Vera Alonso: “Miss lehiaketan ez naiz sentitu beste neskak bezain epaitua”

Sei hilabete igaro dira Vera Alonso modelo eta aktore bilbotarrak Miss Grand Bilbao lehiaketan parte hartu zuenetik. Han bizi izandakoaz asko hausnartu du eta garbi dauka emakume transgeneroa izateagatik ez zutela lehiaketako gainerako emakumeak.

Nolako esperientzia izan zen?

Ona, batez ere –eta nik uste dut hau izan zela miss guztien pentsamendua– norberak dituen barne sentimenduak askatzeko era artifizialena izan  arren, norbere buruarengan konfiantza gehiago izaten eta proiektatzen duzun irudiarengan konfiantza handiagoa izaten laguntzen duelako halako lehiaketetara aurkezteak. Gero, badago kontrapartida bat: emakumearen irudia kosifikatu egiten duela. Eta horrekin erabat ados nago, horrela da. Eta antolatzaileek badakite hori. Zer gertatzen ari da orain? Horren kontra joateko edo hori horren agerikoa izan ez dadin, egiten dutena da emakumearen kanpoko irudia ez ezik, barruko irudia ere gehiago aztertu. Hau da, elkarrizketak egiten dituzte, hizkuntzak baloratzen dituzte, bakoitzaren esperientzia…

Eta izan zara gehiagotan pasarela batean?

Nire gaur egungo itxurarekin, ez. Nire lehengo itxurarekin, bai, behin baino gehiagotan.

Imajinatzen dut mila begirada… azken batean, zure irudia epaitu behar dute. Nola sentitzen da norbera une horretan?

Ez dira bakarrik pasarela gainean jasotzen dituzun begiradak, baizik eta handik jaisten zarenean ere bai; Bilboko metroan gertatu izan zait, esaterako, edo Bilboko Kale Nagusian, jendeak geratzea eta galdezka aritzea.

Jendeak ezagutzen zaitu, hortaz.

Garai batean, bai. Orain, hainbeste ez. Nik, behintzat, ez dut nabaritzen. Pasarela gainean presioa nabaritzen baduzu, jaistean ere bai. Nik nabaritu egiten nuen. Eta horrek eramaten zaitu beti makillajea eramatera, ilea beti perfektu egotera… Halako gauzak barneratzen dituzu, eta gero, ez dago erarik hori ateratzeko. Gaur egun, kalean noa eta pasarela batean joango banintz moduan noa, eta dagoeneko ez nau inork ezagutzen…

Beraz, esan daiteke, nolabait, miss lehiaketa batera aurkezteak behartzen zaituela zure egunerokoan irudiaren esklabo izatera?

Bai, noski. Eta zure bizimodua ere aldatu egiten da, ez bakarrik egin behar dituzun dietengatik. Zure kanpoko irudia asko zaintzen duzu, zure azala asko zaintzen duzu, zure ilea, zure makillajea… Dena da konjunto bat, eta konjunto hori perfektu egon behar da kalera bazoaz eta kalean norbaitek ikusten bazaitu eta galdera batzuk egiten badizkizu…

Gaur  egun, sare sozialez hitz egiten dugunean, postureo berba aipatzen da, baina miss batek, irabazi ala ez, postureo horretan bizitzen jakin behar du.

Bai, eta postureo horrek esklabo bihurtzen zaitu, eta hala sentitu nintzen ni.

Zergatik aurkeztu zinen?

Erantzun hau ez da erraza. Duela urte eta erdi inguru, beka bat jaso eta Kanadara joan nintzen batxilergoko lehen maila egitera. Han nengoela, Angela Ponceren irudia zabaltzen joan zen. Miresmen apur batekin begiratzen nuen, jendeari bere burua aurkezteko duen indarrak liluratuta utzi ninduen. Hori horrela, hona itzultzean, nire irudi berriarekin bizitzen hasi nintzen; izan ere, ni Kanadatik itzuli nintzenean, niretako, trantsizionatzea izan zen kriskitin egitea bezala: ile luzea neukan eta makillajea eramaten nuen, eta nesken arropa jartzea bakarrik izan zen, zeren ni beti izan bainaiz horrelakoa. Lehiaketa aurretik ezagutzen nuen, bertan produkzio lanak egiten egondakoa nintzelako, eta orduan sentitu nuen nik egin nezakeen gauza bat zela, baina ezin nuela ez nintzelako kanpotik emakume bat, eta handik urtebetera nire burua aurkeztea erabaki nuen.

Aipatu duzu zurea trantsizio arina izan zela.

Arina izan zen beste trantsizio batzuekin alderatuta, beti horrelakoa izan naizelako. Nik nire burua beti berdin ikusi dut; hortaz, aldatu zen gauza bakarra kanpoko itxura izan zen. Kanpoko itxura asko aldatu zen, baina ez zen izan zuritik beltzerako aldaketa, beti erdiko puntu baten egon naiz; hala, urratsa egitea gutxiago kostatu zitzaidan.

Lehen emakume transgeneroa zara Euskadin neurri honetako Miss Euskadi batera aurkezten. Komunikabideek, bederen, hala aurkeztu zaituzte. Nola bizi izan duzu hori?

Adorea nuela, indarra nuela errepikatzen nion nire buruari hasieran. Gero, denbora pasatzen da eta dena ez da pentsatzen zenuen modukoa. Otsailean izan zen hura; sei hilabete inguru pasa dira, eta bizitzaz dudan ideia asko aldatu da. Eta orain, Euskadin halako lehiaketa batera aurkezten lehen emakume transexuala izateak ez dit bizitza aldatu eta ez dit aldatuko. Irudi soil bat zarenean, ikasten duzu barnean dituzun zure beste gauza horiek eramaten, eta denbora pasatzen da, zeren denbora aurrera doa, eta gaur egun askoz gehiago gustatzen zait nire burua definitzeko esatea pianoa jotzen dudala, edo abesten dudala edo Zuzenbidea ikasten ari naizela edo beste hainbat gauza, lehen emakume transexuala izan naizela baino.

Zalantza barik. Baina eredugarria ere izan daiteke beste batzuendako.

Bai; baina, azkenean, esperientzia horretatik atera dudan gauza garrantzitsuenetariko bat izan da transexuala izan ez banintz, ez banu nire burua halako kutxa batean sartu, benetan nire irudia epaituko zuketen. Eta ez dute horrela epaitu. Ni ez naiz sentitu beste neskak bezala epaitua, eta hori nabaritu egin da.  Esaterako, beste neskak entseatzen aritu ziren bitartean, ni TeleBilbaon, TVEn eta halakoetan murgilduta nengoen, eta hori, nire uste apalean, antolaketari ondo etorri zaio. Eta gero, epaitzeko orduan, benetan baloratu dena izan da hor egotea, hau da: hemen daukagu lehen emakume transexuala Euskadin. Eskerrik asko etortzeagatik. Ez dugu zure irudia gehiago behar. Lehiaketak aurrera egin ahala, emakume cis normatiboek egin zuten gainerako lana, ni alde batera utzita. Hortaz, bai izan daiteke eredugarria, eta horrela sentitu nuen, baina benetan sentitu nuen ez nintzela berdin epaitua izan.

“Kalean noala, nabaritu egiten dut jendeak ezberdin begiratzen didala”

Hasieran ondo onartu zintuzten?

Hasieran, bai. Emakumeek lehiaketa hauetan bai aprobetxa dezakete aukera, kanpora dezakete sentitzen dutena, seguru sentitu ahal dira… eta lehen esandako guztia. Baina antolaketarentzat, ondo dator pentsatzea emakumeak produktu bat direla, ez emakume. Hala, hamabi mandarina badituzu eta laranja bat agertzen bada, mandarina guztiak ondo daude, perfektuak dira, baina laranjari atera nahi diozu zukua mandarinei atera baino lehen. Hori da nik uste dudana; hortaz, produktu bat sentitzen zara. Batera eta bestera zoaz, elkarrizketak egiten dituzu, argazkiak atera… eta hori ondo dago, zeren une horretan gorenean baitzaude, eta ez duzu beste ezertan pentsatzen. Baina denbora pasatu egiten da eta gainerakoa dator burura eta pentsatzen duzu agian ez zarela ondo tratatua izan.

Miss Mundok eta Victoria Secret etxeek ez dute emakume transexualik onartzen euren pasarela eta irudietan.

Hori ez da onargarria eta horri buruz asko idatzi dut. Miss Mundoren jarraitzaile ohia naiz, asko maitatu izan dut…

Ohia; dagoeneko ez duzu hainbeste maite.

Ez, eta dagoeneko halako lehiaketak ez ditut jarraitzen, baina oso zalea izan naiz. Miss Mundon dena da lurra zaintzea, zuhaitzak landatzea… dena da oso naturala. Baina benetan ez da horrela, eta Victoria Secret-en gauza bera gertatzen da. Hortaz, ez da onargarria. Baina, agian, bestelako hausnarketa bat egiten, emakume transexualak onartzen dituzten lehiaketek pentsatu beharko lukete zergatik onartzen dituzten emakume transexualak: ezberdinak direlako, publiko gehiago erakartzen dutelako… Zergatik? Eta benetan ez badira berdin epaituak izango, nire uste apalean ez du zentzurik emakume transexualak onartzeak. Izan ere, emakume transexualok nahi dugun gauza bakarra da berdin epaituak izatea. Diskriminazio ez positiboa ez negatiboa; ez dago zertan diskriminaziorik egon, eta ez nuen hori aurkitu. Diskriminazioa positiboa izan zen hasieran eta negatiboa amaieran. Victoria Secret-ek ez baditu emakume transexualak onartzen, gaizki dago eta ez da onargarria XXI. mendean. Baina  emakume transexualak ez badira berdin epaituak izango, zergatik onartu? Ez du zentzurik, zeren, azkenean, diskriminazio bat egongo bada… Horretarako, kalera goaz, dagoeneko nahikoa diskriminatzen gaituzte eta.

Horretara nindoan, Vera. Aipatzen da euskaldun askok lotsa edo sentitu ahal  duela nortasun agiria erakustean, nahi ez duen nazionalitatea azaltzen delako. Eguneroko bizitzara joanda, zeintzuk dira zuk topatzen dituzun oztopoak?

Zerrenda luzea dago. Kalean zoazela, nabaritu egiten da jendeak ezberdin begiratzen zaituela. Lehiaketan parte hartzen ari nintzen bitartean, nik uste nuen begiratzen nindutela polita nintzelako edo altua do sasoi hartan ezagun egin nintzelako… baina denbora pasatu egiten da eta… ahotsaren tonua, altuera, sudurra… hainbat faktore dira, eta horiek estaltzen ematen duzu denboraren %90. Sudurra ondo egon dadin, ilea ondo egon dadin… halako tontakeriak; tontakeriak dira, azken finean. Baina etxetik irten aurretik ez baduzu check-a egiten, kalera zoaz eta biluzik sentitzen zara. Eta nabaritu egiten duzu, zeren jendeak begiratu egiten baitzaitu. Nire gaur egungo bizitzan ezin naiz kalera atera makillajerik gabe, eta ez da izan lehiaketaren ondorioa, izan da gizartearen ondorioa. 

Uste duzu euskal administrazioa prest dagoela pertsona transgenero bati behar bezala erantzuteko?

Administratiboki edo juridikoki?

Bietara.

Juridikoki –Zuzenbide ikaslea naiz eta apur bat ulertzen dut–, esaterako, izena aldatzera joan nintzen egunean, paperak entregatu nituen eta erregistro zibileko epailearekin egon nintzen hizketan. Epaileak eskatu egiten du elkarrizketa pribatu bat izatea izena aldatzeko. Hori ez da legala, ez da zuzena, baina epaileak egin egiten du. Joan nintzen elkarrizketara eta epaileak beti oroituko dudan esaldia esan zidan: “Usted a parte de decir que es mujer, es mujer, porque mire que pechos tiene”.  Liliputeko izaki bat izango banintz moduan. Beti arau batera lotuta gaude.

Saihestezina egiten zait Ondarroako Ekai gaztea gogora ekartzea. Ez dakit nola bizi izan zenuen hura.

Kanadan nengoen, iazko otsailean izan zen. Hiruzpalau hilabete lehenago Ekai zegoen Aldarte elkartean nire izena ezagutzera ematen hasi nintzen, Whatsapp talde bat zegoen eta Ekairekin berba egiten nuen. Egia esan, Kanadan, apur bat urruti nengoen, baina gaur egungo teknologiarekin hartu-emanean egon zaitezke. Otsaila iritsi zen, eta nire amaren deia jaso nuen, negarrez, esaten taldean zegoen nerabe batek bere buruaz beste egin zuela. Pertsonalki oso gaizki pasatu nuen eta etortzea ere baloratu nuen… Batzuetan, egia da pertsona bat ez duzula ondo ezagutzen, erdizka geratzen zarela, kafe bat hartzera joateko gogoa duzula eta gehiago konpartitzekoa, eta Ekairekin hori gertatu zitzaidan, bere buruaz beste egitea erabaki zuela eta joan egin zela eta geratu nintzela erdizka. Eta hori da gertatu ahal zaizun sentimendurik txarrena, pertsona bat ondo ez ezagutzearena.

Ekairen senideek egin duten borrokatik, zuk zeuk eta beste hainbatek egin duzuen borrokatik aurrerapauso batzuk egin dira EAEn. Espainian ultraeskuindarrak birloratzen ari dira, ez dakit hori gurera etorriko den, baina zuek irabazi dituzuen eskubideak eta oraindik irabazteke dituzuenak atzera botako dituzten beldurrik baduzu?

Bai, eta kosta egiten da onartzea; niri, behintzat, zerbaiten beldur zarela. Ez da txarra, terapeutikoa da, baina kosta egiten da. Ultraeskuineko alderdi hauek ez dakit benetan ze eragin izan dezaketen, ez dakit nola azaldu… Franco boterera heldu zenean, kontrola oso erraz aplikatu zuen, figura politiko gorena zelako. Baina gaur egungo estatu demokratikoan, ez dakit ze punturainoko askatasuna izango duten lortu duguna zapuzteko.

Ikusten ari gara. Madrilen, esaterako, Memoria Historikoaren esparrua deuseztatu dute…

Sevillan dirulaguntzak kendu dituzte…

Egiten ari dira.

Eta horrek beldurtzen nau. Eta zein ebazpen da honetarako guztirako? Emigratzea? Nire ebazpen zuzenena eta errazena da bozkatzea. Hori da guztiok egin dezakegun zerbait. Horrez gain, ba, ez dakit. Boterera heltzen badira oso egoera kuriosoa izango litzateke eta oso txarto pasatuko genuke, eta oso gai serioa eta kezkatzekoa da. Dena den, nire bizitza biziko banu horretan pentsatzen, izugarria izango litzateke. Hortaz, horretarako ebazpena bozkatzera joatea da; hemendik gutxira izango dugu aukera. Eta hau ez da mezu politiko bat, nire uste apala baizik. Eta indarrera iritsiko balira, berriz hasiko ginateke. Indarra dugu berriz hasteko. 1970. urtera itzuliko gara eta berriz hasiko gara aldarrikatzen eta lan hori guztia egiten, zeren gure eskubideak aldarrikatzeko denbora baitaukagu, eta gogoa ere bai.

Zuri indarrik ez zaizu faltako, argi dago.

Horren inguruan ez.

Eta beste solasaldi baterako utzi beharko dugu pianista zarela, aktorea, kantaria… Eskerrik asko, Vera.

Eskerrik asko zuri.