Xabi Oroz: “Oso lehiakorra izan naiz umetatik”

Txikitan kirol ezberdin asko egiten bazituen ere, gaur egun, saskibaloia da Xabi Orozen ogibide. Gustuko duena egiten pozik bizi dela dio Gipuzkoa Basket taldeko kapitainak. Entrenamendu eta entrenamendu artean tartea hartu du Sara Gandararen galderei erantzuteko.

Xabi Oroz, nonbaitetik hasteko, zoriontsu zara?

Bai, bai, zoriontsu naiz.

Behintzat, saskibaloian ondo zabiltza.

Bai, nire bidea egiten ari naiz gustatzen zaidan gauza batean, eta, alde horretatik, gustura nago.

Beti gustatu izan zaizu saskibaloia?

Umetatik beti gustatu izan zait kirola, oso lehiakorra izan naiz umetatik, eta bai, asko gustatu izan zait saskibaloia.

Beti izan duzu argi saskibaloi jokalari izan nahi zenuela?

Ez, argi ez dut eduki, beste kirol batzuk gustatzen zaizkit eta. Gero, egia da ez dela erraza, baina hortik nire bidea egiten joan nintzen eta, poliki-poliki, gaur arte.

Zergatik aukeratu zenuen saskibaloia beste kirolen gainetik? Zein oroitzapen duzu horren inguruan?

Hasieran, beste kirol batzuk ere egiten nituen: igeriketa, futbola eta saskibaloia. Baina adin batera ailegatzen zara, non hau edo hau esaten dizuten. Gustura ibiltzen nintzen bai futbolean, bai saskibaloian, ondo moldatzen nintzela esaten zidaten, gustatzen zitzaidan eta bat aukeratu behar zen; eta saskibaloitik joanda, oraingoz, ez zait gaizki joan.

Zein momentutan hasi zinen serio entrenatzen?

Azkenean, kontratu profesionala egin zidatenean, ez dut esango ikasketak alde batera laga ditudanik, baina bai garrantzi gutxiago eman edo klaseetara ez naizela hainbeste joaten, azterketetara bakarrik joaten naiz. Ezin dut klaseetara joan, baina erraztasunak ematen dizkidate azterketa orduak aldatzeko, eta, bueno, alde horretatik, ondo. Gainera, gurasoek askotan esan didate ikasketak ez lagatzeko; niri ere ez zait iruditzen lagatzeko momentua denik, egindakoa hor egongo da-eta gero.

Adinagatik edo lesioak tarteko, komeni da ikasketak izatea, ezta?

Bai, ni poliki-poliki ari naiz ateratzen, gutxiago edo gehiago, baina ateratzen dudana gerorako hor izango dut; behintzat, B plan bat hor izango dut.

Zer zabiltza ikasten?

Enpresa ikasketak ari naiz egiten. Ni beti izan naiz klaseak aprobetxatzekoa, ez naiz etxean lan asko egiten duen horietakoa. Hortaz, klaseetara joan gabe dezente kostatzen ari zait, baina horretara ohitu beharra izan dut, poliki-poliki hobetzen joan naiz, edo, behintzat, horretan ari naiz.

22 urte dituzu, gaztea zara, baina horrek ez du esan nahi erantzukizunik ez duzunik. Gipuzkoa Basketen baduzu ardura bat, kapitaina zaren heinean.

Taldean denbora gehien daraman jokalaria naiz. Ardura hori duela hiru urte partekatzen ari naiz beste jokalari batekin. Gero, hark taldea laga eta ni bakarrik gelditu nintzen. Dena den, badaude jokalari beterano batzuk eta, nahiz eta taldean denbora askorik eman ez duten, ligan esperientzia dute eta eurekin partekatzen dut kapitain izatea, eta nahiko ondo daramagula uste dut.

Badira urte batzuk Gipuzkoa Basketen zaudela. Azken bi urteak arduraldi esklusiboarekin, ezta?

Nik esango nuke hau hirugarren denboraldia dela. Lehen urtean, taldea bigarren mailan zegoen. Zorionez, urte bakarra izan zen. Lehen mailara igotzea lortu genuen, eta, ordutik hona, Donostian bakarrik nago, moldatzen poliki-poliki, eta ea bide luzea egiten dugun.

Bigarren mailatik lehenengora jauzia ematea, horrek indarra emango du.

Bai; izan ere, oso urte zaila izan zen eta bulegoetan erabaki zen onena bigarren mailara jaistea izango zela. Nik uste dut aurrekontu eta esperantza aldetik taldea ez zegoela lehen mailara igotzeko moduan, baina egindako lanarekin lortu genuen, sorpresa positiboa izan zen eta, bai, horrek indarra ematen du, konfiantza ere bai hurrengo urteari begira ondo hasteko. Gainera, iaz ikusi zen denboraldi ona egin genuela, eta horregatik gaude orain merezi dugun tokian.

Zein inportantea den dirua lehen mailako klub batentzat, urte osoan behar bezala lehiatzeko.

Bai; gainera, jauzi handiak daude talde batzuetatik besteetara aurrekontu aldetik liga berean. Arlo horretan, talde asko daude beste kategoria batean, baina guk ezin dugu horretan pentsatu. Badakigu non gauden, zer daukagun… Nik uste dut horrek ez duela garrantzirik. Profesionala zaren momentutik, sakrifizio guztia egin behar duzu eta ez begiratu kantxatik ateratzen zarenean beste taldeek zein aurrekontu duten, edo ze jokalari. Zuk duzun guztia eman behar duzu, eta horretan saiatzen gara.

Talde umila da Gipuzkoa Basket, helburu xumeekin. Mailari eustea izan ohi da helburuetako bat eta askotan ez da erraza izaten, ezta?

Guk hasieratik daukagun helburua hori da, mailari eustea. Egia da azken urte hauetan denboraldi amaieran azken tokian gelditzen ziren taldeek eta beheko ligan zeudenek ez zeukatela diru nahikoa eta talde berdinek segitzen zutela goreneko ligan, baina, azkeneko bi urteetan izan diren aldaketa txikiekin, ematen du goitik jaisten direnak jaitsi egingo direla; behetik datozenentzat, diru-eskari hori murritzagoa da eta errazagoa da igotzea. Nik uste dut goiko taldeek presio gehiago dutela, aurrekontua igo egin dutela jaisteko beldur direlako, eta, horren ondorioz, askoz ere lehiakortasun handiagoa dagoela. Lehenago, jaisten zen taldeak bulegoetan lortzen zuen mantentzea, eta hori orain ez da gertatzen. Suposatzen dut behean dauden taldeek aurrekontua igo egin dutela beldur horregatik.

Nolakoa da egunerokotasuna aldagelan jokalari atzerritarrekin?

Ondo moldatzen gara. Egia da ohitura desberdinak ditugula. Gure taldean gehienek espainolez hitz egiten dute, eta, alde horretatik, ez dago arazorik. Bestela, ingelesa ere nahiko ondo praktikatzen dugu denok, eta, beraz, alde horretatik ez dago arazorik. Hasieran, igual, bai, taldea egitea pixka bat kostatzen da, baina Donostia, kultura aldetik, nahiko hiri zabala da, horretan ere laguntzen du eta nik uste dut pauso hori aurten ondo eman dugula.

Nolakoa izan da zure harremana ingelesarekin? Saskibaloiaren ondorio bat izan da edo lehenagotik bazenekien?

Egia esan, ez nuen lortu ikaragarrizko mailarik eskolan, akademiara ere joaten nintzen gaztea nintzenean, eta egia da asko laguntzen duela ingelesez entrenatzeak. Giro horretara nahiko ondo ohituta nagoela uste dut. Eguneroko bizitzan moldatzen naiz, baina saskibaloi munduan oso ondo ulertzen dut dena.

Gauza asko ikasiko dira saskibaloi-jokalari profesionala izanik, ez bakarrik jokoari edo hizkuntzari dagokionez.

Kanpotik datozenek, batzuek familia daukate, beste batzuek ez, batzuk bakarrik daude hemen. Ikasten da, eta batzuek arazoak dituzte, laguntzen saiatzen gara, hor zaudela transmititzen diezu. Horrelako gauzak inportanteak dira. Ni hemen nagoela, nire lagunak dauzkat nire arazoak kontatzeko, baina kanpotik datozenek, azkenean, gurekin ematen dute denbora gehien. Eta horrelako gauzek erakusten dizute zein pauso eman beste lurralde bateko pertsonekin, edo eurek hemengo pertsonekin, eta ohituta ez zauden gauzak aditzen dituzu.

Nolakoa da zure harremana zure betiko lagunekin? Plan asko galtzen dituzu?

Plan batzuk galtzen dira, bai. Harreman nahiko normala daukat. Ahal dudanean, eurekin egoten naiz, eta, alde horretatik, gustura nago. Denbora librea dudanean, ez daukat batere arazorik eurekin egoteko. Ez dira etxean denbora asko pasatzekoak, eta, orduan, beti dago planak edo gauzak egiteko aukera.

Zure partiduak ikustera joaten dira?

Bai, etortzen dira, ez partidu guztietara, baina askotara etortzen dira, gustatzen zaielako, eta, askotan, plan bat osatzen dute horri lotuta, egun-pasa bat edo arratsalde-pasa bat bukatzeko edo hasteko…

Ez da plan txarra!

Ez, ez, eurentzat hobea! Kar, kar.

“Akats txikiena ere ez du zintzilik uzten Valdeolmillosek”

Nolakoa da giroa Illunben? Jokalari askok esan baitute geroz eta jende gehiago doala eta eskertzen dela.

Egia da badaudela betikoak, oso fidelak direnak, eta hori eskertu beharra dago. Egiten duguna egiten dugula, beti hor daude. Jende gutxiago edo gehiago, emaitzen menpe ere badago. Baina betikoak hor daude eta oso eskertuta gaude. Izan ere, bai bigarren mailan geundenean, bai emaitza txarrak lortuta, beti hor egon dira. Horrelako afizio bat, nahiz eta oso handia ez izan, oso ona da. Guk betikoengatik borrokatu behar dugu, badakigu zer eskatuko diguten, gure onena emateko eskatzen digute eta hori antzematen da.

Eta horiek joaten dira etxetik kanpoko partiduetara? Sumatzen duzue autobusak badoazela edo beste kantxetako harmailetan zeuen zaleak badaudela?

Partidu askotara egia da ez direla joaten; ingurukoetara, gertukoetara, bai. Esaterako, Gasteizera edo Zaragozara joan izan dira, eta hango peñaren batekin harreman ona dutela, ba, aprobetxatu egiten dute, baina joaten direnean antzematen da.

Nolakoa da Sergio Valdeolmillos?

Entrenatzaile modura asko eskatzen du. Akats txikiena ere ez du zintzilik uzten. Defentsan oinarritutako talde bat gustatzen zaio eta horrekin asko matxakatzen gaitu. Partiduak bukatutakoan, bideoan, egindako akatsak ikustea, aztertzea, gustatzen zaio.

Entrenatzaile batzuk ezagutu dituzu, egia esan. Porfi Fisac, esaterako. Talde sendo bat lortzea zaila izango da, ezta?

Horrela izango da, bai! Azkenean, esperientzia handia duten entrenatzaileak dira eta ez da lehenengo aldia talde bat osatu behar izan dutela. Nik biekin esperientzia positiboa izan dut eta suposatzen dut euren lana ondo egin dutela.

Porfi Fisacek esana du jokalaririk azkarrena zarela, eta ez naiz abiaduraz ari…

Gauza onak entzutea beti da polita. Egia da prentsaurreko batean esan zuela hori, eta, berak esan badu, berarentzat zerbaitengatik izango da. Egia da, akaso, nik beste ezaugarri batzuk ez dauzkadala horren onak, baina saskibaloi asko ikusi dut eta horrek asko lagundu dit kantxan nagoela erabakiak hartzeko orduan eta pentsatzen dut horregatik esan zuela.

Zein da zure jokalaririk kuttunena?

Bat esaten ez nuke jakingo. Ez naiz egoten nire ligako jokalariei begira, ez zait gustatzen, txipa aldatzea gustatzen zait. Esaterako, ostiral gau batean partida bati begiratzen egotea ez da nire plana, jakinda larunbat goizean jokatu behar dudala, baina, txikitan, baneuzkan jokalari batzuk: Prigioni, Baskonia asko ikusten nuen Donostian talderik ez zegoenean. Splitter, Macijauskas… nire lehenengo oroitzapenak horiexek dira.

2021era arte duzu kontratua Gipuzkoa Basketekin. Zenbateraino amesten du saskibaloi jokalari batek NBAn aritzea? Amets zaila da, ezta?

Nire kasuan, ezinezkoa, esango nuke. Ez dago, behintzat, nire planetan, oraingoz. Nahiko lan daukat liga honetan finkatzen. Bi urte daramatzat eta oraindik lan dezente dago horretarako. Etorkizuneko erronka bat bezala lagako dugu. Momentu honetan, ez dago nire planetan.

Baina gustatuko litzaizuke?

Bai, gustatuko litzaidake, baina, esan dudan bezala, hori oso zaila da.

Espainiako selekzioarekin aritutakoa zara, Europako txapeldun 20 urtez azpikoen kategorian. Nola gogoratzen duzu une hura, Espainiako selekzioarekin aritzeko deia?

14-15 urterekin deitu zidaten lehenengoz. Nahiko arraroa izan zen lehen aldi hura, joan eta lehenengo entrenamenduan min hartu nuelako. Hiru eguneko kontzentrazioa zen eta ez nuen entrenatzerik izan. Pentsatu nuen gehiago ez zidatela hots egingo, ezin izan nuelako entrenatu, eta handik 15 egunera hots egin zidaten taldeak Suitzara joan behar zuelako, eta galdetzeko ea ondo nengoen eta ea gustatuko zitzaidan joatea, ez zutelako aukerarik izan ni entrenatzen ikusteko. Ordutik hona, beti egon naiz kontzentrazio guztietan. 20 urterekin deitu zidatenean, poza hartu nuen, baina ez zen izan lehen aldian bezalako sorpresa. Dena atera zen oso ondo, ezin hobeto, talde ona lortu genuen bi belaunaldi nahastuta eta, azkenean, oso polita izan zen. Finlandian jokatu genuen; han dezenteko afizioa zegoen, eta bai, momentu oso polita izan zen.

Zeri egin diozu uko saskibaloi profesionaleko jokalari izateko?

Ez daukat sentsazio hori. Uko? Batzuetan, nire lagunak parrandan ateratzen direla, baina ez zait iruditzen horri uko egiten diodanik, nik parranda beste momenturen batean egiteko aukera daukadalako. Alde horretatik, ez diot, nire ustez, ezeri ukorik egin. Uneren batean egin izan ez ditudan gauzak beti izan dut beste momenturen batean egiteko aukera.

Gaur, esate baterako, goizez eta arratsaldez entrenatuko zarete. Badira aste batzuk fisikoki bereziki gogorrak direnak?

Entrenamenduak denboraldi hasieran dezente gogorrak dira. Gero, erritmoa hartzen duzunean edo partidu asko jokatzen ari zarenean, hainbeste entrenatzeko erritmo hori jaitsi egiten da, normala den bezala; bestela, ez ginateke sasoi onean iritsiko partiduetara. Bi saioko egunak nahiko gogorrak dira, eta, gainera, elkarrizketa bat sartzen badizute erdian, ba, gogorragoak [Barre], baina ondo daramatzagu eta pixka bat sufritzea ere ondo dator.

Kalean ezagutzen zaituzte? Nola daramazu Gipuzkoa Basketeko jokalari izatea?

Normal. Badago jendea ezagutzen nauena; batez ere, saskibaloia interesatzen zaion jendea. Azkenean, denok ezagutzen dugu elkar eta ni bat gehiago naiz. Donostian, saskibaloia interesatzen zaionak ezagutzen nau, baina ez da ikaragarrizko boom bat.

Gipuzkoa Basketek ez dio hasiera ona eman denboraldiari. Garaipenik ez lortzeak antsietatea eragiten du?

Ez da nahi bezalako hasiera izan, baina nik uste dut antsietatea ez, gogoa dagoela. Lehenengo partidatik aurrera, bilakaera ona izan da, taldea hobetuz doa partiduz partidu, eta alde positiboari begiratu behar diogu. Jakitun gara gure akatsak zeintzuk diren, baita gure alde onak ere, eta hori dakigula ekingo diogu beti hurrengo partida prestatzeari.

Zenbaterainoko mina ematen du luzapenean galtzeak?

Partidan aurretik bazoaz, dezenteko mina ematen du. Partida osoan atzetik bazoaz eta gero luzapena behartzen baduzu, desberdina da. Baina tira, ezin gara horri begira egon, beste partida batzuk ditugu aurretik eta hori kalterako besterik ez da.

Joko antolatzailea edo eskolta, zein toki duzu nahiago?

Egia esan, berdin zait. Joko antolatzaile bezala denbora gutxi daramat eta gauza asko hobetzeko ditudala uste dut, postu horretan ez daukadalako hainbesteko esperientziarik. Baina kantxan nagoenean, igual zait zein postutan jokatu, eta, egia esan, entrenatzaileak jartzen nauen unetik pozik egoten naiz.

Euskal jokalariak aipatzen hasita, Javi Salgado datorkit burura. Erreferentzia da zuretzat?

Joko aldetik oso desberdinak gara eta ez diot askorik erreparatu. Zortea izan nuen nire lehendabiziko urtean hemen berarekin entrenatzeagatik eta jokatzeagatik. Harreman ona daukat eta egia da egin duen ibilbidea azpimarratzeko modukoa dela, baina joko aldetik oso desberdinak garelako ez diot askorik erreparatu. Edo bere gauzak ez ditut hainbeste hartu nire jokorako, baina, bai, erreferente izan da beste gauza batzuetan.

Bilbao Basketek maila galdu zuenean, zer pentsatu zenuen?

Pentsatu nuen bidaia bat gutxiago izango genuela [Bilbora], askoz errazagoa delako Bilbora joatea Manresara baino. Gainera, Bilbon jokatzen dutenean, beti betetzen dute Miribilla. Egia esan, lehen mailako plaza bat da, baina emaitzek ez dutenean hori erakusten, ba, hau tokatzen da. Bigarren mailan oso ondo ari dira konpetitzen eta horrela segitzen badute, igual, saria izango dute.

Jokalari ohi batek, Alex Mumbruk, zuzentzen du Bilbao Basket. Jokalari izateak esperientzia emango dizu lan-talde bat zuzentzeko, ezta?

Pertsona bakoitza desberdina da. Erakutsi du nahiko jokalari azkarra dela, izan dela, taldean aukera izango zuen joko aldetik ikusten zuena jokalariei helarazteko. Esperientzia hartzen joan beharko du, dena ez baita izango ona lehendabiziko urtean, baina, oraingoz, oso ondo dabiltza eta inork ezin dio ezer esan.

Egin nahi duzuna egiten ari zara?

Gustura bizi naiz, gustatzen zaidan gauza bat egiten, gustura bizi naizen toki batean bizi naiz. Alde horretatik, zoriontsu naiz.

Etorkizunean zer egin nahi duzu? Saskibaloian, saskibaloitik kanpo…

Oraingoz, saskibaloian segitzea gustatuko litzaidake, nire gorputzak lagatzen didanera arte. Espero dut oraindik urte batzuk izatea, eta, saskibaloitik kanpo, ba, daukadana ez galtzea.

Xabi Oroz, ea lesioek errespetatzen zaituzten eta etorkizun askoz ere oparoagoa duzun. Eskerrik asko.

Eskerrik asko zuri.