Xabi Solano: “Disko berria mundu zabalean egindako bidaia da”
Zortzigarren diskoa labean da, denbora luzez eta mimo handiz prestatu ondoren. Entzuleak musika estilo eta hizkera aldaera ezberdinak antzemango ditu, berehala. Munduan barrena egindako lagunak gonbidatu baitituzte kantu berrietara.
Xabi Solano ongietorria TTAPera.
Eskerrik asko.
Ikasturte hasieran gaude eta musikagintza Durangoko azokara begira jartzen da. Esne Beltza, bost urte eta gero, disko berria eskuan agertuko da azokara. Zer da aurreratu daitekeena?
Bost urte dira, normalean bi urtez behin atera izan dugunean diskoa. Egia da, orain, merkatua oso zaila dela. Kantuak zaharkitzen dira segituan. Disko berria mimo handiz landu nahi izan dugu. Gainera, produktore oso onarekin egon gara lanean, Rafa Sardinarekin. Ez da erraza izan lan egitea, bera AEBetako Los Angelesen hirian bizi delako, eta gu hemen. Bidaiak eta joan-etorriak tarteko, bost urte egin ditugu. Prestakuntza lanetan denbora gehien eman dugun ekoizpena izan da. Egia da asko ikasi dudala Rafa Sardinarekin. Maisua da. Ikustekoa da nola egiten duen lan. Bost urte igaro dira, bai, eta disko berriarekin hurbilduko gara Durangoko Azokara.
Disko berriarekin iritsiko zarete. Zortzigarrena, oker ez banago, Esne beltzaren ibilbidean. Durangoko Azokan, oraina eta etorkizuna duten taldeak nabarmentzen dira. Zuen ibilbidea, atzera begira jarrita, oparoa da. Gogoan iltzatuta gelditu diren kantu asko egin dituzue. Ibilbide honetan zer da aintzat hartzen duzuna?
Goia jotzea da kantua herriarena bilakatzen denean. Xabier Montoiari entzun nion hori, beste behin ere antzekoa aipatu zidan Josu Zabalak. Herritarrek zure kantua abestea, edo erromeri taldeek zure abestiak jotzen ikustea, hori da handiena.
Aurreko diskoan hamar kantu aurkeztu zenituzten, eta horien artean bertsio bat ageri zen. Disko berri hau, nolabait esateko, korala da? Jakin dudanez abeslari eta kolaborazio ugari izango dituzue disko berrian.
Diskoa bidaia bat da, bidaia bat musika aldetik eta bidaia bat gure hizkuntzaren aldetik. Gure hizkuntzak egingo duelako bidaia handi bat, herrialde ezberdinak ukituz eta bertako kolaboratzaile horiekin lan eginez. Hasiera-hasiera batetik hori egin nahi izan genuen, euskara beste hizkuntzekin nahastuz.
Mapamundia erabili duzue diskoa prestatzeko.
Horrelako zerbait esan daiteke. Diskoan partaide latino asko dago. Espainiarrak espainolez ariko dira, baina Kolonbiako edo Mexikoko partaideek beste kolore ezberdin bat emango diote kantuari. Beste zentzu bat hartuko du kantuak. Ekoizleak zioen bezala, estilo horietan dabiltzan artistak euskararekin nahastuz, instrumentu desberdinak erabiliz eta trikitia tartean sartuz, sinesgarria egiten da fusio hori. Horren bila joan gara.
Beraz, beste modu batera dantza egiteko moduko diskoa izango da?
Bai. Bada, adibidez, corrido mexikarra. Flor de Toloache taldeak hartu du parte kantuan. Emakumezko mariatxi taldea da, Grammy bat edo beste irabazitakoak. Ileak tente jartzeko modukoa da, egiten dutena. Esne Beltzaren kantu berria entzutean, zuzenean lurralde hartara eramango gaitu haren ahotsak.
Sortzaile kamaleonikoa bilakatu zara disko honekin?
Esne Beltzaren ibilbidean ohikoa izan da hori. Baina oraingo honetan abestiz abesti egin dugu. Hondarribian hegazkinean sartu eta bidaiak egin ditugu hara eta hona, eta buelta berriro etxera.
Diskoa amaitzen ari zarete. Pozik zaude? Ala arduratuta oraindik?
Diskoarekin oso pozik, baina Durangoko Azoka hor dago, eta arduratuta bagaude. Diskoa fabrikan da.
Grabaketa aroa eta zuzenekoa bereizi beharreko bi aro dira. Talde handia zarete, partaide asko zaretelako.
Hirugarren pausoa aipatu behar da, kantuen sorrerarena. Lanik handiena hor dago. Diskoa sortu, grabatu eta zuzenean eskaini behar da. Geroz eta gehiago bereizten ditut grabaketak eta zuzenekoak. Beti saiatzen gara ahalik eta duinena izaten, baina zuzenekoan uste dut taldeak bere izakera guztia erakutsi behar duela. Zuzenekoetan, Esne Beltzak, adibidez, nahiz eta musika estilo ezberdinak izan, badu rock kutsu hori. Ikusita ere nondik gatozen, eta zer entzun izan dugun gure garaian. Hori ez dugu zuzenekoetan galdu nahi.
“Zuzenekoan ez dugu rock kutsu hori galdu nahi”
Disko honetan, halere, ardura gehiena zuk hartu duzu?
Disko honetan, besteetan bezala, musika nik egin dut eta hitzak Jon Garmendia Txuria-k egin ditu. Grabaketa garaian talde osoak hartu du parte, beti bezala bakoitzak bere gatz puntua jarriz.
Rafa Sardina ekoizlea hasiera-hasieran hizpide hartu nahi izan duzu. Ekoizle modura, zer da harengan aurkitu duzuena?
Harengandik asko ikasi dut grabaketetan nola egiten duen lana ikusita. Hasteko, lasaitasuna. Urte eta erdi egon gara disko honekin bueltaka. Baina bere onurak ere baditu. Hemen diskoak azkar egiteko ohitura dugu. Azkar, korrika batean, hasi eta bukatu. Nahastu diskoa egun gutxitan, eta fabrikara. Sardinaren lan egiteko modua oso bestelakoa da. Gainera, musikariok dakigun bezala, estudioan orduka kobratzen digute. Hark ez du horrela egiten. Proiektuka lan egiten du. Sartu beharreko ordu guztiak sartzen ditu eta iruditzen zait lan egiteko modu oso on bat dela.
Jende askok du home estudioa etxean, kristorenak, askotan estudioan baino hobeto grabatzen dena. Eta zer hobe hori baino, ez? Etxean, lasai ederrean, inongo menpekotasunik gabe grabatu eta denborari begira egon gabe. Sardinak patxada hori eskaini digu. Eta ahotsean ere nabaritu dut.
Masterclass izan da?
Bai, masterclass handia.
Baina zuk kantatzeko arazorik izan al duzu inoiz? Kantari bikaina zara!
Esango dizut, normalean, estudiora joan izan naizen bakoitzean lehenengo edo bigarren saioan grabatu izan ditut ahotsak. Gizon honekin buelta eta buelta aritu naiz. Edadea ere izango da, beheraka noala, gogorra izan da.
Ekoizpen prozesua luzea denean gorabehera emozional asko izaten dira?
Gertatu izan zaigu hori. Abestia egiten duzunean, zuk ondo dakizun bezala, irudikapen bat egiten duzu buruan. Eta halako batean ekoizlea datorkizu eta gauzak oso bestela egitea proposatzen dizu. Aurreko diskoaren ekoizlearekin ere antzeko trantzea bizi izan genuen. Esne beltza taldean bada gauza bat, grabaketa garairako oso zaila izaten dena. Grabaketa saioetan instrumentu asko ditugu, jende asko gaude eta askotan lekua zeinek duen ikusi behar da kantu bakoitzean. Ikasi beharreko gauza da.
Egon naizen taldetan hiru, lau, bost musikari ginen, baina zuek zenbat izatera iritsi zarete?
Gurean, bederatzi.
Zuzenekoan aritzea ez da batere erraza izango zuen kasuan.
Txisteak ere atera dizkigute, ea GKE bat ote garen. Hamazazpi pertsona mugitzen gara zuzenean. Lau dantzari, bederatzi musikari gehi teknikariak. Hasiera-hasiera batetik esan genuen lagun talde bat ginela, gogoko genuena egiteko elkartzen ginenak. Bakoitzak bere lanbidea du. Hasiera horrela izan da eta denboraren poderioz taldea handitzen joan da. Eta gauzak zailduz joan dira denontzat.
Aipatu duzu zure ekoizleekin izan dituzun esperientziak. Kantuak sortzeko garaian dohain bat baduzu, oso elementu oinarrizkoekin abesteko moduko kantuak sortzearena. Era berean, diskoetan elementu asko eransten dizkiezue. Zenbateraino da arazo edo aukera ekoizpenerako jokamolde hori?
Talde bati gertatu zitzaiona aipatuko dut. Maketa bat prestatu zuten, ekoizpen handi samarra egin eta ekoizle batengana jo zuten. Ekoizle hark maketa hori alde batera utzi eta “hartu gitarra eta jo itzazu kantu guztiak” esan omen zion sortzaileari.
Oinarrira joatea eskatu ziola, alegia.
Kantua ahalik eta modu arinenean jo eta abestea gogoko dut. Hortik abiatzen naiz, gero taldean musika kapa ugari eransten ditugu. Esne Beltzaren kanturen batean ehundik gora pista izatera iritsi gara. Estudioan lan handia hartzen dugu.
Aipatu duzu diskoa Durangoko Azokan aurkezteko moduan izango zaretela. Asko aldatuko da zuzenean diskoan entzungo denarekin alderatuta?
Aurten jada aldatu ditugu kantuak dezente abeslari berria daukagulako. Lova Lois izena du, Astrabuduako rapera bat da. Alde horretatik, aurtengoa niretzat izan da urte oso-oso polita. Beste kolore bat hartu duelako taldeak. Itxuraz hasita. Gu beti beltzez edo kolore grisez jantzita agertzen gara eta bera kolore biziz agertu ohi da. Rapera oso alaia da. 24 urte ditu eta taldeari freskotasun handia eman digu. Aldaketa nabaria izan da. Diskoan hori ere nabarituko da.
Zuen ibilbide oparoan kantu klasiko asko dituzue. Berriak sartu dituzue errepertorioan. Kosta egiten da kantutegia aukeratzea? Askotan aldatzen duzue errepertorioa?
Aurten, lehen aldiz, errepertorioa adostu eta hori jo dugu urte osoan. Orain arte beti egin izan ditugu aldaketak. Herritik herrira aldaketak egin ditugu. Tarteka, jendeak faltan bota ditu kantuak. Dudarik gabe badira ezinbestekoak diren kantuak.
“Rafa Sardinaren lan egiteko modua oso bestelakoa da bizia“
Garai batean diskoen salmenta zen erreferentzia. Orain online entzunaldiak aintzat hartzen dira promozio bulegoetan. Denbora tarte horretan guztian zuek hor egon zarete. Nola bizi duzu musika industriaren garapen hori?
Garapen horren alde nago, erabat. Neronek Internet bidezko musika asko kontsumitzen dut. Baina, bestalde, formatu fisikoaren galerak penatzen nau. Gauza polita delako disko fisikoa edukitzea. Duela urte batzuk, autoa erosi nuenean, pena hartu nuen diskoak entzuteko aukerarik ez nuelako. CDa sartzeko aukerarik ez zegoen. Nik uste dut formatu fisiko horri eutsi beharko geniokeela.
Biniloa bueltan da eta disko berriena CDan eta biniloan erosi ahal izango da. Noa diskoa biniloan argitaratu genuen, eta berriena ere biniloan argitaratzeak poz handia ematen dit.
Zuzenekoei noiz helduko diezue?
Urrian azken kontzertuak eskaini eta disko berriko prestaketei ekingo diegu. 2024rako kontzertu piloa ditugu lotuta. Oraindik ezin ditut aipatu.
Basteron gaude, Andoainen. Eta aretoak hogei urte bete ditu. Kiroldegi ederrez hornitu zen Euskal Herria eta kultur areto onak gero eta gehiago dira. Horrelako aretoak garrantzia handikoak dira, zuretzat bereziki. Taldearekin edo bestelako egitasmoekin bertan aritu zarelako.
Bastero erreferentzia bat da. Askotan jo izan dut hemen, kontzertuak ikusten ere izan naiz hemen. Urteurrenean ariko gara Esne Beltzarekin eta guretzat plazer bat da hemen izatea.
Bastero auditorio izateaz gain, musika eskola bertan dago. Eta hori hizpide hartu nahi dut, zeu ere musika irakaslea zarelako. Gogoko duzu irakasle izatea?
Bai. Urte luzez ari naiz irakaskuntzan. DBHko irakaslea naiz Oiartzungo Haurtzaro ikastolan, eta trikitia eta panderoa irakasten dut Zumaian. Oso gustura nago. Ikasleekin kalejiran, festa ezberdinetan parte hartuz, oso gogoko dut.
Bada oinarriari eusteko modua? Oinarrian trikitilaria zarelako.
Bederatzi urterekin hasi nintzen trikitia ikasten. 11-12 urterekin hasi nintzen musikan murgiltzen. Solfeoa, harmonia, gitarra, bateria ere ikasi nuen denbora luzez.
Esne Beltzan trikitia ez da inoiz alde batera geratu.
Ez, ez. Eta Etzakit garaian ere ez. Halere, 2000. urtean edo, eduki nuen halako beheraldia. Lau itzal taldea sortu nuen. Rock taldeak oso gogoko ditut eta dena utzi eta rockari heldu nion. Etxean oso trikitizaleak izan dira eta gitarra bat erosi nuenean beraientzako deabrua etxean sartzea bezala izan zen.
Etzakit utzi nuen, eskolak utzi nituen, lantokiz aldatu eta rock talde batean murgildu nintzen. Handik sei hilabetera Fermin Muguruzak deitu zidan berarekin hasteko jotzen. Utzi nuen lana, Fermin Muguruzarekin batu eta berriro klaseak ematen hasi nintzen. Gaur arte.
Eskerrik asko, Xabier. Zorte on disko berriarekin eta Durangoko Azokan. 2024an zaletuek zuekin gozatzeko aukera ugari izango dute.
Bai, datorren urtean emanaldi dezente eskainiko ditugu. Gogo handiz gatoz, disko berria erakusteko eta disko berria zuzenean jotzeko. Eskerrik asko gonbitagatik.