Verde Prato: “Ederra da artea ikasi izana eta orain artea egitea”
2019an ezagutu genuen Ana Arsuagaren musika (Tolosa, 1994). Verde Prato izen artistikoarekin Kondaira eder hura diskoarekin konkistatu zituen entzuleak eta kritika. Hirugarren lan luzea dauka labean.
Zergatik Verde Prato izena?
Ez nuen nahi neska bat, mutil bat, talde bat edo zer nintzen ezagutzera eman izenarekin. Jendeak nire musikari erreparatzea nahi nuen. Gainera, izen iradokitzailea eta polita iruditzen zitzaidan. Italiako ipuin zahar batena da.
Verde Prato zara 2019a ezkero; ezin izan zenion ukorik egin oholtza gainean bakarrik abesteko proposamenari?
Proposatu zidaten kontzertu batzuetarako lau abesti prestatzea. Hasiera batean, horretarako egin nuen, baina, pixkanaka, kontzertuak atera zitzaizkidan, eta ilusionatu egin nintzen proiektuarekin.
Zutaz irakurri dugu “pop arraroa” egiten duzula eta oso “enigmatikoa” zarela; ados zaude?
Etiketak, azkenean, beti dira eztabaidagarriak. Dena den, “enigmatikoa” naizela orain entzun dut lehen aldiz. Ezin dut kontrolatu jendearen iritzia. Nik gustatu eta interesatzen zaidanari begiratzen diot. Niretzat ez da arraroa; ez, behintzat, beste guztia baina arraroagoa.
Zer geratzen da Serpiente eta Mazmorra taldeetako kide izan zen Ana hartatik?
Ahotsa, helburu batzuk… Orain, bakarrik nagoenez, kontrol handiagoa dut azken emaitzan. Gainera, onerako eta txarrerako, nik agintzen dut.
Euskaraz idazteko eta abesteko hautua egin zenuen; zergatik?
Laburbilduz: nahi dudalako. Euskara maite dut kantak idazteko garaian.
Erromantizismoa lana musika elektronikoaren ekoizle Bronquiorekin grabatu zenuen; nolako esperientzia izan zen?
Esperientzia oso ona eta erraza. Oso eroso sentitu nintzen Bronquiorekin lanean. Gustura.
Bi disko kaleratu dituzu; noizko hirugarrena?
Datorren urtean aterako da, eta apurka-apurka singleak ateratzen joango naiz, martxora arte.
Arte Ederrak ikasi zenituen, eta musikari izateaz gain margotu ere egiten duzu; ondo aukeratu zenituen ikasketak?
Ez daukat garbi, ondorio batzuk sufritu behar izan ditut aukeraketa harengatik. Hori bai, oso ederra ere bada artea ikasi eta artean aritzea.
Zer egiten du Verde Pratok aisialdian, denbora librea duenean?
Maite dudan jendearekin egon, mendira joan, irakurri… jende guztiak egiten duena.