Xabier Garcia Ramsden: “Estudiotik irten eta istorioak bilatu behar ditugu”


Bi hamarkada bete ditu Radio Euskadin Xabier Garcia Ramsden (Bilbo, 1983) kazetariak. Iaz Ondas saria irabazi zuen Boulevard saioaren aurkezlea da gaur egun bilbotarra.
Ia 20 urte daramatzazu Radio Euskadin, baita ETBn. Bigarren etxea da zuretzat?
Ia-ia lehena dela esango nuke, elkarri eman diogun guztia kontuan harturik. Unibertsitatean ikasten ibili nintzenean Radio Vitorian emititzen zen irratsaioa egiten genuen, bekadun izan nintzen Radio Euskadin –gaur egun aurkezten dudan saioan– eta nire bizitza profesional osoa EITBn egin dut, bai. Ganbara, Teleberri, Boulevard… Hedabide publikoetan sinesten dut, eta erosoen bertan nago.
Nondik datorkizu kazetaritzarako pasioa?
Bokaziozkoa dela esan dezaket, argi eta garbi. Umetan lehengusinarekin irratian aritzera jolasten nintzen, eta grabagailuarekin irratsaioak egiten genituen, kasetekin. Lagunekin telebista-saioak grabatzen genituen etxean, kamera txiki batekin… Frikiak ginen. Beti izan dut gustuko entzutea eta istorioak kontatzea. Amak esaten dit 6-7 urte nituenean herriko plazan zegoen etxerik gabeko pertsona bati galdera asko egiten nizkiola. Dirudienez, elkarrizketa luzeak izaten genituen. Badirudi zainetan daramadala…
Kameraren aurrean edo uhinetan. Non gozatzen duzu gehiago?
Ez dut argi. Esan ohi da telebista mugitzeko zaila den elefante handi bat dela. Nik, gainera, irratia sugandila bat dela gaineratuko nioke; azkar eta modu errazean mugitzen dena. Baina elefanteak ikusgarriak dira. Albistegi, telebista-saio edo mahai-inguru baten emaitza telebistan askoz ikusgarriagoa da. Bestalde, irratiak entzuleekiko gertutasun handia du, eta bat-batekotasun hori. Bietan gozatzen dut, batez ere, EITBn, osagarriak direlako.
Iaz Ondas saria irabazi zenuten Cárceles vascas irratsaio bereziagatik. Urte luzeetako lanaren emaitza?
Ideia on bati eta exekuzio handi bati emandako aitortza izan zen; biak ala biak, talde lanaren emaitza. Milaka ordu lan egiten duten eta irratian ia entzuten ez zaien inurri horiek egindako lan ederra. Taldearentzat energia-kolpe izugarria izan zen. Sariek ogibide honen alde ona erakusten dute, eta ikusten ez den alde txarra, gogorra, orekatzeko balio dute: estresa, ordutegi kaskarra, egunerokoa… Boulevard 6 orduko saioa da, egunero. Astean 30 ordu egiten ditugu, eta ordu horiek zaindu behar ditugu egunero Ondas sariaren hautagaiak izango bagina bezala. Hori ez da erraza.
Irratsaio berezi hura Basauriko kartzelatik emititu zenuten. Historikoa izan zen.
Kartzelak dituen 60 urteetan ez zen irratsaiorik egin handik. Aro politiko berriak ahalbideratu du hori. ETA gabe eta Euskadik izan duen kartzelen konpetentziaren transferentziagatik. Une perfektua izan zen, eta, batez ere, beti gauza berriak egin daitezkeen adibidea izan zen. Beti daude deskubritu daitezkeen tokiak, istorioak eta pertsonak. Gure gizartearen parte dira pertsona horiek, eta beste begi batzuekin begiratu diezaiekegu, beste errespetu batekin. Horretarako gaude hedabide publikoak.
Ukrainako gerraren hasierako urteurrenean EITBk Kieven egindako saio berezietan ere egon zinen. Zer bizi izan zenuten han?
Esperientzia profesional bikaina izan zen; gogorra, baina oso atsegingarria. Pribilegioa izan zen: gerra baten bihotzera sartzea, egun batzuk han igarotzea eta etxera itzultzea atzean benetako tragediak utzita. Eta azken horrek erru sentimendua sentiarazi zigula ere esan dezaket… Baina EITBk, hedabide europarra den heinean, gure kontinentean gertatzen ari den gerra baten egon behar zuela eta hori kontatu behar dela uste dugu. Hitz egitea eta entzutea, errespetutik, biztanleekin. Ukrainako lurra zapaltzen konturatzen zara gerra zifra hutsak eta argudio politikoa baino gehiago dela. Gaur egun gerraren inguruan beste sentsibilitate batekin hitz egiten dudala esan dezaket. Estudiotik irteteak eta istorioak bilatzeak izan behar du gure lehentasunetako bat.
Irratiaren etorkizuna zalantzan jarri da azken urteetan, eta, hala ere, hortxe jarraitzen duzue jo eta ke. Nola ikusten duzu zuk etorkizun hurbila?
Irratiaren amaiera aurreratu zutenek horrenbeste aldiz egin dute kale, dagoeneko infinitutzat, hilezkortzat hartu dezakegu. Haren bi balio handiak mantentzen baditu, irratiak ez du amaierarik ezagutuko. Bat zuzena da: botoia sakatzea eta A-8an istripu bat gertatu dela unean bertan entzutea. Eta bigarrena zehaztasuna da: irrati-esatari horren atzean profesionalez osatutako lantalde bat dago trafiko gorabeherak Ertzaintzarekin kontrastatzen, Euskalmetekin eguraldiaz hitz egiteko, Legebiltzarreko kazetariekin kontaktuan, mundu osoan banatutako berriemaileekin elkarlanean… Ez dago baliabide horiek dituen tiktoker edo youtuber-ik.
Harritu egin zaitu podcasten boomak edo gorakadak?
Irratia kontsumitzeko beste modu bat da, eta gustuko dut. Podcastak ez dira etorkizuna, irratiaren oraina dira, baina ez datoz irrati lineala ordezkatzera, zuzeneko irrati hori, baizik eta osatzera. Irrati espezializatua izatea edo nahieran izatea irratiaren eboluzioa dira. Eta hor, Internet eta bideoz grabatutako irratsaioak izatea oso lagungarriak izan dira. Duela 15 urte nork esango zigun irratiaren aktiborik handiena irudia izango zela…
Irratitik deskonektatzea zaila da? Nola lortzen duzu?
Zaletasun nahiko normalak ditut: bidaiatzea maite dut, kuadrillarekin garagardoak hartzea, telesailak ikustea… Eta duela urtebete, crossfit-a egiten hasi nintzen. Arratsaldez, eskuko telefonorik gabe ordubete topera. Fisikoki eta mentalki oso lagungarria egiten zait. Gomendatzen dut.