XABIER ALKIZA SAN MARCELO: “Blockbuster’-ak euskaraz ikusi nahiko nituzke”

Xabier Alkiza San Marcelok urteak daramatza pertsonaia askori ahotsa jartzen. Harekin hitz egin dugu beraren ibilbideaz, bikoizketaren garrantziaz eta lanbidearen egoeraz, besteak beste.

Ongi etorri TTAPera, Xabier.

Eskerrik asko, Idoia.

Nola sartu zinen bikoizketaren munduan?

1992an Espainiako Estatuko lan-hitzarmena erori egin zen eta lan-baldintza hobeak nahi zituzten profesional batzuk lanbidetik atera ziren. Horren ondorioz, enpresak ahotsak eskatzen hasi ziren. Noski, kanpokoek ez genekien gure ahotsak beste batzuen tokian jartzeko zirela. Donostian ikastaro bat antolatu zuten, irakasleak Madrildik etorri ziren, eta bertan eman nuen izena. Ezer gutxi nekien mundu horri buruz, baina gauza bat nuen nire alde: irakurle porrokatua izan naizela beti. Eta halaxe hasi nintzen.

Egin zenuen lehen lana gogoratzen duzu?

Lehen lanaren nomina gordeta daukat, pentsa! Esaldi txiki bat esatea izan zen, eta ez dut oroitzen zehazki zertan. 1993tik aurrera castingetan sartzen hasi nintzen, giroak egiten [atzeko ahotsak] eta hura zer zen ikasten. Gauza txikiak egiten hasi nintzen. Garai hartan teknika batzuk ikasi behar ziren, ez zegoelako gaur egungo aurrerabide teknologikorik. Bestetik, azkarra ere izan beharra zegoen, eta poliki-poliki ohitzen joan nintzen antzezten.

Izan ere, aktoreak zarete.

Bai. Ahotsa jartzea asko konplikatzen da. Urte hauen ondoren eta lanbidearen ia esparru guztietan ibili eta gero, antzezle onak izan behar dugula ikusi dut. Horretaz gain, hizkuntzaren erabilera jasoa menperatu behar dugu, bai eta irakurketarako erraztasuna eta momentuan egiteko abilezia ere. Aktore lanak egitera joaten garenean, fabrikako langileak garela esan dezakegu. Gure zuzendaria daukagu eta hark ematen dizkigu jakin behar ditugun gauza guztiak. Zuzendari  batek lan egin behar du testuarekin, sinkroniarekin eta pelikularen zentzuarekin, eta hark jarri behar zaitu egoeran. Hark esaten duena egin behar duzu, ez zuk nahi duzuna. Hor dago antzezpen lana. 

Gorputza ere erabiltzen duzue, ez soilik ahotsa.

Une jakin batzuetan bai. Oso intentsuak diren uneetan, adibidez, animea egiten ari zarenean, negarrak, garrasiak, barreak… daude, eta lehertuta bukatzen duzu. Beste momentu batzuetan, berriz, ahotsarekin bakarrik gauza izugarriak egiten dira. 

Eta noiz egin zenuen ahots protagonista bat?

Urteak pasa ondoren egin nuen. Pottoki musikaria nintzen. Barazki sorta marrazkietan ere parte hartu nuen, azenarioarena egiten. 

“Bikoiztaileok hizkuntza menperatu behar dugu”

80ko eta 90eko hamarkadetan marrazki bizidun asko bikoiztu ziren.

Orain aipatu ditudanak 1993ko marrazki bizidunak ziren. Lehenengo bultzada 80ko hamarkadan izan zen eta marrazki bizidun dezente egon ziren, baina zinemako klasiko asko ere bikoiztu ziren. Hala ere, hori dena galdu egin da. Hau da, ez da existitzen gaur egun, eta negargarria da.

Nola izaten da grabazio egun bat zuretzat?

Denborak izugarri aldatu dira. 90eko hamarkada hasieran ezinezkoa zen gaur egiten den bezala, nork bere pistan grabatzea. Gaur egun, banaka egiten da lan. Lehen taldean egiten genuen, eta, kasu batzuetan, talde handia ginen. Egon izan gara sei pertsona mikrofonoan batera, eta oso dibertigarria zen. Binaka edo hirunaka lan egiteak beste xarma bat zeukan. Nola izaten den gure lana? Normalean, enpresa batetik deitzen gaituzte eta hitzordura joaten gara. Gure testua prestatuta dago, mikroan jartzen gara eta zuzendaria eta teknikariak dauzkagu laguntzeko. Zuzendari bakoitzak bere estiloa dauka, eta bere eskakizunak. Normalean, esperientzia daukagunok erraz jarraitzen ditugu, eta jarraitzen ez dituztenei zuzendu egiten die. Adibidez, bolumen oso altuan hitz egiten ari bada, baxuago hitz egiteko eskatuko dio. Edo hitz bat modu berezian esatea nahi badu, hori azpimarratuko dio. Eta horretaz gain, gure hizkuntza ere errespetatu behar dugu. 

Dena oso azkar egiten duzue, irudiak ikusten ari zareten bitartean.

Bai; erreflexu kontu bat da, baina ohitu egiten zara. Nik esaten dut edonor dela gai lan hau egiteko; gertatzen dena da badagoela jendea sena duena.

Jatorrizko ahotsa kontuan hartzen duzu bikoizketa egiterakoan?

Ahal denean bai. Film bat bikoizteko ematen digutenean mihise bat da, eta gure hizkuntzara ditugun pinturekin ekarri behar dugu. Agian, ez dauzkagu nahiko genituzkeen kolore guztiak. Beraz, ditugunekin osatu behar dugu margolan hori. Horrek mugatu egiten gaitu. Izan ere, lanbide honetan euskaraz bizi izan dugun baldintza eskasekin ez dago nahikoa ahots. Ekoizleek eskatzen digute ahalik eta ahots antzekoenak izatea, baina beti ez da posible.

Zein izan da bikoiztu duzun pertsonaia gustukoena?

Ba, ez dakit. Egia da marrazki bizidunetan egin izan ditudan pertsonaiak gustukoak izan ditudala. Baina zure estiloa eta zure izaeraren puska hori luzaroan egiten diren pertsonaietan ematen diezu. Eta horretarako aukera askorik ez dugu izan euskaraz lan egin dugunok. One Piece-ko Luffyri, protagonistari, ahotsa jartzea tokatu zitzaidan, eta kariño handia diot; batez ere, ikusten nuelako anime hark luzaroan iraungo zuela. 1.149 kapitulu atera dituzte, baina euskaraz 150 bakarrik.

Ikusleok ohitu egiten gara bikoiztaileen ahotsarekin, eta aldatzen dutenean arraroa egiten zaigu.

Denok ahots batzuekin ohitu egiten gara, baina euskaldunoi ebatsi egin digute hori. Ez duzu kanpoko adibideetara joan behar; hementxe daukagu gure Doraemon, adibidez. Ane Aseginolazari ahots hori nola kendu zioten lotsagarria izan zen, eta horrek erakusten du zer egin den euskarazko bikoizketarekin. Txikitan bizitzen dituzun zirrara horiek guztiak hor geratzen dira betirako. Esateko moduak, erreferenteak… hori dena da bikoizketaren zati bat. Gaur egun, ikus-entzunezkoen itsaso bat daukagu, eta ibilbide hori euskaldunoi ukatu egin digute.

“Ahotsarekin bakarrik gauza izugarriak egiten dira”

Zergatik ukatu digute?

Gure hizkuntzan lan egiten saiatu garen asko oso militanteak izan gara, asko saiatu gara eta asko sufrituta aritu gara lanean. Gure hizkuntzarentzat bikoizketak duen balioaz jakitun gara, eta ikusten dugunean alor honetan ez dela inolako aldaketarik egin eta oso modu eskasean mantendu dela… Nik ahal dudan toki guztietan esaten dut, egoera benetan penagarria da eta. Ez da bakarrik gutxi bikoizten dela: gutxi eta, gainera, gaizki egiten da. Nik uste dut euskaldunok eta euskarak ez dutela merezi. Batzuek Espainian lan egiteko, kanpoko jendearekin harremanak izateko eta ekoizleekin harremanak izateko aukera izan dugu, eta ikusi dugu ahotsari eta jendeari bestelako tratamendua ematen zaiola. Espainian bikoizketa, batez ere, Madrilen eta Bartzelonan egiten da, eta ikusten duzu zer-nolako atxikimendua dagoen lanbidearekin, hizkuntzarekin eta gauzak ondo egitearekin. Azkenean, gure lanbidea klase-borroka bihurtu da. Bikoiztaileak langileak izan gara enpresen eta ekoizle handien menpe, eta borroka oso gogorra izan da. Espainiarrek oso modu sanoan mantendu dute alor hori, baita katalanek ere. 

Zergatik da garrantzitsua euskaraz bikoiztea?

Erreferenteak ematen dituelako. Gure 5 urteko mutikoek eskolatik ateratzerakoan atzo ikusi dutenaz hitz egiten dutenean, ez dute euskaraz hitz egingo gazteleraz ikusten badute dena. Hain da erraza ulertzeko… Zenbat ordu pasatzen dituzte haurrek telebistari begira? Ez diot gaur egun bakarrik, baizik eta 90eko hamarkadatik hona. Eta zenbat erreferente ikusi dituzte euskaraz eta zenbat gazteleraz? 

Zer behar du bikoiztaile batek ona izateko?

Nire ustez, bikoiztaile on bat langile on bat da. Gai dena ematen zaizkion lerroburuak eta gidalerroak jarraitzeko. Aktore on bat bezala. Eskatzen zaiona emateko gai dena; ez hura izateko. 

Zein bikoiztaile miresten duzu?

Asko. Miresten ditut ez bakarrik haien aktore lanagatik, langile izaeragatik ere bai. Ane Aseginolaza, Mikel Mendizabal, Felipe Barandiaran, Oier Isasi…. Atxikimendu handia dute beren lanbidearekin eta hizkuntzarekin. Lan eskasiagatik galdu egin ditugu. 

“Bikoizketak erreferenteak ematen ditu”

BIEUSE elkartea sortu zenuten; zergatik?

2018an, ETBk euskarazko bikoizketa-lanen ordu-kopuruak ia hutsean utzi zituen, eta zenbaitzuek planto egitea erabaki genuen. Lanuztea aurrera eramateko elkartea sortu genuen. Elkartearen funtsa izan zen hitzarmen kolektiborako borroka, eta lortu genuen inoiz lortu ez dena: negoziazio-mahai bat sortzea. Baina ez ginen nahikoak. Enpresariak guztiz kontra zeuden, eta baita langile talde bat ere. Eta hori nahikoa izan zuen ETBk euskarazko bikoizketarekin eta Jaurlaritzak Zine Euskadiren bikoizketekin jarraitzeko. Gero, gainera, COVIDa etorri zen. Ikusi genuen oso zaila zela zerbait sortzea handik, eta erabaki genuen handik aurrera gure lana bilatzea eta gure baldintzak jartzea. 

Zeintzuk dira BIEUSEren erronkak?

Azken bi urteetan elkartea eta genuen esperientzia baliatuz, ekoizle handienengana joan ginen lanerako prest. Euskal gaizkileak podcasta egiten hasi ginen. Amazonentzat eta Netflixentzat lan egin dugu, adibidez. Egin daiteke, nahiz eta merkatua enpresa handientzat prestatuta dagoen. Lortu dugu momentu askotan buruan genuen hori egitea: euskara zaintzea, duen aberastasun guztiarekin erabiltzea eta gauzak txukun egitea.

Zein amets bete nahiko zenuke?

Euskaraz blockbuster-ak ikusi ahal izatea [film arrakastatsuak, oro har aurrekontu handikoak eta diru-bilketa masiboak lortzen dituztenak]. Duela urte bat, The Electric State (estatu elektrikoa) egin genuen, eta horrek frogatzen du gauzak oso ondo egin daitezkeela euskaraz. Eta beste amets bat izango litzateke bikoiztailearena ogibide bat izatea, beharrezkoa dugun lan-bolumena lortzea.