Xabin Fernandez: “Bihurgune asko hartu ditut bizitzan zehar”

Xabin Fernandez Zubeldia (Legorreta, 1985) ez da geldi egoten den horietakoa. Harekin hitz egin dugu telebistan egin duen ibilbideaz, irratiaren magiaz eta Kanpora sartzen antzezlanaz, besteak beste.

Xabin Fernandez Zubeldia, ongi etorri TTAPera!

Eskerrik asko, Idoia.

Pertsona poliedrikoa zara; nola aurkezten duzu zeure burua?

Ez da erraza. Askotan galdetzen didate eta batzuetan ez dakit zer erantzun. Unibertsitate garaian pisukide batek telebistako aurkezle ezagun bati buruz esan zuen: “Badakizue nola deitzen dion honi nire amak? El lari”. Eta termino hori izugarri gustatu zitzaidan, ni ere laria naizelako. Alegia, handik eta hemendik gauza desberdinetan ari dena.

Txikitatik izan zara laria?

Bai. Nik txikitan %100ean showa eman nahi nuen, baina denen aurrean ezin… Pena ematen dit, erakutsi zidatelako pixka bat ezkutatzen. Horregatik, orain gelditu gabe nabil.

Handitan zer izan nahi zenuen galdetzen zizutenean, zer erantzuten zenuen?

Nik uste dut umetatik galdera horri beldurra niola. Txikitan, albaitaria izan nahi nuela esaten nuen, animaliak oso gogoko nituelako, baina gero konturatu nintzen dena ez zela hain polita. Egia esan, gaur egun ere ez dakit nondik nora joko dudan. Nire bidea beti izan da irregularra. Bihurgune asko hartu ditut bizitzan zehar eta etengabe mugitzen aritu naiz. Ez dakit hori ona den edo txarra den, baina pozik nago egindako bidearekin.

Non eta nola hasi zen zure ibilbide profesionala?

Herrian hasi nintzen showak prestatzen, aurkezten, idazten… Herri txikietan denetatik egitea beharrezkoa da, eta gauza asko ikasi ditut. 17 urte nituenean eta unibertsitatean hasi nintzenean, Idiazabalgo eta Lazkaoko lagun batzuekin Goierri telebistara joan eta ea bertan lan egin genezakeen galdetu genuen. Atea ireki, eta Gure txanda izeneko saio bat eman ziguten. Oso ondo pasatzen genuen eta asko ikasi genuen. Han hasi zen telebistako nire ibilbidea. Tolosaldeko telebistan ere ibili nintzen, eta ondoren ETBn sartu nintzen, teknikari. Geroztik, ETBn ia denetarik egin dut. Hasiera hartan, kamera laguntzaile nintzen, eta nire lana kablea eman eta jasotzea zen kameraria oinez zebilen bitartean, eror ez zedin. Hogei urte geroago, plato horretan bertan egon naiz beste lan batzuk egiten. Eta konturatu naiz jendea desberdina dela kablea eman eta jaso egiten duenarekin edo zuzendari batekin, edo aurkezle batekin… Errealitatea hori da. Zorionez, gauza desberdinak probatu izan ditut handik eta hemendik, eta telebistaren ikuspuntu zabala daukat.

Bekaduna ere izan zara?

Bai; Errumaniako TeleU telebistan egin nituen praktikak, Timisoara hirian. A zer-nolako esperientzia izan zen! Ez nuen errumanieraz piperrik ere ulertzen, baina egia da bertan Arrasateko, Bergarako eta Iruñeko mutil batzuk ezagutu nituela eta kasik euskaraz gehiago hitz egiten genuela gaztelaniaz, ingelesez edo errumanieraz baino.

Eta ibilbide honetan guztian izan duzu lan kuttunik?

Bereziki gogoratzen dudana da Herri txiki, infernu handi saioko erredaktore lanak egin nituenekoa. Nire lana gonbidatuak topatzea zen, gero Zuhaitzek eta Pagadik elkarrizketa
zitzaten. Oso lan polita zen. Herri horretako jendearekin lehen hartu emana egitengenuen, herria bisitatzen genuen. Zuhaitzek eta Pagadik jendearen aurrean bideoak aurkezten zituztenean, zoragarria zen jende horren aurpegiak ikustea.

“Istorioak kontatzeko beharra sentitu izan dut txikitatik”

Komunikazioaren mundua ere gustuko duzu.

Kontalaria izatea gustatzen zait. Istorioak kontatzeko beharra sentitu izan dut txikitatik. Ipuin asko kontatzen nituen umea nintzela, fantasia handikoak, eta gaur egun horregatik ere gustatzen zait komunikazioaren mundua. Alde horretatik, irratiak eman dit aukera hori. Adibidez, Gaztean egon nintzen denboran, musika jartzeaz gain, gauzak kontatzen eta lasai hitz egiten ikasi nuen. Zuzeneko horrek beste leku batean jartzen zaitu. Eta bertan egindako elkarrizketetatik ere asko ikasi dut.

Zeintzuk ziren zure erreferentziak ikus-entzunezko munduan?

Asko izan ditut txikitatik. Nire aitona-amona asturiarrekin telebista asko ikusten nuen. Asturiasera joaten nintzenean ere ordu txikiak arte amonarekin telebista ikusten egoten ginen, eta, agian, behar ez ziren gauzak jartzen zizkidan, baina nik bereziki gogoan ditut amonarekin pasatako ordu haiek. Adibidez, Noche de fiesta ikusten genuen, Jose Luis Morenorekin. Oraindik ere amonarekin telebistaren aurrean jartzen naizenean gozatu egiten dut, eta uste dut hortik ere badatorkidala sen hau.

Telebista gainbeheran dagoela uste duzu?

Badirudi gaur egun gauza guztiek iraungitze-data bat izan behar dutela eta gauzen bukaeraren zain gaudela; baina telebistaren kasua Igeldoko suitzar mendia bezalakoa da, behera eta gora, behera eta gora. Zerbait ona denean eta interesa pizten duenean, jendea hor dago. Telebista bere horretan hilko denik ez dut uste. Agian, eraldatu eta formula berriak asmatuko ditugu, baina espero dut telebista hor egotea, ni oso zalea naiz eta.

Beharbada, kontsumitzeko moduak aldatu dira.

Gaur egun gauzak ez ditugu ia batera egiten, edo gero eta gutxiago. Horietako batzuk dira telebista eta irratia kontsumitzea. Nik telebista nire bikotekidearekin ikusten dut; ez dakit familia handiagokoek nola egiten duten. Baina telebistan zerbait egiten ari naizenean, pareko sofan pertsona bat baino gehiago dagoela irudikatzen dut, eta elkarrekin ari direla saioa komentatzen.aman, nik dauzkat gordeta.

Zer gauza on eta txar dituzte telebistak eta irratiak?

Niri irudia asko gustatzen zait. Entzumena edo ikusmena galdu beharko banu, ikusmena mantendu egingo nuke. Uste dut telebistak kolore asko duela eta gauza asko egiteko aukera ematen digula. Nik gauza oso desberdinak probatu ditut telebistaren barruan, eta uste dut hori dela gehien gustatzen zaidana: egunero zerbait desberdina probatzea. Irratitik, berriz, entzulearekin daukazun gertutasuna gustatzen zait. Nik telebistan ez dut feedback zuzen hori eduki. Irratian entzuleak hor daudela jakitea ederra da, mezutxoren bat trukatu dezakezu momentuan, eta hori da zuzeneko irratiaren magia: gertutasuna. Eta txarra? Telebistan zerbait gaizki doanean ezin duzula irratian bezala abesti bat sartu eta kantak irauten duen bitartean gauzak konpondu.

Horrelako pasadizo asko gertatuko zitzaizkizun.

Gogoan dut irratian nengoenean hatzak kontrolatzeko zailtasunak nituela. Mahai teknikoa, mikrofonoa, musika, kolaboratzaileak eta dena batera kontrolatu behar izaten nituenean, behin baino gehiagotan sartzen nuen hanka. Hatza sartzen nuen behar ez zen botoian edo bat-batean musika gelditu eta Euskal Herri osoa isilik uzten nuen. Baina nik argi neukan ez nuela disimulatuko; hau da, hanka sartu nuela esaten nuen beti. Horrelako asko egin izan ditut, bai.

Ahots polita duzula esan dizute inoiz? Edo ahotsagatik ezagutu?

Bakarren batek esan izan dit ahots polita dudala. Norbaitek ere esan izan dit ea ni nintzen Gaztean zegoen Xabin hori. Kontuan izan behar da nik irratian pisu handiko jendea izan dudala aldamenean: Telleria anaiak, Jon Gotzon… Eta hor borroka handia egin behar nuen hitza hartzeko! Saio horretan nire papera beste bat zen, eta, orduan, ez dakit nire ahotsa hainbeste ezagutzen duen jendeak. Nik ez dut inoiz ahotsa landu, eta pena da; izan ere, ez digute erakusten ahotsa behar moduan lantzen. Gerora ikasi dudan zerbait izan da.

2023an, Kanpora sartzen antzezlana estreinatu zenuen, zure esperientzian oinarrituta.

Duela 12 urte diagnostiko bat jaso nuen, eta jakin nuen seropositiboa nintzela. Orduan, armairu edo kaiola batean sartu nintzen. Beldurtu egin nintzen, informazio falta nuen…

Hasieran, asmoa zen gai honi normaltasun bat eman eta gauzak kontatzea eta bidea egitea, baina gero konturatzen zara, agian, hobe zela hainbesteko presarik ez edukitzea. Eta orduan, kontrakoa egin nuen. Informazio hori niretzako gorde nuen, neroni ere gorde nintzen, eta denbora luzez nirekin eramango dudan zama da. Denbora hartan zehar neure buruari esaten nion egunen batean hortik ere aterako nintzela. Euskal Herrian badirudi GIB birusa tarteka bakarrik bisitan etortzen zaigula, hau da, ez dela hemen geratzen, zerbait arrotza dela, edo iraganekoa… Hau da, ez da plazan askotan dagoen gai bat. Eta nik esaten nuen honetaz hitz egin behar dela eta euskaraz hitz egin behar dela. Baina ez nekien zein forma eman. Telebistan nengoenean dokumental bat egiteko gogoa sartzen zitzaidan, irratian nengoenean podcast bat… Pandemia igaro eta gero, antzerkilaritzari beste modu batera heldu nion, eta hor ikusi nuen hau kanporatzeko bidea. Kanpora sartzen obran hamar urte haietan bizitakoak kontatzen ditut, nire izenean. Oholtza gainean Xabin Fernandez Zubeldia bezala agertzen naiz, nirekin dago Ihintza Alkain birusarena egiten, eta bion arteko elkarbizitza kontatzen dugu, komedia puntu batekin, gai iluna dela jakinda. Gaur egungo seropositiboon errealitatea, zorionez, ez da duela hamarkada batzuetakoa, eta hori islatzea izan da gure helburu nagusia.

“Irratiaren gertutasuna gustatzen zait”

Zer da seropositiboa izatea? Orokorrean, jendeak informazio askorik ez duela dirudi.

Bai, normala da. Normala da, adibidez, gazta-tarta baten errezeta bilatzea Interneten, eta ez birus horri buruzko informazioa; gertu ez bazaigu tokatzen, behintzat. Gaur egun, seropositiboa izateak gure egunerokoa ez du aldatzen. Tratamendu bat hartzen dugu; nire kasuan, tratamendu antirretrobirala hartzen dut egunero. Horri esker, nire odolean dagoen birus karga detektaezina da; hau da, ez da ikusten analitiketan, oso baxua delako, eta kontrolatuta dago. Nire birusaren egoera da detektaezina eta transmitiezina. Hau da, nik ezingo nuke beste inor infektatu. Hori da tratamenduan gauden seropositibo gehienon egoera gaur egun. Arazoa da jende askok ez dakiela zein den bere egoera serologikoa. Nik ere diagnostikoa jaso aurretik ez nuen inoiz probarik egin, baina, zorionez, badaukagu proba hori egiteko aukera farmazietan eta osasun etxeetan. Kontua da beldurra diogula eta ez dugula begiratzen. Seropositibo askoren egoera horixe da gaur egun; ezjakintasunean egotea. Eta hori da arazoa, ezjakintasun horrengatik ari delako birusa zabaltzen. Lortuko bagenu mundu guztiaren egoera serologikoa jakitea, errazago kontrolatuko genuke. Oraindik lan asko dago egiteko, baina gure aletxoa jartzen dugu.

Nolako harrera du antzezlanak?

Denetarik pixka bat. Batzuk beldurtuta etortzen dira. Hori bukaeran aitortzen dizute, baina lasaiago ateratzen direla ere esaten digute gehienek. Malkoren bat ateratzen zaiela ere esaten digute, baina baita ere barre asko egin dutela. Euren txaloak jasotzen ditugunean, lasaitasun aurpegiak ikusten ditugu. Jende askok ere oso identifikatuta sentitu dela esan digu. Identifikatuta sentitzen dira, agian, tratamendu bat hartzen ari direlako, edo diagnostiko bat dutelako, edo lotsaz bizi dutelako, edo heriotzari beldurra diotelako. Minbizia, osasun mentala, pandemian bizitzakoak… uste dut mundu guztiak nonbaitetik heltzen diola eta identifikatuta sentitzen dela. Ni oso-oso eskertuta nago, jende asko etorri delako gu ikustera eta gauza asko kontatu dizkidatelako. Kanpora sartzen izan da nire ume txikia.

Izenburua ere zoragarria dela iruditzen zait.

Zuk uste? Proiektuei izenburua jartzea egiten zait zailena. Batzuetan, pentsatzen dut ez nuela asmatu Kanpora sartzen-ekin. Jendeari ez zaiola argi geratu esango nuke. Askok esan dute: “Nola zen barrua eta kanpoa eta gora eta behera?”. Pentsa, Metesaka ere deitu izan diote eta!

Umorearen garrantzia handia da karga birikoa jaisteko, ezta?

Dudarik gabe. Karga hori umorearen bidez kentzea oso aproposa da. Bueno, gai guztietan. Zalantzak eduki genituen umorea noraino sartu eta noraino ez. Aitziber Garmendia da antzezlaneko zuzendaria, eta esan nion gaiari distira atera behar geniola eta hura oso aproposa zela horretarako. Eta atera zion, noski! Nire gidoia asko zukutu zuen, baina beti errespetuz. Beharbada, bateren bat sentitu daiteke deseroso momenturen batean. Seropositibo asko etorri dira gu ikustera, eta badakit batzuentzat momentu batzuk gogor samarrak izan direla, baina gero, denborarekin, eskertu egin dute. Gogorra da, baina horretaz hitz egin behar dela esan didate.


Bakarrizketak ere egiten dituzu; oso desberdinak dira antzezlanak eta bakarrizketak?

Oso desberdinak dira. Ni askoz libreagoa naiz bakarrizketetan, inprobisaziorako tartea dagoelako eta publikoarekin zuzeneko hartu-emana daukazulako. Agian, bide honetatik joan nahi duzu, baina gero, publikoak beste zerbait ematen dizu eta bukatzen duzu beste bide bat hartzen. Hori oso polita da. Antzerkiak, berriz, bere gidoia dauka. Bakarrizketek aldatzeko aukera hori ematen didate eta nire bizitzarekin paralelismo bat egiten dutela iruditzen zait. Hala ere, aitortu behar dut Kanpora sartzen-en Ihintzak eta biok inprobisazioari lekua ematen diogula eta batzuetan barreari eustea ere asko kostatzen zaidala. A zer-nolako elementua den Ihintza! Aitziber Garmendiaren apustua izan zen birusari emakume itxura ematea eta Ihintza proposatzea. Bidelagun ezin hobea izan da.

“Askoz libreagoa naiz bakarrizketetan”


Gaur egun, proiekturik baduzu esku artean?

Ardi beltzak elkarrizketa saioa estreinatu genuen Primeran plataforman, eta elkarrizketa berriak prestatzen ari gara. Ardi beltzak alde guztietan gaude. Beti saldu digute artaldean ardi beltzak bat edo bi zeudela, baina, agian, artalde beltza daukagu uste baino gertuago. Bilaketa horretan oso pozik nabil. Proiektu berezia da, eta pozik nago. Eta, antzerkiari dagokionez, idazten eta probatzen nabil, batera eta bestera bidaltzen. Nahiko saltsero nabil, egia esan.

Zein da bete nahiko zenukeen ametsa?

Konturatu naiz umetan oso ameslaria nintzela eta amets batzuk betetzen joan naizela. Pena ematen didana da batzuetan ametsak bete ditudanean ez dudala kontzientzia hori izan. Ez dut gozatu. Agian, ametsa izango litzateke dudan amets bat betetzea eta kontzientzia izatea betetzen ari naizen momentu horretaz. Batzuetan, zerbait lortzera iristen zarenean badirudi ez dela hainbesterako izan, eta horrek pena ematen dit. Hori gertatu zitzaidan ETBn aurkezle izateko aukera eman zidatenean. Nire txikitako ametsa bete nuen, baina badirudi egunerokotasunean zaudenean ez diozula hainbesteko garrantzirik ematen. Irratian ere berdin, antzerkian ere berdin… Nork esango zidan neronek idatzitako obra bat taularatuko nuenik! Batzuetan, Pause botoiari eman behar zaio eta bizitzeko denbora hartu. Horretan ez naiz oso abila. Hori izan daiteke erronka.