Xabier Badiola

Hainbat musika taldetan ibili ostean, bakarkako lanari ekiteko hautua egin du Xabier Badiolak. Diskoaren soiltasuna nabarmendu du, baita auto-ekoiztutakoa dela ere.

Bakarkako lehen lana aurkeztu duzu; nola du izena eta, hainbat taldetan ibili eta gero, zergatik bakarlari gisa?

Ibili naiz beste proiektu batzuetan, beste formatu eta genero batzuk lantzen: elektrikoa, rock progresiboa, rock psikodelikoa… Bakarka musika egiten hasi naizen honetan, eta nire berezko soinua folk deritzon horretatik joan izan dela ikusita, neure burua aurkezte aldera jarri diot nire izena diskoari. Jendeak lehenengo kontaktua egiten duenean, aurretik ezagutzen nindutenek aldaketaren berri izateko eta ezagutzen ez ninduten horiek jakin dezaten diskoaren nondik norakoak. Zergatik bakarlari gisa? Gaur egun, Sotomonte eta Mandragora taldeetan nago, eta egia da taldeetan egoteak babesa ematen duela, baina, aldi berean, bakarrik ibiltzeak askatasuna ematen du.

Etxean autoekoiztutakoa da; nolakoa izan da prozesua?

Prozesua hasi zen abesti kopuru dezentea nahiko prest nuenean. Ibili nintzen denboraldi bat estudioak ikertzen, jakiteko zeinetan landu izan duten folk estiloa. Gehien gustatzen zaizkidan grabaketak izan dira grabaketa zaharrak. Ekoizle bezala miresten dut Jean Phocas; Oskorriren eta Itoizen diskoen ekoizlea, besteak beste; eta gustatzen zait disko horien berehalakotasuna, freskotasuna eta soinuaren soiltasuna. Lan honi identitate propio bat emate aldera, erabaki nuen nik neuk grabatzea, nahastea eta masterizatzea. Jendeak ikusi ahalko du nolako lana egin dudan.

Diskoa laburbiltzen duen hitza gordintasuna dela esango zenuke?

Gordina baino gehiago, esango nuke soila dela, biluzia. Nire generoko disko erreferente asko gitarra eta ahotsa bakarrik izan dituztenak direlako hartu dut erabaki hori, eta iruditzen zait ausardia handia eduki behar dela horrelako diskoak ateratzeko. Musikariaren identitatea ikus daiteke horrelako diskoetan.

Baduzu kontzerturik aurreikusita? Ezer aurreratzerik?

Kontzertu aldetik, urtean zehar nahikoa eman ditut, eta negu partea lasaiago hartzen ari naiz. Bigarren diskoa prestatzen ari naiz, baita Mandragoraren lehenengo lan luzea ere. Hortaz, tarte bat hartuko dut idazteko, produkzioari ekiteko eta grabazioekin hasteko.