Xabier Barrutia eta Ibai Silicato: “Dibertimendua horixe da, sortzea”

Silitia musika taldea Bilbon sortutakoa da. Xabier Barrutiak eta Ibai Silicatok osatzen dute taldea. Silitiaren estiloa ezin da hitz bakar batekin deskribatu; musika dantzagarria eta freskoa egiten dute. Entsegu lokalean batu gara.

Ibai Silicato: Noiz hasi ginen? Arte Ederrak ikasten ezagutu genuen elkar. Egia da Zarauzko jai batzuetan, Garagardo Egunean, ideiarekin hasi ginela. Musika taldea egitea… hori 2019an izan zen.

Xabier Barrutia: Ez, 2018a izan zen.

I.S.: Berez, 2018an etxean musika egiten hasi ginen. Horrela hasi ginen, 2019ra arte ez genuen lehenengo kanta atera.

Parranda batean sortutako taldea zarete; aurretik bazenuten harremanik musikarekin?

I.S.: Nik ez; zaletasuna bai, musika asko entzundakoa bai. Baina profesionalki ez neukan ezer eginda.

X.B.: Nik gitarra ikasi nuen, pianoa ere bai. Gero, lagun batzuekin talde bat sortu nuen. Benetan edo serio ez nuen hartu Silitia heldu arte.

Etxean elkartu eta musika egiten hasi zineten; zuk zeuk egin filosofiarekin?

I.S.: Bai. Azken finean, ez geneukan ideiarik nolakoa zen talde bat edukitzea. Zer zen estudio batera joatea. Etxean geundenez eta dibertsio bat zenez, dena guk egiten genuen. Xabiren ordenagailuarekin. Hasieran, Garage band programa erabiltzen genuen.

X.B.: Ez dauka inongo buelta politikorik. Erraza zelako hasi ginen horrela, beste barik. Ez genituen 5.000 euro estudio bat ordaintzeko.

Etxean abiatu zen proiektua da; 2019an hasi, eta jarraian pandemia iritsi zen. Silitiarentzat pandemia onuragarria izan da?

I.S.: Pandemia baino lehen, hiru kanta aterako genituen. Prozesu horretan geunden. Ez egiteko prozesuan, baizik eta ateratzeko prozesuan. Pandemiak harrapatu gintuen momentu batean etxean egotea ondo etorri zitzaiguna. Horrela, bideoak prestatu ahal izan genituen. Pandemiaren ondoren, gogo handiagoarekin hartu dugu. Pandemia igaro eta gero, gure benetako zaletasun bilakatu da musika.

Hala ere, taldeak oso denbora laburra izateko, ez zarete geldi egon. Hazten joan den taldea da Silitia.

X.B.: Horretan ibili gara.

I.S.: Oraindik hasiberriak gara. Ez dut sentitzen urteak igaro izana. Oso amateur sentitzen gara. Zuzeneko kontzertuek indar handia eman digute.

X.B.: Hori aurten izan da. Naiz eta duela lau urte hasi, azkenengo hilabeteetan egin ditugu zuzeneko asko.

I.S.: Hortxe ikusi dugu zertarako egiten dugun musika.

Silitia etengabeko bilaketa bat da

Zertarako egiten duzue musika?

I.S.: Jendearekin konpartitzeko. Egiten duzun hori jendearekin konpartitzean, ikustea nola erreakzionatzen duen; gogo handiagoa ematen du sortzeko. 

X.B.: Azkenean, helburua zuzenean jotzea da. Jendearekin konektatzea.

Diskoa grabatzea baino gehiago?

X.B.: Bueno, biak. Gauza biak.

Hasi zinetenetik, kantu asko sortu dituzue?

X.B.: Agian, gehiegi. Kantuak etengabe egiten ari gara. Orduan ateratzen dira.

I.S: Hori da prozesua hirugarren pertsona bat ez dagoenean. Ez gaude baldintzatuta, guk dena egiten dugulako. Dibertimendua horixe da, sortzea. Ezin gara gelditu. Kantak egiten eta egiten goaz. 15.000 kanta eduki eta galdetzea: “Honekin zer egingo dugu?”. Noizean behin, batzuk argitaratu. Zuzenekoetan, argitaratu gabeko bost kantu baino gehiago jo izan ditugu. Zuzenekoetan jotzen dugu eta ikusten dugu funtzionatzen duen edo ez.

Sormen prozesuan biek parte hartzen duzue?

X.B.: Bai. Bion atmosferatik sortzen diren kantuak dira.  

I.S.: Batzuetan, Xabik planteatzen du base bat eta haren ideia bat, eta gero, ni sartzen naiz.

Hitzak zure kontua dira?

I.S.: Bai. Azken denboraldian, nik egin ditut kantuetako hitzak. Baina inprobisaziotik datorren gauza bat denez, momentuak eskatzen duena ere bada. Askotan, denbora-muga batekin sortzen dugu. Duela hilabete, 21 minutuan kantu bat egin genuen.

Edozein musikarik hau entzuten badu, Silitiaren formula nahi izango du.

X.B.: Kar, kar. Ariketak dira, kantak eta ideiak ateratzeko. Freskoago ateratzeko.

Horrela definituko zenukete Silitia, musikan freskotasuna dakarrena?

I.S.: Nahi bai. Definitu ez dakit, baina nik freskotasuna behar dut.

X.B.: Behin esan ziguten: “Ematen du ez duzuela kantu bat entzun zuen bizitzan”. Horrek bi alde ditu. Ez du esan nahi kulturarik ez dugunik, baizik eta kontrakoa.

I.S.: Horixe da; infantilistak edo inozente samarrak izatea bezala. Umeek egia asko esaten dituzte; ba horixe da.

Silitiaren kantuek ere egia asko esaten dituzte? Arin egiten dituzue kantuak; arin askatu?

X.B.: Borrokan gabiltza horrekin ere.

Estiloari dagokionez, ez zaizue gustatzen estilo bakarra egiten duzuela esatea? Kazetariei etiketak jartzea gustatzen zaigu eta.

X.B.: Ados; ba, zer esango zenuke zuk? Zer da Silitia?

Bueno, ba, talde freskoa da, eta oso dantzagarria. Zuzeneko ona duela ere gehituko nuke.

X.B.: Ondo, horrela da; jarri diguten azken etiketa sing pop da.

I.S.: Ez daukagu limiterik. Ez dugu etiketarik jarri nahi.

X.B.: Bueno, limitea… ez dugu jazz disko bat egingo.

I.S.: Bueno, batek daki.

Jendeak nola erreakzionatzen duen ikusteak gogo handiagoa ematen du sortzeko

Garrantzi handia ematen diezue zuzenekoei? Ikuskizuna ere eskaintzen duzue. Performatu egiten zarete.

I.S.: Beti esan digute hori. Zuzenekoan irabazten dugula, guk dugun jarreragatik. Ez dugu aktuatzen, ez gara performatzen, ez dugu prestatzen antzerki berezirik. Naturalki ateratzen den gauza bat da. Gu oso energetikoak gara.

Baina ez zarete bete berdin ateratzen?

X.B.: Hori ere musikarekin batera doa. Ez dugu musika zehatz bat egiten, ez gara janzten modu zehatz batean. Etengabeko bilaketa bat da.

Kontzertua duzuenean, armairua arakatzen duzue?

X.B.: Bai,  horrelako zerbait izaten da. BBK Live jaialdirako laguntza eskatu genuen. Julenek lagundu gintuen.

I.S.: Elegante. Ezkontza batera joateko moduan jantzi ginen, edo gu ezkontzeko moduan.

Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi zenuten, eta saria BBK Live jaialdian jotzea izan zen, baina, aurretik, beste sari bat irabazi zenuten.

I.S.: Lehenengo, EHUko Musiversika saria jaso genuen. Gazte musikarientzat eginiko lehiaketa da. Gero, Villasound, eta, aurreko urtean, Gaztea Maketa Lehiaketa. Egia esan, oso urte polita izan da.

Aipatu bezala, Gaztea Maketa Lehiaketako saria BBK Live jaialdian emanaldia egitea izan zen; nolakoa izan zen esperientzia?

X.B.: Esperientzia polita izan zen. Barrutik horrelako jaialdi bat ikustea polita izan zen.

I.S.: Horixe izan zen garrantzitsuena. Barrutik nola funtzionatzen duen ikustea. Oraindik gu ez gaude jaialdi handietara joateko moduan. Deitzen bagaituzte, pozik joango gara. Baina leku txikietan jo dugu.

X.B.: Gehienbat, txosnetan, herrietako jaietan, tabernetan, gaztetxeetan…

BBk Liveko oholtzara igotzeko berezi jantzita joan nahi zenutelako, laguntza eskatu zenuten.

X.B.: Juleneri esan genion: “Ipini guapo”. Eta ekarri zizkigun trajeak.

Jantziak… baina makillatu ere egiten zarete. Ikuslearentzat beti sorpresa?

X.B.: Azkenengo ordura arte ez dugu jakiten nola aterako garen oholtzara.

I.S.: Makillajearen kontuak asko lagundu digu pertsonaia batzuk sortzeko. Inauterietan atera ginen mimo itxurarekin eta asko gustatu zitzaigun, eta hori bi aldiz erabili dugu.

Antzerkian ibilitakoak zarete?

X.B.: Bai, biok ibilitakoak gara. Baina ez dugu gidoi edo istorio bat prestatzen.

I.S.: Azken finean, jarrera da. Sinistea egiten duzun horretan. Eman dezake gauza hutsala egiten dugula, oinarririk ez daukana, baina, sinisten baduzu, benetan badakizu zer egiten duzun.

Abuztuan bost kantu berri argitaratu zenituzten, Sutanmendi deiturikoan.

I.S.: Kanta piloa genituen; momentuan, argitaratzea pentsatu genuen. Bost kantu hauek unibertso bera dute.

Hauek aurreko kantuekin alderatuta ezberdinak dira. Ilunagoak, agian?

X.B.: Bai?

I.S.: Agian, atmosfera ilunagoko kantuak dira. Agata aurreko lana eguzkitan eginda dago eta hau estudioan, lokalean, eginda dago, eta horrek, agian, eragina izan du.

Bertan, lokalean, grabatu duzue diskoa?

X.B.: Bai, bertan, lokalean.

Ez duzue ekoizle batekin lan egin nahi, estudioan?

X.B.: Urtzi Izarekin egiten dugu lan. Harekin joaten gara kontzertuetara.

I.S.: Harekin katu bat grabatu genuen, Fantotxe deiturikoa. Villasoundeko sariaren parte izan zen. Hori izan da estudio batean grabatzeko izan dugu esperientzia bakarra. Esperientzia polita. Baina gure natura gehiago da hau, lokala. Gure artean egitea.

X.B.: Baina Sutanmendi azkenengo masterra Urtzik egin zuen. Agata diskotik hori izan da aldaketa garrantzitsuena, masterra beste lagun batek egin duela.

Diskoa fisikoki aterako da? Irudia oso polita da. Ez duzue fisikoki atera nahi? Objektu bezala ez diozue garrantzirik ematen? Izan ere, portadako kartelak asko lantzen dituzue.

X.B.: Irudiak Ibaik egiten ditu.

I.S.: Hori ere iritsiko da; azken finean, Sutanmendi aitzakia izan zen zuzenekoetan jo ahal izateko. Jendeak kantuak entzuteko edukitzea nahi genuen. Fisikoki ateratzearena ez genuen askorik pentsatu.

Kantuak etengabe egiten badituzue, inoiz diskoa osotasunean egiteko asmorik?

X.B.: Hori egiteko gogoa ere badugu. Zerbait kontzeptu batekin. Hilabete bat hartu eta hasiera eta bukaera eman.

I.S.: Helduko da momentua.

X.B.: Ikasturtean zehar zaila da. Ez dugu horrenbesteko denborarik.

Orain, zuzenekoak ematen zabiltzate?

I.S.: Orain, etenaldi txikia egin dugu uda ostean, eta azaroan berriro hasiko gara.

Aipamen asko daude hitzetan.

I.S. Nik uste dut momentuan ateratzen zaizkidan ideiak eta pentsamenduak direla. Baina gero, berriro irakurtzen dudanean, pentsatzen dut: zelan idatzi dut hau?

Hizkuntzaren hautua nola egin duzue?

X.B.: Euskaraz, ingelesez eta orain gaztelaniaz aterako dugu kanta bat. Urtzi Izarekin grabatu berri dugu. Bizkaieraz egiten dut, agian, zailtasunak ditudalako batueraz hitz egiteko; idaztea ere horrela ateratzen zait. Instagrameko filtro bat izanez gero, gurea lekeitiarra da.

Plazera izan da zuekin berba egitea; eskerrik asko!

X.B. eta I.S.: Eskerrik asko zuei.