dugu ezer negoziatu (barre). Momentuz oso gustora nago Portugaleten. Ligan oso ondo gabiltza, lehen postuan, eta oso pozik nago nagoen bezala.
Selekzioarekin jokatzeak eskaparate bezala balio ahal dizula uste duzu?
Seguru baietz. Mundu osoan zehar jokatzen duzu, herrialde desberdinetan, telebistan azaltzen zara eta talde asko fijatzen dira jokalari honetan eta hartan. Hori niretzat oso positiboa da, noski.
Badakizu zein web orrialde den Transfermarket?
Bai, ezagutzen dut.
Inoiz begiratu duzu zure merkatu balioa zein den webgune horren arabera?
Berrogeita hamar mila euro, oker ez banago.
Ez da negozio txarra internazional bat berrogeita hamar mila euroren truk fitxatzea…
Norbere ibilbidearen arabera ezartzen dute kantitate hori baina saiatuko gara pixka bat igotzen (barre).
Azken fitxaketan, Leioatik Portugaletera joan zinenean, zenbat ordaindu zuten zugatik?
Ezer ez! Doan izan zen.
Katxea igo duzu hortaz…
(Barre) Bai, bai. Beti eskertzen da hori.
Ezagutu dezagun zure historia. Zu Euskal Herrian jaioa zara, ezta?
Bai. Barakaldon jaio nintzen eta beti bizi izan naiz Leioan.
Eta zein da Palestinarekin duzun lotura?
Aita han jaioa da. Gazan. Hamazazpi urterekin medikuntza ikastera etorri zen Leioara, EHUren kanpusera, eta medikuntza ikasten ari zela ezagutu zuen ama.
Ama bada hemengoa?
Miranda de Ebrokoa. Bera ere medikuntza ikasten ari zen. Han ezagutu zuten elkar aitak eta berak. Elkarrekin ikasi zuten eta ordutik hemen bizi izan dira. Etxean bost anaia gara eta bostok hemen jaioak eta hemen haziak.
Eta inoiz joan zarete Palestinara ala selekzioak deitu arte sekula joan gabea zinen?
Ez. Orain arte Palestina ezagutzen zuen bakarra aita zen eta esan dizudan bezala, hamazazpi urterekin etorri zen hona eta ez da inoiz itzuli. Nik aitak kontatzen zidana bakarrik nekien, gauzak ez zeudela ondoegi han. Orain selekzioari esker hura nolakoa den ezagutzeko aukera izan dut. Palestina eta mundu osoa. Azken lauzpa bost hilabeteetan hainbat herrialde ezagutzeko aukera izan dut eta izugarria izan da.
Jarrai dezagun zure historiarekin. Hemen jaioa eta hazia zara. Futbolari dagokionez, Lezaman hazia, Athleticen harrobian…
Bost urte eman nituen han. Oso harro nago Athleticen egon izanaz. Nire formakuntza osoa Athleticen jaso nuen.
Orain lehen taldean dagoen jokalariren batekin koinziditu zenuen urte haietan?
Askorekin. Unai Nuñezekin, Unai Simonekin, Iñigo Cordobarekin, Asier Villalibrerekin…
Eta mantentzen duzu eurekin kontaktua?
Bai. Noizean behin ikusten dugu elkar. Baina nire ametsa eurekin San Mamesen jokatzea da eta nire esku dagoen guztia egingo dut amets hori bete ahal izateko.
Athleticen ondoren hainbat taldetan jokatu duzu. Azken urteetan Leioan ibili zara bigarren b mailan, gero Portugaleten… eta halako baten Palestinako hautatzailearen deia iritsi zen. Espero zenuen ala sorpresa izan zen?
Sorpresa erabat. Etxean nengoen, ikasten, handik egun batzutara azterketa bat neukalako, eta telefonoak jo zuen bat-batean. Nik banekien hautatzailea nor zen baina ez nuen bere deia espero eta lehenengoan moztu egin nion. Oso harrituta nengoen. Handik minutu batera berriro deitu zuen, hizketan egon ginen eta pixkanaka asimilatu nuen gertatzen ari zena. Dei horrek bizia asko aldatu dit.
“Selekzioan denek jokatzen dute lehenengo mailan; ni kasu berezia naiz”
Kuriositatez, zein hizkuntzatan hitz egin zenuten?
Harraroa da baina, ingelesez, apur bat arabieraz eta fratsesez. Nire etxean arabiera dakien bakarra aita da, nik oso gutxi, eta aita ez zegoen etxean momentu horretan, beraz, ahal izan genuen bezala ulertu genuen elkar.
Zuk orduan, arabiera apur bat bai?
Poliki poliki ari naiz ikasten.
Eta euskera, umetan ikasi zenuen edo gerora?
Txikitatik, eskolan. Orain ere Kimika karrera euskeraz ari naiz egiten unibertsitatean.
Beraz, hautatzaileari lehenengo deia moztu eta bigarrenean nola hala elkar ulertu ostean, iritsi zen Palestinara joateko unea. Zer espero zenuen han topatzea?
Egia esan, ezer gutxi nekien. Telebistan ikusten dena eta gutxi gehiago. Ilusio handia neukan hara joan eta hango bizimodua nolakoa zen jakiteko, baina joateko momentua iritsi zenean urduri jarri nintzen. Bakarrik nindoan, beste herrialde batera, beste hizkuntza bat, Europarekin alderatuta oso ezberdina… Joan nintzen azkenean, eta Tel Avivera iristean ordu luzez eduki ninduten aireportuan galderak erantzuten bisadoa eman aurretik.
Ez zintuzten herrialdean sartzen uzten?
Atzerritar guztiek erantzun behar dituzte zenbait galdera: nongoak diren, bere gurasoak nongoan diren, zertara zoazen hara… Eta noski, nik Palestinako selekzioarekin jokatzera nindoala esan nienean gauzak asko zaildu ziren. Israel eta Palestinaren arteko harreman txarrak direla eta, traba asko jartzen dizkizute. Nire bigarren bidaian beldun handia pasa nuen. Kartzelara bidaliko nindutela esan zidaten. Ea Hamasekin harremanik nuen. Momentu hura gogoratzen dudan bakoitzean… oso gogorra izan zen.
Palestinar batek Israel bidez sartu behar duenean, hortaz, esan daiteke ez dituela ateak zabalik topatzen…
Sartu ere ezin du egin. Nik pasaporte bikoitza daukadalako, palestinarra eta espainiarra, eta Espainiakoarekin sartzen naiz Tel Avivetik. Bestela, palestinarrek Jordaniatik joan behar dute. Selekzioan, nitaz aparte, beste hiru taldekide sartzen dira bakarrik Tel Avivetik baina Israeleko pasaportea dutelako. Palestinakoa gordeta.
Zer topatu zenuen Palestinara iristean? Telebistan ikusitakotik zeneraman ideiarekin bat zetorren?
Oso desberdina iruditu zitzaidan. Dena da zaharra, antzinakoa, baina oso polita eta erakargarria. Kultura eta hizkuntza ezberdin bat ezagutzea oso erakargarria egin zitzaidan eta gainera harro sentitzen nintzen aita bizi zen tokia zela pentsatzen nuelako denbora guztian.
Eta nolakoa da bizimodua? Palestina eta Israelen arteko gatazka horrek asko baldintzatzen du ala bizimodu gutxi gora behera normala egin daiteke?
Selekzioa dagoen gunea Ramalan dago eta hor bizimodua erabat normala da. Aita bizi zen inguruan berriz, Gazan, gatazka handia dago zoritxarrez.
Nola gogoratzen duzu selekzioarekin debuta?
Iraken izan zen. Segurtasun neurriak ikaragarriak ziren. Partidu aurreko egunetan entrenatzera gindoazenean eskoltatuta joaten ginen, armekin, txakurrekin… “baina non sartu naiz, zer da hau” pentsatzen nuen. Hautatzaileak hotelean esan zidan hasieratik aterako nintzela eta urduri jarri nintzen, baina partidu bat gehiago zela eta nekien bezala jokatzeko esan zidan. Estadiora sartzea ikaragarria izan zen. Karbalako nazioarteko estadioa, San Mames bezalako zelaia. Jendez beteta zegoen. Eta nire gola iritsi zen. Debutaren egunean gola, partiduko mvp-a izendatu ninduten, irabazi egin genuen… Ezagutzen nuen eta ezagutzen ez nuen jendearen mezuak jaso nituen. Beti gogoratuko dut. Nire bizitzako momentu politena.
Momentu politak aipatzen hasita, nola bizi izan zenuen ereserkiaren unea?
Ikasi egin behar izan nuen. Hautatzaileak esan zidan titular aterako nintzela eta ikasteko. Ikustekoa izan zen, hotelean, nire gela kidearekin nola ibili ginen entsaiatzen. Azkenean dena ondo joan zen.
Abestuko zeniguke apur bat?
“Fidahi, fidahi, fidahi”… Horrela hasten da (barre).
Zer esan nahi du?
Borrokalari. “Yallah fidhai” aurrera borrokalari da, ulertzeko.
Hunkigarria izango zen…
Batez ere aita eta bere familia neuzkalako gogoan.
Oso berezia izan omen zen baita Saudi Arabiaren aurkako partidua ere, ezta?
Historikoa. Arabiak Palestinan jokatzen zuen aurreneko aldia izan zen. Pentsa Palestinan sartzeko arazo handiak daudela eta Arabia mundialak jokatzen dituen selekzio bat izanda, ordura arte beti zelai neutraletan jokatzen ziren partidu horiek. Milaka pertsona etorri ziren zelaira. Kanpoan geratu zirenek hormak eskalatzen zituen partidua ikusi ahal izateko. Bizitzako beste une polit bat.
Nola amaitu zen partidua?
Husna, baina gol aukera guztiak gureak izan ziren. Bi edo hiru gol sartzeko merituak egin genituen, baian Arabiaren aurka berdintzea ez dago batere gaizki.
Mundialerako sailkatzea posible ikusten duzu? Une honetan multzoko azken postuan zaudete…
Azken bi partiduek kondenatu egin gaituzte baina tira, oraindik bederatzi puntu geratzen dira jokoan, hiru partidu, eta munduko txapelketarako sailkatzeaz aparte, 2023an Txinan jokatuko den Asiako kopa jokatzeko bederatzi puntu horiek oso garrantzitsuak dira.
Zenbatero joaten zara Palestinara selekzioarekin?
Hilero. Eta deialdi bakoitzean bizpa hiru aste ematen ditut han. Orain ere Bangladeshen egon behar nuen selekzioarekin, baina ez direnez FIFA datak, kluba ez dago joaten uztera behartuta. Lagunarteko partiduak direnez eta hemen partidu garrantzitsuak dauzkagunez, oraingoan hemen geratzeko eskatu didate. Palestinako federazioari helarazi diot eta ez dago arazorik.
Noski, Portugaleteko entrenatzailea ez da pozik egongo bere jokalari garrantzitsuenetakoa hainbeste denbora kanpoan edukita…
Niretzat oso zaila da selekzioari ezetz esatea baina bietan egon behar naiz.
Zer dakite han gutaz? Euskal Herria ezagutzen dute?
Bai. Badakite hizkuntza propio bat daukagula, adibidez. Badute gure berri.
Zer eskatzen diozu futbolari karrerari?
Anbizio handia daukat. Lan asko egiten dut nire kabuz eta nire esku dagoen guztia egingo dut poliki poliki gorantz joateko.
Eta futbola amaitzen denean? Kimikari?
Ez dakit. Karrera amaituko dut, badaezpada eta gero ikusiko dugu.
Palestinara joateko asmorik bai?
Bizitzera ez, baina bisitan bai. Familiarekin joatea gustatuko litzaidake.
Aitak ez du itzuli nahi, bisitan behintzat?
Bai. Hitz eginda dago. Martxoaren 26an Singapurren kontra jokatzen dugu eta agian bera ere etorriko da. Atera kontuak, hamazazpi urterekin atera zen handik eta orain hirurogeita zortzirekin itzuli daiteke. Ikaragarria litzateke.